Hauen tranpa sozialismoa eta komunismoa Stalinen erregimen burokratikoarekin identifikatzea da. Baina kalumnia hauek ez dute benetako oinarririk. Iraultzak ezarri zuen erregimena ez zen burokratikoa eta totalitarioa, munduan sekula ikusi ez den erregimen demokratikoena baizik. Lehen aldiz, milioika gizon eta emakumek beren esplotatzaileak menperatu zituzten, beren eskuetan hartu zuten etorkizuna eta gizartearen aldaketaren eginkizunari ekin zioten. Eginkizun honek, baldintza konkretu batzuetan, Iraultzaren gidariek uste ez zuten bidea hartzeak ez du esan nahi Urriko ideiak baliogabeak direnik, eta ez ditu murrizten Sobietar Batasunak 70 urtetan lortu zituen aurrerapen itzelak. Stalinismoaren erorketaren ondoren, ordularia 80 urtez atzeratu zen.
Zein da gertakizun garrantzitsu hauen balantzea? Ze eragin dute gizateriaren etorkizunerako? Zein ondorio atera beharko genituzke?
Ted Grantek galdera hauei erantzuten die liburu honetan. Horretaz gain, 1917ko garaipen boltxebiketik hasita, stalinismoaren gorakada, bere finkatzea Bigarren Mundu Gerraren ondoren, superpotentzia bezala, krisia eta erregimenaren gainbehera aztertzen ditu Ted Grantek.
Sobietar Batasunaren aurkako gorrotoa ez da zaila ulertzeko. Ez zuen zerikusirik stalinismoaren krimenekin. “Demokraziaren lagun” hauek ez zuten eskrupulurik izan komeni zitzaienean erregimen diktatorialak babesteko. Klase dominatzaile britainiar “demokratikoa” gustora zegoen Hitler boterera heldu zenean, honek langile alemaniarrak zapaldu eta bere helburuak ekialdera zuzentzen zituen bitartean. Mussolini eta Francorenganako mirespena ere adierazi zuten. 1945 urtearen ondoren, AEBek modu guztietako diktadurak babestu zituzten Somozatik hasita Pinochet-enganaino.
Horregatik, burgesiaren gorrotoa Sobietar Batasunarekiko ez zen askatasunaren maitasunean oinarritzen, beren klaseko interesean baizik. Hauen objekzioak ez ziren Stalinen diktaduraren aurka. Hauek gorrotatzen zutena jabego nazionalizatua zen, Urriko Iraultzako konkista guztietatik geratzen zena, hain zuzen. Hau arriskutsua zen beren klaseko interesentzat, Iraultzak ekoizteko indarren jabego pribatua erradikalki abolitu baitzuen.
Gaur egun, modan dago Sobietar Batasuneko ekonomia nazionalizatuaren lorpenak gutxiestea. Baina, liburu honetan ikus dezakegun bezala, lorpenak ikaragarriak izan ziren. Arazo guztiez gain, ekonomia nazionalizatu eta planifikatuaren ondorioz, nekazal ekonomia atzeratu batetik mundu mailako bigarren potentzia izatera heldu zen Sobietar Batasuna hamarkada batzutan. Honek eman zien beldurra Mendebaldeko klase dominatzaileei. Honek bultzatzen ditu, gaur egun ere, iragan horri buruzko kalumniak eta gezurrak jaurtitzera etengabe. Burgesiak 1917ko Urriko Iraultzako idealak lurperatu nahi ditu, guk aldiz aurkakoa egitearen zeregina dugu. Liburu hau lan horretan baliagarri izango zaigu.