Federico Engels FundazioakRecuerdo de Leninliburua argitaratu berri du. Liburu hau Nadia Krupskayak idatzi zuen, Leninen militantzia kide eta bikotea izan zenak, lider boltxebikea hil eta 10 urtetara, hau da, 1934an. 1893 eta 1907 bitarteko garaia jasotzen da idazlan honetan, Lenin Petersburgora iritsi eta Krupskaya ezagutzen duenetik 1905eko iraultzaren porrotaren ondoren, Ginebran bere bigarren erbesteratzea hasten duen arte.
Liburu honen gaztelerazko lehen argitalpena 1937an kaleratu zen -iraultza soziala eta faxismoaren aurkako gerra bete betean zegoenean- eta orain dela 40 urte editatu zen azken aldiz, 1976an, diktadura frankistaren aukako langile borrokaren momentu gorenarekin batera.
Edizio hau ere berebiziko garrantzia duen aldi historiko batean argitaratu da. Hogeita hamargarren hamarkadatik egon den mundu mailako kapitalismoaren krisirik sakonenean eta luzeenean gaude. Oso gogor eragin du ekonomian eta gizartean, eta diktaduraren erorketatik izandako protesta sozialeko mugimendu handiena eragiten ari du. Horregatik, egungoa bezalako astinaldi politiko handien garaietan, beharrezkoa da gazte iraultzaileen belaunaldi berriek historiak ezagutu duen iraultza sozialik erradikalenaren eta sakonenaren buruan egon zen mugimendu marxistako pertsonarik garrantzitsuenetakoaren bizitza eta ekintza politikoa ezagutzea.
Krupskayaren lanak Lenin nolakoa zen azaltzen digu, borroka politikoa hartzeko zuen modua, nola idazten eta lan egiten zuen, zer interesatzen zitzaion, bere literatura gustuez, lagunez eta kideekin eta kolaboratzaileekin zituen erlazioez, bere familiaz, lorik gabeko gau ugariez, Londreseko langile auzoetako bere ibilaldiez....
Kontakizun guztian, Krupskayak Vladimir Ilichen egunerokotasuneko gertaerak eta xehetasunak azaltzen ditu bizitzako proiektu garrantzitsuena zuenaren barnean kokatuz, hau da, alderdi iraultzailearen eraikuntzarekin lotuz. Bere bizipen eta gorabehera guztiak lan politiko jakin bateko marko komunean bildurik geratzen dira horrela, salbuespenik gabe bere existentzia guztia baldintzatu baitzuen horrek: kartzela eta Siberiako deportazioa, bere bidaia eta erbestea, etxe eta identitate aldaketak, bizitoki izan zituen hiri ezberdinak (Munich, Londres, Paris, Ginebra, Petersburgo), bere lagunak eta afizio pertsonalak...
Alderdi iraultzailearen eraikuntzara entregaturiko bizia
Leninen bizitza Errusiako alderdi iraultzailearen aldeko borrokaren kronika da, baliabideen eskasiarekin zituzten zailtasun ikaragarriena eta tsarismoaren errepresio gogorrarena, kausara batzen ziren pertsonengatiko ilusioarena nahiz atzera egiten zuten kideekin harturiko atsekabeena. Krupskayak, formakuntzaz pedagogoa izanik, hari honi eusten dio liburu guztian zehar eta muturrera eramaten du, batez ere amaierako zatian. Liburuaren eranskinak pedagogia militanteko benetako instrumentu bihurtzen dira, modu leninista batean jorratuz iraultzaile ororen lan praktikoan berebiziko garrantzia eta erabilgarritasuna duten auziak.
Nola lan egiten zuen Leninek, nola zuzentzen zen langileengana, nola erakusten zien iraultzaileei hitz egiten eta idazten, nola funtsatzen zituen bere lanak obsesiboki datu frogatuen gainean, irakurtzeko eta idazteko azkartasuna, nola egituratzen zituen bere idatziak, programa langileei ahalik eta modu argi eta zuzenenean helarazteko zuen ardura etengabea...
Zein ziren bere borroka metodoak, nola enfokatzen zituen funtsezko auzien eta printzipioen inguruko eztabaidak, kongresuek hartzen zuten garrantzia dena erabakitzeko inolako mugaketa pertsonal edo antolakuntzakorik gabe, alderdiaren erdigune antolatzaile gisa balioko zuen aldizkari bat argitaratzeko borroka, bertako erredakzio komitearen garrantzia, inprimaturiko "hitz bakoitza pisatzeko" beharra, argitalpen eta literatura iraultzailearen hedapen klandestinoa...
Krupskayak Leninen bizitza pertsonalaren kontakizuna indartzen du urte horietan sortu ziren auzi politiko handiekin batera uztartuz: lehen fase hartan izan zen liberalen, populisten eta "ekonomisten" aurkako borroka ideologikoa lehen nukleo sozialdemokratak sortzeko, alderdia eratzea, antolakuntza arazoak, bere lehenengo kongresuak, boltxebikeen eta mentxebikeen arteko zatiketa 1905eko Iraultzan erabilitako programa eta taktika bateragaitzez geroztik.
Modu horretan, ikuspegi orokor bat eraikitzea lortzen du liburuak, eta elementu guztiek elkar eragiten dute. Baina ikuspuntu global horren barnean, edozeren gainetik gailentzen eta azpimarratzen dena Leninen izateko era da, bere jarrera sortzen ziren eginkizunen eta arazoen aurrean, bere borondatea eta indarra, bere dedikazio osoa eginkizun sinpleenari ere, bere disposizio osoa nola lan teoriko mamitsu bat idazteko, hala hiru egun inprentan sarturik igarotzeko ere, agitazio orri bat garaiz ateratzeko beharrezkoa baldin bazen; ingurukoei transmititzen zien pasioa, lorik egin gabeko gauak, nerbioen dantza eta desgaste pertsonala arduren pilaketaren aurrean.
Krupskayak Leninen bizitza politikoa eta idazlanak deskribatzen ditu, artikuluak, liburuak eta idatziak aztertuz, beren testuinguruan kokatuz eta horietatik momentu hartan jokatu zuten papera azpimarratuz. Horrela, beraz, grinez hitz egiten du 1903ko Nekazari pobreei eskainitako eskuorriaz, Leninek Kautskyren1905eko Errusiako Iraultzaren indar eragileakliburuari egin zion hitzaurreaz edo fabriketan langileei ezarritako isunei buruzko idatziez. Idazlan horiek liburu bikain honen etorkizuneko edizio batean ere sartu litezke, seguru ordea, ez direla beste berrogei urte igaroko berriro argitaratu arte.
Azken batean, liburu laburra eta irakur erraza da bere forman, duen estilo erraz eta pedagogikoagatik, baina aldi berean garrantzitsua ere bai, iraultzaile marxista handiaren bizitza azaltzen eta ulertzea baimentzen digun analisi politikoaren kalitateagatik.