150 urte bete dira 1871ko martxoaren 18an, Parisko langile klaseak boterea hartu zuenetik eta altxamendu aitzindari baten protagonista bilakatu zenetik. Bizitza laburrekoa eta odoletan zapaldua izan zen arren, Komunak argia eman zion XX. mendeko borroka iraultzaileari eta argia ematen jarraitzen du gaur egun ere.
Zerua asaltoz hartu zuten Parisko langileen ausardiak, Komuna denboraren poderioz ahazmenean erortzetik salbatu zuen. Idazlan ugari atera dira liburuetan eta sarean urteurrena dela eta. Hala ere, autore askok, epika loriatsua deskribatu ondoren, historiaren hildako pasartetzat tratatzen dute. Hain zuzen ere, horri erantzutera dator F. Engels Fundazioaren aurtengo edizioa: Komuneroen ondarea, asmatu zutenean nahiz huts egin zutenean, XXI. mendeko kapitalismoaren miserien aurka borrokatzeko ekintzarako gida bat da.
Iraultzatik ikasi
Parisko Komunak bere eskuetan hartu zuenean iraultzaren gidaritza; historian lehen aldiz, langile soilak beren «berezko nagusien» gobernu-monopolioa urratzen ausartu zirenean (…) mundu zaharra amorruz asaldatu zen Bandera Gorria, Lanaren Errepublikaren sinboloa, Hôtel de Ville [udaletxea] gainean kulunkatzen ikusiz. (Karl Marx. Frantziako Gerra Zibila)
Marxek eta Engelsek Parisko Komunaren alde indar osoz egiteaz gain, benetako grinaz aztertu zituzten gertakarien dinamika, barne-kontraesanak, eskaini zituen aparteko ekarpenak eta hutsegiterik nabarmenenak.
Jarrera horri esker, estrategia iraultzaileari funtsezko gakoak gehitu zizkioten. Adibidez, Komunaren esperientziak, zehazki, langile klaseak boterea hartu ondoren Estatu burgesaren makineria zaharrarekin egin beharrekoari erantzun zion. Sozialismo zientifikoaren maisu handientzat ondorioa nabarmena izan zen: makineria hori suntsitu beharra dago.
Historian lehen aldiz, proletalgoaren diktaduraren esperientzia bat ernaldu zen, eta arrakastaz gainera. Parisko langileek indarkeriaren monopolioa kendu zioten klase nagusi zaharrari, armada iraunkorra abolituz eta armetan zegoen herriarekin ordezkatuz. Baina burgesiaren kontrola ez da errepresioan bakarrik oinarritzen. Batez ere, ekoizpeneko harreman sozialen eta menderatze ideologikoaren bidez bermatzen da.
Marxen hitzen arabera, beharrezkoa zen "errepresioaren indar espirituala, apaizen boterea... suntsitzea". Komunak Eliza Estatutik banantzea erabaki zuen eta erlijio-helburuetarako aurrekontu publikoko partidak kendu zituen. Eskolen laikotasuna eta doakotasuna aldarrikatu ziren. Sare judizial ustelarekin amaitzen saiatu ziren, epaile eta magistratuak herritarrek hautatu eta ezeztatu zitzaketen kargu publikoak izan zitezen ezarriz.
Parisko proletalgoak lortutako kontzientzia mailaren erakusgarri bikaina dira hartu zituzten neurriak: "diputatu eta funtzionario propioei kontu hartzeko (…) une oro kengarriak izatea ezarri zuten". "Estatua eta Estatuko organoak gizartearen zerbitzari izan beharrean gizartearen jaun eta jabe bihurtzea eragozteko -eraldaketa hori saihestezina zen aurreko Estatu guztietan- Komunak (...) kargu administratibo, judizial eta irakaskuntzako funtzionario guztiak sufragio unibertsalarekin hautatu zituen (…) funtzionario guztiak, kargu altukoak zein baxukoak, gainontzeko langileen soldata bera zuten. (…) Sistema horrekin harresi eraginkorra ezartzen zen arribismoaren eta kargu ehizaren aurrean”.
Txobinismo burgesak eta pozoi arrazistak Komuneroen internazionalismoaren kolpe bortitza jaso zuten, herri ordezkari bezala hautatuak izan ziren atzerritar guztiak berretsi zituenean.
Aurrerapen handi horiek, oraindik, ekoizpen baliabideen eta aberastasun iturrien jabetzarekin osatu behar ziren, gehiengo zapalduaren zerbitzura jartzeko. Lana desjabetzaileak desjabetzea zen.
Komuna bide hori egiten hasi zen, itxitako fabrika guztiak erregistratuz eta langileen zuzendaritzapean berriro irekitzeko planifikatuz. Hala ere, funtsezko beste neurri batzuk, hala nola Frantziako Bankua hartzea eta urrezko erreserbak Komunaren kontrolpean jartzea, ez ziren gauzatu.
Benetako iraultza sozial oro bezala, 1871ko esperientzia aurrerapausoa izan zen emakume langilearen emantzipazioaren aldeko borrokan.
Etorkizunez ereindako galera
Bi hilabetez langile gobernua heroikoki eutsi zion arren, kontrairaultzak Paris setiatu zuen eta iraultza isolaturik geratu zen.
Komunak ez zuen denborarik izan bere ahuleziak konpontzeko eta dekretuak praktikan jartzeko. Bere lehen urratsak ematen ari zenean, bere gizon, emakume eta gazteek ahalegin guztiak defentsa armatura bideratu behar izan zituzten. Gaur egun oraindik hunkitzen gaituen kemena izan arren, maiatzaren amaieran Komuna erail egin zuten. Garaileen ankerkeriak ez zuen mugarik izan. Hala ere, komuneroen borroka ez zen hutsean geratu.
1871n klase berri bat sartu zen eszenan, pribilegio oro ezeztatu eta gizakiaren esplotazioarekin amaitzeko gaitasuna zuen klase bat.
Marx, Engels, Lenin eta Trotskyk Komunaren inguruan idatzitako funtsezko testuak biltzen dituen liburu honek mundu berri bat erakutsiko dio irakurleari, horretan pentsatzeko eta horren alde borrokatzeko. Iraultza eta kontrairaultza zer diren eta horien legeek nola funtzionatzen duten ulertzeko aukera emango dio, baita marxismoa eta erreformismoa programa bateraezinak direla ulertzekoa ere: lehenak kapitalismoaren lurperatzaile iraultzailea izan nahi du, bigarrenak bere sendagile "demokratikoa".
Orrialde hauetan, gizarte garaikidearen pentsamendu aurreratuenaren kalitatea eta distira nabarmentzen dira, eta, batez ere, zapalduen kausarekiko debozio garaitezinak haztatzen du.