Merkatu askearen ekonomia defendatzen dutenek enpresa ertain askoren garrantzia eta ahalmena nabarmentzen dute sutsuki. Hauek diotenez, errealitate hau kontraesanean dago marxismoak iragartzen duen produkzioaren pilaketarako joerarekin.

Azken hamar urteetan, produkzioaren kontzentrazio harrigarri baten lekuko izan gara. Enpresa multinazionalen kopurua txikituz joan da sektore produktibo gehienetan: altzairua, automobila, kimika, papera, aeronautika, itsas ontzigintza, banka, hidrokarburoak, telekomunikazioak, etab. “1998ko lehen erdian bakarrik, AEBn enpresa xurgapenek  949.000 milioi dolarren zifra astronomikoa inplikatu zuten. Jarduera ekonomiko osoaren %20a gutxienez. 1999eko lehen erdialdean 570.000 milioi dolarreko kopuru gehigarria egon zen inplikatua xurgapenetan. Hau ez da soilik AEBra mugatzen. Aldi berean, EBn  fusioak 346.000 milioi dolarretara heldu ziren. Joera honek ez dirudi gutxitzera joko duenik. 1999eko lehen hiru hilabeteetan, mundu osoko fusioen prozesua aurreko urteko denboraldi berdinekoa baino %16 altuagoa izan zen, 2,2 bilioi dolarretako marka berria lortuz.
Gaur egun, 200 multinazional erraldoi dira sektore produktibo guztiak hartzen dituztenak eta ekonomia mundialaren oinarrizko palankak kontrolatzen dituztenak. Hauetako askok duten botere ekonomikoa, eta baita politikoa ere, Estatu nazional askorena baino handiagoa da.

Analisi oinarrizkoenak ere argi erakusten digu herrialde batean enpresa txikiaren nagusitasunak ez duela garapen handiagoa adierazten, guztiz kontrakoa baizik. Herrialde kapitalista garatuenek enpresa handi gehiago dituzte proportzioan, kapitalismo ahulago eta atzeratuagoa erakusten duten herrialdeek baino.

Egia esan, gure kritikoak liluraturik daude azken urteetako boom ekonomikoarekin eta bat-batean produkzio adar berriak agertu direla eta. Dirudienez, hasieran behintzat, enpresa txikiak izan baitira aurrea hartu dutenak. Hau, produkzio kapitalistaren hazkuntza azeleratua denean sortzen den ilusio tipikoa da. Kapital txiki eta ertainen existentzia beti egongo da produkzio handiaren alboan sistema honek dirauen bitartean, baina hau enpresa handi eta multinazionalek baldintzatua eta estutua egongo da bere garapenean. Rosa Luxenburgok zioen bezala: “Marxen arabera, eboluzio kapitalistaren martxa orokorrean, kapital txikiek iraultza teknikoan aurreratuak izatearen funtzioa betetzen dute, zentzu bikoitz batean: bai adar zahar, finko eta sendoetan produkzio metodo berriak sartzeari dagokionean, bai kapital handiek oraindik esplotatu ez dituzten adar produktibo berriak sortzeari dagokionean ere (...) Ez da imajinatu behar enpresa ertainaren eta kapital handiaren arteko borroka eguneroko guda bat bezala, non alde ahuleneko destakamendua modu zuzen eta kuantitatibo batean deuseztatzen den, baizik eta, hobe esanda, kapital txikien eguneroko segatze baten modukoa da, berehala birsortzen direla, industria handiaren segak berriro ebaki ditzan”.

Azken hogei urteetan garatu diren produkzioaren adar berriek lehen mailako influentzia lortu dute ekonomia kapitalistan; esaterako, ordenagailuen eta programa informatikoen kasua. Horrela, Microsoft, Seattleko garaje txiki batean sortu bazen Bill Gates bezalako gazte lehiatsu baten eskutik, hogei urte geroago, produkzio kapitalistaren alor honetako enpresa txiki berritzaile guztietatik Microsoftek eta besteren batek bakarrik biziraun dute, milaka langile enplegatzen dituzten multinazional handiak bihurtuz. Froga honek eta beste hainbatek, ekonomia kapitalistak duen produkzio handirako joera naturala eta bertan honek jokatzen duen zuzendaritza papera erakusten du.

EKOIZPENAREN “DESZENTRALIZAZIOA” ETA LANGILE INDUSTRIALAREN GUTXITZEA

Modan dago marxismoaren maiseatzaileen artean, pixkanaka, produkzio handia produkzio unitate txikiagoei bidea uzten ari dela esatea, honekin industriako langileen kontzentrazioa jaisten delarik, eta, beraz, hauek duten kontzientzia.
Jende honek, fabrika batean egoeraren arabera langileen kopurua jaistea, langileak makinez ordezkatzearen ondorio bezala identifikatzen du, ekonomia kapitalistaren joeretan atzera pauso bat izango balitz bezala. Guztiz kontrakoa, langileak makinez ordezkatzeak (kapitalismoaren historian ezinbesteko zatia) beti dakar berarekin hazkuntza bat fabrika horretako merkantzien produkzio eskalan. Fenomeno honetan ez dago ezer berririk. Marxek Kapitalean xehetasun guztiz aztertzen du kapitalaren indar produktiboaren hazkuntza, kapitalaren zati konstantea (makinak) handiagotuz eta bere zati aldakorra (langileak) gutxiagotuz lortzen dela. Kapital aldakorraren murrizketa hau erlatiboa izan daiteke (langile kopuru berarekin edo baita langile gehiagorekin ere, merkantzia kopuru handiago bat produzituz langile bakoitzeko) edo absolutua (langileak gutxitu eta merkantzia kopuru handiagoa produzituz). Kasu guztietan potentzial produktiboa beti handitu egiten da.

Fabrika batean, langileen murrizketak bi muga ditu oztopo gisa. Alde batetik, beti beharko da langileen kopuru gutxiengo bat produkzioa funtzionamenduan manten dezan. Bestetik, irabazi kapitalista, langileei ateratako gainbaliotik datorren heinean, beti izango da beharrezkoa hauen gutxiengo bat irabazien tasa eta masa mantentzeko (noski langile hauen zapalkuntza handituz). Marxek azaltzen duen bezala, makinak ez du gainbalioa produzitzen, merkantziari dagokion balorea ematera mugatzen da.

Hemen sistema kapitalista kontraesan berri bati aurre egin beharrean aurkitzen da. Adar industrial bateko produktibitatea mugagabe igotzen badu langileak makinez ordezkatuz, honek, apurka-apurka irabazien tasaren jaitsiera ekarriko luke eta, berandu baino lehen, irabazien masa jaistea. Hau produkzio kapitalistaren interesen aurka joango litzateke, honen interesa geroz eta irabazi pribatu handiagoa ateratzea baita. Puntu bateraino, lanaren prozesuan egin ditzakeen berrikuntza teknikoak mugatu egin behar ditu, eta beraz, erregimen kapitalista, lanaren indar produktiboaren garapena gelditzen duen traba kontserbatzaile batean bihurtzen da. Horrela, beraz, indar produktiboen garapena kontraesan zuzenean sartzen da irabazi kapitalistarekin eta bestalde, langile klasearen zatirik handiena lan produktibotik kanpo geratuko balitz, horrek ezinbestean iraultza ekarriko luke.

Hau dela eta, kapitalak, irabazi maximoaren gosearen akuiluak zirikaturik, etengabe produkzio eremu berriak bilatu behar ditu eta produkzioaren adar berriak sortu, langile berriak zapaltzeko eta gainbalio berria ekoizteko. Gauzak horrela izanik, alde batetik adar industrial jakin batzuetan langileen kopurua jaisten den bitartean, bestetik beste adar berri batzuk sortzen dira soldatapeko langileen masa geroz eta handiagoak enplegatuz.

Produkzioaren deszentralizazio hau askotan, azpikontratazioa bezalako fenomenoetan azaleratzen da enpresatik kanpo egiten diren lan jakin batzuetan. Kostuak gutxitzeko eta irabaziak handitzeko erabiltzen duten instrumentu bat da hau, azpikontratuek produzituriko merkantziak merketuz eta hauetan lan egiten duten langileak esplotatuz lortzen dutena. Edozein kasutan ere, enpresa azpikontratista hauen independentzia erabat faltsua da. Bere jarduera ezinezkoa litzateke lan egiten dien enpresa handiena gabe eta akzioen konposizioari begiratuz gero, segituan ikusiko genuke benetan kontrola duena enpresa handi hauek direla.

 

Cookiek erraztuko digute gure zerbitzuak eskaintzea. Gure zerbitzuak erabiltzerakoan cookiak erabiltzea baimentzen diguzu.