Langileek klase kontzientzia hartzearen prozesua ez da berehalako prozesu bat ez eta prozesu automatiko bat ere, ez da horrelakorik ematen ez industrian ez beste sektore produktiboetan. Filosofiaren miseria liburuan, Marxek, 1840. hamarkadan Britainia Handiko egoera aztertuz, honakoa nabarmentzen du: “Hasieran, baldintza ekonomikoek herrialdeko masak langileetan eraldatu zituzten. Kapitalaren aginteak masa honetan egoera komun bat sortu du, interes komunak. Honela, masa hau jada klase bat izatera heltzen da kapitalaren aurrean, baina oraindik ez bere baitarako. Borrokan, non bertako atal batzuk seinalatu ditugun, masa hau batu egiten da, bere baitarako klase bat eratuz. Defendatzen dituzten interesak klase interesak izatera heltzen dira” (Marx, Filosofiaren Miseria, 257. orr. Júcar Ed.).
Zer esan nahi du ordea bere baitarako klase kontzientzia hartzeak? Gizartean komunitate jakin bateko kide izatearen kontzientzia da, soldatapeko langile izatearen baldintzatik datozen interes sozial eta helburu historiko propioak dituen klasekoa hain zuzen; interes eta helburu hauek gizartearen eraldaketa sozialistaren bitartez bakarrik lor daitezke, klase kapitalistaren jabetza desjabetuz eta bere kontrol eta gestioa gizartearen osotasunean planifikatuz, langile klasearen zuzendaritzapean.
Klaseko kontzientzia esperientziaren bidez hartzen da, ez langileek bere enpresatik jasotzen dutenetik bakarrik, baita beste enpresetako langileen esperientziak asimilatzetik ere, bai bere herriko, nazioko nahiz beste herrialdetako egoeretatik.
Klase kontzientzia eratzearen prozesua ez da ematen langileek gizarte kapitalistaren estruktura ekonomikoaren markoan hartzen duten esperientziarekin bakarrik, sistemaren gainegituran ere, langileak bere erakundeen (sindikatu, partidu), instituzio politiko burgesen (udaletxe, parlamentu, etab.); eta batez ere gertakari handien astinaldi politiko eta sozialetan harturiko esperientziaren bidez formatzen dira: Estatu burgesaren errepresioa, gerrak, eztanda sozialak, etab., masen kontzientzian eragin handia izan dute historian zehar.
Herrialde bateko langile klasearen esperientzia historikoa, bere tradizioak, eta langile erakundeen zuzendaritzaren kalitatea ere faktore garrantzitsuak dira, kasu batzutan langileen kontzientzia hartzea bizitu egiten baitute edo bestelako kasuan berriz baldartu eta atzeratu.
Faktore guzti hauek direla medio prozesu iraultzaileak gertakari oso bereziak izaten dira gizartean, baina naturako beste fenomeno batzuekin gertatzen den bezala, animalien fisiologian edo lurrazaleko geologian (lurrikarak) adibidez, ohiko ez izateak ez du beharrezko izatea kentzen. Azken 150 urteetan kapitalismoaren historiak erakusten digu nola iraultza eta eztanda sozialak etorkizuneko errealitate ere izango diren.
Baina kapitalismoaren aldi normal batean langile klasearen kontzientzia ez da pasatzen bizi eta lan baldintzen hobekuntza ekonomikoen edo hauen defentsaren eguneroko borrokatik.
Nahiz eta ultra ezkertiar batzuen pentsamenduan langileak enpresara grebak egitera eta noizean behin bakarrik lan egitera joan beharko luketen, errealitatean langileak lan egitera doaz, oinarrizko bizi baliabideak lortzera alegia. Bere eskakizunak kontuan hartuak izan daitezen exijitzeko bide guztiak ahitu zaizkienean eta beste erremediorik ez daukatenean izaten da grebak egiten dituzten unea. Itxura batean grebek ohikoak edo arruntak direla eman badezakete ere, benetan oso fenomeno berezi eta bakanak izaten dira langile baten bizitza normalean.
Beti gertatu izan da langile klasearen gutxiengo bat bakarrik izatea kapitalismoaren garai normaletan kontzientzia sozialista bat hartzera heltzen dena. Hau gaur egun bezala gertatzen zen orain dela 85 edo 90 urte, baina honek ez zuen eragotziko aro iraultzaileek historia moztu eta sistema kapitalistaren bizia benetan kolokan eta zalantzan jartzea. Aldi motzeko mozketa gogorrak izaten dira, urte, hilabete nahiz egun gutxitakoak. Milioika langile, lehen apatikoak eta borroka politikotik apartaturik zeudenak, bere eginkizun historikoen kontzientzia hartzen dute eta gizartea eraldatzeko borrokara tinkotasun osoz batzen dira. Honela, Europa bakarrik aipatzeagatik, 1917-23ko mugimendu iraultzaileak eduki genituen, 30. hamarkada edo 70. hamarkada, besteen artean batzuk esatearren. Guzti hauek zergatik porrot egin zuten ez da artikulu honen materia baina edozein kasutan ere, ez zen izan langileen artean klase kontzientzia sozialista bat falta zelako edo hauen borroka ez zelako nahikoa izan, baizik eta hobe esanda langile erakundeen zuzendaritza benetan iraultzaile baten gabeziagatik edo hauen traizio kontzienteagatik izan zen; ez zuten beren eginkizun historikoen mailan egoten jakin.
Nola sortzen da kontzientzia eta langile kapitalisten aurkakotasuna
Langileen kontzientzia hartzearen prozesua, hau da, kapitalistarekiko dituzten interes kontrajarriez jabetzea, lanpostutik hasten da. Artisaua bere lanabesen eta lanaren azken produktuaren jabe den heinean interes zuzen bat du produkzio prozesuan. Baina langileak aldiz, ez du inongo interes pertsonalik bertan, ez delako bere lanaren azken produktuaren jabe, salmentarako produzituriko merkantziaren jabe alegia. Soldatapeko lana, langilearen aurrean inposaturiko baldintza bezala agertzen da, bere bizi baldintzak lortzeko duen bide bakar bezala.
Bere Eskuizkribu ekonomiko-filosofikoetan, Marxek xehetasunez aztertzen du langileak lantegian sufritzen duen besteretze edo alienazio prozesua. “Zertan datza orduan lanaren alienazioa? Hasteko lana ‘arrotza’ zaio langileari, hau da, ez da bere izatearen jabegokoa; bere lanean, langilea ez da baieztatzen, ukatzen baizik; ez da zoriontsu sentitzen, zorigaiztoko baizik; ez du energia fisiko eta izpiritual aske bat garatzen, bere gorpua hiltzen eta bere izpiritua ondoratzen du baizik. Horregatik, langilea, lanetik kanpo bakarrik sentitzen da bere baitan, eta lanean bere baitatik kanpo. Berean dago lanean ez dagoenean, eta lanean dagoenean berriz ez dago berean. Bere lana, horrela, ez da borondatezkoa, behartua baizik, ‘lan behartua’ (…) Azken batean, langilearentzat lanaren arroztasuna, hau berea ez den finean agertzen da, beste batena baizik, bere jabegokoa ez dela; bertan dagoenean ez dela bere buruaren jabe, beste batena baizik” (Marx, Eskuizkribu ekonomiko-filosofikoak, 108-109 orr.,. Alianza Editorial Ed).
Segidan, langile-kapitalistaren aurkakotasuna azaltzen du: “Bera, hortaz, bere lanaren produktuarekin, bere lan objektibatuarekin [produzituriko merkantzia], objektu boteretsu, beragandik independente, etsai, arrotz, batekin bezala erlazionatzen bada, objektu honekin berarengatik independente, boteretsu, etsai, arrotza den beste pertsona baten jabegokoa den modura erlazionatzen ari da. Bera bere jarduerarekin jarduera ez libre batekin bezala erlazionatzen bada, berarekin beste baten zerbitzura dagoen jarduera batekin bezala erlazionatzen ari da, beste baten agindu, konpultsio eta uztarripean” (Marx, Eskuizkribu ekonomiko-filosofikoak,109 orr.,. Alianza Editorial Ed).
Azkenik, Marxek klase interesaren identitatea nola sortzen den erakusten du, ofiziotik independenteki: “Lan alienatuarekin erlazioan, gizon bakoitzak, beraz, besteak bera bere buruarekin langilearekiko aurkitzen den neurri eta erlazioaren arabera kontsideratzen ditu” ( Marx, Eskuizkribu ekonomiko-filosofikoak, 113. orr., Alianza Editorial Ed.).
Produkzio kapitalistan zenbat eta teknika gehiago garatzen den, makinak eta lan instrumentuak perfekzionatzen diren, langilearen lana orduan eta espezializazio gutxiagokoa da, gehiago deskualifikatzen da bere lana eta garrantzi gutxiago dute bere ezaugarri indibidualek, eta beraz errutinariogoa, aspergarriagoa eta interes gabekoa bihurtzen da, langilea makinaren apendize soil bat izatera kondenatuz eta lanaren alienazioa areagotuz. Lanaren izaera honek, inongo sormenik gabea, langilea bere bizi eta lan baldintzen inguruan hausnartzera bultzatzen du. Bere esperientzia orokortzen laguntzen dio bere kideekin batera dituen interes komunez jabetzean eta deskontentua eta atsekabea hazi egiten da, honek, bere esplotazio eta zapalkuntzako egoeraren kontzientzia hartzera bultzatzen du. Lan baldintzek honela, ezinbestean sortzen dituzte langileen kontzientzia hartzearen oinarrizko baldintzak.
Kontsiderazio guzti hauek langile klasea osatzen duten sektore eta geruza guztietan aplikatzen dira, nahiz eta laneko baldintza partikular batzuek geruza batzuk bere kontzientzian azkarrago aurreratzera bultzatzen dituen besteen aldean.