James Connolly iraultzaile irlandarrak sozialismoaz eta nazionalismoaz 1892an idatzi zuen testua dakargu, euskaraz.

Irlandan, gaur egun, hainbat erakunde ari dira lanean sentimendu nazionala herriaren bihotzean gorde dadin.

Dudarik gabe, erakunde hauek, bai gaelikoa kontserbatzeko mugimenduak, bai literatura elkarteak edota oroimen komiteak izugarrizko lan gogoangarria egiten ari dira, etorkizunean garrantzi handikoa izango dena herrialde honentzat, bertako nazio eta arrazareni historia gure jendearen hizkuntza eta ezaugarriak desagerpenetik salbatzen lagunduz.

Hala ere, egun erabiltzen diren propaganda metodoenganako gehiegizko zorroztasuna egoteko arriskua badago, eta eguneroko auzienganako axolagabekeria horrek gure ikerketa historikoak gaizkitu ditzake, hauek estereotipatzen, iragana gurtzen, eta nazionalismoa tradizio batean kristalizatzen, heroikoa eta aintzagarria bai baina, dena den tradizio soil batean.

Tradizioek askotan, eta normalean ala gertatzen da, erruki loriatsurako materiala eskaini dezakete, baina ez dira inoiz iraultza arrakastatsu baten ekaitzaren gainean ibiltzeko behar bezain indartsuak.

Egungo mugimendu nazionalak ez baditu soilik gure iraganeko tragedia tristeenak berbizi besterik egin nahi, gai izan behar du momentu honetako beharren mailara altxatzeko.

Irlandako herriari erakutsi behar zaio gure nazionalismoa ez dela iraganaren idealizazio bigun bat bakarrik, baizik eta gai dela erantzun ezberdin bat emateko egungo arazoei eta etorkizuneko beharrei egokitzeko gai den programa politiko eta ekonomiko bat aurkezten duela.

Ideia politiko eta sozial konkretu hau modu hoberenean betetzeko bidea, nire iritziz, nazionalista sakrifikatuenek modu zintzo batean beren helmuga gisa errepublika onartzeak eskainiko du.

Ez Frantziakoa bezalako errepublika bat, non presidente hautatua daukan monarkia kapitalista batek Ingalaterraren abortu konstituzionalak parodiatzen dituen eta, Moskuko despotismoarekin aliantza irekian, bere usadio iraultzaileen ukatzeaz harropuzten dena.

Ez Amerikako Estatu Batuen gisako errepublika bat, non diru-zorroaren botereak tirania berri bat sorrarazi duen askatasun formen azpian; non, azken kasaka gorri britainiarraren oinek Bostoneko kaleak zikindu zituenetik ehun urte igaro ondoren, lur-jabe handi eta finantza-gizon Britainiarrek Ipar Amerikako herritarrei morrontza inposatu dieten, horrekin alderatuta iraultzaren aurrez inposatutakoa huskeria soil bat izanik.

Ez! Nire herrikideentzako ezarri nahiko nukeen errepublikak, uneoro, haren izendatze hutsarekin herrialde guztietako zapalduentzat argi izpi bat irudikatu beharko luke, uneoro mantenduko duena askatasunaren eta oparotasunaren promesa, haren izenean egindako ahaleginen truke.

Nekazari maizterra, alde batetik lur jabe handien eta bestetik, konpetentzia estatubatuarraren artean, errota honen bi harrien erdian harrapaturik dagoena; soldatapeko langile hiritarrak, bultzada kapitalistaren esklabutzaren ordainketak sufritzen dituztenak; jornalariak, haien bizi osoan zehar gogor lan egiten dutenak gorpua eta arima elikatzeko nekez heltzen zaien soldata baten bila; hain zuzen, langile saiatu guztientzat, haien miseriarengan mantentzen da eta zibilizazio modernoaren egitura itxuraz dirdiratsua, Irlandako Errepublika haien sufrimendua konjuratuko duen hitza izan daitekeelako, gaitzusteentzako elkargune bat, zapalduentzako babesgune bat, eta giza askatasunaren kausaren babesle sutsu diren sozialistentzako abiapuntu bat.

Lotura horrek, gure nahi nazionalena eta sistema kapitalista eta latifundistaren aurka -Britainia Handiko Inperioa izanik horren babesle sutsuen eta oldarkorrena- iraultzaren bandera altxatu duten gizon-emakumeen itxaropenarekin elkartzeak, ez luke inola ere desadostasuna sorrarazi behar nazionalista serioenengan. Irlandaren aldeko kausa Benburbgeko egunetik aurrera izan duena baino maila altuago batera eramateko nahikoa indar moral eta fisikoarekin harremanetan jartzeko balio behar luke.

Aitzakia gisa esango da, errepublika sozialista baten ideiak inplikatutako iraultza politiko eta ekonomikoak, gure erdi mailako klaseko jarraitzaileak eta aristokratak alienatuko dituela, haien jabetza eta pribilegioen galeraren beldur izango baitira.

Ze esan nahi du objekzio honek? Irlandako pribilegiodun klaseekin adiskidetu behar dugula!

Haien areriotasuna gelditzeko modu bakarra Irlanda aske batean haien “pribilegioak” ez direla ukituko ziurtatzea da. Hau da, bermatu behar zaie Irlanda atzerriko agintetik aske geratzen denean, irlandar soldaduak, berdez jantzita, kapitalista eta lur-jabeen irabazi ustelak “txiroen esku mehetatik” babestu beharko dituztela, hain zuzen ere, Ingalaterrako mandatariek haien uniforme eskarlatekin eta gupidarik gabe egiten duten modu berean.

Klase horiek ez zaizkizue batuko ez bada oinarri horiekin. Eta masek ideia horren alde egitea espero duzue?

Irlanda askatzeaz hitz egiten duzuenean, Irlandako lurra osatzen duten elementu kimikoetaz hitz egiten duzue? Edo herri irlandarrari buruz ari zarete? Azken honi buruz ari bazarate, zertatik askatu nahi duzue? Ingalaterraren agintetik?

Baina administrazio politiko edo gobernu makinaria sistema guztiak ez dira oinarrian dauden forma ekonomikoen isla bat besterik.

Irlandako aginte ingelesa konkistatzaile ingelesek iraganean herrialde hau espoliazioan, hilketan eta iruzurrean oinarritutako jabetza sistema bat indarrez ezartzearen ikurra da; gaur egun horrela sortutako “jabetza eskubideak” gauzatzea legezko iruzur eta espoliazioarekin jarraitzea inplikatzen dute. Dominazio ingelesa gobernu modu egokiena bezala azaldu zen espoliazioa babesteko, eta gudaroste ingelesa erremintarik malguena da hilketa judiziala gauzatzeko, klase menderatzaileen beldurrek ala eskatzen dutenean.

Hizkuntza ingelesaren antzera gurea izango balitz hartu dugun zibilizazio sistema materialista basati hau, errotik suntsitu nahi duen sozialista askoz arerio hilgarriagoa da ingelesen menderakuntzarentzat azaleko pentsalaria baino, izan ere, Irlandako askatasuna menderatze ekonomikoaren itxura maltzur baina zorigaiztokoarekin adiskidetu daitekeela pentsatzen baitu: Lur-jabeen tirania, iruzur kapitalista eta lukurreria zikina; konkista normandiarraren zorigaiztoko fruituak, Strongbow eta Diarmuid MacMurchadha “lapur normandiar eta traidore irlandarra” trinitate lotsagabearen aitzindari komenigarri eta apostolu izan zirenak.

Bihar gudaroste ingelesa kanporatzen baduzue eta ikurrin berdea altxatu Dublingo Gazteluan, ez baduzue Errepublika Sozialistaren antolakuntza hasten, zuen ahalegin guztiak alferrikakoak izango dira.

Ingalaterraren menpe egoten jarraituko duzue. Haien kapitalisten eta lur jabeen bidez menderatuko zaituzte, haien finantzarien bidez, gure amen malkoak eta martirien odola isuriz herrialde honetan landatu dituzten instituzio indibidualista eta komertzial mordoen bidez.

 Ingalaterrak zuen galerara arte menperatzen jarraituko zaituzte, baita zuen ezpainek traizionatu zenuten askatasun horren aldareari omenaldi hipokritak egin arren ere.

Nazionalismoa, sozialismorik gabe – gizartea berrantolatu gabe Erin zaharraren egitura sozialaren oinarrian zegoen jabetza komunaren baitan hori zabalduz eta garatuz-, ez da nazionalismo koldar bat baino.

Gure menderatzaileek haien justizia eta moralaren ikuspuntu zikina ezartzen arrakasta izan dutela publikoki onartzearen baliokide litzateke, eta azkenik gureak balira bezala onartu genituela, horiek inposatzeko gudaroste kanpotar baten beharrik gabe.

Sozialista bezala, prest nago gizon batek egin dezakeen guztia egiteko gure amalurrarentzat bere bidezko herentzia lortzeko: independentzia. Baina justizia sozialaren aldarrikapen txikiena alde batera uzteko eskatzen badidazue klase menderatzailearen onespena lortzeko, orduan uko egingo diot.

Horrelako ekintza, ez litzake ez duina ez egingarria izango. Ez dezagun ahaztu deabruarekin batera doana ez dela sekula zerura iristen. Beraz, frogatu dezagun modu irekian gure ustea. Gertaeren logika dugu lagun.



i XIX. mendean eta XX. mendeko lehen hamarkadetan, ohikoa zen arraza eta bere deribatuak bereiztasun etniko eta kulturalengatik ezberdinduriko giza taldeak izendatzeko erabiltzea, terminoei definizio konkreturik eman gabe eta egun dituzten konnotazioak zertan eduki gabe.

Cookiek erraztuko digute gure zerbitzuak eskaintzea. Gure zerbitzuak erabiltzerakoan cookiak erabiltzea baimentzen diguzu.