Ekonomia politiko burgesak behin eta berriz ukatu eta faltsutu izan ditu marxismoaren ideiak, ez bakarrik sozialismoaren aldeko borroka politikoaren printzipioetan, baita marxismoak sistema kapitalistaren funtzionamenduaz egiten duen analisian ere. Izan ere, marxismoak sistema hau ez dela bideragarria frogatzen duen heinean, ekonomialari burgesa beti saiatu izan da kapitalismoa kontraesanik gabeko sistema bat bezala aurkezten. Sistema honek uzten digun errealitateak, ordea, behin eta berriz ematen die arrazoia Marxek Kapitalean garatu zituen ideiei, teoria burges guztiak barregarri utziz.
Hori dela eta, Euskal Herria Sozialistako orri hauetatik ekonomia marxistaren ikuspegi orokor bat azaldu nahi dugu datozen artikuluetan, teoriaren oinarrizko tesiak landuz. Helburua sistema honek bere funtzionamenduaren barnean dituen lege orokorrak eta kontraesanak argitzea da, kapitalaren jatorrizko metaketatik hasiz eta honen fase gorena den inperialismoraino iritsiz, krisi ekonomiko kapitalisten prozesua barne.
Lehenik eta behin, Marxek dirua eta merkantzia bere baitan ez direla zertan kapitala izan azaldu zuen, era berean ekoizpen baliabideak eta kontsumo produktuak egoteak ere berez kapitalik inplikatzen ez duen bezala. Merkantzia eta dirua existitzen ziren iraganeko beste ekoizpen moduetan, esaterako esklabismoan edo feudalismoan, baina ez ziren masiboki kapitalean eraldatzen eta hau ez zen gizarte horretako jarduera ekonomikoaren motorra bihurtzen. Azken hau da kapitalismoak iraganeko ekoizpen modu guztiekin alderatuz duen berezitasun nagusia, hau da, gizarteko ekonomia merkantziak merkatuan saltzeko ekoiztean oinarritzen dela. Egia esan, hau gertaera aurrerakoia da, kapitalaren zirkulazioak ekoizpen baliabideak behin eta berriz irauliz bakarrik funtzionatu baitezake eta honek aurrez inoiz existitu ez den potentziala sortu baitu gizateriaren behar material guztiak asetzeko. Hala ere, helburu hau lortzea ezinezkoa da ekoizpen baliabideen gaineko jabetza pribatuaren interesa desegin ezean.
Baina nola gertatzen da kapitalismoaren jaiotzari bide emateko ezinbestekoa zen jatorrizko kapital metaketaren prozesua? Marxek azaldu zuenez diruaren eta ekoizpen eta kontsumo baliabideen jabeak elkarren artean kontaktuan sartzen direnean eta beren jabetzari balioa ematea lortzen dutenean sortzen da aldaketa. Balioa emateko modua hain zuzen ere besteen lan indarraren erabileran oinarritu behar zuen. Honela, erlazio kapitalistek, lehenik eta behin, langileak lan baliabideekiko eta lanabesekiko erabat bereiztea inplikatzen zuten.
Trantsizio prozesu hau hainbat mendetan zehar garatu zen eta, batez ere, kapitalismo garaikidearen sehaska izan ziren Ingalaterran eta Holandan hasi zen. Azken finean, beste modu batera ezin izan zitekeen moduan, gizarte kapitalistaren egitura sozialaren sorrera feudalismoko jabetza erlazio zaharrak deseginez eman zen. Prozesu hau hainbat faktorek markatu zuten:
1.- Ekoizle zuzenak glebari lotuta egoteari edo jopu izateari uzten dio. Langilea gremioen agintetik bereizten da, ikasle eta ofizialen inguruko ordenantzetatik eta honen lan egiteko arauetatik. Joputzatik askatu berri izan zirenak euren buruen saltzaile bihurtzeko modu bakarra lehen zituzten ekoizpen baliabide guztiak eta instituzio feudal zaharrek eskaintzen zituzten existentziarako berme guztiak kentzea zen. Marxek nabarmendu zuen bezala, “desjabetze honen historia gizateriaren urtekarietan odol eta suzko trazuekin idatzia izan zen”.
2.- Ekoizle nekazariak lurretatik desjabetzea zen prozesu honen guztiaren oinarria. Ingalaterran glebara loturiko joputza praktikan desagertu egin zen XIV. mende amaiera aldera. Ordurako biztanleriaren gehiengo zabala nekazari askeek eta autonomoek osatzen zuten, beren jabetza gordetzeko erabiltzen zuten etiketa feudala edonolakoa izanik ere.
Joputza erlazioen desegiteak nekazari askeen masa zabala jaurti zuen lan merkatura, biolentzian oinarritu zen mugimendu batean. Jauntxo feudal handiek nekazariak kanporatu egin zituzten lantzen zituzten lurretatik eta beren lur komunalak usurpatu zituzten, artalde handien mesedetan. Fenomeno hau Flandesko artilearen manufakturak elikatzen zuen. Ez da harritzekoa hau kontuan hartzen badugu, Tomas Morok bere Utopia lanean ardiek pertsonak jaten zituzten herrialde bitxiaz hitz egitea. Jopuen zapalkuntza bortitz honek bultzada handi bat jaso zuen XVI. mendean Erreformarekin eta Elizaren ondasunen desjabetze orokorrarekin.
Oinarri hauen gainean lurjabe handiek lurraren jabetza feudala abolitu zuten eta etxaldeen jabetza modernoa aldarrikatu zuten. Aldi hau arlo politikoan puntu gorenera 1688ko Iraultza Loriatsua deritzona iritsi zen. Estatu kolpe honek Ingalaterran noblezia lurjabearen eta burgesiaren arteko konpromisoan oinarritzen zen monarkia konstituzionala indartu zuen. Marxen hitzen arabera “boterea gainbalio lurjabea eta kapitalista hartzen dutenei eman zitzaien”.
Momentu horretatik aurrera lur publikoen harrapaketa aurrez inoiz ikusi gabeko maila batean garatu zen eta burgesiak prozesu hau lagundu zuen, beste arrazoien artean, lurra merkatuko artikulu berri bat bihurtzeko eta landatik zetozen proletario merkeak soldatapeko esplotazioarentzat eskuratzeko. Harrapaketa hau herriaren lurrak lapurtzera bideraturiko lege sorta batekin lagundurik etorri zen.
3.- Bestalde, kapitalista industrialek gremioetako maisu artisauez gain, jauntxo feudalak ere azpiratu behar zituzten. Erlazio politikoak erradikalki eraldatu behar zituzten jabetza eta ekoizpen forma berrien garaipena ziurtatzeko. Holandan, Ingalaterran eta geroago Frantzian eman ziren iraultza burgesek ezinbestekoa zen paper hori jokatu zuten.
Ekoizpen kapitalistaren lehen indizioak XIV. eta XV. mendeetan aurkitzen badira ere, Mediterraneoko hiri batzuetan esporadikoki izan arren, ezin daiteke aro kapitalistaz hitz egin XVI. mendera arte.
Kasu ingelesarekin jarraituz, beren lurretatik kanporatua izan zen herritarren masa hau ezin izan zitekeen manufakturak xurgatua, oraindik nahikoa garatu gabea zegoelako eta beraz, herritar hauek eskale, behartsu eta lapurren jendetza izugarria osatzera heldu ziren, hauen aurka legeria bortitzak ezarri zirelarik.
Aldi berean, nekazaritzan eta jabetza erlazioetan eman ziren aldaketek suposatu zuten eraldaketa erradikalak landako ereiteko metodoak hobetu zituen, kooperazioari erraztasuna eman zion eta ekoizpen baliabideen kontzentrazioa areagotu zuen. Honela nekazal guneko ekoizpena asko handitu zen.
“Nekazaritzako lehengaia”, dio Marxek “kapital konstantearen elementu bihurtu zen”, hau da, manufakturarako lehengai bihurtu zen.
Nekazaritzaren iraultza honek, XVI. mendean eman zen haziaren, haragiaren eta nekazaritzako produktu guztien prezioen igoerarekin batera, maizterren kapitala asko loditu zuen. Era berean, hauek iraganeko jabeei ordaindu behar zien lurraren errenta dirutan balio berean mantentzen zen, izan ere, errenta kontratuak batzuetan 99 urte irautera iristen baitziren. Modu honetan maizterrak aberastu egin ziren, maizter kapitalistetan bihurtuz.
Manufakturaren papera
Ekoizle independenteen desjabetzeak manufakturaren garapenari bide eman zion eta honek barne merkatuaren garapena bultzatu zuen, hau funtsezkoa izanik ekoizpen erlazio kapitalistak indartzeko prozesuan.
Lehengaiak eta bizitzeko bitartekoak merkantzia bihurtu ziren eta maizter handiek merkantzia hauek manufakturan saltzeko xedearekin ekoizten hasi ziren, hau bere merkatu gogokoena bihurtu zelarik. Aldi berean, familia nekazariak euren kontsumorako lantzen zituen lehengai guztiak, lihoa, artilezko artikulu merkeak, etab., manufakturaren artikulu bihurtu ziren eta gero nekazal guneko eskualdeetan saltzen ziren. Honela, hiriaren eta landaren artean merkatu erlazioak gailendu ziren feudoen eta gremioen sistemen gainetik.
Hala ere, manufaktura oso modu ahulean jabetzen zen ekoizpen nazionalaz eta beti ere hiriko artisauetan eta etxeko industria subsidiarioan oinarritu behar zen. Horregatik azpimarratzen du Marxek etxe barneko industriaren desegitea izan zela barne merkatuari ekoizpen modu kapitalistak behar duen zabaltasuna eta sendotasuna emateko faktore erabakigarria. Azken finean, hau industria handiarekin bakarrik lor zitekeen eta honen garapenerako baldintza guztiak sendotu zirenean bakarrik jaio zitekeen egungo sistema kapitalista.