Kapitalismoaren garapen prozesuan, behin gizarteko azpiegitura produktiboan nahikoa errotu zenean, ezinbestekoa izan zen makinariaren fabrikazioa handitzea eta zabaltzea. Pausu honek historian aldaketa kualitatiboa ekarri zuen. Ekonomian ekoizpen industrialaren nagusitasunaren aroa heldu zen, merkantzien ekoizpen masiboaren aroa, eta honekin batera, noski, kapitalisten aginte ekonomikoa eta politikoa finkatu zen.
Makinariak, kapital konstantearen beste edozein osagaik bezala, ez du inongo baliorik sortzen, baizik eta bere balioaren zati bat txertatzen dio fabrikatzera bideratzen duen produktuari. Makina batek balio jakin bat duen heinean, balio honen zati bat produktuari pasatzen dio eta, modu honetan, gehituriko balio hau produktuaren balio osoaren parte bilakatzen da.
Makinaria beti osorik sartzen da lanaren prozesuan, baina partzialki bakarrik parte hartzen du produktuari balioa emateko zereginean. Txertatzen duen balioa erabilerarekin galtzen duenaren proportzioan joango da. Ez du inoiz bataz beste desgastearen eraginez galtzen duena baino balio gehiago gehitzen.
Makinariak produktuari balioa txertatzean, noski, ez du hau merkeagoa egiten, alderantziz baizik, garestitu egiten du, beti makinariaren balioaren aurkako proportzioan. Makinak dituen funtzionamendu kostuak eta desgastearen bidez galtzen duena da, egunero lantzen dituen produktuen masaren artean banatzen duena. Honela, txertatzen duen balioa azken finean makinak lan egiten duen azkartasunaren baitan egongo da.
Honenbestez, makinaria produktiboa merkantziari balio gutxiago txertatzen diona izango da. Alde batetik kostu gutxiago suposatzen duenean, erregai eta materialen aldetik eta mantenu aldetik. Bestetik, denbora jakin batean makinak landu dituen produktuen masa handiagoa denean, honela lanegunean txertaturiko balioa produktu gehiagotan zatitzen baita eta beraz zatia txikiagoa izango da produktu bakoitzeko. Alegia, esate baterako makina batek ordu betean 200 pieza egiten baditu eta gastu berdina duen besteak 100, lehen makinak merkeago ekoizten du eta merkatuan produktua merkeago salduko ahalko du.
Hala ere, Marxek makinaren produktibitatea gizakiaren lan indarra ordezkatzen duen mailagatik neurtzen dela azaldu zuen Kapitalean. Makinak langile batzuk ordezka ditzake, baina beti ere burgesari ordezkapen honek langileak esplotatuz eginiko lana baino etekin gehiago ematen badio.
Ideia honek gaur egun bere indar guztia mantentzen jarraitzen du. Egun multinazionalek hainbestetan aurrera eramaten dituzten deslokalizazioak, produkzioa herrialde aurreratuetatik azpigaratuetara eramanez, arrazoi horregatik azaltzen dira. Asiako lurraldeetan lan erdi esklaboa egotea abantailagarriagoa da kapitalistentzat, azpiegituren balio teknologikoa handia den herrialdeetan ekoiztea baino, hemen lan kosteak altuagoak baitira.
Makinaren produktibitatea eta balioa sortzea
Baina makinaria, lanaren produktibitatea handitzeko bitartekorik modernoena izateaz gain, laneguna muga natural orotatik haratago luzatzeko tresna eraginkor bat ere bihurtzen da. Kapitalisten hizkuntzan esanda, euro gutxi balio duen aitzurrarekin lan egiten ari denak hartu lezake atsedentxo bat edo eduki lezake hanka sartzeren bat, baina milaka eta milioika eurotako piezekin eta makinekin lanean ari denak ezin du atsedenekin edo “axolagabekeriekin” inbertsioa arriskuan jarri.
Makinarian lan tresnaren mugimendua eta jarduera independizatu egiten dira langilearen aurrean. Etengabe ekoitziko luke ez balu ondoan behar dituen gizakien muga naturalekin talka egingo, hau da, ahultasun fisikoarekin eta borondate propioarekin. Makinak kapitalismoan burgesiaren irabazi gosean hartzen du bere kontzientzia eta borondatea. Honela beraz, traba natural hauek ezerezera murrizteko joerarekin jaiotzen da, langileari bere indarren ahalmena baino gehiago eskatuz.
Aurrez aipaturiko moduan, makinariaren produktibitatea produktuari txertatzen dion balioarekin alderantzizko erlazioan dago. Zenbat eta luzeagoa izan bere funtzionamenduaren aldia, orduan eta handiagoa izango da bere balioa banatu duen produktuen kopurua eta txikiagoa merkantzia bakoitzean txertatu duen balio zatia.
Makinaren bizi aktiboko aldia, egunero lanean pasatzen duen denbora, prozesu hau errepikatzen duen egunekin bidertuz ateratzen da. Adibidez, makina batek egunero 16 ordutara 7 urtez lan egiten du. Erabat berdina den beste batek egunero 8 orduz lan eginez, 14 urte iraungo lituzke. Orduan, lehenengo kasuan, makinaren balioa bigarren kasuan baino azkartasun bikoitzez erreproduzituko litzateke eta kapitalistak honi eskerrak, zazpi urtetan bestearekin hamalau urtetan adinako diru sarrera edukiko luke. Honek lan orduaren intentsitatea azkartzera bultzatzen du kapitalista.
Bestalde, desgaste materialaz gain makina desgaste moral baten menpean ere badago. Berrikuntza teknologikoak, konpetentziak eta irabazi maximoaren borrokak makinak zaharkiturik geratzea eragiten du. Marxek zioen bezala makina mespretxaturik geratzen da. Ekoizpen adar batean makinaria sartzean, kapitalista berehala saiatzen da makinaria horren erreprodukzio denbora azkartzen edo hobeago bategatik ordezkatzen. Azken hamar urteetan ordenagailuen kasuan eman den prozesua izango da ziurrenik teoria honen egunerokotasunaren adibide argiena.
Makinariak gainbalio erlatiboa ekoizten du, alde batetik, zuzenean lan indarrari balioa jaitsiz eta zeharka, erreprodukzioan parte hartzen duten merkantziak merkatzean, lan indarra merkeagoa eginez. Bestetik, berriz, makinariaren hasierako aplikazioetan, hau burges gutxi batzuen monopolio antzekoa denean, produktu mekanikoaren balio soziala bere balio indibidualaren gainetik igotzen da eta kapitalistari eguneroko lan indarraren balioa bere eguneroko produktuaren balioaren zati txikiago batekin ordezkatzea baimentzen dio. Makina nobedadea den garai honetan irabaziak ikaragarriak dira burgesarentzat, eta noski ahal duen guztia luzatzen du lan eguna, pagotxa luzatzearren. Marxek dioen bezala, zenbat eta gehiago irabazi, orduan eta gehiago hazten da gosea.
Baina eztei egun hauek segituan amaitzen dira. Makinaria ekoizpen adar batean orokortzen denean, makinen bidez eraturiko produktuaren balio soziala bere balio indibidualera jaisten da. Orduan ezartzen da aurrez aipatu izan dugun legea: gainbalioa ez da kapitalistak makinaren bidez ordezkatzen dituen lan indarretatik jaiotzen, makinarekin lan egiten duten langile horietatik baizik.
Gainbalioa kapitalaren zati aldakorretik bakarrik sortzen da eta bi faktorek baldintzatua dago: gainbalioaren kuota eta aldi berean enplegaturiko langile kopurua. Gainbalioaren kuota lanegunaren iraupena kontuan harturik, hau beharrezko lanean eta lan soberakinean banatzen den proportzioaren baitan dago. Denbora berean enplegaturiko langile kopurua berriz, kapital aldakorraren eta konstantearen arteko proportzioaren baitan dago.
Argi dago industria mekanikoak gainbalioa sortzea zabaldu egiten duela, kapital jakin batek okupatzen dituen langileen kopurua murrizten duenean hauen soldata ordaintzeko beharrezko lana murrizten baitu. Baina modu honetan, lehen aldakorra zen kapitalaren zati bat, lan indar bizian inbertitzen zena, makinarian eraldatzen du, hau da, kapital konstantean, eta honek ez du inongo gainbaliorik sortzen. Puntu hau funtsezkoa da ekonomia politiko marxistan: ezinezkoa da gainbalio bera ateratzea bi langiletatik eta hogeita lauetatik.
Honela, gainbalioaren ekoizpenerako makinariaren erabilpenean kontraesan organiko bat dago. Gainbalio kuota aldi berean enplegaturiko langile kopurua txikituz bakarrik hazten da. Kontraesan hau da kapitala, horretaz kontziente izan gabe, lanegunaren luzapenera bultzatzen duena. Helburua langile esplotatuen kopuruaren jaitsiera proportzionala konpentsatzea da, bai lan soberakin erlatiboa handituz (lan denbora berean ekoizpen gehiago), baita absolutua handituz ere (laneguna luzatzean ekoizpena handituz).
Ondorioz kapitalismoan makinariaren erabilpenak, alde batetik lan metodoak eta lanaren antolakuntza soziala etengabe iraultzen egotea eragin du, aurkako oztopo guztiak ezabatuz. Baina honekin batera, langileen laneguna ikaragarri luzatzea bultzatzen du, kapitalaren mendean ezartzen ditu lehen egon ezin zitezkeen sektoreak eta, beste aldean, kale gorrian uzten ditu makinak bazterturiko langile masak, gizartean langabezia zabalduz. Honela azaltzen da, berez gizateriarentzat esfortzua eta laneguna arindu beharko lukeen errekurtsorik hoberenak, kapitalismoan langile batzuen neurrigabeko esplotazioa eta besteen langabezia ekartzea.
Askotan esan izan da makinariaren helburua gizakiari bizitza erosoagoa egitea dela, baina hau sozialismoan bakarrik izango da posible, ez denean irabazi pribatuentzat ekoitziko, giza beharrentzat baizik. Kapitalismoan makinaria garatzeak merkantziak merkatzea eta ahalik eta langile gutxienetik ahalik eta gainbalio handiena ateratzea izango du beti helburu.