1917ko Errusiako Urriko Iraultza Etengabeko iraultzaren teoriaren egokitasunaren froga handiena izan zen. Praktikaren eremuan eta modu positibo batean frogatu zuen teoria honen zuzentasuna, mentxebikeen bi etapen teoriaren argumentu guztiak hankaz gora botaz. Modu honetan, iraultzaren garaipenaren berotasunean jaio zen Internazional Komunistak oinarri teoriko hauek hartu zituen mundu mailako iraultzaren alde borrokatzeko.
Internazional Komunistaren lehen lau kongresuetako dokumentuetan eta ebazpenetan (1919-1922) mundu mailako mugimendu komunista gidatzeko taktiken eta estrategiaren bilduma ikaragarri aberatsa osatu zen. Helburua mundu mailako iraultzaren garaipenerako ezinbestekoak diren alderdi iraultzaileak eraikitzeko oinarri teoriko tinkoak eta orientazio egokiak ezartzea zen, alderdi boltxebikearen esperientziatik eta mugimendu marxistan eman ziren eztabaidetatik ikasgai funtsezkoenak azalduz.
1917ko urriko Iraultzaren ondorengo urteetan iraultza mordoa lehertu ziren, esanguratsuenak Alemanian, Austrian eta Hungarian. Era berean, gertaera iraultzaileak izan ziren Italian, Frantzian, Ingalaterran edota estatu espainiarrean besteak beste. Baina sindikatuetako eta alderdi sozialdemokratetako burokrazia boteretsuek, paper guztiz kontrairaultzailea jokatuz, kapitalismoa salbatzea lortu zuten. 1918-19ko Alemaniako iraultzan esaterako, burgesiarekin eta Estatuko indar armatuekin konspiratzera ere iritsi ziren iraultza suntsitzeko.
Lehen momentutik, alderdi komunistak eratzeak arrakasta itzela izan zuen langileak erakartzeko orduan. Errusiako Iraultzak mundu guztiko langileen artean sortu zituen esperantza eta eredua, eta Internazional Sozialistako alderdi sozialdemokratetako zuzendaritzen traizioak izan ziren arrakasta horren arrazoi. 1920tik aurrera masen alderdi komunistak sortzen hasi ziren. Erakunde horiek ordea, oso gazteak eta esperientzia gabeak ziren alderdi errusiarrarekin alderatuz eta akats dezente egin zituzten 1920-23 urte bitartean. Internazionalaren Kongresuetan eztabaida teorikoaren bitartez Lenin eta Trotsky akats horiei buelta ematen saiatu ziren behin eta berriz.
Alemanian 1923an Alderdi Komunistak aukera paregabea eduki zuen berriz ere iraultza lehertu zenean. Internazional Komunistako zuzendaritzan zegoen Alemaniako Brandlerrek honela azaldu zuen egoera: “Goraka zihoan mugimendu iraultzaile baten sintomak zeuden. Aldi batez, langile gehienak gure atzean izan genituen, eta egoera horretan pentsatu genuen, baldintza mesedegarrietan, berehala erasora jo genezakeela…”. Brandlerrek Moskura bidaiatu zuen aholku eske. Bidaia horrek bai Lenin eta bai Trosky ere gaixorik harrapatu zituen eta, beraz, Zinovievekin eta Stalinekin bildu zen. Zinoviev, Urriko altxamenduan bezala, erabat eszeptiko agertu zen boterea hartzeko perspektibaren aurrean. Stalin, berriz, urrunago joan zen eta ekintzarik ez egiteko aholku zuzena eman zion alderdi komunista alemaniarrari. Bere aholkua harrigarria izan zen: “Utz ezazue faxistak lehenengo saia daitezen”(!)
Iraultzen momentu klabeetan zuzendaritza zalantzati agertzeak garaipenaren aukera oro galtzea ekar dezake. Trotskyk altxamendurako plan bat aurrera eramatea proposatu zuen baina Radekek, Stalinek eta Zinovievek atzera bota zuten eta azkenean boterea hartzeko isilpeko saiakera baldar bat eman zen, kale egin zuena, noski.
Alemaniako gertaeren aurrean, Stalinek eta Zinovievek ez zuten inolako akatsik onartu, aldiz kritika edo eztabaida oro gezurrekin eta kalumniekin moztu zuten. Garai honetan Lenin gaixo zela, Stalinek, Zinovievek eta Kamenevek troika izenarekin ezagutu zen aliantza osatu zuten boterea eskuratzeko. Alderdi boltxebike barnean metodo burokratikoen hasiera izan zen, buruzagien esanak akritikoki onartzea eskatzen duen burokrazia agintari orojakilearen eta hutsezinaren metodoak nabarmentzen hasi ziren.
Garai honetan, eta batez ere Leninen heriotza ostean, 1924an, buruzagi hauek “trotskysmoaren” aurkako kanpaina hasi zuten, bere autoritate politikoa gezurrez zikintzeko asmoz. Kontrairaultza ideologiko honen jo puntu nagusia etengabeko iraultzaren teoria izan zen. Boltxebismoaren ideia eta tradizio guztiak suntsituz, “Sozialismoa herrialde bakar batean” eraikitzeko teoriarekin batera, bi etapen teoria mentxebikera itzuli zen. Moskutik agindutako politika oportunistekin porrotetik porrotera joatea kondenatu zuten Internazional Komunista.
1925-27ko Txinako iraultza: Herrialde Kolonialak eta Etengabeko Iraultza
1920an Internazional Komunistaren Bigarren Kongresuak “Auzi nazionalari eta kolonialari buruzko tesia” izeneko ebazpen bat onartu zuen. XX. mende hasieran Asiako hainbat herrialdetako masak mendeetan iraun zuten zapalkuntza feudalik ilunenaren aurka matxinatzen hasi zirenean, Txina bezalako herrialdeetako egoerak tsarismo garaiko Errusiarekin antzekotasun handiak tartekatzen zituen ekoizpen modu feudalisten gailentasunari, potentzia inperialistenganako menpekotasunari eta baita bertako burgesia nazionalaren ahuleziari eta izaera erreakzionarioari zegokionez. Honela zioen Internazional Komunistaren herrialde kolonialetako programak:
“(d) beharrezkoa da, bereziki, ahalegin guztiak egitea erregimen sobietarraren printzipio funtsezkoenak aplikatzeko erlazio aurrekapitalistak gailentzen diren herrialdeetan, “langileen sobietak” sortzearen bidez, etab;”
“(f) Internazional Komunistak herrialde kolonialetako eta atzeratuetako mugimendu iraultzaileak babestu behar ditu, soilik etorkizuneko langile alderdietako elementuak, komunistak ez izenean bakarrik, herrialde atzeratu guztietan dagokien eginkizun berezian biltzeko eta hezteko baldintzapean: beren nazioaren mugen barnean mugimendu demokratiko-burgesen aurka borrokatzea; Internazional Komunistak behin-behineko aliantza bat ezarri behar du demokrazia burgesarekin herrialde kolonial eta atzeratuetan, baina ez du berarekin fusionatu behar eta baldintzarik gabe langile mugimenduaren independentzia mantendu behar du, baita bere forma enbrionarioenetan ere.”
Internazional komunistaren idatzi honetan bezala beste hainbatetan ere behin eta berriz funtsezko bi ideia azpimarratzen ziren: langile internazionalismoa eta klase independentzia. Kontrairaultza Stalinistak bi teoria horien aurka jo zuen bete-betean. Sobietar Batasuneko kanpo politika Stalinen esanetara egoten hasi zenean, langile klase internazionalaren indarrengan konfiantza erabat galduz, desesperatuta zebilen “burgesia aurrerakoi” aliatuen bila, “Sobietar Batasuna eraso baten aurrean defendatzeko”. Honela, Internazionala SESBeko muga-zaindaritzarako tresna gisa erabiltzen hasi zen Moskuko burokrazia. Lehen adibide argiena Txinako 1925-27ko iraultza izan zen.
Alderdi Komunista Txinatarra herrialdeko langile alderdi bakarra zen, eta indar handia eskuratzera iritsi zen denbora gutxian. Eragin boteretsua zuen langileen eta sindikatuen artean, baita nekazarien artean ere. 1925ean Iraultza lehertu zenean eta milioika langilek eta nekazarik hil ala biziko borroka hasi zutenean, Moskuko Internazional Komunistako buruzagiak masa hauen indarrean oinarritu beharrean, Chiang Kai-sheken inguruan zeuden burgesei eta jeneralei eman zien babesa, Alderdi Komunista Txinatarra Kuomitang alderdi burges nazionalistaren menpe ezarriz.
Honela, Alderdi Komunista Txinatarreko zuzendaritzaren nahien aurka, 1923an akordio bat sinatu zen Sobietar Batasunaren eta Kuomitangaren artean. Bertan Txinan langile iraultza oro kondenatzeko oinarriak ezartzen zituen. Hauxe zioen: “sistema komunista, eta baita sobietena ere ezin daitezke Txinan sartu, hemen ez baita existitzen bere aplikaziorako baldintza mesedegarririk”. Kuomitangak bere aldetik uko egin zion bi alderdien arteko aliantza bati eta komunista txinatarrak Kuomitangera indibidualki afiliatu behar izatea eta alderdiko diziplina onartu behar izatea adostu zen. 1926an Kuomitang alderdi burgesa, Stalinek “lau klaseetako bloke iraultzaile” kalifikatu zuena, Internazional Komunistako alderdi izendatu zuten eta Chian Kai-shek Komite Exekutiboko ohorezko kide, Trotskyren aurkako boto bakarrarekin. Beste hainbat kontzesioren artean, Chiang Kai-shekek komunisten zerrenda eskuratu zuen xehetasun guztiekin.
Chian Kai-shek izeneko jeneral hau, armada sobietarrak entrenatua, komunisten hiltzaile handiena bezala egin zen ezaguna 1949ko Txinako iraultza arte. 1926ko martxoaren 20an, Kuomitangak Estatu Kolpe kontrairaultzaile bat eman zuen jeneral honen zuzendaritzapean. Komunistak atxilotzeko eta erailtzeko kanpaina hasi zuen Txina osoan zehar eta batez ere Shangaiko altxamenduan. Kanpaina honetan oso ondo etorri zitzaizkion afiliatu komunisten zerrendak, nahiz eta zer esanik ez, errepresio honetan milaka komunista erailtzeaz batera beste milaka langile eta nekazari ere akabatu zituen.