Internazional Komunistaren gainbehera stalinista bere muturrera iritsi zen hogeita hamargarren hamarkadan hartu zituen politikekin. Alderdi boltxebikeak Leninen garaietan defendatu izan zuen fronte bakarraren politika kondenatu zuen lehenik, eta ondoren fronte popularren defentsa bultzatu zuen. Horrela, errotik moztu zuen langile klasearen ekintza batasuna, geroago burgesiarekin kolaboratzearen defendatzaile sutsu bihurtzeko. Ondorioak lazgarriak izan ziren: faxismoaren gorakada eta langile klasearen historiako porrotik gogorrenak suposatu zituen.

Fronte bakarra eta fronte popularra

 

Langile alderdi iraultzaile batentzat funtsezko puntua da aliantzena. Zein erakunderekin aliatzeak, ezinbestean zein helbururekin eta zein baldintzetan egitearen galdera erantzun beharra dakar. Baina hemen oinarrizkoa da erakunde politiko ororen atzean klase jakin bat dagoela ulertzea, bere barnean bildu izan den klase bat, alderdi politikoak, azken batean, burgesiak nahiz langile klaseak historian zehar bere interesak defendatzeko sorturiko erakundeak baitira. Horregatik, etengabeko iraultzaren teoriaren eta bi etapen teoriaren aurkako ikuspegiak alderdi burgesekiko eta beste langile alderdiekiko jarreran konkretatzen dira estrategia praktikoaren eremuan.

Fronte bakarrak borroka konkretu baten aurrean langile erakundeen ekintza batasuna defendatzen du. Alderdi boltxebikearen leloak, “banandurik ibili, kolpea batera jo”, argi erakusten du zein den oinarria. Ekintza batasunak ez du eskatzen frontean elkartzen diren erakundeen programa eta aldarrikapen ezberdinak ezkutatu behar direnik; aitzitik, iraultzaileen eta erreformisten arteko ezberdintasun politikoak argi uztea ezinbestekoa da. Horrenbestez, langile erakundeak bat datozen borroka batean, ekintzetan eta mobilizazioetan elkartzea esan nahi du, batera kolpea jotzea, langile klaseak borrokaren esperientziaz ikasten baitu indarra batasunean duela eta ez zatiketetan.

Fronte popularra, berriz, langile alderdien eta alderdi burgesen aliantzetan oinarritzen da. Hori erabat arrotza da Leninen eta Marxen metodoekiko, hauek beti defendatu izan baitzuten klaseko independentzia. Langile alderdiak alderdi burges “aurrerakoiekin” akordio programatikoetara iristeko saiakerek porrot handienetan amaitu dute historian zehar. Kapitalisten politika beti beren interes ekonomikoek gidatzen dute, eta alderdi eskuindarren batek demagogiazko diskurtso demokratikoagoa erabiltzen badu edota krisi garaietan langile alderdietako buruzagiengan babesten saiatzen badira, hori langileak kontrolpean mantentzeko egin izan dute, baina soilik beren helburuak lortu ostean (pribilegio kapitalisten defentsa) traizio egiteko.

Hori dela eta, fronte bakarraren eta fronte popularren metodoen arteko ezberdintasuna, metodo iraultzaileen eta erreformisten artekoarena da. Lehenak langileen arteko ekintza batasuna azpimarratzen du. Alderdi sozialdemokratekin fronte bakarra osatzekoan, oinarrizkoa da erakunde horretako zuzendaritzaren eta oinarriaren artean bereiztea. Zuzendaritzak langileen interesei traizio larriak egin badizkie ere, alderdi horien oinarrian langile masak egoten jarrai dezakete. Horregatik, fronte bakarraren puntu garrantzitsua, hain zuzen ere, langile horiek lerro iraultzaileetara erakartzea ere bada, praktikaren eremuan metodo iraultzaileen egokitasuna erakutsiz eta programa iraultzailearen defentsa ezkutatu gabe.

Fronte popularretan burgesiarekin aliantza programatikoak egiteak berriz, alderdiaren programa burgesiaren eskakizunetara makurtzea ekartzen du, eta masengan konfiantza eduki beharrean, langile mugimendua bera buruzagien arteko negoziaketen mende ezartzea ekarri izan du.

“Hirugarren garaia”

 

Internazional Komunistak 1928an kongresu bat antolatu zuen lau urteren ostean. Bertan herrialde bakar bateko sozialismoaren teoria ofizialki programan sartzeaz gain, “hirugarren garaia” zetorrela iragarri zuen. Garai honek, ustez, kapitalismo mundialaren kolapsoa ekarriko zuen. Era berean, Stalinen teoriaren arabera, sozialdemokrazia “sozialfaxismo” bihurtuko zen, eta honela langile klasearen arrisku nagusia osatuko zuen. Horregatik aldarrikatu zen ez zegoela komunisten eta sozialisten inolako akordio aukerarik. Are gehiago, Alemanian adibidez alderdi sozialdemokrata zuzenean erasotzeko kontsigna atera zuten.

1929-30eko krisiak bereziki eragin zuen Alemanian. Langile klasearen bizi maila degradaziora eta miseriara erortzen ari zen. Erdi mailako burgesiaren geruzak ere lur jota zeuden burgesia handiaren aurrean. 1918ko iraultzaren porrotetik eta 23an komunistek boterea hartzeko erakutsi zuten gaitasun ezarekin etsiturik, beren arazoen konponbidea alderdi nazian bilatzen hasi ziren. Kapitalistek finantzaturik eta babesturik, alderdi nazia masen oinarri bat hartzen hasi zen Alemanian, burgesia txikiaren sektoreetan eta lunpen-proletalgoan oinarritua.

Langile klase alemaniarra munduko indartsuenetako bat zen. Nahiz eta 1930eko hauteskundeetan alderdi naziak ia sei milioi eta erdi boto eskuratu zituen, alderdi komunistak lau milioi eta erdi boto zituen eta alderdi sozialdemokratak zortzi milioi eta erdi; elkarturik nazien bikoitza baino gehiago. Alemaniako alderdi komunistak sozialdemokratekin nazien aurka borrokatzeko plan serio batean fronte bakarraren kanpaina defendatu izan balu, indar horiek sobera nahikoa izango ziren faxismoaren mehatxuarekin errotik amaitzeko. Baina ez zen hori gertatu. 1933an, Hitlerrek harrokeriaz boterera “kristalik hautsi gabe” iritsi zela aldarrikatu zuen.

Egia da alderdi sozialdemokratako buruzagiak gobernu prusiarrean, langile klaseari traiziorik handienak eginez, praktikan faxismoari bidea irekitzen ari zitzaizkiola. Baina horren aurrean Alemaniako Alderdi Komunistako buruzagiak, publikoki sozialdemokraziari etengabe faxismoaren aurkako langile erakundeen fronte bakar bat eratzeko eskatu beharrean justu kontrakoa egin zuen: naziekin eratu zuen fronte bakarra alderdi sozialdemokrataren aurka.

1931an Erreferendum Gorrian naziekin elkartu zen alderdi komunista, ofizialki ez bazen ere, gobernu prusiar sozialdemokrata azpiratzeko. Eskoletan, alderdi komunistako seme-alabek alderdi sozialdemokratakoenak jotzeko kontsigna atera zuten. Eta larriena dena, alderdi naziarekin elkarlanean alderdi sozialdemokratako langile ekitaldiak eta manifestazioak erasotzeko ekintzak antolatzera iritsi ziren. Jan Valtinek, garai hartako alderdi komunistako kide batek, honela deskribatzen zuen gerora egoera hura:

“Aliantza gorrotagarri bat zen, inoiz ez zena aldarrikatu edo onartu burokrazia gorriaren edota marroiaren artean, baina hala ere gertaera izugarria. (…). Aldi baterako su etena eta indarren konbinaketa adostu zen Stalinen eta Hitlerren jarraitzaileen artean, fronte demokratikoaren ekitaldiak eta manifestazioak erasotzeko eta lehertzeko aukera ikusten zuten bakoitzean. 1931an bakarrik mota honetako dozenaka ekintza terroristetan hartu nuen parte nazien elementurik liskarzaleenekin batera.”

Hitlerrek boterea hartu zuenean ere, Stalinen eta Komiternaren aginduak jarraituz, alderdi komunistak langile klasearen etsairik handiena sozialdemokrazia (“sozialfaxismoa”) zela defendatu zuen. Ez zuten ulertzen korrelazio indarrak 1923 baino okerragoak zirela eta langile klasearentzat ez zela berdina alderdi sozialdemokrata eta nazia, ezta demokrazia burgeseko gobernua eta faxismoa. Noski, naziek boterean gupidarik gabe erail zituzten bereizketarik gabe langile komunistak eta sozialdemokratak.

Fronte Popularrak

 

Stalinek Hitlerrengandik espero zituen erlazio diplomatiko mesedegarriak azken honek hautsi zituenean, Stalin Nazioen Ligako burgesian aliatuak bilatzen hasi zen. Honela, Internazional Komunistaren VII. Kongresuan (1935) fronte popularren aldeko politika bultzatzea erabaki zen. Hori “burgesia demokratikoekin” aliatzeko ordaindu beharreko prezioa zen. Estatu frantziarrean eta espainiarrean bultzatutako fronte popularreko gobernuak ustez faxismoaren arriskua geratzeko balio behar bazuten ere justu aurkako ondorioa lortu zuten.

Kasu guztietan fronte popularretako gobernuek, monopolio handien eta aliatu liberalen presiopean, langileen, nekazarien eta erdi mailako geruzen aurkako erasoak bultzatzen amaitu zuten. Honen justifikazio teorikoa bi etapen teorian oinarritzen zen. Lehenik errepublika burges demokratikoa defendatu behar zen faxismoa garaituz eta geroago etorriko zen sozialismoaren alde borrokatzeko garaia. Kontua da “burgesia aurrerakoia” ez izutzeko ezin zela ekoizpen baliabideen jabetza pribatua ukitu, ezta faxismoaren aurkako borrokan langile botere organoetan eta herri armatuan oinarritutako metodo iraultzaileak erabili ere. Faxismoaren aurkako borroka “legea eta ordena” errespetatuz egin behar zen, hau da, langile mobilizazioak erreprimitzen eta faxismoari ateak irekitzen ari zitzaion Estatu burgesa eta burgesia errespetatuz. Baldintza horietan ezinezkoa zen garaipena.

Estatu espainiarrean 1936an altxamendu faxistaren aurka eman zen langile iraultzaren porrota politika honen ondorio latzena izan zen. Moskuko burokraziak, Frantziarekin eta Ingalaterrarekin mantendu nahi zituen aliantza ziurtatzeko, estatu espainiarrean komunismoak ez zuela garaituko bermatu zuen. Honela, bando errepublikarraren barnean gerra zibil bat eman zen langile iraultzaileen eta fronte popularreko gobernuaren artean: azken honek langile miliziak desarmatu, langile botere organoak desegin, okupaturiko enpresak burgesiari itzuli eta militante hoberenak fusilatu zituen.

Hori guztia “burgesia demokratikoaren” konfiantza irabazteko egin zen, baina gerraren garaipenaren gakoa justu kontrakoa zen. Burgesiaren lehen interesa beren enpresa eta lurren jabetza mantentzea zen, iraultzak porrot egitea. Horregatik gakoa burgesiarengan ordez, langile masengan konfiantza edukitzea zen. Era berean, ezinbestekoa zen hil ala biziko borrokan ari ziren masak beren kausan konfiantza edukitzea, langile alderdiengan zuzendaritza iraultzaile bat ikustea, beraien aldetik etengabe traizioak jaso beharrean.

Cookiek erraztuko digute gure zerbitzuak eskaintzea. Gure zerbitzuak erabiltzerakoan cookiak erabiltzea baimentzen diguzu.