Idatzi HEMEN gurekin antolatzeko eta berehala jarriko gara harremanetan.

XXI. mendean, kapitalismoak kale itsu batera jaurtitzen du gizateria. Gerra inperialisten eta armamentu militarrerako planen hedapena, Palestinako herriaren aurkako genozidio sionista, milaka gizon, emakume eta haur erailaz eta Gaza goitik behera birrinduz, edota ingurumenaren suntsipena bera… Ezerk ez ditu geldituko kapitalistak aberastasuna eta boterea biltzeko irrikan.

 2

Egunero jasaten ditugu gure eskubideen eta bizi-baldintzen aurkako erasoak, lanaren erabateko prekarizazioa, osasunean edo hezkuntzan egindako murrizketak, etxebizitza duina izateko eskubidea ukatzea, hain zuzen, banketxeek eta funts putreek espekulatuz poltsikoak betetzearren. Era berean, indarkeria matxista sistemikoa, borrokatzen dutenen aurkako errepresio polizial basatia, edo etorkinen aurkako legedi arrazista jasaten ditugu.

Kapitalismoaren deskonposizioak joan den mendeko 30. hamarkadan bizi izan ziren fenomenoak berpizten ditu. Eskuin muturraren gorakada, arrazista, matxista, sionista eta txobinista, ordezkari nagusi gisa Trump, Bolsonaro, Netanyahu, Milei, Ayuso edo Abascal dituena, ez da arinki hartzeko modukoa. Benetako mehatxua da eskubide demokratikoen eta zapalduen aurka.

Baina erreakzioari ezin zaio aurre egin egoera honetara eraman gaituzten politika kapitalistak defendatuz, edo inon eraginkortasunik ez duten parlamentuko lokarrien aipu hutsalekin. Demagogia ultraeskuindarrari aurre egiteko modu bakarra langileen mobilizazio sendo eta masiboa da.

Egoera jasangaitz hau elikatzen duten gobernuak argi eta garbi eskuinekoak nahiz "sozialdemokratak" dira, sistemaren logika onartzen duten neurrian. Guztiek "demokraziaz" hitz egiten digute, baina egia esan, gure bizitzen gainean erabakitzen dutenak luxu lizunean eta inpunitate osoarekin bizi diren pribilegiatu apur batzuk dira.

Inork bozkatu ez duen baina gizartea ukabil latzarekin gobernatzen duen elite pribilegiatu horrekin hausten ez bada, diskurtso "aurrerakoiak" fartsa bihurtzen dira ezinbestean.

Sistema erreformatu al daiteke?

Argi dugu 78ko erregimenak, monarkia ustelak eta IBEX 35aren zerbitzura dagoen egitura politiko guztiak, euskal patronalaren alderdia den EAJk, gerra deklaratu digutela. Oso argi erakusten digute hori gainera.

Esperientziak, halaber, agerian utzi du sistema hau defendatzen duen ezkerra. Gobernuko postuak lortzen dituen bezain laster kokatzen da monopolio handien eta bankuen mendean eta eskubide demokratikoak zapaltzera bideratutako eta epaile nahiz polizia faxistez lepo dagoen estatu-aparatuaren altzoan. Ministroen kontseiluetan hain gustura dauden horientzat kapitalismoa ez da inolako arazoa, aitzitik, beren pribilegioen iturria da.

Kapitalismo gizatiar bat egon daitekeenaren ideia, asko saldu nahi diguten arren, falazia hutsa da. Kapitalismoa ezin daiteke erreformatu, sistema guztiz erreakzionarioa da, bere buruaz gain biziraun duena. Horregatik porrot egin dute eta porrot egingo dute erregimen hau zuritzeko “ezkutu sozialak” sortzeko saiakerek.

2023ko zifra ofizialen arabera, 13,1 milioi pertsona daude Estatu espainiarrean gizarte-bazterketako arriskuan (biztanleriaren %27,8), eta Europa osoko haur-pobrezia handiena dago bertan. Hala ere, langileak eta gazteak azkar pobretzen garen bitartean, Estatu espainiarreko milioidunen %10ek aberastasunaren %53,8 bereganatzen dute. Burges esplotatzaile horiek dira arauak inposatu eta guri eragiten diguten politikak erabakitzen dituztenak, hala nola Amancio Ortega, 81.800 milioi euroko ondarearekin, edo Juan Roig Mercadonako presidentea; bere enpresak 1.000 milioiko irabaziak izan ditu 2023an, elikagaien eta oinarrizko produktuen prezioak igota.

Zergatik tematzen dira orduan zoriontsu izan gaitezela eta geure burua zain ditzagula esaten diguten diskurtsoekin, boteretsuei irribarre eginez eta amore ematea bandera gisa  altxatuz? Ez du zentzurik klaseko borrokari uko egin dion ezker batek eskaintzen digun ahia irensteak, ezarritako ordenaren ezinbesteko pieza bihurtu baita eta bake soziala bermatzea baitu eginkizun.

Antolatu Ezker Iraultzailean

Kapitalistek erakunde boteretsuak dituzte, beren mezuak egunez egun errepikatzeko komunikabideak, sistema zapaltzaile honetako bizimoduaren ohitura eta inertzia, eta ezker parlamentarioko eta sindikatu handietako buruzagitzak erosten dituzte, haien zerbitzura dauden tresna otzan bihurtuz.

Horregatik, kapitalismoarekin hautsi nahi dugunok masa-erakunde iraultzaile bat eraiki behar dugu, klaseko programa komunista eta internazionalista batekin. Hori da Ezker Iraultzailetik egiten duguna, eta horregatik aktiboki esku hartzen dugu langile eta gazte mugimenduan, etxebizitza publikoa eta zerbitzu sozial duinak aldarrikatuz, indarkeria matxista eta homofoboaren aurka, zapalkuntza nazionalaren aurka eta erresistentzia antifaxista eraikiz.

Ezker Iraultzaileak egitura sinplea du, demokrazian eta kideen parte-hartzean oinarritua. Gure oinarrizko organismoa astero edo hamabostean behin biltzen den militanteen batzarra da, kideak auzo eta herrietan, ikastetxeetan edo lantokietan biltzen dituena.

Batzar horietan, hemengo nahiz nazioarteko klase borrokaren gertakariei buruz eztabaidatzen da, eta mugimendu iraultzailearen historiari eta teoria marxistari heltzen diegu. Langileen gatazketan, emakumearen zapalkuntzaren aurka, ikasle eta herri mobilizazioetan eta Ezker Iraultzailea eraikitzeko baliagarritzat jotzen ditugun ekintza guztietan ere gure esku-hartze kolektiboa zehazten dugu.

Militanteen batzarrek demokratikoki aukeratzen dute jarduera koordinatzeaz eta bultzatzeaz arduratzen den komite bat, eta herri batean hainbat batzar badaude, batzorde bat aukeratzen da. Edozein erantzukizunetarako aukeratutako kide guztiak izan daitezke edozein unetan kargugabetuak militantziak hala erabakitzen badu.

Bi urtean behin Espainiar Estatu osoko Kongresua egiten dugu. Gure erakundearen bilerarik garrantzitsuena da, defendatzen dugun politikaren lanketan kide guztien parte-hartzea bermatzen baitu. Kongresuak Batzorde Zentral bat aukeratzen du zerrenda irekien sistemaren bidez, eta hori da zuzendaritza-organo iraunkorra.

Barne demokrazia funtsezko printzipioa da Ezker Iraultzailean, militante guztiok pentsatzen duguna askatasunez adierazten dugula bermatzeko. Marxismo iraultzaileak ez du zerikusirik erakunde sozialdemokratekin, estalinismoarekin, ezta buruzagi koroatuak dituzten sektekin ere. Gure klasearen pentsamendua eta jarduera kontziente eta sortzailea garatzeko borrokatzen badugu, militantzia kritikoa eta politikoki prestatua behar dugu. Horixe da alderdi eta sindikatu instituzionaletan nagusi den burokratizazioaren eta galbidearen aurkako antidotorik onena.

Gure militanteen ekarpen borondatezkoan oinarritzen dugu jarduera. Horregatik, geure indarren mende baino ez egoteko oinarrizko konpromisoak ditugu:

1. Hileroko kuota ordaintzen dugu finantzatzeko, eta oso gogoan dugu esaera hau: "txirulariari ordaintzen dionak aukeratzen du melodia ".

2. Gure egunkariak, Euskal Herria Sozialista, El Militante eta Militant (katalanez), ikastetxeetan, enpresa eta lantegietan, parte hartzen dugun sindikatu, erakunde eta gizarte-mugimenduetan eta langileen eta gazteen manifestazioetan banatzen ditugu.

3. Teoria eta eztabaida bultzatzen ditugu Federico Engels Fundazioaren bidez (FFE), gaur egun euskara eta gaztelaniazko argitaletxe marxistarik garrantzitsuena. Hari esker, Marx, Engels, Lenin, Trotski, Rosa Luxemburg eta sozialismo zientifikoko beste teorialari bikain batzuen oinarrizko testuak ditugu, baita feminismo iraultzailearen, memoria historikoaren, gerra zibilaren eta Espainiako iraultzaren inguruko liburuak eta literatura borrokalariko idazlan klasikoak ere.

Komunista izatea gaur

Komunistak garen heinean,  ez ditugu Marx eta Lenin inongo elizako aita santu gisa hartzen, eta euren irudiaren inguruan antolatzen den parafernalia estalinista hori guztia, kasu batzuetan bufoneskoa, arbuiatzen dugu.

Leninek bere idazlan nagusietako batean, Estatua eta iraultza, hitz hauek idatzi zituen:

"Zenbait urtez behin Parlamentuan klase agintariko zein kidek zapaldu behar duen herria erabakitzea: horra hor parlamentarismo burgesaren benetako funtsa, ez bakarrik monarkia konstituzionaletan, baita errepublika demokratikoenetan ere".

Gaurkotasun itzela duen egia da.

Komunistak ez gara existitzen kapitalismoa kudeatzen duten gobernuetan parte hartzeko, batzuk modu groteskoan justifikatzen saiatzen diren bezala. Langile klasearen eta zapalduen indarrak antolatzeko existitzen gara. Komunista izatea, marxista izatea, leninista izatea, iraultzailea izatea, ez da soinean kartel bat esekitzea, ez da estetika bat. Ez badugu oligarkia finantzaria boteretik kentzen, parean dugun basakeria geroz eta larriagoa bihurtuko dela ulertzea.

Komunista izatea, Ezker Iraultzailetik egiten dugun bezala, Ikasle Sindikatuko eta Emakume Aske eta Borrokalarietako gazteekin batera, gure klaseko borroka bakoitzean kemenez esku hartzea da: langile-grebetan, geldiarazitako etxegabetzetan, emakume langilearen mugimendu masiboan feminismo iraultzailea eta antikapitalista defendatuz, indarkeria faxistaren eta eraso LGTBIfobikoen aurka, gazteen aurkako errepresio polizial eta judizialaren aurka, etorkinen eskubideen aldeko mobilizazioan, eta Euskal Herriko, Kataluniako nahiz Galiziako herrien alde, gure etorkizuna demokratikoki erabakitzeko eskubidearen alde…

Antolatzeko pausoa ematea

Indartsuak gara. Langile klasea historiako beste edozein unetan baino indartsuagoa da. Eta hori aski frogatu da azken urteotan: Latinoamerikako altxamendu iraultzaileetan, Macronen aurkako mobilizazio erraldoietan eta Britainia Handia astindu zutenetan, Milei faxistaren aurkako greba orokorrean, kaleak betetzen dituzten martxoaren 8etan, genozidio sionista salatzeko eta palestinar herriarekiko elkartasun internazionalista handian...

Baina indar izugarri hori antolatu egin behar da, kontziente egin behar da, programa komunista bat eman behar zaio.

Estatuko Aldizkari Ofizialetik zerua har zitekeela pentsatu zutenek, sozialdemokraziarekin batera Gobernuan sartuz eta apurrak kudeatuz jendearen bizitza aldatuko zutela ziotenek, odolkiak jaso dituzte ordainetan

Ez. Gauzak eta indar-korrelazioa ez dira aldatzen jaun-andreen diskurtsoekin, baizik eta klaseko borrokarekin, mobilizazioekin, greba orokorrekin, fabrika-okupazioekin, altxamenduekin.

Eta emaitza tamalgarri hori bera lortuko dute Euskal Herrian politika "pragmatikoa, posibilista eta are kontserbadorea" defendatzen dutenek, EAJ "abertzaletasunaren, subiranismoaren eta ezkerreko politiken bidera" eraman nahi dutenek edo "erradikaltasun arduratsu eta zuhurra" beharrezkoa dela diotenek. Argi hitz egin dezagun, arduratsua eta zuhurra norekin? Azken hilabeteetan adostutako politikei erreparatuz gero, erantzuna oso argia da: Pedro Sanchezen Gobernuarekin, EAJrekin eta patronalarekin.

Komunista iraultzaileok sozialismoa defendatzen dugu. Eta zer esan nahi du horrek? Gizartean dagoen aberastasun izugarria herri langilearen gehiengoaren eskuetan jartzea, hori posible den modu bakarrean: enpresaburu, bankari eta lurjabe handiak desjabetuz, biztanleriaren %0,1 ere ez baitira. Horrela bakarrik kudeatu daiteke modu demokratikoan ekonomia sozialista bat, eta horrela bakarrik aurre egin daiteke modu positiboan jasaten ditugun arazo larriei, milioidunen bizkarroikeriarik gabe.

Ondo dakigu langile klasearentzat askatasuna, letra larriz idatzita, premia gabezia dela.

Premiarik, esplotaziorik eta errepresiorik gabeko gizarte batean posible izango da bestelako giza harremanak ezartzea; pertsona oro, zein arraza, nazionalitate edo izaera sexualekoa den axola gabe, bete-betean bizi ahal izatea, guztion talentua eta adierazpen askea loratu ahal izateko.

Hau da unea. Batu izen hori merezi duen erakunde iraultzailera, zapaldurik eta isilik nahi gaituztenei aurre egiteko.

Antola zaitez Ezker Iraultzailean

Eraiki komunismo iraultzailearen indarrak

2

Gure programa:

Kanpora murrizketa sozialak! Osasun publikoaren defentsan. Milaka osasun-langileren berehalako kontratazioa, osasun pribatuaren eta monopolio farmazeutikoen nazionalizazioa. Berehalako inbertsio-plana osasun mentala defendatzeko.

Irakaskuntza publikoa erreskatatzeko txoke-plana. Hezkuntzaren doakotasun osoa haur hezkuntzatik unibertsitate eta LHra. Erlijioa ikastetxeetatik kanpo. Aurrekontu publikotik euro bat ere ez pribatu eta itunduarentzat. Hezkuntza %100 publiko eta euskaldunaren alde! Ez EAEko Hezkuntza Legeari!

Edukitzaile handien, bankuen eta funts putreen esku dauden etxebizitza hutsen nahitaezko desjabetzea. Etxebizitza publikoko parke bat sortzea, lanbide arteko gutxieneko soldataren %20 baino gutxiagoko alokairu sozialekin. Kaleratze guztiak legez deuseztatzea.

LGSa hilean 2.000 eurora igotzea. Aski da Ibexeko irabazi historikoaz gu lapurtzearen eta lehertzearen truke! Lanaldia astean 32 ordura murriztea.

Hilean 2.000 euroko langabezia-asegurua, fortuna handien eta bankuen gaineko zergekin finantzatua.

Lan-kontrarreformak eta pentsio-kontrarreformak osorik indargabetzea.

Eskuin muturraren, faxismoaren eta arrazismoaren aurrean, mobilizazioa eta antolakuntza.

Amnistia euskal preso politikoentzat, eta salbuespenezko espetxe-legeak eta erregimenak indargabetzea. Utikan Mozal Legea, muntai polizialak eta poliziaren indarkeria!

Indarkeria matxistaren, justizia patriarkalaren eta LGTBI diskriminazioaren aurka. Lan berean, soldata bera. Abortu libre, doako eta osasun publikorako eskubidea. Sexu-heziketa behar dugu ikasgeletan. Trans komunitatearentzako eskubide osoak.

Atzerritarren lege eta Atzerritarrak Barneratzeko Zentroak indargabetzea. Arrazakeriari aurre egitea, etorkinei eta haien familiei eskubide guztiak emanez.

Ingurumen-hondamendia geldiaraztea: ekonomiaren plangintza sozialista, ekologiko eta iraunkorraren alde. EAJren makroproiektuei ez!

Bizitza duina eta enplegu betea bermatzeko, bankuen nazionalizazioa eta monopolio handiak langileen kontrolpean.

Behera monarkia frankista! Autodeterminazio eskubidearen alde Katalunia, Euskal Herria eta Galizarentzat. Errepublika sozialistaren alde.

Cookiek erraztuko digute gure zerbitzuak eskaintzea. Gure zerbitzuak erabiltzerakoan cookiak erabiltzea baimentzen diguzu.