Kapitalismoa hondamendi ekonomiko baten aurrean dago. Batzuk krisi hori Ukrainako gerra inperialistarekin justifikatzen saiatzen dira, baina kontua da gerrak aurrez nazioarteko ekonomiak zituen kontraesan eta desoreka sakonak areagotu besterik ez duela egin. Gero eta hedabide gehiagok iragartzen duten kaos ekonomikoak agerian uzten du kapitalistak eta gobernuak ez direla gai beren sistemak dituen kontraesan larriak konpontzeko.

Nazioarteko hainbat erakundek, hala nola NDFk edo OCDEk, ohartarazten duten atzeraldi ekonomikoaz gain, beste arazo garrantzitsu batzuk ere badaude: milioika pertsona miserian hondoratzen ari den inflazio neurrigabea estanflazio egoera luze batekin mehatxatzen ari da. Aurrekaririk gabeko zorpetze publiko eta pribatua 296 bilioi dolarrekoa da eta munduko BPGaren %350 hartzen du, 2008ko krisia lehertu zenean baino baskoz handiagoa eta Gobernu eta Banku Zentralen maniobra tartea erabat murrizten du. Zenbait burbuila espekulatibo lehertzeko arriskua dago Balore Burtsetan eta zor publikoaren merkatuan, higiezinen sektorera edo kripto-txanponena besteak beste. Eta horri klima hondamendiak ekonomian sortzen dituen eragin gero eta larriagoak gehitzen zaizkio.

Gainprodukzio krisia. Irabazi kapitalista errekorrak eta miseria masentzat

2008an bezala, gainprodukzio krisi baten aurrean gaude azken finean. Kapitalismoak modu anarkikoan ekoizten du, epe laburreko enpresa etekinak etsi-etsian bilatuz, eta prozesu horretan merkatuak xurga dezakeenetik haratago hedatzen da. Eta hori da berriro azaleratzen ari dena. Hala erakusten du prezioen inflazio espiralak. Monopolio eta inbertsio funts handiak energiarekin edo elikagaiekin espekulatzen ari dira, eta irabazi errekorrak lortzen dabiltza. Baina ez dago ez petrolio, ez gas, ez elikagai, ez bestelako baliabide edo salgai faltarik. Alderantziz!

Elikagaiena adibide ona da. Nazioarteko handizkako merkatuetan prezioak izugarri igo arren (%20 gariaren kasuan edo %29 artoaren kasuan), FAOk adierazi du 2022/2023an munduko zereal ekoizpena apenas %1,7 murriztuko dela, 847,8 milioi tonako soberakinarekin. Soberakina 2021ean baino txikiagoa izan arren –urte horretan handiena izan zen-, baina 2018, 2019 eta 2020an baino handiagoa izango da. Gariaren prezio igoera Ukrainako gerrari egotzi bazaio ere, urteko ekoizpena 787,2 milioi tonakoa izatea espero da, beste errekor historiko bat. Eta gauza bera esan dezakegu petrolioari, gasari eta beste lehengai batzuei dagokienez.

Goseak, pobretze masiboak, negu honetan berotu ezinak eragindako sufrimendu guztiak onuradun bakarra du, multinazional handiak eta banka, gerrarekin aberasten ari direnak, espekulaziorik lizunena erabiliz. Krisi horrek milioika pertsona pobreziara eta langabeziara eramango ditu, baina erabat saihets daiteke gizateriak dituen baliabide eta aurrerapen teknologiko izugarriekin. Hori bai, ez kapitalismopean.

Nazionalismo ekonomikoa eta merkatu gerra. AEB kinka larrian

AEB eta Txinaren arteko bloke inperialisten talka gero eta erabakigarriagoek krisi globala berrelikatzen dute. Potentzia handiak eta beren aliatuak nazionalismo ekonomikora eta gerrara komertzialera jotzen dute, merkatu kuota handiagoak lortzeko, lehengai iturriak eta horniketa kateak kontrolatzeko eta besteen kontura atzeraldi dinamikatik ateratzeko. Nagusitasun ekonomikoaren borrokak bere jarraipen naturala eremu militarrean eta geoestrategikoan du, Ukrainan ikusten dugun bezala. Leninek azaldu bezala, hori da kapitalismoaren ezinbesteko dinamika bere fase inperialistan.

Trumpen nazionalismo ekonomikoaren arrastoari jarraituz, Bidenen Administrazioak eta Erreserba Federalak ez dute zalantzarik izan munduan zehar gerra komertzial oldarkorra hedatzen duen politikari eusteko, besteak beste, bere aliatu nagusietako batzuen aurka. AEBetako Erreserba Federalak (FED) egindako tasa igoera eta horren ondorioz dolarraren balioa handitu izana (%20 inguru)  gerra honen parte dira.

Horren ondorioak agerikoak dira dagoeneko: herrialde askoren zorra dolarretan garestitu da, bereziki “suspertze bidean” dauden herrialdeena, eta ez ordaintze masiboetara eta porrotetara bultzatzen dituzte, Sri Lankari gertatu zaion bezala. Libra edo yenak bezalako txanponak hondoratu dira, beren balioaren %26 eta %20 galduz hurrenez hurren. Britainia Handian, Ukrainako gerra inperialistan AEBren aliatu nagusia den honetan, Ingalaterrako Bankuak etsi-etsian atera behar izan du bere ekonomia erreskatatzera. Washingtoneko politikariak eta Estatu Batuetako burgesia beren krisia eta inflazioa esportatzen, eta Txinaren aurrean gihar ekonomikoa berreskuratzen saiatzen dira, baina mundua eta, bereziki, Europako eta munduko beste leku batzuetako aliatuak hondoratzearen kontura.

LPEE (Lurralde Petrolio Esportatzaileen Erakundea) aurkako liskarra ere horren adibide ona da. AEBek eta EBk igoera inflazionista geldiarazteko petrolioaren prezioak kontrolatu eta mugatzeko egindako ahaleginek talka zuzena eragin dute Saudi Arabiarekin, Ipar Amerikako inperialismoaren aliatu historikoarekin, Persiako Golkoan.

Bidenek LPEE salatu du Putinen menpe erortzea leporatuta, eta AEBko Estatu Sailak Riadeko erregimena gogor zigortzearekin mehatxatu du. Baina politika horrek are gehiago isolatu ditu AEB eta EB nazioartean, eta LPEEak Errusiarekin (eta Txinarekin) duen aliantza estrategikoa indartu du petrolioaren prezio altuei eta negozioei eusteko. Testuinguru horretan, petrolioaren prezioek gora egiteak munduko atzeraldia areagotzen lagunduko du, eta bereziki kolpatuko ditu Ipar Amerikako inperialismoaren aliatu europarrak, energiaren mendekotasun handia dutenak.

Munduko merkatuan lehiakorragoak izateko hartzen ari diren neurriek, ekonomia eta merkataritza gerra, neurri protekzionistak, tasen igoera eta debaluazioak, atzeraldi gero eta larriagora, eta are depresiora ere, bultzatzen ari dira. Bide bera egin zuen azkenean Mundu Gerrara eraman zuen 29ko crackak. Nazionalismo ekonomikoak ez du inolako eraginkortasunik ekonomia kapitalistaren hondoratzearen aurrean.

AEBk neurri desesperatuak hartzen jarraitu nahi dute bere gainbehera eta Txinako erraldoiaren igoera geldiarazteko. Baina, egia esan, AEBetako kapitalistek eta Europako eta Asiako aliatuek inbertsio errekorrak egiten jarraitzen dute Txinan  neurriz kanpoko irabaziak lortzeko.

2022ko lehen zortzi hilabeteetan, atzerriko zuzeneko inbertsioa %16,4 hazi zen Txinan: %58,9 Hego Koreak, %30,3 Alemaniak, %26,8 Japoniak edo %17,2 Erresuma Batuak. Errealitate horrek erakusten du ezen, Txinak ere arazoak izan arren (higiezinen burbuila, adibidez), haren gihar ekonomikoak indarra hartzen jarraitzen duela AEBetako lehiakidearen aurrean.

Eta horri guztiari gehitu behar zaio Banku Zentralek hainbat urtetan likidezia txertaketa masiboetan sortutako burbuila espekulatibo izugarriak lehertzeko arriskua.

Kreditua eta zorra, marxismoak azaltzen duen bezala,  gainprodukzioaren krisiari aurre egiteko tresnak dira, ziklo hedakorra artifizialki elikatuz eta merkatua muga naturaletatik harago zabalduz. Ondorioak, 29ko crackean edo 2008ko finantza-krisian ikusi zen bezala, are desoreka suntsitzaileagoak dira. Eta hori ere gertatzen ari da orain. Azken urtean, munduko finantza aktiboen balio galera handia izan da, 2008an baino askoz handiagoa. Horren ondorioz, hilabete batzuen buruan, 37 bilioi euro desagertu dira finantza sistematik eta burtsetatik!! Finantza crack berri bat gertatzeko aukera mahai gainean dago.
 
Europako Batasuna hausten ari da atzeraldiak jota

Krisi honen erdian Europa dago, mundu mailan atzera egiten jarraitzera kondenatua, Ipar Amerikako inperialismoaren mesedetan. Gainbehera hori nabaria da 2008tik, eta jauzi kualitatiboa ematen ari da orain. 2009tik 2020ra bitartean, Txinaren urteko hazkunde tasa %7,36koa izan zen, eta AEBetakoa, berriz, %1,38koa; EBren kasuan, berriz, % 0,48koa. 2005ean, EB munduko BPGaren %20 zen. 2030ean %10era murriztuko da.

Ukrainako gerra inperialista puntu kritiko batera eramaten ari da europar kontinentea eta bere industria motorra den Alemania. Bere lehiakortasunerako giltzarria den energia iturri merke errusiarrekin haustea presio jasanezina da Alemaniako eta Europako industriarentzat.

Gasaren prezioak hirukoiztu egin dira 2021ekoekin alderatuta, eta 10 aldiz biderkatu dira 2019-20koekin alderatuta, pandemia baino lehen. Alemaniari dagokionez, abuztuko prezioak %139 igo ziren aurreko urtekoekin alderatuta. Europako energia kostuak BPGaren %2tik %12ra igaro dira, eta Alemaniako eta Europako industriaren lehiakortasuna hondoratu egin da. Gainera, industriaren zati bat suntsitu da Txinaren edo AEBren mesedetan. Hori agerian uzten du EBko defizit komertzialaren bat-bateko igoerak, estatistikak daudenetik handiena baita.

Energia iturri alternatiboak bilatzeko edo prezioak aurkitzeko saiakera etsiak talka egin du merkatu kapitalistaren errealitatearekin. AEBk saltzen duen gas natural likuatuak ezin dezake gas errusiarra ordezkatu, alderantziz, gas errusiarra baino 4-5 aldiz garestiagoa da eta are gehiago garestitu da eskaeraren igoeraren ondorioz. Hori dela eta, Alemaniako industria prezioek (gasaren menpe dago industria) gora egin dute urtetik urtera, abuztuan, %46,9 hain zuzen, 1949an hasi zen estatistika-seriea dagoenetik igoera handiena izan delarik. Alemaniako ekonomia kinka gero eta larriagoan dago: Deutsche Bank erakundeak dio 2023an BPGa %3 eta %4 bitartean jaitsiko litzatekeela, eta horrek ekonomia-hondamendia ekarriko lukeela kontinente osoan.

Espiral inflazionista baten erdian gertatzen den gainbehera bat: lehen aldiz, EBk bi digituko inflazio-tasa izan du, %10,2koa, eta Herbehereak, Belgika, Polonia edo Baltikoak %20tik gertu edo gorago daude. Egoera horrek ez du hobetzeko joerarik, eta dagoeneko hasi dira protesta sozial handiak sortzen, eta datorren aldian klase-borroka bortitzera kondenatuko du kontinentea.

Egoera horrek berriro jarri du mahai gainean Europar Batasunaren egoera prekarioa. EBko burokraten diskurtsoak eta ustezko arrakasten propaganda alde batera utzita, Europa gero eta zatituago dago. Errusiaren aurkako zigorrak direla eta plazaratu diren ika-mikak sakontzen jarraitzen dute, eta herrialde guztiak neurri nazionalista eta protekzionistak sakontzen ari dira atzeraldiari aurre egiteko. Nork bere burua salbatzeko estrategiak Europa duela hamar urte baino askoz ere krisi okerragoan hondoratuko du.

EBko Lehiaren Komisarioak eta beste gobernu batzuek Alemaniaren jokabidea berriki kritikatu dute, bere industria eta enpresa handiei 200.000 milioi euroko laguntza emateagatik (Alemaniako BPGaren %8,4, Frantziako edo Italiako antzeko laguntzen bikoitza). Alemaniak horrela joka dezakeen bitartean, bere zor publikoa BPGaren %68,2koa delako, beste herrialde batzuek, hala nola Frantziar Estatuak (%114,5), Italiak (%152,7) edo Espainiar Estatuak (%116,1) ezin dute hori egin. Berriro ere, Europako ustezko elkartasuna ezerezean gelditzen da. Oinarri kapitalistetan eraikitako Europar Batasunaren ondorio saihestezina da.

Bruselako burokraziak eta Europako gobernuek argi dutena da krisi horren ondorioak nork ordaindu behar dituen: langile klaseak.

Europako Batzordeak, adibidez, arau batzuk onartu ditu gobernuek energia monopolio handiak erreskatatu ahal izateko, 2008an bankuekin gertatu zen bezala, eta Alemania eta beste herrialde batzuk dagoeneko sektoreko enpresa handiak erreskatatzen ari dira gerraren aitzakiarekin. Bestalde, aurrekontu militarren hazkunde ikaragarria, Alemaniatik hasita (100.000 milioi), negozio izugarria da Europako armagintza industria handientzat. Langileoi gerrikoa estutzeko eta negu gogorrerako prestatzeko eskatzen diguten bitartean, hotzez hiltzen uzteko inongo axolarik gabe, beraien negozioak txopan dabiltza.

Berandu baino lehen, zorraren egoera jasanezinak, berriro ere hazten ari den arrisku primak, austeritate politika gogorretara eramango du EB, murrizketa gehiago ekarriz. EBko burokrazia eta gobernuak oraindik ez dira modu irekian hori aho betez iragartzen ausartzen, hain zuzen ere, jabetzen direlako leherketa sozial kontrolaezinak eragiteko dagoen arriskuaz.

Krisi kapitalistak klaseen arteko aurrez aurreko talka, protesta masiboak, altxamenduak eta krisi iraultzaileak eragingo ditu. Eta Europa prozesu horien erdian egongo da. Europako ultraeskuinaren igoera, faxismotik gero eta hurbilago dauden sektoreak bilduz eta diskurtso nazionalista gogorra astinduz, krisiaren sakoneraren isla da.

Hala ere, EBko burokraten eta Europako gobernuen benetako beldurra polarizazio hori iraultzarekin azaleratzea da: gero eta erradikalagoak eta borrokalariagoak diren grebak, burokrazia sindikalak gaindituz, eta gazteriaren eta langileen mugimendu lehergarriak, ekintza zuzenera joaz. Ondorio sozialista aurreratuak ateratzeko haztegi baten atea izango diren borroken atarian gaude eta internazionalismo proletarioaren eta komunismo iraultzailearen bandera altxatzeko ezinbesteko erronka dugu aurrean.