Hipokresiarik ez! Geure gorputzak ez dira merkantzia!

 

Eusko Jaurlaritzak prostituzioa erregulatu nahi du Ikuskizun Publikoen eta Jolas Jardueren Legearekin. Dekretuaren proposamenean putetxeak “sexu aisiko jarduerak modu libre eta independentean egiten diren konkurrentzia publikoko establezimendu” gisa definitzen ditu. Horrela, EAJ-PSEren Eusko Jaurlaritza Estatu espainiarreko alderdi kapitalisten buruan jarri da, emakumeen gorputzen esplotazioa beste edozein negozioren parean jartzen saiatzeko, proxenetak mafioso izatetik enpresari errespetagarri bihurtzeko bidean.

Proposamen lotsagarri honetan jartzen du esate baterako putetxeek “aldagela eta atseden gune bat eduki behar dutela horretan jarduten dutenentzat, ezingo dena etxebizitza gisa edo gaua igarotzeko erabili”. Hori, hain zuzen ere, hitzez onartzea da esklabotza sexualaren jazarpena pairatzen duten emakumeek jasaten dituzten baldintza gizagabeak. Preserbatiboak eskura jarriko dituela ere bermatuko omen du, horiek erabiltzeko pedagogia eginez. Bere zinismo mugagabean, dekretu hori aurpegia garbitzeko erabili nahi du, proxeneten borondate ona eskatuz prostitutei atseden hartzen uzteko, edo pedagogiarekin putazaleei kondoiak erabili ditzaten. Horrela defendatzen direla uste al du EAJ-PSE gobernuak emakumeen eskubideak? Proxenetei legezko marko bat emanez, gure gorputzak esplotatzearen kontura irabazi lodiekin poltsikoak betetzeko bidea irekiz?

Eusko Jaurlaritzak hori justifikatzeko dio “hor daudela, legezkoak direla, eta ezin direla alde batera utzi”. Eta dio: “Edonola ere, posizio abolizionistaren eta legeztatzearen aldeko posizioaren arteko eztabaida ikaragarri konplexuan sartu beharrik gabe, errealitatea da lokal publiko batzuk daudela eta horiek ezaugarri bereziak dituztela ostalaritzako edo aisialdirako beste lokalekin alderatuz”.

Burgesiak, feminismo burgesa erabiltzen duen moduan ohikoa den bezala, paso egiten du abolizinismoaren eta erregulazionismoaren arteko eztabaidan funtsean duen esanahi praktikoan sartzea. Baina zuzenean bigarren aukeran kokatzen da, prostituzioa legeztatzeko lehen urratsa emanez. EAJren feminismo burgesaren ahotsa den Emakundek argi dauka. Eusko Jaurlaritzaren orrialdean honelaxe dio: “Momentu hauetan, prostituzioaren erregulazioa zintzilik dagoen gaia da, bai jarduera profesional gisa aitortzeko, edo baita debekatzeko ere. Emakundetik pentsatzen dugu erregulazio horri aurre egiten ez zaion bitartean, prentsan prostituzio iragarkiak galarazteak prostituzioan borondatez jarduten duten emakume askori kalte egingo liekela”.

Prostituten eskubideak defendatu esklabotzarekin amaituz

Dekretu proposamenarekin batera atxikitako informeek, azaletik bada ere, Euskadin prostituzioaren negozioan dagoen errealitatearen pista batzuk ematen dituzte. “Emakunderen datuen arabera, 2007an 1.820 emakume zeuden prostituzioan jarduten. Horietatik %85 eta %90 artean atzerritarrak ziren” eta “gehiengoak (1.199) klubetan jarduten zuen, batez ere lokal “handietan” eta hiri inguruetako lokaletan.” Urte hartan, 77 bat putetxe zeuden EAEn guztira. Estatu mailan, 1.700 putetxe daude eta negozioak egunero 5 milioi euro mugitzen ditu. Bertan harrapaturik daude 400.000 eta 600.000 emakume, Errumaniatik, Bulgariatik, Nigeriatik edo Dominikar Errepublikatik ekarriak.

Oso urrutira joan gabe, Irun da putazale asko erakartzen dituen tokietako bat. Hemengoez gain, askok muga zeharkatzen dute, Estatu frantsesean “erosleak” zigortu egiten baitira. Nori lagunduko lioke prostituzioa legeztatzeak? Prostituzioarekin amaitzetik eta biktimei laguntzetik urrun, bizi baldintza duinak ematetik urrun, jazartzen eta kolpatzen dituztenetatik babestetik urrun, horrek erabateko legitimitate juridikoa emango lieke proxenetei.

Erregulazionismoa ala abolizionismoa: erreformismoa ala iraultza

Gizarte klasista, matxista eta arrazista hau eraldatzea helburu dugun iraultzaile garen aldetik, kontzienteki borrokatzen dugu gizarte honek sistemaren okerrenera asimilatzeko ezartzen dituen mota guztietako presioen eta saiakeren aurka. Horregatik borrokatzen dugu prostituzioaren aurka edonolako forma duelarik ere. Posizio abolizionista dugunok ez ditugu ukatzen prostituten eskubideak. Alderantziz. Defendatzen duguna da prostitutek langabezia laguntza mugagabea edukitzea lana bilatu arte (eta horrela ez lukete zertan prostituitu) doakoa eta unibertsala den osasun eta hezkuntzarako sarbidea, etxebizitzarako sarbidea eta, noski, atzerritar legea indargabetzea eta deportazioak amaitzea, pertsona migratzaile guztiek izan ditzaten beren eskubideak aitortuak.

Noski alternatiba hori defendatzeak sistema kapitalistaren osotasunarekin talka egitea esan nahi du. Sexu esklabotzaren negozio eta industria erraldoiak sortzen duen basakeria eta zapalkuntzaren aurkako borroka, erabat loturik dago emakume zapaldu guztien askapenerako borrokarekin. Askapen hori lortzeko ezinbestekoa da sistema kapitalistarekin amaitzeko programa bat defendatzea eta gizarte sozialista bat eraikitzeko borroka.