Indarkeria matxista ere pandemia da. Ez dugu gure ikasgeletan nahi!

Gutako askorentzat, pandemiak eta osasun-krisiak, murrizketa sozialek eta ikasketetarako toki faltak zapalkuntza are handiagoa ekarri dute. Kasu askotan erasotzaileekin bizitzera beharturik egon gara eta indarkeria fisiko eta psikologiko sistematikoagoa eta ohikoagoa jasan dugu.

Hor daude datuak. 2010etik Estatu espainiarrean indarkeria matxistak 1.176 emakume erail ditu. 2020an 83 izan dira. Konfinamendu garaian pornografiaren kontsumoa ikaragarri igo da, burdeletan salerosketaren eta sexu-esplotazioaren biktimak estortsioaren menpe egoten jarraitu dute eta justizia patriarkalak zigorrak apaltzen eta bortxatzaileak aske uzten jarraitu du. Hori gutxi ez eta, patronalak, eskuinak eta gure esplotazioarekin aberasten direnek, emakumeon eskubideak erasotzen jarraitu dute: kalera bota gaituzte, soldatak murriztu dizkigute, gosearen errenkadetara bidali edo gure etxeetan hotza pasatzera behartu gaituzte.

Sobera arrazoi ditugu gure borrokak are indartsuago jarrai dezan. Urte hauetan greba feminista historikoak egin ditugu eta horregatik ez dugu atzera pausorik emango zapalkuntzarekin amaitu arte. Gazteok eta ikasleok lehen lerroan egoten jarraituko dugu.

Eskubideak borrokaren bidez lortzen dira. Denak grebara martxoaren 8an!

Konfiantzaz bete gaitu PPren Gobernu erreakzionarioen aurka, eta Voxen muturreko eskuin faxista eta matxistaren aurka egin dugun borrokak. Baina ezin dugu guardia jaitsi. PSOE-UP Gobernua estatu mailan gazte eta langile askok bozkatu zuten gauzak aldatzeko, baina orain ikusi duguna hitz asko eta ekintza gutxi izan da. Hemen egoera ez da hobea. EAJk hitzontzikeriaren atzean errealitate gordina ezkutatzen du: bere murrizketa eta pribatizazio politikak dira emakume langilearen esplotazio eta zapalkuntza areagotzen dutenak.

Badakigu zapalkuntza deuseztatu, benetako berdintasuna lortu eta hainbeste sufrimendurekin amaitzeko modu bakarra, hori guztia eragiten duen sistema kapitalistarekin amaitzea dela. Eta abiapuntua esaneko eta isilik nahi gaituztenekin konfrontatzea da, matxistak eta faxistak kanporatuz poliziatik, epailetzatik eta Estatu aparatu guztitik.

Behingoz soldata berdintasuna ezarri behar da, etxebizitza duina eskuratzeko eskubidea bermatu, lanpostu duina edo hileko 1.200 euroko langabezia sorospen mugagabea ezarri, miseriatik eta indarkeriatik ihes egitea ahalbidetzeko. Sexu heziketa inklusiboko ikasgaia ezarri behar da gure ikastetxeetan eta Eliza Katolikoak hezkuntza sisteman duen botere izugarriarekin amaitu.

Aurten gazte feministok martxoaren 8ko bandera are irmoago altxako dugu. Emakume Aske eta Borrokalariak eta Ikasle Sindikatuak dei egiten diegu ikasle guztiei greba orokorra eta egun horretan goizean zein arratsaldean egongo diren mobilizazioetan parte hartzera. Gure borrokak aurrera jarraitzen du, Argentinan, Polonian eta mundu guztian bezala.

Aske izan nahi dugu eta ez digu ezerk ez inork eragotziko!

Kontsultatu mobilizazioak gure web orrietan eta jarri harremanetan