Mugimendu feministak kolpe ahaztezina eman du martxoaren 8an. Goizetik hasita, Emakume Aske eta Borrokalariek eta Ikasle Sindikatuak antolatutako ikasle greba feminista arrakasta itzela izan zen eta gazteria indartsu mobilizatu zen. Arratsaldean, manifestazio bateratuek ehunka mila langile eta gazte batu zituzten lurralde guztietako kaleak betez.

Kontsignak ozen oihukatuz eta etxetik eskuz egindako kartel mordoarekin, giro borrokalaria izan zen nagusi eta gazteak lehen lerroan egon ginen. Klaseko feminismo iraultzailea aldarrikatu genuen, beste behin Emakume Aske eta Borrokalarietatik, antikapitalista, antifaxista eta antiarrazista. Eta noski, LGTBIfobiaren aurka mobilizatu ginen, feminismoa ez dela transfobia argi uzteko eta baita emakume pobrearen aurka zuzentzen den prostituzioaren sexu esklabotza abolitzea aldarrikatzeko.  Egun eredugarria izan zen, espainiar eta euskal eskuinaren aurkako kolpeaz gain, PSOE-UP koalizio gobernuaren politikekin metatutako atsekabe guztiaren adierazpidea izan baitzen.

Ikasle grebaren jarraipen zabalaz haratago, goizeko manifestazioek 10 milatik gora gazte batu zituzten Hego Euskal Herrian, hiriburuetan nahiz hainbat herrietan eta Estatu mailan 100.000 ikaslek baino gehiago izan ziren kaleetan.

M8 jendetsua, mugimendua isilarazten saiatu direnen gainetik

Izaera klasistak erabat markatu zituen M8 honetako mobilizazio feministak. Berriz ere agerian geratu da altxamendu honen bihotzean dagoena eta zergatik den Euskal Herriko eta nazioartekoo klase borrokaren adierazpen aurreratu eta sakonenetako bat.

Baina bereziki nabarmentzen den mezu bat badago, eskuin muturrera zuzentzen dena da. Kontziente gara Voxek, Alderdi Popularrak eta talde faxistek guretzat dakarten mehatxuaz. Gero eta kementsuago dauden erreakzionario hauei eman zaien erantzuna irmoa izan zen. Ultraeskuinari nola aurre egiten zaion eta politika egoki batekin garaitzeko dagoen potentzialaren adibide berri bat.

Baina argiak izan behar dugu. Aurtengo martxoaren 8a ahalik eta oharkabeen pasatzeko diseinatuta zegoen. Komunikabideak aurreko egunetan isilik egotea ez da kasualitatea, eta PSOE-UP Gobernuak propaganda hutsaren kanpaina astintzen jarraitu du bake sozialaren estrategia inposatzeko, eta burokrazia sindikalaren laguntza estimagarriarekin, beste urte batez greba orokorrera deitzeari uko eginaz.

M8a, halaber, feministena eta progresistena dela dioen Gobernu honek aplikatutako agendarekin milioika langilek sentitzen dugun haserrea adierazteko modu bat izan da. Ez dugu aurrerapen esanguratsurik bizi izan emakume langileen eskubideetan, etxebizitza politikak esaterako, inmobiliaria handien boterean oinarritzen dira eta milaka etxegabetze gertatzen dira. Bere horretan utzi dute funtsean PPren lan erreforma gezur mordoa saltzen saiatu arren, eta orain, nahikoa ez balitz, gerra inperialista babesten dute Ukrainan, NATO, EB eta AEBren inperialismoaren aurrean makurtuz; hain zuzen, herrialde osoak suntsitu dituztenak bakea eta diplomaziaren izenean.

Burgesiarekin eta mendebaldeko inperialismoarekin bake soziala eta batasun nazionalaren propaganda mantentzeko estrategiak talka egiten du zuzenean langile klasea jasaten ari den errealitatearekin. Horregatik, mobilizazioak ahalik eta txikienak izan zitezen boikot aktiboa egiten aritu diren agente guztien gainetik gailendu dena, mugimenduaren indar ikusgarria izan da.

Borrokak aske egiten gaitu. Egin bat Emakume Aske eta Borrokalariekin

Mobilizazioetan parte hartu dugun guztiok sentitzen dugun konfiantza ikaragarria da. Esan genuen: Martxoaren 8 honetan indarrez itzuliko gara kaleetara. Hori egin dugu eta hori egiten jarraituko dugu. Izan ere, egun horrek erakutsi du emakume langilearen askapenaren aldeko mugimenduak inoiz baino biziago jarraitzen duela, eta ez duela bere burua asimilatzen utziko.

Feminismo antikapitalista eta iraultzailea egunez egun bultzatzen jarraitzeko, Emakume Aske eta Borrokalariekin bat egitera animatzen zaituztegu, eta gurekin alternatiba bat eraikitzera, merezi dugun berdintasuna, askatasuna eta errespetua konkistatzeko aukera emango diguna, sistema kapitalista honen aurkako borroka maila guztietan altxatuz eta alternatiba sozialista iraultzaile baten alde ekinaz. Bide bakarra kaleetako borroka da!