Joan den urriaren 7an sartu zen indarrean Sexu Askatasunaren Berme Integralaren Legea, “Soilik Bai da Bai” izenaz ezagunagoa. Berehala, hainbat lurraldetako auzitegiak bortxatzaile, erasotzaile eta pedofiloei ezarritako zigorrak murrizteari ekin zioten.

Jokabide hori hartu zuten Probintzia Auzitegien artean, lehenengoetako bat Bizkaikoa izan zen. Azaroaren 25ean bildu zen -adi! - zigorrak berrikusteko eta Abenduaren 1ean, bortxatzaile bat kalean uztea erabaki zuen, espetxe zigorra urte eta erdi jaitsita. Jarraian, Gipuzkoa etorri zen. Lege berriarekin emandako lehen epaian, 10 urteko neskato bati sexu eraso jarraiak egiteagatik epaitutako gizonari gutxieneko zigorra ezarri zion, 2 urteko espetxea eta 1800 euro ordaintzea. Aldiz, Nafarroako Auzitegiak berehala esan behar izan zuen ez zituela zigorrak beherantz berrikusiko, noski, presio sozial ikaragarriak bultzatuta, izan ere, La Manadaren kasuaren aurka kaleak bete genituen milaka gazte eta langileren buruetan mobilizazio historiko horiek oso presente egoten jarraitzen dutelako.

Jakina, epailetza matxista, klasista eta frankista legeak dituen hutsuneak eta gabeziak erabiltzen ari da, emakumeen aurkako erasoaldia areagotzeko eta hemen nork agintzen duen argi uzteko. Eta argi dago, halaber, 78ko erregimeneko epailetza berberak Hego Euskal Herrian gotorleku sendoa duela, eta EAJk saldu nahi izan duenaz bestalde, hemen ez dela inoiz horri eusteko harresirik egon, ezta oasirik ere, ez auzitegietan, ez indar polizialekin.

PSOE PPren magalean kokatu da, epaile matxisten alde eginez

Zigorren murrizketak esku zabalik hartu ditu oldarturik dagoen eskuinak eta eskuin muturrak. Alderdi Popularreko kongresuko bozeramailea den Cuca Gamarrak berehala eskatu zuen Irene Montero Berdintasun ministro kargutik kentzea, eta epaile eta fiskalen jokabidearen alde egitera atera zen: “Espainiako emakumeak lasai egon daitezke egiten duten lanarekin” adierazi zuen. A zer demagogia nazkagarri eta gezurtia!

Baina eskuin muturra ez dago bakarrik “Soilik Bai da Bai” legearen eta Irene Monteroren aurka jo dutenen artean. Isabel Rodríguez Gobernuko bozeramaileak
Alderdi Popularraren hizkera bera erabiltzea erabaki du: “epaileei errespetu osoa euren lan eta jardunagatik”, “epaileek interpretatu behar dituzte arauak horien izpirituaren arabera, eta espero dut horrela izango dela”, “botere banaketa dago”...

Voxek Kongresuan Irene Montero gaitzesteko eskaera bat egin duenean eta sistemako komunikabideak kasu hau erabiltzen ari direnean mugimendu feminista are indar handiagoz erasotzeko, PSOEk argi erakutsi du berriro du zein barrikadatan jartzen den Epailetzaren izaera erreakzionario eta faxista babesterakoan.

Estatu aparatua garbitu!

Eskuinak bere erasoen jo puntuan jarri du Irene Montero, baita feminismo instituzionalizatuko pertsonaia batzuk ere, transfobiako kanpaina nazkagarri batean murgilduta daudenak. Emakume Aske eta Borrokalariak taldetik oso kritikoak izan gara eta izaten jarraitzen dugu Gobernu Zentraleko Unidas Podemosen kudeaketarekin, baina horrek ez digu eragozten erasoaldi honen buruan gure klaseko etsaiak daudela ikustea, eta oso helburu politiko argia dute: emakume langileen eta gazteen eskubideak eztabaidaren erdigunean jarri dituen kaleetako mugimendu masiboa kolpatzea, desmoralizatzea eta jazartzea.

Gizarteko zapalduenen eta esplotatuenen eskubideetan aurrera egiteko neurri guztien alde gaude. Argi dago bortxatzaileak eta erasotzaileak zigorrik gabe edo zigor barregarriekin uzteak, biktimak epaitzen diren bitartean – auzitegietan zein komunikabideetan –, inpunitatea bortxaketa eta indarkeria matxista gehiagori ematen diola. Justizia patriarkalarekin amaitu nahi dugu, eta gure erasotzaileek zigor eredugarriak jaso ditzaten nahi dugu. Hori ez da, EHko erakunde feminista batzuek dioten bezala “emakumeak birbiktimizatzea, guztiz beharrezkoa den aldarrikapena baizik.

Badakigu lege aldaketak, kasu askotan,  masa borrokaren fruitua direla. Baina lege bat onartze hutsak ez du bermatzen beteko denik edo gure sexu askatasunerako eskubidea – kasu honetan – babestuta geratuko denik. “Epaileen derrigorrezko prestakuntza indartzea” ez da inolaz ere konponbidea, matxista horiek “legea oker aplikatzeari” uzteko. Epaile gehienei ez zaie genero ikuspegiko heziketa falta, soberan dutena faxismoa eta klase gorrotoa da.

Horregatik, Unidas Podemosi azpimarratu behar zaio ezin dela aurre egin aparatu judizialaren izaera erreakzionario, frankista eta matxistari, prestakuntza ikastaroekin edo bi ultraeskuindar Auzitegi Konstituzionalaren buru jartzea PPrekin hitzartuta. Alderantziz. Gure borroka Estatu aparatuaren bihotza erasotzera zuzendu behar da, argi planteatuz togadun faxista horiek berehala kanporatzea epailetza, polizia eta Armadatik. Eta mobilizaziorik irmoenean eta kementsuenean oinarrituta egin behar da, emakume langileen eta gazteen antolaketan oinarrituta.

Feminismo iraultzaile eta sozialista

Indarkeria matxista kapitalismotik sortzen den gaitza da. Egia hori etengabe berresten du Hego Euskal Herriko erakundeen buruan EAJ eta PSOEren politikek ezartzen duten errealitate gordinak.

Ertzaintzaren datuen arabera, 1.100 emakume aritzen dira prostituzioan Euskadin; Carmen Meneses soziologoaren arabera, datu hori 2.000tik gorakoa da, eta %10 eta %15 artean salerosketaren biktimak dira. Horixe da politika kapitalistek eta lege arrazistek gure lurraldean uzten duten errealitate lazgarria: negozio ikaragarria proxenetentzat, lur santua putazaleentzat eta sexu esklabotza eta muturreko esplotazio gogorrena biktimentzat. Sistema honetan milaka emakumek jasaten duten pobrezia, langabezia eta miseriatik elikatzen den gaitz honekin errotik amaitzea, prostituzioa abolitzeko borroka, funtsezko aldarrikapena da klaseko feminismo kontsekuente bat defendatzeko.

Halaber, Eusko Jaurlaritzatik eta Nafarroako Gobernutik aplikatzen dituzten murrizketen eta pribatizazioen beste aurpegi bat, emakume langilea protagonista duten borroka sindikaletan ikus daiteke. Bizkaiko erresidentziena edo Etxez etxeko Laguntza Zerbitzuena bezalako borrokek, baita Osakidetza, Hezkuntza, jantokiak, garbiketa... erakusten dute emakume langilea borroka sindikalaren lehen lerroan dagoela EHn, hain zuzen ere, modu antolatuan aurre eginez patronalen eta gobernuen arteko aliantzak ezartzen dituen prekarietate baldintzei, erabat publikoak eta kalitatezkoak izan beharko luketen funtsezko zerbitzuetan.

Ez digute balio EAJko edo PSOEko buruzagien diskurtso eta hitz hipokritek eta moketako feminismoak. Aurrera pauso bat eman behar dugu, auzo, institutu, fakultate eta lantoki guztietan antolatuz, eta kaleak masiboki betez, jakina Martxoaren 8an eta baita egunerokotasunean ere, gure borroka kapitalismoarekin amaitzera bideratuz. Sistema hau eraitsiz bakarrik izan gaitezke askeak. Ez izan zalantzarik, batu Emakume Aske eta Borrokalarietara!