Datozen asteetan Euskal Herria Sozialistak kaleratu berri duen Catalunyari buruzko ale berezia joango gara argitaratzen web orrian. Hemen uzten dizuegu testuaren hasiera. 

 


Catalunya: askatasun nazionala eta sozialismoa


Azken urte hauetan Catalunyako auzi nazionala egoera politikoko lehen lerroan kokatu da. Hau ez da kasualitatea. Mundu mailako eta, bereziki, Estatu espainiarreko kapitalismoaren krisi ekonomiko, politiko eta sozialak zuzen zuzenean jo dute Catalunyako auzi nazionala. 30eko eta 70eko hamarkadetan gertatu bezala (hauek ere inflexio historikoaren garaiak izan ziren), auzi nazionala areagotu egin da klase borrokaren gorakadarekin batera. 


Auzi nazionala beti egon da burgesiaren eta langile klasearen borrokaren erdian. Alde batetik, nazio zapaltzaileko burgesiak (espainiarra, frantziarra...) eta nazio zapalduetako burgesiak (kataluniarra, euskal herritarra...) beren klaseko dominazioa mantentzeko erabiltzen dute. Bestetik, zapalduek, langile klaseak, kapa ertainetako pobretuenek eta gazteriak aukera dute zapalkuntza nazionalaren aurkako borroka sistema kapitalistaren aurkako borrokarekin lotzeko. Marxismoaren ikuspuntutik, horrela bakarrik defenda daiteke nazio zapalduen eta gehiengo sozialaren askatasuna. 


Eskubide demokratiko nazionalen defentsa gizartearen eraldaketarekin lotzea da bide bakarra. Horretarako beharrezkoa da programa eta estrategia iraultzaile, sozialista eta internazionalista defendatzea. Funtsezkoa da zapalkuntza nazionalaren aurkako borroka  bankuen eta monopolio handien diktaduraren aurkako palanka izatea, sistema kapitalista baita izurrite honen, lapurreta inperialistaren eta eskubide demokratiko nazionalen ukazioaren arduraduna.

 
"Akelarre" españolistaren azken hamar urteak


Aznarren bigarren legegintzaldi garaitik, eskuin españolistaren erasoaldia nabarmen handitu zen Catalunyako eskubide demokratikoen aurka. PPren, eskuinaren komunikabideen eta Estatu aparatuaren (militarrak, poliziak, epaileak...) probokazioak etengabekoak eta oso larriak izan dira. 
Erasoaldi españolista indartzeko aitzakietako bat Estatut kataluniarraren erreforma izan zen. Erreforma hau 2004an bultzatu zuen PSC, ERC eta ICVk osatutako Tripartitak. Estatutaren eztabaidak ez zuen ilusio gehiegi sortu herri kataluniarraren gehiengoarengan, ez baitzuen benetako aurrerapausorik ekartzen, ez eskubide demokratikoetan ezta eskubide sozialetan ere. Gainera, hasierako zirriborroko erreferentzia aurrerakoienak kendu zituzten CiUk onartu ahal izateko. PPk Estatutaren aurka antolatutako frankismo estiloko kanpaina antikataluniarra izan zen herritarrak Estatuta defendatzera bultzatu zituena. 

 

2005ean Estatuta onartu zen Parlament kataluniarrean, 2006an kongresu espainiarrean eta ondoren Catalunyan egin zen erreferendumean %74ko babesarekin. Hala ere, Auzitegi Konstituzionalak bertan behera utzi zuen 2010eko udako bere sententziarekin. Eraso honek haserre handia piztu zuen Catalunyako gizartean. Estatutaren hitzaurrean Catalunya nazioa zela aipatzen zuen erreferentziaz honakoa esan zuen Auzitegi Konstituzionalaren sententziak: "Konstituzioak nazio espainiarra bakarrik ezagutzen du". Honekin batera, hamabi aldiz gogorazten zuen epaiak "nazio espainiarraren batasun zatiezina". Auzitegi Konstituzionaleko epaile gehienen mezua argia zen: bost axola zaizkigu zuen iritziak eta erabakiak, Francorekin edo Franco gabe, hemen betikoek agintzen dugu. Erabaki honi erantzunez, manifestazio jendetsu bat egin zen Bartzelonan 2010eko uztailaren 10ean “som una nació, nosaltres decidim” (‘Nazio bat gara, guk erabakitzen dugu’) lemapean.