Catalunyako arazo nazionalaz eta sozialismoaren aldeko borrokaz atera dugun dokumentuaren V. atala da honakoa:

 

Zalantzarik gabe, beharrezkoa da zapalkuntza nazional ororen aurka lerratzea, eta horretarako beharrezkoa da Catalunyaren, Euskal Herriaren eta Galizaren autodeterminazio eskubidea defendatzea. Baina honek ez du esan nahi beharrezkoa denik langile klase kataluniarra, euskal herritarra edo galiziarra eta honen erakunde sindikalak eta politikoak, aktiboki edo pasiboki, nazio zapalduetako burgesiaren interes eta helburuen eskutik joatea. Burgesia espainiarrak bezala, burgesia kataluniarrak eta euskal herritarrak beren gidoi propioa dute auzi nazionalerako. Sentimendu nazional zintzoak erabiltzen dituzte herritarrak engainatzeko eta manipulatzeko, eta, horrela, beren klaseko interesak defendatzen jarraitzeko.

Horregatik, funtsezkoa da bereiztea burgesia kataluniarraren nazionalismo berekoi eta atzerakoia eta Catalunyako herritarren gehiengo handi baten nazionalismoa. Burgesia kataluniarrak ez du inolako arazorik izan behin eta berriro burgesia espainiarrarekin mota guztietako akordioak egiteko eta herri kataluniarraren eskubide demokratikoak erasotzeko. Beharrezkoa da gogoratzea burgesia kataluniarra frankismoaren defendatzailea izan zela. Herri kataluniarraren sektore handi baten nazionalismoa, berriz, zapalkuntza nazionalaren aurkako eta justizia sozialaren aldeko jarreraren isla da. Gaur egungo eztabaidan, oinarrizkoa iruditzen zaigu bereizketa hau egitea.

Zein motatako Estatua defendatzen dute burgesia kataluniarrak eta Artur Masek? Zein abantaila izango lituzke Estatu horrek eskubide demokratiko eta sozialetan? CiUk dioenez, "Estatu propio" kapitalistari esker, Catalunyak aurre egingo lioke Ongizate Estatuaren gainbeherari, eta aukera gehiago izango luke krisitik irteteko. CiUren arabera, "espolio fiskalarekin" amaitzea da gakoa. Jordi Evole kazetariak Artur Masi egin zion elkarrizketan nahiko garbi geratu zen nolakoa izango litzatekeen "Estatu propio" kapitalista kataluniarra. Artur Masek esan zuenez, ez lirateke atzera botako ez lan erreforma, ez pentsio erreforma, ezta osasuneko murrizketak ere. Politika ekonomikoak kapital finantzario alemaniarraren eta frantziarraren menpe jarraituko lukeela onartu zuen Artur Masek. Maila militarrean, Catalunya defendatzeko, dagoeneko existitzen diren ejertzitoak erabiltzearen alde agertu zen. Poliziari dagokionez berriz, dagoeneko ezagutzen dugu nolakoak diren Mossos d'Esquadrak, espediente errepresibo anker "bikaina" dute. CDCk (Convergència Democràtica de Catalunya) 2014ko martxoan ospatutako batzarrean etorkizuneko Catalunya "independente" horren Estatu ereduaren oinarriak onartu ziren: zerga gutxiago enpresentzat, laguntza sozial gutxiago (egoera ekonomiko berrira egokitzeko) eta osasunaren eta hezkuntzaren pribatizazio gehiago. Onartu zen dokumentuan lotsarik gabe defendatzen da osasunaren kopagoa: “junto con el principio de universalidad también se tiene que tener en cuenta la corresponsabilidad o cofinanciación de los recursos, dependiendo de la capacidad económica de cada uno”.

Artur Masek izendatutako aholkulariez osatutako Trantsizio Nazionalerako Kontseiluak Estatu kataluniarrak Estatu espainiarrarekin gauza batzuetan batasuna izaten jarraitu beharko lukeela aholkatu dute: "cooperación en varios ámbitos: monetario, industrial, fiscal, cultural, infraestructuras, defensa, migraciones…”. Erakunde honek Barcelona eta Espanyol futbol taldeek liga espainiarrean jokatzen jarraitzea aholkatzen dute, eta Estatu espainiarrarekin dituzten harremanak, berdintasunean oinarrituta, "gaur egungoak baino sendoagoak izatea". Hau bai independentzia xelebrea! Artur Masen proiektu "independentista" ordezkatzen dituen botere ekonomiko handien zerbitzura egina dago: kapital kataluniarra, espainiarra eta europarra.

Artur Masek gustuko duen "estatu propioaren" eredua ezagutzeko, ez da ahaztu behar agintari honek Israelgo Estatuari dion begikotasuna. "Herri kataluniarraren askatzaile" honek eredu bezala jartzen du okupazioan, errepresio indiskriminatuan, bonbardaketetan, milaka presotan eta milioika errefuxiatutan oinarritzen den Estatua. 2013ko azaroan Israel bisitatu zuenean, enpresari talde batekin batera, bere hitzak hauek izan ziren: “la lucha de Israel por su supervivencia es un gran ejemplo a seguir”...“tenemos que aprender muchas cosas de Israel”.

CiUk, ezkutatu egin nahi duen arren, gainontzeko nazioekiko jarrera arrazista eta diskriminatzailea du. Oso ezaguna izan zen Vic-eko CiUko alkatearen jarrera, lan baimena ez zuten etorkinak erroldatzearen aurka azaldu zenean. Edo Duran i Lleidak andaluziarren aurka egindako adierazpenak: "reciben el PER para ir al bar del pueblo”.

Jordi Pujol eta honen familiaren iruzur kasuak erakusten du ondo zein helburu dituzten CiUko agintariek "aberrri kataluniarrari" buruz hitz egiten dutenean: poltsikoa bete aurrekontu publikoen kontura, hezkuntzara, osasunera edo laguntza sozialetara joan beharko lukeen diruaren kontura. Ukiezinezko faraoiak bezala bizi nahi dute Estatu espainiarreko, Estatu frantziarreko, AEBetako eta beste herrialde kapitalistetako burgesek bezala. Hau da burgesia kataluniarrak defendatzen duen nazio eredua, horrela izan da Cambotik hasita Pujol arte. Primo de Riveraren eta Francoren diktadurak babestu zituzten industrial kataluniarren oinordekoak diren La Caixako exekutiboek aberasten jarraitzen dute espekulazioari, etxe-kaleratzeei eta PPk emandako estatu laguntzei esker. Hau al da Kataluniak behar duen proiektu nazionala? Hamarkadetan zehar herri kataluniarra zapaldu duten gutxiengoak gobernatutako nazioa da alternatiba?

Hori bai, funtsezkoa da gogoratzea Pujolen iruzur fiskal multimilioidunaren berri bazutela aspalditik burgesia espainiarrak, PPk eta PSOEk. Bi alderdi hauetako agintarien iruzurrak eta ondasun pilaketak ez dira atzean geratu: Barcenasen, Acebesen, Granadosen... kasuak, Felipe Gonzalezen ondasuna, PSOEko ministro izandakoek multinazional handietako administrazio kontseiluetan hartutako postuak... Pujolen negozio ilegalak isilpean geratu ziren, eta estatu sekretu bezala gorde ziren, Pujolen eta CiUren zerbitzu politikoak oso mesedegarriak zirelako burgesia kataluniarraren eta burgesia espainiarraren interes kolektiboentzat eta Estatu espainiarren gobernagarritasunarentzat. Ez zen kasualitatea izan ABC egunkariak Jordi Pujol 1986ko "urteko espainiar" izendatzea. Orain, burgesia espainiarrak eta estatu aparatuak, espediente guztiak ondo gordeta zituztenek, karta hau jokatzea erabaki dute CiU presionatzeko eta hauekin ezkutuan dituzten negoziaketetan abantaila bilatzeko.