Kataluniako langileon eta gazteon errepublika lortzeko borroka plan baten alde!
Preso politikoak askatu! Errepresiorik ez!

Erabaki irmoa erakutsi dugu kaleetan milioika gazte, langile eta herritarrek, 2017ko urriaren 1ean bozkatu genuen errepublika lortzeko eta  preso politikoak askatzeko borrokan. Horren aurrean, 78ko erregimena erabat gaindituta geratu da eta berriz ere errepresio basatiarekin erantzun behar izan du. Pasa den mendeko 30 edo 70 hamarkadetara atzera egin beharko genuke tamaina horretako masa mugimendu bat aurkitzeko!

Duela bi urte sortutako krisi iraultzaileak bizirik dirau eta egun hauetan erakutsi da badela indar nahikoa garaipena lortzeko. Duintasun erakustaldi ikaragarria egin dugu diktadura frankistaz geroztik inoizko gezur, desinformazio eta kriminalizazio kanpainarik handienari aurre eginez. Egun hauetako mobilizazioek garrantzi historikoa dute: urriaren 14ko mobilizazioak, Prateko aireportua blokeatzea, ANCk antolatutako Askatasunaren aldeko Martxa ikusgarriak, Sindicat d’Estudiantsek deitutako 72 orduko ikasle greba, eta azkenik, Intersindical-CSC eta IACk deituta, urriaren 18an Catalunya gelditu zuen greba orokorra.

Urriaren 18ko greba orokorrean, manifestazioek marka guztiak hautsi zituzten: Bartzelonan miloi bat lagun baino gehiago izan ziren, eta beste hainbeste egunean zehar Catalunyako gainontzeko hiriburu eta herrietan. Egun berean, goizez, Sindicat d’Estudiantsen deialdiari erantzunez gazteek osotasunean gelak hustu eta manifestazioak egin zituzten hiriburuetan giro ezin borrokalariagoan, 200.000 lagun batuz Bartzelonan. Ikasleek egin zuten bigarren manifestazio erraldoia izan zen 48 orduren buruan! Dudarik gabe, gazteen mobilizazio handi hori erabakiorra izan zen greba orokorraren arrakastarako!

Greba orokorra erabatekoa izan zen irakaskuntza publikoan eta administrazioan; merkataritzan %60 eta %80 artean, Lan Departamenduaren arabera; bidaiarien garraioan, metroan, Generalitateko Ferrocarrilsean (FGC), autobusetan; hiriburuko portutik zamaketariek osatutako zutabe handi bat osatu zuten manifestazio nagusiarekin bat egiteko. Bartzelona, Girona, Tarragona eta Lleidako kaleak ibilgailurik gabe zeuden eta makina bat errepide moztu ziren. PIMEC patronalaren beraren datuen arabera, industrian enpresen %30  itxi zen,  zerbitzu-sektorean  % 40 eta langileen % 83,8k greban parte hartu zuen.

Greba orokorraren zifra hauek are garrantzia handiagoa dute, kontuan hartzen bada UGT eta CCOOen zuzendaritzak deialdiaren aurka agertu zirela. 2017ko urriaren 3an aho txikiz babestu zuten greba. Oraingoan  honetan ordea, nahiago izan dute 78ko erregimenaren, patronalaren eta komunikabideen alboan kokatu. 

Gazteria errepresioaren eta polizia-infiltrazioaren aurrean

Gauzak argi esan behar dira. Egun hauetan herri baten altxamendua izan dugu, ez duena soilik epai laidogarri baten aurka borrokatu, baizik eta erabakitzeko eskubide legitimoa eta 78ko erregimenarekin hautsiko duen errepublika aldarrikatu duena.

Milioika langileren, gazteen eta herritarren erantzun masibo eta baketsua izan da, nazkatuta daudenak oinarrizko eskubide sozial eta demokratikoen ukazioa eta jazarpena jasateaz. Eta indar erakustaldi horrek ez du zerikusirik ehunka gazte kaputxadunen jardunarekin, uste dutenak  edukiontziak errez eta harriak botaz aurre egitea dela poliziaren errepresioa garaitzeko biderik laburrena.

Indarkeria mota marjinal eta indibidual hori, gazteriaren sektore baten frustrazio indartsua adieraz dezakeen arren, irteerarik gabeko kale itxia da. Ez du balio Estatu aparatuaren eta indar polizialen indarkeria masiboari aurre egiteko. Aitzitik, jarduteko modu horrekin, kaputxadunek, horietako asko infiltratu polizialek eta probokatzaileek bultzatuta, jokoa egiten diete Kataluniako herria eta terrorismoa sinonimoak diren ideia hedatzeko Pedro Sanchezen gobernuak, PPk eta CSk hasieratik planifikatu duten kriminalizazio kanpainari.

Ezker Iraultzailetik ozen eta garbi salatzen dugu nazionalismo espainolistaren gezurrez eta propagandaz betetako kanpaina nazkagarri hau. Sindikatu d'Estudiantsek bestak beste bi manifestazio antolatu zituen, hilaren 17an (osteguna) eta 18an (ostirala), eta 400.000 gaztek baino gehiagok parte hartu zuten horietan. Baina hedabideek inolako garrantzirik eman gabe pasatu zuten punta-puntako albiste hau. Berdin gertatu zen gainerako mobilizazio masibo eta baketsuekin, poliziaren errepresioa eta probokatzaileen infiltrazioa saihesteko giza harresiak ere antolatu baitzituzten. Hori guztia kontzienteki ezkutatu dute telebista eta prentsa idatzi guztiek. Aldiz, erretako edukiontzien argazki finkoa jarri dute etengabe. Horietako asko infiltratuek egin dituzte, eta jarraian, inpunitate osoz, herriari eta Kataluniako gazteriari "indarkeria" konpultsiboa egitea leporatu diete.

Egia oso bestelakoa da. Egun horietako 500 zaurituetatik gehienak — bost lagunek begi bateko ikusmena galdu dute— ez ziren ezeri su ematen ari. Mossoen eta polizia nazionalaren ekintza basatiaren biktima izan dira, sare sozialetan dabiltzan bideo askok erakusten duten bezala.

78ko erregimenaren helburua, hari amore emandako PSOEren Gobernuarena, CS eta PPrena, Kataluniako herriaren borroka gainerako Estatu mailako herritarretatik isolatzen saiatzea da;  borroka hori  zabaltzea saihestea, ahalik eta nahasmen eta zatiketarik handiena eraginez Kataluniako eta Estatuko langile klasearen baitan. Horrela egin behar dute  justifikatzeko beraiek direla "ordena konstituzionalak" ematen duen "indarkeria" erabil dezaketen bakarrak, demokrazia borra kolpeka zanpatuz.

Historia berriro errepikatzen da: hori gertatu zen Italian eta Alemanian hogei eta hogeita hamar hamarkadetan, eta, noski, Espainiako Estatuan Bigarren Errepublikako garaian. "Aberriaren batasuna" astinduz, ordena kapitalista, bere indarkeria legala, murrizketak eta austeritatea defendatuz, eskubide demokratikoei eraso eginez eta herri katalanak errepublika lortzeko duen borroka kriminalizatuz… eskuin muturra eta erreakzioa baino ez dira indartzen. Pedro Sanchezen politikak dira Vox eta PP gizentzen dituena Estatuko gainontzeko tokietan, eta aurrera egiten baimentzen diena.

Ez da kasualitatea polizia nazionalaren azken hauteskunde sindikalak Jupol-Jusapolek irabazi izana, eskuin muturreko sindikatu bat. Horko afiliatuetako askok betetzen dituzte Voxen manifestazioak eta mitinak. Ez da kasualitatea, ezta ere, egun hauetan Bartzelonan eta Kataluniako beste herri batzuetan izan diren karga polizialen irudi askok faxistak erakutsi izana, Mossoekin eta polizia nazionalarekin adiskidetasunez jokatuz, gazte babesgabeei eraso basatiak egiten dizkieten bitartean.

PSOEren gobernua da gorakada errepresibo horren erantzulea. Bere erabakitzeko eskubide legitimoa aldarrikatzen duen herri oso bati entzun beharrean, Estatu aparatuaren eskutik hori aldarrikatzen duten erakundeen aurka jo du, direnak direla. Auzitegi Nazionalak "tsunami democràtic"-en webguneak ixteko hartutako neurria, "terrorista"  dela salatuz, adierazpen askatasunaren aurkako erasoa ez ezik, mugitzen den edozeinentzat ematen den abisua da.

Klase agintariarentzat eta bere Estatuarentzat demokrazia deritzona onargarria da soilik bere interesekin kontraesanean sartzen ez bada. Kontraesanean sartzen bada, besterik gabe ezabatzen da, eta joera totalitarioak, Estatuko estoldetan ezkutatu ohi direnak, askoz agerikoagoak egiten dira. Jakina, horiek inposatzeko, manipulazioan eta gezurrean oinarritutako diskurtsoa behar dute, eta herritarren sektore batek hori onartzea.

Unidos Podemos eta Comunesen jarrera lotsagarria!

Kataluniako herriak, eta  bereziki lehen lerroan gazteek,  lezio bat eman diete guztiei. Baita zeharka begiratzen duen ezker parlamentario espainiar horri ere. Ezker honek praktikan erreakzioaren estrategia indartu du, Poncio Pilatosek bezala eskuak garbituz.

Une erabakigarri hauetan Unidas Podemos eta Comunes-en buruzagien politika deitoratu eta arbuiatu besterik ezin dugu egin: errepresio totalitario honen erantzuleak salatzeko aukera paregabea galdu dute berriro, autodeterminazio eskubidea eta errepublika defendatuz. Mobilizazioen buruan jarri beharrean eta Estatu osoko langileen eta gazteen elkartasuna bultzatu beharrean, Pablo Iglesias, Alberto Garzon eta Ada Colau anai-arreba katalanei babesa ematerakoan, hipokresiaz kexu dira "hainbeste tentsioagatik", eta borroka bertan behera uzteko eta sistema kapitalistaren, 78ko erregimenaren eta Felipe VI.aren monarkiaren logika onartzeko eskatu digute.

Sinestezina da ustez "kastaren aurka borrokatzeko" eta "zeruak astintzeko" iritsi zirenak, borren, gomazko piloten, ke poteen eta Gorenaren epaiaren "ordena konstituzionalarekin" bat egitea. Gero, apirilaren 14an, buruzagi horietako askok bandera errepublikarra hartuko dute soinean. Baina benetako unean, errepublikaren alde borrokan ari den herri oso bati babesa eman behar zaionean, beren eserlekuen eta zinegotzien besaulkien atzean ezkutatzen dira.
Errealitatea konkretua da. 78ko Konstituzioan "Espainiaren batasun sakratua" ezarri zen diktadurako politikariek eta Armadaren, poliziaren eta auzitegien buruan zeuden faxistek exijitu zutelako. PSOEko eta PCEko buruzagiek hori onartu zuten,  monarkia, kapitalismoa eta beste hainbat kapitulazio onartu zituzten bezala, 70. Hamarkadako giro iraultzailearekin amaitzeko. Inoiz ez zitzaion galdetu Kataluniako herriari ez beste inori arma hotsen mehatxuan inposatutako batasun hori nahi zuen ala ez.

Langileen eta gazteen errepublika konkistatzeko borroka-plan baten alde

Kataluniako herria zutik jarri da jazarpen autoritario eta erreakzionarioinposatzen duen erregimenaren aurka,  baita murrizketa sozial basatien, etxe kaleratzeen, langabezia kronikoaren, enplegu zabor eta soldata miserableen, gure auzoetako marjinazioaren, irakaskuntza eta osasun publikoaren pribatizazioaren eta abarren aurka ere. Horregatik, erabateko astakeria da borroka hori "eliteen maniobra" gisa kalifikatzea, intelektual askok egiten duten bezala.
Altxamendu historiko honek agerian utzi du beste puntu garrantzitsu bat. Kataluniako askapen nazionalaren mugimenduan talka gero eta handiagoa da: alde batetik, errepublika baten aldeko borroka azkeneraino eraman nahi dugun ehunka mila gazte, langile eta herritarren sektore zabalak; beste aldetik, Catalunyako eskuinaren programa ( pisu erabakigarria duena Catalunyako Gobernuan), eta ERC,  Estatuaren eta Catalunyako Gobernuaren arteko akordio bat lortu nahian dabilena kaleak hustutzeko eta "normaltasunera" itzultzeko.

Kontraesan hau agerian geratu da egunotan Mossoen errepresioarekin eta Conseller d 'Interior Buchen dimisio eskakizunekin; edo ERCren zuzendaritzak planteaturiko murrizketa eta pribatizazio politikek eduki duten aurkako jarrera masiboan. Horregatik ikasgaiak atera behar ditugu  urte hauetako esperientziatik.
Beharrezkoa da Kataluniako ezker borrokalari, politiko eta sindikalak, gainerako kolektibo eta mugimendu sozialekin batera, borroka plan bateratua eta denboran luzatuko dena altxatzea, herritarren sostengu masiboa sortuko duen greba orokorren egutegi argi batekin. Urriaren 30 eta 31n ikasleen greba orokorra deitu zuen Sindicat d 'Estudiantsek, eta urrats horrek errepresioa garaitzeko eta garaipena lortzeko bidea zein den adierazten du. Goiburuan 48 orduko greba orokorraren leloa plazaratu zuen, borrokaren jarraikortasuna eskatuz.

Tamaina honetako erantzuna lortzeko argi utzi behar dugu errepublika sozialista baten alde borrokatzen dugula esplotatuen eta baztertuen mesedetan, eta ez boterean jarrai dezan betiko oligarkia ekonomikoak, nahiz eta Esteladarekin mozorrotu. Ekonomiaren, bankuen eta monopolio handien oinarrizko palankak nazionalizatuko dituen errepublika bat behar dugu, murrizketen amesgaiztoari, etxebizitza publikoen gabeziari, prekarietateari eta soldata baxuei zein indarkeria patriarkalari eta ingurumenaren suntsiketari behin betiko amaiera emango diona. Horrela konbentzituko ditugu, Estatuko gainerako herrialdeetako langile eta gazteak, eta Kataluniako beste asko ere, errepublika hau eta kausa hau beraiena ere badela ulertaraziz.

Herritarrek estatuaren errepresioari aurre egiteko eta errepublika errealitate bihurtzeko estrategia argia eskatzen dute. Hori eragozten duten funtsezko faktoreak dira mugimenduan oraindik ere  kapitalismoa sistema posible bakartzat onartzen dutenak eta askapen nazionala gizartearen eraldaketa sozialera batzeari uko egiten dieten sektoreen  pisua. Oztopo hauek gainditzeko ez da nahikoa borrokarako borondatea. Kontzienteki jokatu behar da programa iraultzaile eta internazionalista hau altxako duen langileen eta gazteriaren alderdi bat eraikitzeko.

Cookiek erraztuko digute gure zerbitzuak eskaintzea. Gure zerbitzuak erabiltzerakoan cookiak erabiltzea baimentzen diguzu.