Auzitegi Gorenak berretsi egin du Kataluniako Auzitegi Nagusiaren (TSJC) epaia, ikasgeletan gaztelaniaren %25 inposatuz. Epaiak erreakzioaren eta euren komunikabideen kanpaina neofrankista amorratua piztu du Kataluniako herriaren eskubide demokratikoen eta katalanaren aurka.
Erreakzionarioez gainezka dauden eta inork aukeratu ez dituen auzitegi horiek zehazten dute agenda politikoa Katalunian zein Estatuan. Berdin dio eskuin espainolista hutsala izatea lurraldean edo ez egotea Estatu espainiarreko Gobernuan. Erreakzioaren muina den togaz jantzitako ejertzitoa dute euren alde.
Erreakzioa katalanaren aurkako erasora eta PSOE hori txalotuz
Canet de Marreko Turó del Drac Eskolaren kasua eskandaluzkoa da. P5An, gaztelaniazko eskolen %25 aplikatu da, soilik eskuin espainolistako familia militante batek (aita 2019an Ciutadanseko zerrendetan egon zen) eskatu duelako. Neurri guztiz antidemokratiko honek Caneteko familien, irakasleen eta biztanleriaren gaitzespen masiboa eragin du.
Eskuinak eta eskuin muturrak (PP, Vox eta Cs) Konstituzioaren 155. artikulua aplikatzea, Kataluniaren autonomiarekin amaitzea eta katalanaren aldeko manifestazioak debekatzea eskatu dute. Francoren garai onenetan bezala. Hori justifikatzeko, 78ko erregimeneko komunikabideekin batera, El País egunkaria barne, gezurren eta kalumnien propaganda kanpaina abiarazi dute.
A zer zinismoa! Eskubide demokratiko baten defentsa, hau da, eskolan katalana ikasteko eskubidea, apartheid linguistikoa dela esaten eta nazismoarekin alderatzen dute. Hain zuzen ere, beraiek, frankismoaren jarraitzaileek, alderdi politiko independentistak eta sistemaren aurka daudenak legez kanpo uztea eskatzen dutenek, ideiengatik independentistak, raperoak eta haien erregimena kritikatzen duen edonor kartzelaratzea defendatzen dutenek, jazarpenaz hitz egiten dute!
PSOE-PSCk amore eman du berriz ere erreakzioaren presioen aurrean, epaia irmoa dela eta, beraz, betearazi egin behar dela adieraziz. "Jazarpena kondenatzen" dutela ere esan dute, Som Escola plataformak antolatutako hizkuntza murgiltzearen ereduaren aldeko larunbateko aldarrikapen egunera ez joatea justifikatzeko. Bestalde, UPren ministroen isiltasuna erabatekoa izan da, eta berriz ere zeharka jarri dira, auzitegi frankisten eta 78ko erregimenaren beste erasoaldi errepresibo baten aurrean.
Murgiltze linguistikoaren aurkako erasorik ez
Katalana hizkuntza larrialdiko egoeran dago. Bere erabilera eskoletan eta, oro har, gizartean nabarmen ari da atzera egiten.
Herritarren %36k bakarrik du katalana erabiltzeko ohitura, eta 2005etik milioi erdi hiztun galdu dira. %35ek baino gehiagok ez daki katalanez idazten. Bartzelonan, gazteen %25ek soilik erabiltzen dute ohiko elkarrizketa hizkuntza gisa. Eskolan, irakasleengana beti katalanez jotzen duten ikasleak %56tik %39,4ra murriztu dira 15 urtean, eta taldeko jardueretan erabiltzen dutenak %65,8tik %21,4ra.
Murgiltze linguistikoaren ereduak gaztelania berme osoz ikastea ziurtatzen du. Hori erakusten dute Kataluniako DBH 4. mailako Oinarrizko Gaitasunen azken probetako nota katalanekoa baino altuagoa izateak eta selektibitateko gaztelaniaren batez besteko nota hizkuntza koofizialik gabeko beste autonomia erkidego batzuetako ikasleena baino altuagoa izateak.
Murgiltze linguistikoa langile klase katalanaren aldarrikapen historikoa izan da. Santa Coloma de Grameneteko langile familien borroka izugarrian du jatorria. Familia gehienak erdaldunak ziren, eta mobilizatuz mugimendu handia altxa zuten, hezkuntza publikoan katalana komunikazio hizkuntza izan zedin eskatzeko. Murgiltze ereduaren aldarrikapena eskubide demokratikoen aldeko eta diktadura frankistaren zapalkuntza sozial eta nazionalaren aurkako borroka zabal batean kokatzen zen, Franco hil ondoren eta Trantsizioa deiturikoaren ondoren ere mantendu zena, izan ere, 40 urtez Estatuaren eta ekonomiaren agintean egon zirenek boterean egoten jarraitu baitzuten.
Auzitegiek, PPk, Voxek, Ciudadanosek eta PSOEko ordezkari atzerakoienek salatzen duten "hizkuntza-gatazka" eta Kataluniako eskoletan gaztelania zokoratuta egotea guztiz faltsua da. Horren froga nabarmena da Auzitegi Nagusiaren eta Auzitegi Gorenaren ebazpenek hamalau familiak bakarrik egindako erreklamazioari erantzuten diotela. Joan den ikasturtean, 23 familiak bakarrik eskatu zuten beren seme-alabak gaztelaniaz eskolatzea, guztira 800.000 ikasle izanik lehen eta bigarren hezkuntzan.
Erreakzioaren helburua Kataluniako herria kolpatzea da, azken urteotan 78ko erregimenaren aurka eta errepublika katalanaren alde mobilizazio historikoak egin baititu. Baita langile katalanak lerro nazionaletan zatitzen saiatzea eta enfrentamendua bultzatzea ere. Ez dute lortuko!
Kataluniako Gobernuak dio ezin dela ezer egin
Katalanaren eta Katalunian duela hiru hamarkada baino gehiagotik dagoen murgiltze linguistikoaren aurkako erasoa eskubide demokratikoen aurkako gerra-deklarazioa da, diktadura frankistaren garaiak faltan botatzen dituzten alderdi eta auzitegien aldetik. Eraso hau gutxiestea akats larria da.
Josep González-Cambray (ERC) Hezkuntza kontseilariak adierazi du Kataluniako Gobernuak ez duela eskumenik TSJCaren erasotik defendatzeko, eta onartu egin behar dela Caneteko eskolan gaztelaniaren %25 aplikatzea, irakasleak juridikoki babesteko. Irakasleekiko ustezko kezka horrek ezkutatu egin nahi du Kontseilariak Auzitegi Gorenaren erabakiari aurre egiteari uko egin izana, eta horrek are gehiago indartuko du erreakzioa. Juntsek eskolaren kontrola hartzeko eskatu dio Cambrayri, baina errealitatea da 2014tik Kataluniako Gobernuak, Juntseko Presidenteak eta Hezkuntza kontseilariak barne, Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusiaren epaiak onartu dituela, 80 eskoletako enborreko gaietan gaztelaniaren %25 ezarri baitute.
Ez dagoela alternatibarik planteatzen da, edo ekintza judizial edo parlamentario berrietan zentratzen dira, hala nola Legebiltzarrean katalana blindatzea lege berri baten bidez. Baina edozein ekimenek aurkituko du arazo bera, erreakzioaren zerbitzura dagoen Estatu aparatua alegia. Horregatik, alternatiba oro kaleetan borroka eginez ezarri beharko da, hezkuntza komunitatearen greba orokorraren bidez, eraso berri horren aurrean gehiengoaren matxinada agerian utziz.
Kataluniako Gobernua osatzen duten bi alderdien politika ordea berbera da: 78ko erregimenaren inposizio antidemokratikoei ez aurre egitea, Espainiako eta Kataluniako burgesiak eskatzen duen bake soziala mantentzeko. Aski da auzitegi frankisten erasoak onartzeaz eta haien errepresioa normalizatzeaz! Horrela ez da indarrik metatzen Errepublikaren aldeko borrokan jarraitzeko!
Katalana defendatu, errepublikaren alde borrokatu: denok kalera!
Iraganean Convergenciak aplikatutako austeritate-politikak mantendu egin dira Junts-ERC koalizio-gobernuetan. Pere Aragones ezkerreko politikak promestuz iritsi zen presidentetzara, baina errealitatea garbia da: ERCk ez ditu bete CUPekin adostutako neurri aurrerakoi epelak ere. En Comun Podemekin onartutako aurrekontuak ildo bera jarraitzen dute, ez dituzte zerbitzu publikoen murrizketak lehengoratzen. Kulturan eta hezkuntza publikoan izandako murrizketak eta pribatizazioak dira katalanak bizi duen okertze larriaren arrazoi zuzena.
Bestalde, PSOEn ERCk plataforma digitaletan eskatzen duen katalanaren gutxieneko ehuneko hori, PSOE-UP Gobernuaren aurrekontuak babesten dituela justifikatzen duena, ez da aurrerapauso erabakigarria izango. Izan ere, hasteko, sektoreko erraldoi handiak (Netflix, HBO, Amazon Prime eta Disney+) baldintza horretatik kanpo geratzen dira.
Katalana defendatzeko modu bakarra borroka multinazionalen boterearen aurka zuzentzea da; izan ere, kapiatlisten irabazi gose pribatuak kondenatzen baikaitu langabeziara eta prekarietatera, zapalkuntza matxista eta LGTBIfobikora, planeta suntsitzera eta gure eskubide demokratiko eta linguistikoen zapalkuntzara.
JxC-ERC Gobernuak bizkarra eman diote 2017ko urriaren 1ean Errepublikaren alde masiboki bozkatu zuen herri mobilizazioari, berriro ere errepresiorik gogorrenarekin erantzun digun Estatuarekin zubiak eraikiz eta praktikan 78ko erregimenari arnasaldia emanez.
Kaleko borrokak bakarrik buelta eman diezaioke egoera horri, eta bizitzen ari garen erreakzio espainolistaren ofentsiba geldiarazi. CUPek eta ezker borrokalari osoak, Eskualdeetako Komiteek, ANCko eta Omniumeko oinarri militanteak, errepublikaren aldeko borroka babesten duten sindikatu borrokalariek eta austeritatearen aurka hainbeste borrokatu duten mugimendu sozialek aurre egiteko betebeharra dugu. Horretarako, beharrezkoa da kaleetan mugimendu handia egitea errepresioaren aurka eta errepublikaren alde.
Alternatiba iraultzaile bat bultzatu behar dugu, katalanaren defentsa eta askapen nazionalaren eta gizartearen eraldaketa sozialistaren aldeko borroka bateratuko dituena. Defenda dezagun katalana, borroka dezagun Kataluniako Errepublika sozialistaren alde!
Esquerra Revolucionàriatik eta Sindicat d 'Estudiantsetik honakoa defendatzen dugu:
- TSJCren ebazpena ez onartzea. Kalitatezko eta katalanezko eskola publiko, doako, feministaren alde. Katalanaren murgiltzea bermatzea.
- Hezkuntza publikoaren erreskate plana. Murrizketak berehala atzera itzultzea. BPGren %7ko inbertsioa. Ratioak 10 ikaslera murriztea ikasgelako haur-hezkuntzan eta 15era lehen eta bigarren hezkuntzan, eta 9.000 irakasle kontratatzea.
- Herritar guztientzako doako katalanezko ikastaroak. Ordaindutako lan baimenak.
- Kulturari murrizketarik ez. Pribatizazioari eta gehiegizko prezioei ez, kultura ez da negozio bat. Kulturako sektore publiko indartsu bat abian jartzea, BPGren %2ko inbertsioarekin. Argitaletxeen eta ikus entzunezkoen enpresa handiak, zinema aretoak eta antzokiak kalte ordainik gabe nazionalizatzea, katalanezko ekoizpen artistikoa modu erabakigarrian sustatzeko eta arterako eta kulturarako doako sarbidea bermatzeko.
- Katalanezko literatura, antzerkia eta musikari laguntza irmoa ematea. Doako entsegu eta grabazio aretoak.
- Bankuak nazionalizatzea, inbertsio plan hori abian jartzeko eta pobreziarekin amaitzeko benetako gizarte ezkutua ziurtatzeko.