Aurtengo irailak 11 benetako lurrikara politikoa izan da Katalunian. ANC buru zuen manifestazio nagusiak 700.000 pertsona baino gehiago batu zituen. Mobilizazio masibo honek eta bertako giro borrokalariak, agerian utzi du Kataluniako errepublikaren aldeko borrokak indar eta erreserba ikaragarriak dituela, eta baita, bestalde, ERC- Junts Gobernuarekin dagoen haserre sakona ere, bake sozialeko eta 78ko erregimenarekin akordioetara iristeko politika eta estrategiak eragina.
Mezu irmoa izan da 78ko erregimen ustelaren eta frankistaz betetako epailetza eta estatu aparatuaren aurka; Feijóo, PP, Vox eta eskuin espainolistaren aurka, eta baita Pedro Sánchezen aurka ere, Pegasus kasuan Estatuko estolden alde jarri ondoren, Diada baino egun batzuk lehenago, harro agertu baitzen 155a aplikatzea eta errepresioa babestu zituela esanez.
Mugimendu independentista krisian. ANCk ekintzak eskatzen dizkio Kataluniako Gobernuari
Manifestazioan pankarta, oihu eta kontsigna andana egon ziren Kataluniako Gobernuaren politikak gaitzesteko, hain zuzen, Estatu aparatuaren aurrean ez dutelako ezertarako balio, eta amnistiaren, autodeterminazioaren eta Kataluniako errepublikaren aldeko borroka bazterrean utzi dutelako.
Hala erakusten du Pere Aragonès presidentea, ERCko consellerrak eta buruzagiak manifestaziora joan ez izanak. Kritikak sakondu egin dira ERC eta Juntsen aurka, eta Gobernuan are krisi handiagoa sortu da, indarrean jarraitzea bera mehatxatuz. Oraingoz, Junts Kataluniako Gobernutik ateratzea ekarri du, militanteen artean kontsulta egin ondoren, non %55ek irteeraren alde bozkatu duen.
ANCk, haserre hori eta milioika pertsonak Kataluniako errepublikaren aldeko borrokarekin jarraitzeko duten nahia islatuz, esan du ERC eta Junts independentziarantz aurrera egiteko gai ez badira, hauteskundeak dei ditzatela, eta beraien zerrenda propioa ateratzeko aukera ere ikusten dutela. Era berean, 2023ko bigarren seihilekoan DUI (Aldebakarreko Independentzia Aitortza) berri bat aurkezteko eskatu du, Europar Batasuneko lehendakaritza Espainiako Estatuari dagokiola aprobetxatuz.
Gatazka honek errealitate objektibo oso argi bati erantzuten dio. ERC eta Juntsek errepublikaren aldeko borroka alde batera utzi dute, estalki gisa erretorika huts bat erabiliz. Politika kapitalistak aplikatzen ari dira burgesia katalanaren eta espainiarraren mesedetan. 78ko erregimenaren erakundeekin zubi guztiak berrezarri dituzte, eta autodeterminazioa lortzea ezinezko egiten duen legezkotasun kapitalistari men egin diote.
Izan ere, egoera gero eta okerragoa da. Errepublikarako bidean aurrera ez egiteaz gain, aitzitik, erreakzio espainolistaren eta Estatu aparatuaren errepresioa areagotzen ari da etengabe, eskubide historikoak arriskuan jarriz. Hor ditugu hizkuntza murgiltze ereduarekin amaitzeko katalanaren aurkako epaia, ekintzaile independentisten aurka irekitako ehunka prozesuak, kargu publikoetarako inhabilitazioak, etab.
Orain, Auzitegi Gorenak, harropuzturik, indultuak berrikusteko mehatxua egin du. Eskubide demokratikoen aurkako erasoaldi hori baina ez da Katalunian bakarrik gertatzen. Krisi eta polarizazio sozial gogorreko testuinguruan, klase agintariak erregimen geroz eta autoritarioagoen alde egiten duen apustuaren eta faxismotik gero eta hurbilago dagoen eskuin muturraren gorakadaren parte ere bada.
Kataluniako Gobernuak lotsarik gabe parte hartzen du errepresio horretan, eta prozesu askotan akusazio partikularra izan da. Nola sinetsi amnistiaren inguruan eta errepresioaren aurka esaten dituzten hitzak, horretan parte hartzen badute? Eta autodeterminazioaz eta independentziaz hitz egiten dutenean?
Diada, krisi gero eta sakonago baten testuinguruan ospatu da. Gainbehera kapitalistak dakarren hondamendi sozialak Kataluniako askapen nazionalaren mugimendua elikatu du iraganean eta elikatzen jarraitzen du orain ere.
ERC eta Juntsen diskurtsoek eta elkarri botatzen dizkioten gaitzespenek hautsa harrotu besterik ez dute egiten gai garrantzitsuenetik arreta desbideratzeko. Nola jarraitu behar da Espainiako Estatuaren eta 78ko erregimenaren aurkako borrokarekin? Nola gauzatu dezakegu Kataluniako errepublika? Zergatik gaude orain egoera honetan, 2017an Estatua eta erreakzioa atzera egitea behartu bagenuen? Hor dago koska eta horrek azaltzen ditu ANCren kritika gogorrak.
Diada honek berriro zerbait frogatu badu, Kataluniako herriaren borrokaren ahalmen izugarria da. Baina, era berean, urte horietako esperientziak mahai gainean jartzen du ezin dugula aurrera egin bide instituzional hutsetatik edo elkarrizketa mahaien bidez. Europar Batasunari, giza eskubideen defentsari eta Europak eskubide demokratikoak errespetatzeko egiten diren deiak burla hutsa dira. EBk bizkarra eman dio gure borrokari, eta praktikan justifikatu egin du Estatu espainiarraren jarduera autoritarioa!
CUP aukera historiko baten aurrean. Alternatiba iraultzaile bat eraiki behar da!
ERC eta Juntseko buruzagiek betiko diskurtso bera erabiltzen dute: pilota batetik bestera botatzen dute, independentismoaren “batasun estrategikoa” berreskuratzeko deia egiten dute eta ezinegona kaleetara ateratzea oztopatzen dute. Eta, batez ere, ezkerrera eman den biraketa sakona adierazpen politiko antolatuan bihurtzea saihestu nahi dute, erretorikatik eta keinuetatik haratago joatearen planteamendua eragozteko.
Testuinguru honetan, antikapitalista aldarrikatzen den ezker independentistak, CUPek, aukera historikoa du bere oinarri soziala zabaltzeko eta mugimenduaren zuzendaritza lehiatzeko.
CUPek aurre egin die Kataluniako Gobernuan integratzeko eta aurrekontuak babesteko presioei. Baztertu egin du ERC-Junts-Comun-PSC alderdiek sinatu akordioa, horrek katalanaren hizkuntza murgiltze eredua desegiteko atea irekitzen baitu, %25eko epaia eragozteko aitzakian. Jarrera kontsekuentea izan du Ukrainako gerra inperialistaren aurrean, bai Putinen inbasioaren aurka, bai AEBren eta NATOren esku hartze inperialistaren aurka, eta Zelenskiren Gobernu ultra-erreakzionario eta txotxongiloa salatu du.
CUP ikasle eta langile gazteen sektore borrokalarienen zati handi bat biltzen ari da. Sektore horiek alternatiba antikapitalista baten bila dabiltza, borrokak helburu duen errepublika herriarena izan dadin, eta ez oligarkiarena, murrizketarik eta inolako zapalkuntzarik gabekoa, programa guztiz sozialista defendatuz. Horretarako, beharrezkoa da kapitalisten desjabetzea planteatzen duen programa altxatzea, Kataluniako burgesia parasitotik hasita, eta elektrikak eta bankuak berehala nazionalizatzeko eskatuz.
Errepublikaren aldeko borroka programa honekin identifikatzen bada, orduan bai: Kataluniako langile askok bat egingo lukete, eta Estatuko gainerako milioika langilek eta gaztek garbi ikusiko lukete errepublikaren aldeko borroka haien bizi baldintzak aldatzeko borroka dela, kapitalismoa akabatzekoa. Horrela metatu ahal izango dira garaipena lortzeko behar diren indarrak.
Alternatiba iraultzaile, internazionalista eta komunista baten garaipenerako baldintzak hor daude, baina zuzendaritza irmoa behar dugu, hitzak ekintza bihurtzeko, eta desobedientzia botere bihurtzeko. Lan horretan ari gara Esquerra Revolucionariako kideak!