Sozialismoan bakarrik ekidin dezakegu!

Ekainaren amaieran Kanada eta AEBak astindu dituen muturreko bero-boladak mundua shock egoeran utzi du, eta mahai gainean jarri du ekoizpen kapitalistak bultzatutako klima-aldaketaren ondorioz gizateriaren gainean dagoen mehatxu larria.

Muturreko tenperaturak 49,5ºC-raino iritsi dira, eta aurreko errekorrak baino 5º gehiago igo dira (komunitate zientifikoa shock egoeran utzi duen benetako mugarria). Fenomeno suntsitzaile horrek kalte ikaragarriak eragin ditu: 800 heriotza Columbia Britainiarrean, eremu kaltetuenean, eta beste 200 baino gehiago AEBetako Oregon eta Washington estatuetan; Kanadako 1.000 milioi itsas animalien heriotza;  eta dozenaka sute, milaka hektarea erre dituztenak. Kasurik latzena Lytton izan da, biztanle gutxi dituen herri txiki bat, sutearen ondorioz erabat kixkalita geratu baita. 1850etik inoiz ikusi gabeko egoera da (erregistroak existitzen direnetik).

Muturreko bero-bolada hau zorrotada polarreko korrontearen "itotzea"-ren emaitza da [1]. Berotze globalak murriztu egiten du korronte horien arteko tenperaturen aldea, ahuldu egiten ditu eta muturreko gero eta gertaera larriagoak eragiten ditu. Siberiak berak, Zirkulu Polar Artikoaren parean, 48ºC-rainoko tenperaturak bizi izan ditu eta permafrostaren urtzearen inguruko beldur guztiak aireratu ditu [2]. Une honetan, bero bolada berri batek AEBetako hego-mendebaldea zeharkatzen du, Kaliforniako Heriotzaren Haraneko basamortuan 54,4ºC-ra iritsi delarik.

"Negozio berdeen" antzerkia

Aspalditik dira ukaezinak klima-krisiaren eta tenperatura-igoeraren ondorioak, eta kapitalismoak haren larritzean duen erantzukizuna. Baina azken hamarkadan, eta bereziki 2015etik aurrera, gertakarien abiadura basatia izaten ari da. Inoiz erregistratu diren 6 urterik beroenak 2015etik [3] hona gertatu dira,  2016, 2020 eta 2019 urteak  historiako beroenak direlarik (ordena horretan). Parisko Akordioa paper bustia da jada. Berotegi-efektuko gasen isuriak murriztu ez ezik, etengabe hazten ari dira. Izan ere, dagoeneko onartzen da erritmo horretan Parisko Akordioan ezarritako tenperaturaren maximo globala (1,5ºC) lortuko dela 5 urteko epean.

Egoeraren larritasunak, milioika lagunentzat erabat agerikoa dena, behartu ditu bankuak, multinazional handiak eta Gobernu kapitalistak "iraultza berdearen", "energia berdeen" eta "auto berdearen" leloak hauspotzera. Hala ere, gure begien aurrean “antzerki hutsa” ikusten ari gara: alde batetik, monopolio kapitalista handiek haien etekinak babesten jarraitzen dute, eta bestetik, ingurumenaren degradazioan duten erantzukizun osoa estaltzeko propaganda-estrategia martxan jarri dute.  Duela gutxi egindako txosten baten arabera, G7ko ekonomien burtsa-indizeetako bat bera ere ez dator bat Parisko Akordioaren indizeekin, eta horrek tenperaturak 2,95 ºC-tik gora igotzen laguntzen du, eta AEBetako eta Kanadako burtsen kasuan, 3ºC-tik gora. [4]

Horren adibide dira "bonu berdeak". Bankuek eta multinazional handiek ingurumenaren aldetik jasangarriak diren proiektuak finantzatzeko egiten dituzten zor-isuriak dira. Europako Banku Zentralak berak esan duenez, Europako inbertsio-funtsen aktiboen %1 baino ez dira "finantza ekologikoak" izendatzeko modukoak, eta "bonu berde" horien eta CO2 isurketen murrizketaren arteko erlazioa "ez dago argi eta garbi ezarrita". EBZk berak kritikatu duenez, horrek "greenwashing" estrategia gisa baino ez du balio izan, bankuak eta multinazionalak aldaketa klimatikoa geldiarazteko eragile gisa ager daitezen. Izan ere, inbertsio-funtsek eta bankuek sektore kutsatzaileetan egindako inbertsioak handitu dituzte azken 6 urteetan, 700.000 milioi eurotik 1,3 bilioira. [5] Europako Banku Zentralak noski, zinismoz kritikatzen du hori, egoeraren arduradun nagusietako bat baita.

Kanadako presidente den Justin Trudeauk (Alderdi Liberala) klima aldaketaren aurkako borrokaren eredutzat jotzen du bere burua. Baina errealitateak bere propaganda gezurtatu du. Kanadako CO2 isurketak %0,2 igo ziren 2019an, eta %1,1 soilik murriztu dira azken 15 urteetan. Kanada munduko laugarren petrolio ekoizlerik handiena da eta erreserba handiak ditu mendebaldeko Saskatchewan eta bereziki Alberta probintzietan, non petrolio industriako magnateek modu basatian ustiatzen dituzten lur bituminosoak. Honi esker benetako dirutzak metatzen dituzte. Trudeauk hori baimendu ez ezik, sustatu ere egiten du. Aurten, Environmental Defence talde ekologistak argitaratutako txosten baten arabera, 2020an Kanadako gobernuak 18.000 milioi dolar (12.000 milioi euro baino gehiago) eman zizkien petrolio-oligarkei. Gainera, Trudeauk gogotsu babestu du TransMountain oliobidearen hedapena, eta Trumpekin Keystone XL oliobidea eraikitzea adostu zuen, petrolioa AEBetako findegietara eramateko.

Bestalde, presio sozialaren ondorioz, Bidenek Trumpen proiektu lotsagabeenetako batzuk geldiarazi ditu, eta Parisko Akordioa sinatu du. Hala ere, argi dago klimaren goi-bileretatik ez direla nahikoa neurri eraginkor ateratzen, eta gobernu ezberdinek sistematikoki ez dituztela betetzen, batez ere iparramerikarrek. Joe Biden Wall Streeteko ordezkari leiala da eta planeta suntsitzen ari diren oligarkentzat ere gobernatzen du. Horietako askok, hori bai, negozio-aukera izugarria ikusten dute "ekonomia berdean", inolako konpromisorik hartu gabe.

Sistema kapitalistan lege bakarra dago bankuentzat eta monopolio kapitalista handientzat: etekinak maximizatzea, dena delakoaren kontura, dela ingurumena, dela langile klasearen muturreko esplotazioa. Ekoizpenari irizpide sozialak edo ekologikoak aplikatzen edo ezartzen saiatzea, enpresa handi horiek beren irabazien zati bati borondatez uko egin diezaiotela esperoz,  utopia erreakzionarioa da, ez da betetzen ari eta ez da beteko. Egunetik egunera gero eta nabarmenagoa da Gobernuen erabateko ezintasuna, edozein delarik ere, aurrean dugun hondamendi klimatikoari aurre egiteko.

Ekologikoki eta sozialki ekonomia planifikatzeko, kapitalistak desjabetu behar dira!

Espainiako Estatuaren kasuan, Gobernu "aurrerakoiak", eta, bereziki, UPko ministroek, aho bete hortz jarraitzen dute trantsizio ekologikoaz eta ekonomia iraunkorra bermatzeko paradigma ekonomikoaren aldaketaz hitz egiten, baina ez da neurri eraginkor eta serio bakar bat ere hartu zentzu horretan. Europako Funtsak banatzeko araudiak berak epeak eta ingurumen-kontrolak murriztu ditu. Baina, gainera, ingurumen krisia are larriagoa egingo duten proiektu izugarriak onartzen jarraitzen da, hala nola Muga izeneko potasa meategia (Zaragoza eta Nafarroa artean), Estatu mailako lurpeko meategi handiena, benetako sarraski ekologikoa, ekologistek eta bizilagunek ere salatu duten moduan.

Duela gutxi, Alberto Garzonen Kontsumo Ministerioak haragiaren kontsumoari buruz kontzientziatzeko bultzatutako kanpainaren inguruko polemika izan dugu. Egia da abeltzaintza-industria, monopolio handi apur batzuen eskuetan, munduko kutsatzaileenetako bat dela. Jakina, Pedro Sanchezek kanpaina honi emandako erantzuna, "txuletoi on baten" irrikaren lerdea,  irain eta iseka higuingarria da. Hala ere, Garzonek egiten duen bezala, kontsumitzaileak, hau da, langileak seinalatzea, langile familia askok kalitatezko haragia jateko aukerarik ere ez dutenean, benetako adar jotzea da.

Klima aldaketak izen abizenak ditu. Benetako hondamendi klimatiko horri aurre egiteko, ez du balio Legebiltzarrean adierazpenak onartzeak edo kontzientziatzeko publizitate-kanpainak egiteak; aitzitik, arazoaren sustraira jo behar da, eta gizartea naturarekin orekan antolatu. Hori posible da soilik bankuak eta kapitalista handiak desjabetuz eta ekonomia planifikatuz. Ekoizpena eta banaketa ezin da multinazional multzo baten epe laburreko interesean oinarritu. Herritarren behar sozialetan eta planetaren behar ekologikoetan oinarritu behar da. Bai, sozialismoa da bide bakarra!

[1] La ola de calor en Canadá y EEUU, propia de Oriente Medio, es un aviso climático del Planeta

[2] Etengabe izoztutako lurzoru-geruza, baina ez beti izotzez edo elurrez estalia, eskualde oso hotz edo periglaziarretan, tundra kasu.

[3] El año 2020, el más cálido de la historia empatado con el 2016

[4] Ni un solo índice bursátil de los países del G-7 cumple el Acuerdo de París

[5] El BCE critica el 'greenwashing' en el sistema financiero y pone en duda la eficacia de los bonos verdes

[6] El Gobierno aprueba la mayor mina subterránea de España a pesar de su impacto ambiental