Azken urteetan, batez ere, 2008an hasitako krisiaz geroztik, ustelkeria kasuak nagusi izan dira albistegietan, prentsako lehen orrietan eta telebistako eztabaidetan. Hirigintza espekulazioarekin boom garaian aberastutako pertsonaia asko, eta baita administrazio publikoaren kontzesioak izan zituztenak eta uneko gobernuaren lagunak izateagatik enpresen kontratu multimilioidunak izan dituzten beste asko orain eskandalu politikoetan murgilduta daude.

Hauen artean diren batzuek ez dute beren patuan bakarrik egon nahi eta beren adierazpenekin alderdi politikoak, Estatuburua bera, erakunde parlamentarioak eta justizia zipriztindu dituzte. Ustelkeria gangrena balitz bezala ari da zabaltzen, eta sistema kapitalistaren eta Trantsizio deiturikoaren ostean eraiki zen erregimenaren krisi sakona islatzen du.

Azken asteetan Barcenasen kasua izan da entzutetsuena: batetik, PPko diruzain ohia Gürtel kasuan inputatu dute Suitzako banku batean 22 milioi euro zituela jakin ostean, bestetik PPren ustezko finantziazio ilegala agerian geratu da eta, azkenik, diru beltzez betetako gutun-azalak ematen zizkien gobernuko kide esanguratsuei, esaterako Raxoi presidenteari. Honekin guztiarekin, Barcenasek agerian utzi ditu, besteak beste, PPren eta botere ekonomiko eta finantzario handien artean dagoen lotura, finean, azken hauek dira euren politika zehazten dutenak. Gorantz doan kapitalaren erregimen politikoaren deskonposizio dinamika honetan, monarkia ere zipriztindu da Noos kasuaren inguruko ikerketa dela eta.

Ustelkeria

Carlos Garcia Revenda, infanten idazkaria, Noos-eko diruzain ohia eta 2003-2006 urteen bitartean bertako zuzendaritzako kidea izandakoa, eta Cristina Borboikoa infanta eta Urdangarinen emaztea dira azken inputatuak eta epailearen aurrean deklaratzen azkenak. Errege-etxeak diru publikoaren lapurretarekin, iruzurrezko kontratuekin eta infantak Urdangarinek egindako iruzur fiskalarekin izan litzakeen lotura guztiak ukatu ditu. Hala ere, adierazpen hauek Diego Torres Urdangarinen kide ohiak esandakoekin kontrajartzen dira; izan ere Castro epaileari Zarzuelaren eta, bereziki, erregearen mezu elektroniko batzuk erakutsi zizkion: bertan argi ikusten da erregeak bazuela Urdangarinen negozioen berri eta babesten zuela. Era berean, mezu hauetako batzuek Urdangarinen eta Corinna Zu Sayn-Wittgenstein alemaniar printzesaren arteko harremanari egiten diote erreferentzia. Emakume hau izan zen iazko apirilean erregeak aldaka hautsi zuen Botswanako elefante ehizaldira lagundu ziona. Azken informazioen arabera, Corinna nazioarteko komisiolaria da, negozio handien bitartekaria, bai obra publikoen kontratu multimilioidunetan eta bai armen salerosketan aritutakoa. Irabazi handiko ekintza hauei esker, Juan Carlos I.a Espainiako erregearen “lagun on” izateko aukera izan du. Halaber, Corinnak Apollonia Asociates gidatzen zuen, gobernuak, erakundeak eta pertsona garrantzitsuak “aliantza estrategikoak” lortzeko helburuz harremanetan jartzeaz arduratzen zen enpresa, alegia. Gainera, El Mundo egunkariari baieztatu dionez, espainiar autoritateentzat garrantzia handikoak diren gaietan ere lan egin du, eta harropuzkeriaz krisi politikoak konpondu dituela aitortu du. Era berean, Noos-ek antolatutako iruzurretan parte hartu zuela jakin ahal izan dugu, besteak beste, Valencia Summit-en, eta gerora erregearen eskariz, Urdangarini Laureus fundazioan lana aurkitzeaz arduratu zen. Honegatik bakarrik, 250.000 euro irabazi zituela dirudi.

Bai Juan Carlos I.ak Urdangarinen abentura enpresarialen alde egindako guztiak (babesleak aurkitu, lagunak erabili…) bai printzesa alemaniarrak egindako baieztapenek azken hogeita hamar urteetan ezkutuan egon den eztabaida azaleratu dute: zein da monarkiak sistema kapitalistan jokatzen duen papera?

Erregearen negozioak

“Espainiar guztiak” ordezkatzen dituela dioen diskurtso ofizialetik haratago, ez da asko ikertu behar erregeak ordezkatzen dituen bakarrak multinazional handietako ordezkariak eta kontseilariak direla. Ezagunak eta entzutetsuak dira bai PPren gobernuko bai PSOEren gobernuko Kanpo Ministerioak mundu osoan zehar antolatutako bidaiak. Hauetan Juan Carlos I.a enpresa espainiarren ordezkariekin joaten da atzerrian diren negozioei mesede egiteko. Hain zuzen ere, multinazional hauetako bat da Telefonica, eta bertako ordezkari eta presidente Cesar Alierta arduratu zen Urdangarini egoera okertu zitzaionean AEBetan lana aurkitzen erregearen eskariz. Are gehiago, ez dirudi kasualitatea denik apiril hasieran Juan Carlos I.ak eta Qatarreko Emirrak Navantia ontzi enpresarekin 3.000 milioi euroko kontratua sinatu ondoren, Urdangarini Qatarreko eskubaloiko selekzioko hautatzaile izateko eskaintza egin izana, hau onartuko balu, urteko 800.000 euro kobratuko lituzke Urdangarinek.

Erregearen ekintzak beti “aberriaren aldekotzat” hartzen dira, baina enpresa handien irabaziak hazteko besterik ez dira. Hain zuzen ere, Errege-etxearen opakotasuna Estatu sekretuaren parekoa bada ere, erregeak eduki dezakeen aberastasunaren berri izateko zantzuak badaude: 2003an Forbes aldizkariak argitaratu zuenez, Juan Carlos I.ak 1.790 milioi euro zituen orduan, Europako monarka aberatsenen artean seigarren postua eman zion, eta munduko aberatsenen artean 134. postua. Datu honek bateraezina dirudi, printzipioz eta Konstituzioaren arabera, duen errege betebeharrarekin.

Egunkarietan agertzen den informazioa gainbegiratuta, errege familiak bai “demokrazia” garaian bai honen aurretik pilatu duen ondasunen berri ere izan dezakegu:

- 1962 inguruan, Sofiarekin ezkondu zela eta, Luis Vallas Tabernerrek “herri harpidetza” izenekoa jarri zuen abian ezkonberrien alde. Ekarpen honetan frankismoko bankari, noble eta enpresariek parte hartu zuten.

- Artean Frankoren garaian, orduko Ekonomia ministro zen Antonio Barrera Irimok printzeari eskaera egin zion Saudi Arabiako Fahd printzearekin bitartekari lanak egin zitzan petrolio kopuru handiagoa berehala lortzeko. Bitartekaritza lan honen ondoren, arabiar printzeak hauxe baieztatu zuen: “Esaiezue nire anaia Juan  Carlos printze jaunari Espainiak behar duen petrolio guztia bidaliko diogula”.  Lan honen truke, Juan Carlos I.ak Espainiak esportatzen zuen petrolioarengatik komisio bat kobratzen hasi zen, eta Fahd printzeak 1976an yate bat oparitu zion.

- Ruiz Mateosi Rumasa desjabetu ondoren, honek baieztatu zuen bai berak eta bai beste enpresariek emandako milaka milioi onartu zituela erregeak.

- Era berean, ezagun da bere Fortuna yatea Mallorcako enpresari batzuk ordaindu eta oparitu ziotela 17,5 milioi dolar batu ondoren.

-Juan Carlosek 50 urte bete zituenean, enpresari katalan batzuek 24 milioi euroko Porsche Carrera oparitu zioten.

- BMW etxeak merkaturatzen diren zilindrada altuko kotxe guztiak oparitzen dizkio erregeari.

Errege etxearen negozioak, botereak, eraginak, espainiar enpresa handien ordezkari eta defendatzaile bezala jokatutako paperak eta ekonomikoki eta legalki duen pribilegiatu estatusak erakusten dute monarkia kapitalismoaren babesle sutsua dela.

Juan Carlos I.a: Francoren oinordeko

Erregearen iraganak eta orainak erakusten dute Francok eta burgesiak ezarritako erakunde honen benetako aurpegia zein den, eta argi geratzen da kapitalismoaren biziraupena bermatzeko helburuz egin zutela 70. hamardako testuinguru aurre-iraultzailean.

1969ko uztailaren 22an, diktadorea falangistek osatzen zuten Gorteetara joan zen bere oinordekoa izendatzera, eta honelaxe esan zuen: “Uste dut iritsi dela ordua ni errege tituluarekin ordezkatuko nauen pertsona Juan Carlos Borboiko printzea izendatzea. Bere goi misiorako formazio egokia jaso eta Ejertzitoan parte hartu ondoren, bere patriotismo garbia eta Mugimendu Nazionalaren Printzipioekin eta Erreinuaren Oinarrizko Legeekin duen identifikazioa nabarmen erakutsi ditu”. Bestalde, Gorte frankistek diktadorearen oinordeko izendatu ondoren, Juan Carlosek ondoko hitz hauek esan zituen: “(…) Argi dut zein den nire ardura, errege izango naizen honek oinordeko gisa hitz eman dut Estatuburu Txit Gorenarekiko leiala izango naizela, baita Mugimendu Nazionalaren Printzipioekin eta Erreinuaren Oinarrizko Legeekin. Lehenik eta behin, adierazi nahi dut Franco Generalisimoaren eta Estatuburu Txit Gorenarengandik jasotzen dudala 1936ko uztailaren 18an  gure aberriaren patua zuzentzeko tristeak baino beharrezkoak ziren horrenbeste sakrifizio eta sufrimendurekin sortu zen legitimitate politikoa (…) Benetako bidea aurkitu eta gure geroari norabide argia eman izana da Espainiak ezagutzeko aukera zoragarria izan duen, eta luzerako izan dadila, gure gizon ezohiko honen obra, gure politikaren errektore (…) Nire Generala: nire ikasketak aberriaren zerbitzura hasi nituenetik, betebeharra betetzeko konpromisotik kontzientziaren aginduzko exijentzia egiten ahalegindu naiz. Sor ditzakeen sakrifizio handiez gain, seguru nahiz nire pultsuak ez duela dardarik egingo zin egin berri ditudan lege eta printzipioak defendatu behar ditudanean!”.

Juan Carlos I.a, On Juan Borkoikoaren eta Bartzelonako dukearen semea eta Alfontso XIII.aren biloba, umetatik prestatu zuten diktadorearen oinordeko izateko eta kapitalismoaren interesak defendatzeko. 1948an bertan, Francok orduan Portugalen erbestean zegoen Juan Carlosen aita konbentzitu zuen semea Madrila bidal zezan ikasketak egitera eta bere prestakuntza hastera; lehenik horretarako bereziki sortutako burgesiaren seme-alabentzako ikastetxe berezietan, eta gerora espainiar Indar Armatuetan. Hau islatzen da 1954an On Juanek Frankori bidalitako gutunean, bertan semeak izan behar zuen hezkuntzaz hitz egiten baitzuten. Francok bidalitako mezuan eskatzen zion “pentsa zezala Borboi etxeko infante batek egin beharreko ikasketen baldintzez eta gaur nazioa gidatzeko eta honek behar duen errespetua, konfiantza eta herriarekiko maitasuna mantentzeko izan beharreko ezagutzaz”.

Gainera, diktaduraren urteetan, oraingo erregeak Franco ordezkatu zuen hainbat ekitaldi ofizialetan, esate baterako 1973ko uztailaren 18an ospatu zen Altxamendu Nazionalaren urteurrenean. Diktadorea hil eta bi egunen buruan, 1975eko azaroaren 22an, Juan Carlos errege izendatu zuten eta Gorte frankisten aurrean Mugimendu Nazional faxistaren printzipioaren zina egin zuen.

Nola lortu ziren eskubide demokratikoak?

Azken berrogei urteetan, monarkiaren itxura mimo eta arreta handiz zaindu dute. Parlamentuko alderdiek, telekomunikabideek, historialariek, zine zuzendariek, testu liburuek, etab. Juan Carlos I.a eskubide demokratikoen eta diktaduratik demokraziarako aldaketaren arduradun nagusi bezala aurkeztu dute. Espainiako burgesia Trantsizioaren inguruko mitoa zabaltzen ahalegindu da, eta bertan akordioei eta, bereziki, erregearen eta Adolfo Suarez (Mugimendu Nazionaleko kide garrantzitsua izandakoa) bezalako estatuko beste gizon itzaltsuen parte hartzeari esker, diktadurari amaiera eman zitzaiola erakutsi nahi izan dute.

Dena dela, hau guztia egia izatetik urrun dago. Guztiek ahazten dute 70. hamarkadan estatu espainiarrak klase arteko borrokaren gorakada ikaragarria bizi zuela. Frantziako eta Italiako mugimendu iraultzaileen eta 1974ko Portugalgo Krabelinen Iraultzaren eraginez, milioika gazte eta langilek berrogei urtez iraun zuen diktadurarekin eta Francok ordezkatzen zuen dominazio kapitalistarekin bukatzeko helburu zuten mobilizazio historikoak eta borroka oso gogorrak eraman zituzten aurrera. Egoera horretan, langile mugimenduaren prestutasuna eta bultzadak zalantzan jarri zuen kapitalismo espainiarra.

Burgesiak galtzeko aukera asko zuen egoera honetan, nahiago izan zuen bere interesak, alegia, ekonomia espainiarraren oinarrizko palankak eta botere politikoa bere kontrolpean egotea bermatuko zituzten erreforma batzuk onartzea. Helburu honetan, diktadura frankista Juan Carlos I.a buru lukeen erregimen monarkiko konstituzional batekin ordezkatzea zen bidea, guztia mehatxu iraultzailea parlamentarismo burgeserantz desbideratzeko.

Diskurtso ofizialak besterik esaten badu ere, erregeak ez zuen inolako esperantzarik sortzen langile mugimendurengan, hain zuzen ere herritarren artean Juan Carlos El breve izenez ezagutzen zuten, gutxi iraungo zuelakoan. Beren asmoak aurrera eraman nahian, burgesiak eta estatu aparatu burgesak langile klasearen aurrean autoritatea zuten agintarien babesa eta onarpena behar zuten. Hori dela eta, ezkerraren ordezkari eta indar politiko nagusi zen PCEko agintariek zuten eragin guztia erabili zuten Juan Carlosen irudia garbitzeko; orduan alderdi komunistak PSOEk baino eragin handiagoa zuen langileriaren artean. Gobernuaren eta ezkerreko alderdien agintarien arteko elkarrizketaren ondorioz, frankismoaren krimenak zigortu gabe geratu ziren, eta hutsuneak izan arren, eskubide demokratikoak lortu baziren ere, gizartearen eraldaketa sozialistaren aukera zapuztu zuten demokrazia kapitalista “sendotzeko”.

Klase kolaborazioaren politikak Juan Carlosen monarkiaren sostengu

1956an PCEko Komite Zentralak idatzi zuen adierazpen garrantzitsu batean Baketze Nazional Politikoaren ildoa zehaztu zen, eta hau izan zen 70. hamarkadan alderdi komunistaren politika gidatu zuen programa. Klase arteko kolaborazioaren politika honek kritika gogorrak eragin zituen PCEren baitan, eta 1974ra arte ezin izan zuen praktikan jarri. Orduan, PSOErekin batera Platajunta Democrática eratu zuten. Bertan kapitalismoaren oinarriak ukitu gabe mantenduko zuen erreforma politikoa diseinatu zuten estatu espainiarreko masak borroka iraultzailean murgilduta bazeuden ere. Erreforma honek ekoizpen baliabideen jabetza pribatua eta diktadurako krimenen arduradunen inpunitatea bermatu zituen.

PCEko eta PSOEko agintariak aktiboki parte hartu zuten 1978ko Konstituzioaren sortze prozesuan, nahiz eta honek mugimenduaren aldarrikapen nagusiak baztertzen zituen, besteak beste, nazionalitate historikoen autodeterminazio eskubidea, eta ejertzitoari aberriaren batasun “sakratua” mantentzeko ahalmena ematen zion. Era berean, lan, etxebizitza, osasun eta hezkuntza publikoaren eskubideak edukiz hustu zituzten. 1978ko Konstituzioak jabetza kapitalista eta burgesiaren botere ekonomiko eta politikoa bermatzen zituen, eta, besteak beste, Francoren eta monarkiaren bandera nazionala onartzen zuen. Era berean, PCEko eta PSOEko agintariak baiezkoaren alde agertu ziren 1978ko abenduaren 6ko erreferendumean. Langile mugimenduaren zuzendaritzaren jokabide honekin, baiezkoak irabaztea saihestezina zen, baina ezin izan zuten saihestu %35ko abstentzioa izatea, hain zuzen ere, Euskal Autonomia Erkidegoan abstentzioa nagusitu zen. Horrela izan zen posible diktadura botatzen protagonistak izan ziren gazteriari eta langileriari erregearen figura inposatzea, eta horrela uler daiteke PCEren afiliazioa, 1978an zituen 250.000tik, 1985ean 67.000 izatera jaitsi izana.

Monarkiaren aurka eta sozialismoaren alde!

Erregearen irudian ikus litekeen bezala, Francoren heriotzaz geroztik osorik mantendu ziren epaileak eta ejertzitoko eta poliziako agintariak. Orduko elementu faxistak gaurko estatu aparatuan jarraitzen dute. Arlo politikoan, Francorekin karrera egin zutenen deitura berberak ageri dira PPko goi karguetan, baina baita ministerioetako egitura hierarkikoan ere. Diktadura odoltsuan, milioika langile zapalduz ikaragarrizko aberastasuna lortu zuten familiek gaur bankuen, multinazional handien, era guztietako enpresen administrazio kontseiluetan eta CEOEn jarraitzen dute. Hau da estatu espainiarreko monarkiaren herentzia.

Errege-etxeak ustelkeria kasuekin duen ustezko lotura dela eta, “monarkiaren demokratizazioa” eta erregeak abdika dezala Felipek erakundea erreformatu eta galdua duen sinesgarritasuna berreskuratzeko eskatu duenik bada. Bai eskuinean, bai PSOEko zuzendaritzan, baita prentsa arrosan ere ikaragarria da monarkiaren “itxura ona” mantentzeko, iritzi publikoaren aurrean justifikatzeko eta monarka “espainiar guztien” ordezkaria dela erakusten duten nahasmena.

Justizia ekonomiko eta soziala defendatzen dugunok ez dugu arazotzat hartzen monarkia modernoa eta gardena den ala ez. Jakina, eskandalagarriak dira erregeak pilatu duen aberastasuna eta ustelkeriarekin duen lotura; are gehiago bizi dugun krisi garai honetan. Oinarrizkoa da ulertzea, hala ere, erakunde hauen egitekoa interes kapitalistak defendatzea dela, hau da, esplotazio sistema honen, kapital finantzarioaren diktadura defendatzea.

Erregeak estatu espainiarreko dominazio kapitalista irudikatzen du, baina arazoa ez da erregea bakarrik. Oinarrizkoa arazoa orden kapitalista bera da. Horregatik eraldaketa sozialistaren alde borrokatzen dugunok ez gara konformatzen “Errege-etxearen demokratizazioarekin”, ezta errepublika soilekin ere. Ezin dugu ahaztu 30. hamarkadan oraingo erregearen aitona zenarekin gertatu zena. Orduan, burgesiak Alfontso XIII.a sakrifikatu zuen klase arteko gorakada zela eta. Betiko monarkia zaleak, betiko errepublika zale bilakatu ziren. Ezbairik gabe, antzeko egoera batean, burgesiak ez luke zalantzarik izango modu berean jokatzeko, horrek aldaketa sozial sakonak saihestuko baditu. Gure ingurura begiratzen badugu, ikusiko dugu errepublikez inguratuta gaudela, baina horrek ez du eragozten fortuna handia dutenek, bankak eta monopolioek agintzen jarraitzea. Arazoa kapitalismoa da, eta honen aurka zuzendu behar ditugu gure indarrak, ekonomiako palanka handiak gizartearen gehiengoaren, gazteen eta langileen intereserako, eta ez multimilioidun gutxi batzuen intereserako, jarriko dituen gizarte baten alde politikoki antolatuz. Monarkiaren aurka borrokatu behar da, noski, baina justizia soziala defendatuko duen gizarte sozialistaren alde. Eta horretarako monarkia espainiarra eta nazioarteko burgesiak horrenbeste defendatzen duen ekoizpen baliabideen jabetza pribatuaren abolizioa ekarriko duen justizia ekonomikoa lortu behar da.