Batasun nazionala eta klase arteko kolaborazioa erreakzioa hauspotzen duten politika okerrak dira

Maiatzaren 23an, larunbata, Salamancako auzo elitista Espainiako banderekin eta sinbologia faxistarekin tuneatutako 6.000 luxuzko autoz bete zen. Ultraeskuinaren oinarri soziala ekintza betean erakusten zuten, golf-makilekin eta txoferrekin askatasuna aldarrikatuz “Viva Franco” oihukatzen zuten bitartean, langileen bizitzarekiko mespretxu osoa agertuz, eta klaseko gorroto guztia koalizio gobernuaren aurka.

Abascalen eta Casadoren apustu nagusia "Espainiako kaleak betetzea" zen, baina estatu mailako mobilizazioa, kasurik onenean ere, oso urrun geratu zen euren helburutik. Hala ere, ultraeskuinaren erasoaldia ez da bere kabuz desegingo: beharrezkoa da langileen eta gazteen mobilizazio irmoa.

Patronalaren alderdia, “askatasuna” eta “Viva Franco” oihukatuz

Eskuinaren amorrua euren irabazi-iturriek ezin dutelako errendimendu osoan funtzionatu piztu da. Euren langileek familia kontziliazio neurriak eskatzen dituzte eta ezin dute nagusi hauei gustatuko litzaieken bezain beste ordu lan egin, euren hotel handiak turistarik gabe daudelako, bertako jatetxe, denda, zinema, diskoteka, gimnasio kateak etab. kaltetuta daudelako.

Ez diote uko egingo beren irabazi ekonomiko lodiei, eta badakite onena langile klasea estutzen jarraitzea dela. Gutxi iruditzen zaie zirkinik gabe Gobernuak IBEXari, bankuei eta enpresei eman dizkien 100.000 milioi euroak; ez dira konformatzen diru publikotik ehunka mila ERTE ordaintzearekin, haiek sosik jar ez dezaten. Eta lan-erreforma indargabetzeaz hitz egiten bada, haserre bizian jartzen dira. Krisia eta gaixotasuna pairatzen ditugunoi ematen dizkiguten ogi apurrak ere iraintzat jotzen dituzte. Dena nahi dute.

Patriotismoak, Konstituzioak eta “eskuin zentzudunak” ez dute erreakzioa borrokatzeko balio

PSOE-UP Gobernuak "batasun Nazionala" defendatzen du, krisi honetatik "denok batera" atera behar dugula baitio. Baina zer zerikusi dute Neguriko burges baten eta Otxarkoagako langile baten arazoek? Klase arteko batasuna goratzea –enpresariak eta langileak batera– eta "zentzuzko eskuina" dagoela eta horiekin kontatu daitekeela esatea, langileria ideologikoki desarmatzea eta begietara kea botatzea da.

Gobernu honek ere harro esaten du Konstituzioa dela eskuin muturra garaitzeko tresnarik onena. Baina azken urteotan argi ikusi dugu 78ko erregimeneko erakundeek, hala nola monarkia eta auzitegiak, Ibex 35aren boterea finkatzeko, herria zapaltzeko eta ultraeskuindarren oinarri soziala bultzatzeko eginak daudela.

Ez. Ez Konstituzioarekin, ez poliziarekin, ez justizia burgesarekin, ez frankistaz jositako eta elite kapitalistaren zerbitzura dagoen Estatuaren aparatuarekin, ez dugu geldiaraziko gure eskubideen aurkako erasoaldia. Amancio Ortega bezalako enpresariak goraipatuz edo CEOEren erantzukizuna eta abertzaletasuna ospatuz, euren eskaera guztiei amore ematen zaien bitartean, egiten den gauza bakarra gehiago balora daitezen laguntzea da. PSOE, UP eta CCOO eta UGTko buruzagien estrategia honek ez du balio, eta horri eutsiz gero, eskuin muturraren demagogiak okerrera egingo du hondamendi sozialeko testuinguru honetan, eta erreakzioa indartsuagoa izan dadin eta Gobernua berreskura dezan bidea zabalduko du.

Horregatik, premiazkoa da UPk lehenbailehen akatsa zuzentzea, bere oinarri sozialaren helburuei erantzutea eta klaseen arteko lankidetzaren estrategiarekin haustea. Horrek, enpresari handiei, bankuei eta eskuinari soilik egiten die mesede.

Erreakzioa geldiarazi mobilizazio irmoarekin. Inolako itunik ez eskuinarekin eta patronalarekin!

Vox, PP eta patronalaren aurka borrokatzeko behar duguna klaseko alternatiba politiko bat da, benetan sozialista, sistema horren logika usteldua apurtzen duena eta langileen eta gazteen indar ikaragarrian oinarritzen dena.

Ezkutu sozial bat nahi dugu, baina benetakoa: osasun pribatua eta farmazeutikoak nazionalizatzea eta milaka osasun-langile kontratatzea guztion osasuna defendatzeko; langileriak sortzen duen aberastasuna, eta gizartearen funtzionarazten duena, jendearen beharren zerbitzura jartzea, eta, horretarako, bankuak eta monopolio handiak nazionalizatu behar dira langileen eta haien erakundeen kontrol demokratikoaren pean. Hori da langabezia masiboarekin amaitzeko modu bakarra, herritarrentzako errenta minimoa bermatzeaz gain, 1.200 euroko langabezia-sorospena ere bermatzea, denei bizitza duina bermatzeko.

Unidos Podemoseko buruzagiek politika hori defendatuko balute, gure auzoetan batzorde antifaxistak eratzea sustatuko balute, bizitzen ari garen hondamendi sozialaren erruduntzat enpresariak joko balituzte, eta murrizketen eta kontrarreformen aurkako borroka bultzatuko balute, aparteko babesa aurkituko lukete. Politika antikapitalista eta benetan sozialista hau da mehatxatzen gaituen hondamendiari alternatiba bat eskaintzen dion bakarra.

Kapitalismoa ezin da erreformatu. Mobilizazio gogorrenaren bidez lortzen ditugun konkistak ere aukera duten bezain laster kentzen saiatuko dira: horregatik, erabat boteretik kentzeko borrokatu behar da. Haien instituzioek eta konstituzioek ez digute balio borroka honetan.

Sistema honek eta haren defendatzaileek gizartean eragiten duten hondamendiaren aurrean, alternatiba sozialista bat behar dugu, krisi honek eragiten digun miseria guztia hautsiko duena. Arma horrekin garaitzen da faxismoa! Hori da behar dugun estrategia, ezker politiko eta sindikal osoko fronte bakar batena, benetako programa sozialista eta antikapitalista duena, klase arteko kolaborazioarekin apurtuko duena. Hori da behetik bultzatu behar dugun eginkizuna — iraganeko esperientziari eta etorkizunari bizkarra ematen dioten aparatuak desbordatuz—, eskuinari bidea itxi nahi badiogu eta erasora jo nahi badugu. Hori da Ezker Iraultzailetik defendatzen dugun aukera. Hori da gure klaseak behar duen aukera!