Pablo Haselen askatasuna eskatuz milaka gaztek egin dituzten mobilizazioek lurrikara politikoa eragin dute. Muturreko indarkeria poliziala (Iruñea, Bilbo, Bartzelona, Madril, Valentzia eta beste hiri batzuetan) ezkutatu egin da, urrundik datorren kriminalizazio kanpaina zaratatsu baten atzean. Sistemak eta bere alderdiek jomugaren erdigunean jarri dute gazteria, baztertuz, pobretuz, langabeziara eta prekarietatera kondenatuz eta etorkizuneko ikuspegia kenduz. Errepresioa da Pedro Sanchezek eskaintzen duen irtenbide bakarra, enegarren aldiz amore emanez faxistez leporaino dagoen estatu-aparatu baten aurrean.
Hedabide mediatikoek Brigada Politiko Sozialaren buletinak gogorarazten dituzten gerra parteak kaleratu dituzte: antisistemak, independentistak, terroristak, biolentoak, gaizkileak... kaleei su ematen diete eta gure demokraziarekin amaitzen dute. Egunero eta ordu guztietan telebista, irrati eta egunkarietan, gertatutakoaren irudi manipulatuaz bonbardatu dute.
Aldi berean, botere mediatiko horrek berak, aho batez, Pedro Sanchezi Gobernuan ordena jartzeko eta Pablo Iglesiasi behingoz burua mozteko eskatu dio. Gobernagarritasun kapitalistari eustea, PP berreraikiz eta hondoratze laranjaren hondarrak berreskuratuz, badirudi burgesiako sektore zabalen artean gero eta pisu handiagoa duen aukera dela.
Klase borroka da
Klase arteko borroka berriz ere indar ikaragarriarekin azaleratu da. Otsailaren 14ean, eskuin espainolistak kolpe handia jaso zuen Katalunian: Cs eraitsi izana eta bere suntsipen politikoa, eta Voxen sorpassoa txundituta ikusi duen PPren emaitza txarrak, ez dira albiste makala. Ibex 35arentzat, pikutara joan da bere operazio politiko handienetako bat, eta eskuineko alderdi tradizionala, berriz, harrabots izugarria jasaten ari da, hain zuzen ere, egonkortasuna inoiz baino beharrezkoagoa denean murrizketen agenda inposatzeko.
Ezkerrera biratzea argi geratu da aste honetan kaleak bete dituzten manifestazioetan eta elkarretaratzeetan. Bankuen komunikabideek eta botere faktikoek ezker muturreko profesional "zalapartarien" esku zitala ikusten dute, eta haserre agertzen dira ordena eta legea urratu direlako. Zinikoak! Oso ondo dakite poliziak eragin duela indarkeria, bere jarrera oldarkorrarekin, modu baketsuan protestatzen ari ziren gazteei eraso egiteko bitartekoei erreparatu gabe.
Argi ikusten da hori sare sozialak betetzen dituzten hainbat eta hainbat bideotan. Madrilen, Izquierda Revolucionariako kideok eta Ikasle Sindikatuak paper oso aktiboa jokatu genuen asteazkenean, hilak 17, Puerta del Solen egin zen kontzentrazioan. Mobilizazioa hasi baino ordu erdi lehenago, plaza setiatuta zegoen, furgoi eta istiluen aurkako agenteez beteta, Estatu polizial baten modura. Poliziak oldarturik jokatu zuen hasiera-hasieratik, jendeari modu txarrean identifikazioa eskatuz, bai eta motxilak arakatuz ere, jarrera larderiatsuan.
Protesta oso giro baketsuan egin bazen ere, bost polizia-lokarrik inguratu zuten 10.000 bat gazte bildu ziren plaza, sarbideak blokeatuz. Ordubete eskas igaro zenean, leporaino armatutako istiluen aurkako polizia talde bat kargatzen hasi zen, bildutakoen zati bat Carretas kalera joaten saiatzen ari zenean, protestarekin jarraitzeko. Hortik aurrera, jakina da zer gertatu zen: frankismo berantiarreko garairik onenetan bezala, polizia-taldeak borrarekin joka hasi ziren 17, 18 eta 19 urteko gazteak kolpatzen, adierazpen askatasunaren alde agertzearen “delitu” hutsagatik eta rap abeslari bat Juan Carlos I.a lapurra eta ustela dela esateagatik kartzelan sartu dutenean.
Borra kolpeak hanketan, bizkarrean, buruan, bereizi gabe, baita kazetariei eta bertan zeuden oinezko soilei ere. Infiltratuak, liskarra bultzatuz aritu ziren eta gero beren borra luzagarriak atera zituzten, atzean geratutako gazteak jipoitu eta atxilotzeko, eta gero modu koldar batean istiluen aurkako poliziaren babesera joanaz. Jakina, amorruak gainezka egin zuen eta poliziaren indarkeriak erantzuna eragin zuen: edukiontzi batzuk erre eta erakusleihoak hautsi ziren. Zerbait berria al da hau?
Iruñean, Bilbon, Madrilen, Bartzelonan eta Valentzian gertatutakoa ikusita, nork erabaki zuen mobilizazio baketsuak horrela amaitzea? Erantzuna argia da: indar polizialek eta errepresio estrategia hau diseinatu zuten arduradun politikoek.
"Espainia bezalako demokrazia oso batean, indarkeria onartezina da"
Pedro Sanchezek argi eta garbi esan zuen gertakari horien inguruan: "Espainia bezalako demokrazia oso batean, indarkeria onartezina da". Hitz handiusteak eta gezurrez beteak. Daukaguna bezalako demokrazia kapitalista batean, botere ekonomiko handien zerbitzura eta frankismotik oinordetzan jasotako Estatuaren aparatu batek zainduta, noski indarkeria onargarria dela eta sistematikoki praktikatzen da klase agintariaren interesak defendatzeko.
2017ko urriaren 1ean bi milioi katalanek baino gehiagok erabakitzeko eskubidea baliatu eta errepublikaren aldeko botoa eman zutenean, PPren Gobernuak, PSOE, Cs eta Vox alderdiek bat eginda, milaka guardia zibil eta polizia bidali zituen, boto-paper bat hautestontzi batean sartu nahi zuten herritar baketsuen aurka indarkeriarik handiena erabiltzera. Hauteslekuetan dena apurtuz sartu ziren, gas potoak eta gomazko pilotak jaurtiz, familien, adineko jendearen, gizonen, emakumeen eta nerabeen aurka eginez. Indarkeria horrek greba orokorra eragin zuen bi egun geroago, urriaren 3an. Egun berean, Felipe VI.ak agerraldi publikoa egin zuen, argi uzteko ez zutela onartuko Kataluniako herriari demokratikoki eta askatasunez bere borondatea adieraztea.
Berehala etorri ziren epaiketak eta buruzagi independentisten espetxeratzea. Urte hauetan, poliziaren indarkeriak eta indarkeria judizialak ez dute su-etenik eman. Altsasuko zortzi gazteei kartzela zigor izugarriak ezarri zizkieten, zerbitzuz kanpo zebiltzan bi Guardia Zibilek hasitako tabernako liskar bategatik. Aldi berean, “La Manadaren” talde bortxaketaren epai lotsagarriak, mobilizazio masiboak eragin zituen. Rap abeslarien, txiogileen eta artisten aurkako epaiketa eta kondenek, Espainiako Estatua "mendebaldeko demokrazietan" iritzi delituengatik kondenatu gehien duen herrialdea bihurtu dute. Etengabe gertatu da sindikalisten eta ezkerreko ekintzaileen aurkako jazarpena, Alfon kasu, adierazpen eta manifestazio eskubideak erabiltzeagatik isunak jaso eta kartzela-zigorrak inposatuz.
Aldi berean, begi bistakoa da faxistek duten erabateko inpunitatea. Pedro Sanchezek esan digu Espainia bezalako demokrazia oso batean indarkeria onartezina dela. Baina kontu handiz ezkutatzen du 200 militarrek baino gehiagok, besteak beste jeneralek eta goi ofizialek, manifestu bat sinatu dutela monarkia defendatzeko estatu-kolpe batera deitua. Militar horietako askok 24 edo 26 milioi espainiar fusilatu nahi dituztela esan dute publikoki "arazoa konpontzeko". Polizian adierazpen faxistak ugaritu egin dira euren sindikatu nagusia den Jupolek (Voxetik gertu dago) bultzatuta. Eta, oso urrutira joan gabe, PSOEko Gobernu delegaritzako ordezkariak holokaustoari gorazarre egiteko nazien manifestazioa legeztatu zuen.
Estatu espainiarreko kapitalismoaren krisia gogor kolpatzen ari da. Milioika pertsonen aurka erabiltzen den indarkeria sistemikoa Pedro Sanchezek eta PSOEko buruzagiek mugitzen dute. Langabezia bost milioitik gorakoa izatea, gosearen ilarak gure hiriak betetzea, etorkinak mugara iritsi nahian hiltzea, Espainiar Estatuko gazteek Europako langabezia-tasa eta eskola-porrotaren tasarik handiena jasatea, independizatzeko, enplegu eta etxebizitza duin bat lortzeko aukera ukatzea, hori guztia, huskeria iruditzen zaie. Hori ez da indarkeria… demokrazia deitzen diote.
Eta gertaera horiek guztiek, errege emerituaren ihesa bezalako beste eskandalu batzuekin batera, (Borboi ustel horrek, urrezko erretiroaz gozatzen baitu bere harrapakin onarekin) Gobernuko kideen arteko tentsioa krisi ireki bihurtzea eragiten dute. Pablo Iglesiasek ez dugula normaltasun demokratikoa bizi salatzea irain onartezina egiten zaie, nahiz eta hori edonola ere oso motz geratzen den. Pablo Echeniquek txio bat idaztea gazte antifaxistekin elkartasunean, edo Rafa Mayoralek komunikabideek ematen duten indarkeriaren bertsioa zalantzan jartzeak, berriz ere martxan jarri du Pedro Sanchezi labana ateratzeko eta Pablo Iglesiasi burua mozteko eskatzeko kanpaina.
Idatzi askotan adierazi dugun bezala, burgesiak ez zuen PSOE-Unidos Podemos koalizio-gobernua nahi. Ez zen bere aukera. Baina PSOEren eta Csren arteko aliantza bat lortzeko maniobrek porrot egin zutenean, (eta ezin ahaztu Pedro Sanchez horren aldekoa zela), txarretik onena ateratzea erabaki zuen. 2020ko urtarrilean eratu zen Gobernuan, kapital handiak bere peoiak kargu estrategikoetan jarri zituen, Nadia Calviño Ekonomia Ministerioan adibidez, eta berriz ere lankidetzan hasi ziren beti zerbitzu handiak eman dizkien alderdiarekin.
Pandemia lehertu ostean, Ibex 35ek, CEOek, banku handiek eta EBk txalotu egin dituzte Gobernu honen erabaki estrategikoak. Ez da gutxiagorako. 200.000 milioi euro baino gehiago mobilizatu dituzte Espainiako monopolioak eta multinazionalak blindatzeko, eta “ezkutu sozialari” ezer konpontzen ez duten apur irrigarriak eskaini dizkiote. Lan kontrarreforma mantendu egingo da eta ez da indargabetuko. Mozal legeak indarrean eta oso indartsu jarraitzen du. Eta kontrarreforma berriak, hala nola pentsioak, eguneko gai-zerrendan daude.
Podemos Gobernuan mantentzea baliagarria da burgesiarentzat, betiere bake soziala inposatzeko eta PSOEren politika kapitalistei "aurrerakoi" itxura emateko balio badu. Klase agintariak Pablo Iglesias konpartsa gisa erabili nahi du, sozialdemokrazia tradizionalaren ezker hegala estaliz, eta, halaber, bera higatzeko, desakreditatzeko eta loitzeko.
Pablo Iglesiasen azken hitzaldiak edo Echenique edo Mayoralen adierazpenak berriketa eta oportunismo gisa interpretatzen ditu zenbaitek. Litekeena da. Baina, aldi berean, ukaezina da klase arteko borrokaren presioa ere adierazten duela eta Podemoseko hainbat buruzagik benetako ordua geroz eta gertuago dagoela uste dutela.
Podemosek politika antisozial, kapitalista eta errepresibo hauek legitimatzen baditu, Europako “laguntzen” eskutik doazen doikuntza eta murrizketak babesten baditu, PSOEri pandemiaren kudeaketa zitalarekin hilabete hauetan gertatu den bezala egiten uzten badio, aberatsei, bankariei eta osasun pribatuari eskua sartu gabe, bere patua idatzita dago. Podemosek aurrera pausu bat eman eta egoera jasanezin honekin hausteko unea da, hitzetatik ekintzetara pasa eta ezkerreko oposizio sendo batean kokatzeko unea.
UP alderdiko buruzagi askok ikaraz ikusiko dute proposamen hau. PCEren eta IUren aparatuari lotutako batzuk, Enrique Santiagok kasu, aste honetan polizia defendatzen eta gazteen mobilizazioa kritikatzen aritu dira. Oso eroso daude parlamentuan eta ministro gisa, baina oker daude pentsatzen badute historiara pasatuko direla Exekutibo honetan izandako lorpenengatik. Zenbat eta denbora gehiago eman haustura planteatzen, zenbat eta gehiago amore eman, orduan eta gehiago eramango ditu eskuinera PSOEren presioak.
Kontrolik gabeko osasun-krisia, espainiar Estatuak dagoeneko ehun mila hildako inguru pilatu izana, eskuinak hainbat autonomia-erkidegotan (EAEn bertan edo Madrilen, esaterako) duen harrokeria, errepresioa eta langileen auzo eta hirietan bizi dugun Estatu poliziala — duela egun batzuk Linaresen argi azaldu zena —, berandu baino lehen sistema eta erregimen usteldu honen aurkako amorru eta saminaren lehergai bihurtuko dira.
Gertakizun handietarako prestatu behar dugu, aurreko mendeko hogeita hamarreko hamarkadan gertatutakoen parekoak. Ez dago denborarik alferrik galtzeko. Borrokarako ezkerra eraiki behar dugu, garaiak eskatzen duen mailan egongo dena, historiaren ikasgaietan oinarrituko dena eta begirada marxismo iraultzailearen programak gizartea eraldatzeko duen ahalmenean jarriko duena.