Madrilgo Erkidegoko maiatzaren 4ko hauteskundeek lurrikara politikoa ekarri dute. Ayusoren garaipena, 1.620.213 botorekin, % 44,73rekin eta 65 diputaturekin (2019an baino 35 eserleku eta 900.361 boto gehiago), leherkari bat da koalizio gobernuaren flotazio lerroan.

Pedro Sanchezen politiken aurkako zigorra Madrilen PSOEk izan dituen historiako emaitzarik txarrenetan konkretatu da: %16,85 eta 610.190 boto baino ez ditu lortu (274.028 galdu ditu 2019arekin alderatuta), 13 diputatutan geratuz (37tik 24ra pasa da). Makilakada aringarri bat.

PP alderdi bozkatuena da hiriburuko barruti guztietan eta Erkidegoko herri gehienetan. Voxek, era berean, eserleku batean aurrera egin du, 12tik 13ra, eta emaitzak hobetu ditu zenbait langile-eremutan. Parte-hartze handia, % 76,25ekoa, sekulako mobilizazioa da, baina ez ezkerreko blokearen alde, Ayusoren diskurtso demagogiko eta erreakzionarioaren alde baizik.

Más Madriden igoerak 24 diputatu, 614.660 boto eta % 16,97 lortu ditu, eta lehen aldiz gainditu du PSOE. Baina ez du Angel Gabilondoren hautagaitzak galdutakoa konpentsatzea lortzen.

Beste albiste nagusia Pablo Iglesiasen ukoa da. Unidos Podemosek 7 diputatutik 10era egin du gora, %7,21 eta 261.010 botorekin (79.779 boto gehiago), baina emaitza apala da, eta ez ditu jasotako espektatibak betetzen.

Gidoian ez zegoena zen Podemoseko buruzagi historikoak, Madrilen borroka egiteko Gobernuko presidenteorde gisa dimititu eta kanpainaren protagonista izan ondoren, politika aktiboa bertan behera utziko zuela iragarri zuela modu nabarmenean eta ustekabean.

Pablo Iglesiasen erretiratzeak, "Lidergo berriei" bide emateko argudioarekin, ezkerreko milaka ekintzaile eta UP alderdiko milioika boto-emaile ustekabean harrapatu ditu. Gure ustez, kapitulu hau ixteko modua guztiz okerra da. Hauteskunde-balantzearen prentsaurrekoa desertzio-irudi bat transmititzeko erabiltzeak eskuinari munizioa baino ez dio ematen, eta, bistan denez, asko erabiliko du. Gai garrantzitsu honetara aurrerago itzuliko gara.

Nola liteke gertatu dena?

Ezinezkoa da Madrilen gertatutakoa ulertzea azken aldian, eta bereziki pandemiaren garaian, gertatu diren hainbat gertakari aipatu gabe. Langile klaseari eskuindarra izatearen errua leporatzea da errazena, eta baita dena nahas-mahasteko modua ere, sozialdemokraziaren, klasikoaren eta 2.0ren politikak hondamendi hauetan duen erantzukizun izugarria ezkutatuz.

Begi bistan dago Ayusoren eta Ciudadanosen Gobernuaren aurkako oposizioa ezdeusa izan dela. PSOE, eta zehazkiago Angel Gabilondo bozeramailea, Erkidegoko Gobernuaren eta zentralaren arteko "lankidetza leiala" etengabe eskatzera mugatu dira, epelkeria keinuak eginez. Madril eta UP ere ez dira nabarmendu euren beligerantziagatik, eta are gutxiago mobilizazio sozialera dei egin izanagatik. Hiru alderdietako batek ere ez du Ayusoren dimisioa eskatu pandemiaren kudeaketa zitalagatik.

Azken urte honetako unerik kritikoenetan PSOEk beti luzatu izan dio eskua Ayusori. Argi zegoenean Madrilgo PP pribatizatutako adinekoen egoitzetan sarraskia gauzatzen ari zela, eta zirkularrak onartzen ari zela gure aitona-amona gaixoak ospitaleetan tratatzea eragozteko, Osasun Ministerioak, Salvador Illa buru zela, uko egin zion inolako esku-hartzerik egiteari egoera tamalgarri hori zuzentzeko.

Koalizio gobernuak ez zuen Ayuso behartu ospitale eta anbulatorio publikoetako langileak eta baliabideak handitzera. Baina erkidegoko presidenteak osasun pribatuarekin hitzarmenak sinatzen jarraitu zuen, sektoreko enpresariei dirutzak emateko, edo Zendal bezalako ospitaleak ireki zituen baldintza prekarioenetan, nahiz eta hori kostatzen zena izugarri garestitu zen. Beste espekulazio operazio bat izan zen, oso ondo etorri zena zementuaren eta eraikuntzaren enpresarien negozio xamurrarentzat.

Iazko maiatzean, erreakzioa Nuñez de Balboan oihuka manifestatzen ari zenean eta Vox hiriburuko langile-auzoetan presentzia hartu nahaian ari zenean kazeroladak eginez, asko izan ginen kaleetan aurre egin genien antifaxistak. Hala ere, PSOEk eta UPko zuzendaritzak "probokazioetan ez erortzeko" deia egin zuten. Gauza bera errepikatu zen Vallekasen, Santiago Abascal eta Rocio Monasterioren probokazioaren aurrean.

Irailaren 18an, Diaz Ayusok Vallekas, Carabanchel eta Usera gisako langile auzoei soilik eragiten zien konfinamendua agindu zuen. Herritarren erantzuna berehalakoa izan zen, eta 50.000 bizilagun baino gehiago atera ginen kalera igandean, hilaren 20an, neurri klasista horiek baztertzeko. Zer gertatu zen? PSOEren zuzendaritza Madrilgo PPren erreskatera atera zen. Astelehenean, hilak 21, Sanchez presidentea Puerta del Solera joan zen eta Diaz Ayusori laguntza eskaini zion, bandera espainiarrez lepo inguratutako prentsaurreko batean. Handik egun gutxira, Carmen Calvo presidenteordeak Ayusoren osasun politika oso egokia zela adierazi zuen. Bien bitartean, UPeko ministroak isilik geratu ziren.

Horiek dira Pedro Sanchezen "batasun nazionalaren" politikaren ondorioak eta Pablo Iglesiasek eta UP alderdiko ministroek abala eman diote. Zertan datza politika hau? Denok norabide berean arraun egin behar dugula diote. Bestela esanda, krisi sanitario, ekonomiko eta sozial honetan, ustez oligarkia finantzarioaren, Ibex 35aren, CEOEren interesak langile-klasearen, langabeen eta gazte pobretuen interes berberak direla. Batasun nazionaleko politika klase arteko kolaborazioaren jarraipena da krisi larriko garaian.

Koalizio gobernua ez da bereizi funtsezko gaietan Madrilgo eskuinetik: bultzatu al dute osasun pribatuaren nazionalizazioa dituen baliabide handiak mobilizatzeko eta horrela pandemiari aurre egiteko? Jakina ezetz, Ayusok egindako hitzarmen berberak sinatu dituzte klinika eta ospitale pribatuekin.

Koalizio Gobernua saiatu al da bankuak nazionalizatzen eta benetako ezkutu sozial bat altxatzen langabeziarekin, pobreziarekin eta gosearen ilarekin amaitzeko? Ez, horrelakorik ez. Ibex 35eko finantza sektorearentzat eta enpresari handientzat 200.000 milioi euroko pakete bat onartu du. Hain zuzen ere, hau da "batasun nazionalaren" politikak  esan nahi duena: kapitalista handiak salbatzeko baliabide publikoen etengabeko trasbasea eta apurrak langileentzako.

2008ko krisiaren ostean 250.000 milioi euro baino gehiagorekin erreskatatu zen banka, ez du ezer itzuli, eta gainera, Gobernuaren egungo planetatik eta Europako laguntzetatik zati handia hartu du. Baina orain, Caixabankek, Santanderrek eta BBVAk dozenaka mila langile kaleratuko dituztela iragarri dute, kontseilari delegatuek, presidenteek eta goi-exekutiboek milioi mordoko bonuak eta urtean 10 milioi euro baino gehiagoko soldatak banatzen dituzten bitartean.

Burgesiarentzat hain onuragarria den batasun nazionaleko politika honek badu beste aurpegi bat: bake soziala edozein preziotan mantentzea. Pedro Sanchez kaleetako borroka saihesten saiatu da bide guztietatik, UPko ministroek kontrakorik egin edo esan gabe, burokrazia sindikalaren bidez saboteatuz edota protestaren kriminalizaziora eta poliziaren errepresiora zuzen-zuzenean joz.

Izan gaitezen zehatzak. Moncloak ez du funtsezko desberdintasunik ezarri Ayusoren politikarekin sakoneko gaietan. Ia urte eta erdiko koalizio Gobernuan, ez da lan-erreforma indargabetu, kaleratzeak merkatzen dituen funtsezko tresna. Gauza bera gertatu da Mozal Legearekin, sindikalismoaren eta mugimendu sozialen borroka gogorrenak zigortzeko eta kriminalizatzeko erabili dena.

Etxebizitza publikoaren politika ez da existitzen. Funts putreek eta bankuek nahierara kontrolatzen dute higiezinen merkatua, alokairuen prezioak erabakitzen dituzte eta etxe kaleratzeak egiten dituzte bata bestearen atzetik auzitegien eta poliziaren laguntzarekin. PSOEk sistematikoki urratu ditu UP alderdiarekin gai horietan erdietsitako akordio guztiak.

Pedro Sanchezek oso argi utzi du barrikadaren zein aldetan dagoen. Monarkia frankistaren defentsa sutsuak, emerituaren ondasun ustelak ikertzeari uko egiteak eta Errege Etxearekin elkarlanean ihes egiteko planak eskubide propioz 78ko erregimenaren zutabe sendo bihurtu dute.

PSOEko buruzagitza lasaitasun bermea izan da botere faktikoentzat. Ez ikusiarena egin dute militarren manifestu kolpistarekin eta 26 milioi gorri fusilatzeko zioten goi-agintarien txatekin; poliziaren bortizkeria justifikatu dute gazteen mobilizazioen aurka; raperoen kartzelaratzea onartu dute iritzi delituengatik; debekatu egin dituzte Madrilen M8ko mobilizazioak eta zerbitzu publikoen aldeko kolektiboen mobilizazioak, eta, aldi berean, juduen aurkako holokaustoa goraipatzen duten manifestazio naziak baimendu dituzte... Horrek guztiak inpunitate giroa sortu du, Vox eta Ayusok eskuin muturreko demagogia inolako oztoporik gabe zabaldu ahal izateko.

Madrilgo presidentea harro agertu da Espainiako Gobernuari egiten dion desafioaz, Madrilek ez zuela Gobernu "sozialkomunistaren" eredua argudiatuta. Egia esan, bere kudeaketaren funtsezko desberdintasuna da Ayusok gauzak argiago esan dituela eta bere oinarri sozialaren klase-interesak modu kontsekuenteagoan defendatu dituela.

Bistan dago Ayusok Gobernuan dagoen ezkerrarrekin ideologikoki konfrontatu duela momentu oro. Madrilgo burgesia txikia hauspotzen jakin du diskurtso klasistena eta trumpistena erabiliz. Sektore horiek pisu handia dute hiriburuan eta iparraldeko mendilerroko bizitokietan, estatuko, autonomiako eta tokiko administrazioko sektore aberats eta pribilegiatuenetan, epailetzan, polizian eta militarretan. Dendari, nekazari, ostalaritzako jabe txikien, errentazaleen eta espekulatzaileen dozenaka milari zuzendu zaie, iragan oparoaldietan dirutza bildu dutenei eskulan merkea eta eskubiderik gabea gupidagabe esplotatzearen bidez, funtsean gazteek eta langile etorkinek osatua.

PPk hezkuntza publikoa suntsitu du, eta kontziente eta sistematikoki egin du, itunpeko irakaskuntza pribatuaren negozio errentagarria altxatzeko. Pribatizatu egin ditu Erkidegoko zerbitzu publiko guztiak, garbiketa, garraioa, mendekotasunerako laguntza, azpiegitura publikoak, kultur etxeak, etab., eta "Madrilgo modurako" bizimoduari eusten dioten sektore horiek guztiei, hau da, ondo baino hobeto bizi direnei, Ayusok bermatu die kosta ahala kosta defendatuko dituela euren pribilegioak, ukitu nahi dituen edonoren aurrean.

Ayuso liderrak diskurtsoa lapurtu dio Voxi, poltsikoan sartu du eta okaztatu egin du egunez egun. Horrek azaltzen du erreakzioaren boto erabilgarria bere irudiaren inguruan bildu izana, eta Vox diputatu batean bakarrik hazi izana. Baina ezin dugu Abascalen aurrerabidea gutxietsi, mugatua izan bada ere: 2019an 280.667 boto eta %8,88 jaso zituen eta maiatzaren 4an 330.000 eta %9,13.

Hauteskunde hauetan, Pablo Iglesiasek faxismoa gelditzeko eta "demokrazia" defendatzeko kontsigna zabaldu du. Noski, frankismoaren diktadura odoltsuan Estatu politika izan ziren ideien aurka ari diren milaka borrokalarik txalotu eta bozkatu egin dute. Baina arazoa da ultraeskuinaren aurrerapena 78ko erregimenaren "demokraziaren" babesean gertatzen ari dela. Frankismotik jasotako estatu aparatua bere horretan mantentzen da, oligarkiari boterea bermako. Kapitalismoaren deskonposizioaren, desberdintasun sozial hazkorren eta finantza kapitalaren erabateko nagusitasunaren babesean ari da ultraeskuina aurrera egiten.

Ayusok aparteko emaitzak lortu ditu gune aberatsetan, Salamancan, Chamartinen, Chamberin, Pozuelon, Majadahondan, Torrelodonesen... baina langile auzoetan eta hegoaldeko herrietan ere gora egin du, eta Carabanchel, Parla, Mostoles eta Alcorconen esaterako garaipena eskuratu du.

Langile barrutietan, PPk babesa handitu du, ez bakarrik Ciudadanosek galtzen dituen boto guztiak jaso dituelako — hauteskunde hauen ostean mapa politikotik ezabaturik geratu da —, baita abstentziotik datozen asko eraman dituelako ere, eta aurretik PSOEri botoa eman ziotenen zati bat, txikia baina esanguratsua.

Horren arrazoiak ez dira zailak azaltzen. Krisi ekonomikoa modu dramatikoan kolpatzen ari da eta ehunka mila familia langile, dena galtzeko eta gosearen ilarak loditzeko amildegiaren aurrean daude; "ezkutu soziala" deiturikoak pobretzea saihesteko gai ez den apur ezdeusa dela erakutsi du; hiriko ehunka mila "jornalari", saltoki eta tabernetan prekarietate baldintzetan lan egiten ari dira, gune aberatsetan etxebizitzak garbituz edota menpekotasunaren sektorean. CCOO eta UGT sindikatuek albo batera utzi dituzte langile horiek eta uko egiten diote langileak antolatu eta lan eta soldata baldintzak hobetzeko borrokatzeari. Faktore horiek guztiak ematen direnean eta konbinatzen direnean, katastrofe horri aurre egiteko ez dago irtenbide kolektiboari eusteko aukerarik, konponbide indibidualak inposatzen dira eta bizirauteko bide desesperatua.

Sozialdemokraziaren politika kapitalista klase-kontzientzia zapaltzen saiatzen da. Faktore disolbatzailea da, eta era guztietako aurreiritziak eta desarmatze ideologikoa ezartzen dizkie langileei. Haren propaganda zarataz betea eta mamirik gabea da, eta ezin ditu herritarren oinarrizko arazoak konpondu. -testuinguru horretan Ayusoren diskurtsoak bere alde ereindako lurzorua izan du.

Argiak izan behar dugu. Ezker erreformistak defendatzen duen "demokrazia" kapitalista motarekin, ez da jaten, ez dira fakturak ordaintzen, ezta hilabete amaierara iristen ere. Bai, eskuinaren demagogia erreakzionarioak langile klasearen sektore etsi batekin bat egin du, ezkerreko erakunde tradizionalek alde batera uzten dutena, eta, oker, Ayusok ekonomia aktiba dezakeela eta enpleguei eutsi diezaiekeela pentsatzen du.

Arrazoi horiek dira, hain zuzen ere, langileen auzo eta herrietan ikusi dugun eskuinerako joera eta PPk ezker parlamentario osoak baino eserleku eta boto gehiago lortu izana azaltzen dutenak.

Aguirrismoak eta aznarismoak aholkatuta eta lagunduta, Ayusok eta bere irakasleek urrats bat eman dute Voxekin aliantza batean oinarritutako eskuineko blokearen berrantolaketa estrategikoan. Planteamendu horren logika argia da. Aznarrek argi eta garbi azaldu zuen duela hilabete batzuk Casadorekin egindako ekitaldi publiko batean: kosta ahala kosta erreakzioa batu behar da, zalantzei, epelkeriei eta galeriari kontzesioak emateari utzi behar zaio. Moncloara itzuli nahi izanez gero, ez da beldurrik izan behar eskuin muturrarekin aliantza bat egiteko. Sistemaren, enpresa-ordenaren, familiaren, errepresioaren, monarkiaren, banderaren, Espainairen batasun sakratuaren, matxismoaren, homofobiaren eta arrazakeriaren defentsa.

Krisia Podemosen

Askotan adierazi dugun bezala, Unidas Podemosek Gobernu honetako parte hartzearekin PSOE ezkerrerantz eramatetik urrun, estrategia honetan "koartada aurrerakoi" gisa balio die, hain zuzen ere, bizkarra emateko langileek urteetan hainbeste borrokatu ditugun helburuei.

Ezker Iraultzailetik aspalditik defendatu izan dugu, argi zegoenean PSOEk ezarritako norabideak austeritatearen errezetak mantentzea zekarrela, UP Ministroen Kontseilutik atera eta ezkerreko oposizio sendo batera pasa behar zuela.

Argi dago hori ez dela Pablo Iglesiasen eta UP alderdiko ministroen jarrera. Gobernua uzten badute, dena okerragoa izango dela uste dute, eta PSOEk PPren besoetara joko duela. Ezkerreko militante zintzo askok sinesten dute arrazonamendu hori. Baina esperientzian oinarritu behar dugu. Sozialdemokraziaren politikak zuritzea ondorio larriak izaten ari da: UP ahuldu egiten du, ez bakarrik hauteskundeei begira, baita langileen eta gazteen sektore zabaletatik isolatu ere, dagoeneko sinesgarritasunaren zati handi bat erre baitute.

Langile klasea praktikoa eta errealista da, hala ezartzen diote bere bizi-baldintzek. Pablo Iglesiasen ahotik entzuten duenean dena uzten duela unibertsitatean eskolak emateko eta kazetaritza kritiko batean aritzeko, eskuinak hain garaipen handia lortu ondoren, pentsatzen duen bakarra Podemoseko burua "ezin da!" esaten ari dela da.

UPko ekintzaile asko erabakia logikotzat aurkezten saiatzen dira, Iglesiasek, Irene Monterok eta bere familiak egunero jasaten dituzten mehatxuak eta zitalkeriak direla eta. Argudio hori bera erabili zen, itxuraz "arrazoizkoa", Galapagarren txalet bat erosi izana justifikatzeko, Madrilgo ipar mendilerroan, muturreko eskuindarren beterik dagoen eremua. Esan zen: beren diruarekin nahi dutena egin dezakete! Baina politikan, batez ere zapalduen kausa defendatu nahi bada, denak ez du balio.

Klase-kontzientzia dugun langileok ezin dugu onartu borrokari uko egiteko aukera, ditugun arriskuak jakinda ere. Hori eginez gero, esplotaziorako lehengai hutsa bihurtuko ginateke. Hori da politikan erredentzio eta filantropia asmoekin sartzen den burgesia ilustratu txikiarengandik bereizten gaituena. Txiki burgesa herritar gehienok jasaten dugun esplotazio-sistema errotik aldatzeak beldurtzen du. Beldur hori objektiboa da: azken finean, ez dira hain gaizki bizi, eta ez dute status eroso bat kolokan jarriko, soldatapeko esklaboen moduan bizkarra makurtzetik salbuesten dituena.

Benetan merezi duten eskubideak borroka gogorren bidez lortu dira. Frankismoaren aurkako militanteek errepresio gupidagabeari aurre egin behar izan zioten, kartzelari, torturei, erbesteari, baita heriotzari ere. Iglesiasek faxismoaren mehatxuaren aurka hitz egiten eta astintzen du. Eta arrazoi du hori egitean, baina erabat oker dago gudu-zelaia utzita eta, batez ere, egindako akatsei buruzko gogoeta sakon eta zintzoaren ariketa kritikoa egiteari uko egitean eta abandonu horrekin estaliz akatsak.

Podemos sinesgarritasun krisi handi batean dago. Hastapenak oso urrun geratzen dira, M15eko bultzada ikaragarrian oinarriturik taula politikoa eta bipartidismoa eraldatzeko sartu zirenetik. Kastaren aurkako diskurtsoa, 78ko erregimenaren aurkakoa, desagertzen joan da, ezagutezin bihurtu arte. Pablo Iglesiasek hauteskunde-kanpainan garatu duen planteamendua azken urteotako noraezarekin kontrastatu da, baina hamabost egunetan ezinezkoa da galdutako eremu guztia berreskuratzea, are gutxiago erretorikari ez bazaio ekintzarik ezartzen.

Podemoseko zuzendaritzak ez du ezkerreko alderdi borrokalaria eraiki nahi. Langile mugimenduan sustrai sendoak izateari eta burokrazia sindikalaren itun sozialaren politika negargarriaren aurka borrokatzeari uko egin dio. Apustu osoa lan instituzionalaren alde egin du, kretinismo parlamentarioa besarkatuz, ulertu gabe langile klasearen mesederako aldaketa sozial handiak masa-borrokaren eta sistema kapitalistarekin konfrontatuko duen programa sozialista baten defentsaren ondorio direla.

Marxismotik bereizita, alderdia hauteskunde-makineria bihurtu ondoren, Pablo Iglesiasek politika utzi eta Yolanda Diaz izendatu du bere ondorengo. Lan ministroa garaipen berme gisa eta Gobernuko hurrengo presidentea bezala aurkezten digu. Bere lidergo handiaz eta bere ezaugarriez hitz egiten digu. Baina gertaerek erakusten dute Yolanda Diazek are sakonago defendatzen dituela klase kolaborazio politikak, eta harro erakusten duela CEOErekin eta CCOOren eta UGTren aparatuekin dituen harreman onak.

Arazoa ez da lidergoarena bakarrik, eta oso zalantzagarria da Yolanda Diazena Pablo Iglesias baino hobea izango dela. Ez dira pertsonak, nahiz eta pertsonak garrantzitsuak diren noski, baizik eta politika, estrategia eta bere buruaz eraldatzailea  dela dioen ezkerraren programa.

Sistema desafiatuko duen ezkerraren alde

Emaitzak kolpe handia izan dira ekintzaile askoren moralarentzat, eta kezka handiz ikusten dute PPren eta Voxen igoera, baita datozen hauteskunde orokorretan Gobernua erasotzeko duten indarra ere. Ezinbestean, datozen egun, aste eta hilabeteetan komunikabideek anplifikatutako ideia erreakzionarioen sorta bat jasango dugu, baita ezker erreformistaren eremutik egindako analisi ezagunak ere, Madrilen gertatutakoaren errua langileei eta gazteei leporatuko baitiete. Ez da lehen aldia.

Kanpaina honetan, Ezker Iraultzaileko kideok, Ikasle Sindikatuarekin batera, masiboki parte hartu dugu langile auzoetan eta hegoaldeko herrietan, programa antikapitalista, antifaxista eta antiarrazista defendatuz, eta, ezadostasunak ezkutatu gabe, boto kritikoa eskatu diegu Unidas Podemosi eta Pablo Iglesiasi. Ziur gaude gure jarrera zuzena izan dela.

Hauteskunde guda honetatik kanpo geratzeak eta, praktikan, gure argudioak azalduz eskuinaren aurka borrokatzeari uko egiteak ez du zerikusirik politika iraultzaile batekin. Are gutxiago abstentzioa edo boto baliogabea eskatzea, jarrera horrek erreakzioari bakarrik egiten baitio mesede, eta fronte bakarraren taktika marxistaren antitesia da.

Madrilgo emaitzek ziklo politiko berri bat ireki dute. Funtsezkoa da gertatutakoaren kausak barneratzea lehen shocketik haratago. Ez barre, ez negar egin, baizik eta ulertu.

Langileen eta gazteen mugimendua ideologikoki berrarmatu behar dugu ezker borrokalari bat eraikitzeko, marxismoaren programa defendatzeko klaseko sindikatuetan, lantegietan, auzoetan, institutu eta unibertsitateetan, feminismoan eta gizarte-mugimenduetan.

Hori da bide bakarra ultraeskuina garaitzeko eta krisi kapitalistaren aurrean irtenbide sozialista eskaintzeko.

Batu zaitez Ezker Iraultzailera!

Cookiek erraztuko digute gure zerbitzuak eskaintzea. Gure zerbitzuak erabiltzerakoan cookiak erabiltzea baimentzen diguzu.