Bankuen sektoreak azken urteetan inoizko irabazi handienak izan ditu; zuzendaritzako kideek soldata ikaragarriak jaso dituzte; lehen bankuko langileek egiten zituzten zeregin batzuk gero eta baldintza txarragoetan azpikontratatutako langileek egiten dituzte eta sektoreko langileen lan-eskubideei erasotzeko politika aplikatu dute. Orain kaleratze masiboak iragarri izana eskandalu oso larria da, eta horren aurrean galdera hau egiten dugu: zer egingo du koalizio gobernuak? Zer proposatzen du Yolanda Diaz UP alderdiko ordezkari eta Lan ministroak?
Suntsitutako enplegua
2008an, krisia hasi baino lehen, bankuen sektoreak 278.301 langile zituen Espainiako Estatuan. Krisiak, ordea, lanpostuak suntsitu zituen eta, Espainiako Bankuaren datuen arabera, 94.000 langileri baino gehiagori eragin zien.
Enplegu galera horrekin batera, lan-baldintza onak zituzten langileak gero eta baldintza txarragoetan zeuden langileekin ordezkatu zituzten —prozesu horrek beste 23.000 lanposturi eragin zien—, eta lehen bankuetako langileek egiten zituzten lanak azpikontratatu zituzten.
Lan eskubideen atzerakada sistematiko hori bankarien patronalak hitzartu zuen CCOO eta UGTrekin, nahiz eta orain sindikatu horietako buruek esan bankariek "sentiberatasuna galdu dutela". Ezkutatu egin nahi dute patronalarekin "bake sozialaren" izenean izandako lankidetzak 70eko eta 80ko hamarkadetan lortutako eskubideen galera eragin duela eta azken asteotan iragarritako erregulazio espedienteei bidea ireki diela: 20.000 lanpostu suntsituko dituzte, eta sektorean 158.000 langile geratuko dira, duela hamahiru urte baino 120.000 lanpostu gutxiago.
Irabazi ekonomiko ikaragarriak etengabeko erreskate publikoari esker
Kaleratze masiboak iragarri ziren aldi berean, publiko egin ziren bost banketxe nagusiek (Santander, BBVA, CaixaBank, Sabadell eta Bankinter) 2021eko lehen hiruhilekoan lortutako irabaziak: 7.825 milioi euro.
Kopuru astronomiko hauek diru publikotik jasotako laguntzaren emaitza dira. 2008ko krisiaren ondorioz, Espainiako Estatuak 77.651 milioi euro eman zizkien bankuei itzuli beharrik gabe, higiezinen merkatuan espekulazio urteetan egindako zuloak estaltzeko. Abal publikoen mekanismo bat ere ezarri zuten, banku-jardueraren berezko arriskua Estatuak bere gain hartzea ahalbidetzeko. Irabaziak, ordea, oligarka handien poltsikoetara doaz.
Gainera, Ogasun Publikoak bere gain hartzen du ordaindu gabe gera daitezkeen banku-kredituen arriskua, 110.000 milioi euroko kopuruarekin. Aldi berean, ia 840.000 milioitan bermatzen ditu partikular zein enpresen banku-gordailuak, eta salbuespen fiskalen onurak jasotzen ditu; azken bi urteetan 3.000 milioi baino gehiago irabazi ditu zerga gutxiago ordaintzeagatik.
Horrez gain, Europako Funtsen Planak etekin handiak lortzeko aukera eman dio bankuen sektoreari, inolako arriskurik hartu gabe. Europar Batasunak kapital-merkatuetan txertatuko dituen 750.000 milioi euroko jesapenei esker, 2028 eta 2058 artean (aurreikusitako itzulketa aldia), milioietako etekinak lortuko ditu finantza-sektoreak eta, aldi berean, EBko herrialdeen politika ekonomiko eta fiskalaren jaun eta jabe bihurtuko da.
Kapital finantzarioaren nagusitasuna ekarri duten joerak Leninek aspaldi aztertu zituen bere Inperialismoa, kapitalismoaren fase gorena liburuan, eta sekula baino urrunago iritsi dira. Begi bistakoa da demokrazia parlamentarioaren itxurakeriaren azpian kapital finantzarioaren diktadura ezkutatzen dela, ia disimulatu gabe. Eta erabaki politiko batek bere interesekin talka egiten duen bakoitzean demokrazia aurrera egiteko aukerarik gabe geratzen da. Era batera edo bestera, kapital handiaren interesak gailentzen dira beti. Hala erakusten du PSOEren Gobernuak bankuen kaleratze masiboen politikaren aurrean egindako kapitulazio tamalgarriak. Yolanda Diaz Lan ministroak, PCEko militanteak, "etika pixka bat” eskatu die bankariei, eta Nadia Calviño Gobernuko presidenteorde ekonomikoak "erantzukizuna" eskatu du, iritzi moralek negozio handien munduan garrantzirik balute bezala.
Bankuak eta finantza-sistema nazionalizatzea ezinbestekoa da ekonomia herritarren zerbitzura jartzeko
Azken hamarkadetan finantza-sektoreak bizi izan duen kontzentrazio prozesua sistema kapitalistak berezkoa duen dinamikaren ondorio saihestezina da, eta bizkortu egin da 2008ko gainprodukzio krisiaren ondorioz. Merkatu saturatu batean etekinak lortzea gero eta zailagoa da, eta kapitalak ezinbestekoa du kontzentratzea, horrela lan-indarra esplotatzeko gaitasuna indartzeko mundu osoan.
Espainiako Estatuko bankuek ez diote ihes egin kapitalaren kontzentrazio prozesu horri. Gaur egun, munduko ekonomia menderatzen duten aktiboen kudeaketa enpresa handiek paretik kendu dituzte akziodun tradizionalak. BlackRock, State Street edo Vanguard bezalako enpresen aktiboak potentzia kapitalista handien BPG agregatua baino askoz handiagoak dira eta gaur egun Espainiako bankuen benetako kontrola daukate. BlackRockek bakarrik Estatuko banku nagusien kapitalaren %20 kontrolatzen du.
Bankak bilioiak bideratzen ditu oligarka gutxi batzuentzako etekinak sortzera, eta gehiena diru publikotik dator. Bide horretan, milaka lanpostu suntsitu dituzte, lan-baldintzak sistematikoki hondatu eta langile borrokekin hamarkadetan lortutako eskubideak birrindu. Demokrazia parlamentarioa oskol huts bihurtu dute, eta ezker erreformistako agintari patetikoek fartsa hori sinetsi dute.
Ilusio hutsa da pentsatzea langile klasearen pobretze gero eta handiagoa dakarren finantza-boterearen kontzentrazio prozesu horri buelta emango zaionik "kontratu sozial berri" batekin, erreformismoak planteatzen duen bezala. Programa sozialista bat baino ez da gai krisian dagoen kapitalismoak eskaintzen duen etorkizun beltza saihesteko, eta horretarako bankuak eta finantza-sistema nazionalizatu behar dira.
Kalteordainik gabeko desjabetzearen bidez, finantza-sistemaren baliabide erraldoiak herritar gehienen beharrean zerbitzura jartzen direnean, gaur egun mehatxupean dauden lanpostuak ziurtatu ahal izango dira, aurreko hamarkadetan lortutako eskubideak mantendu daitezke, eta osasuna eta hezkuntza publikoa blindatu, alokairu sozialekin etxebizitza publikoaren plan bat abian jarri eta langabeziarekin eta pobreziarekin amaitu.
Ez dago beste irtenbiderik: Bankuak nazionalizatu behar dira.