EAJ-PSE Eusko Jaurlaritzak eta PSOE-UP Koalizio Gobernuak argi utzi dute potentzia handien arteko gatazketan dituzten printzipioak. Euskal Herrian eta Espainiako Estatuan milioika langilek eta gaztek era guztietako gerra inperialisten aurka egin dugun borrokari bizkarra emanez inperialismo iparramerikarraren, EBren eta NATOren gezur zinikoak errepikatu besterik ez dute egiten, Ukraniako gerran duten erantzukizuna astinduz.

Argi dago Putinen esku hartze militarrak ez duela ezer aurrerakoitik, eta Kremlinen nagusi den oligarkia kapitalistaren anbizio inperialistei erantzuten diela. Baina zentzugabea litzateke begi bistakoa denaren aurrean begiak ixtea: Washingtonek SESB kolapsatu zenetik garatu duen politika da gerra egoera hau eragin duen funtsezko faktorea. NATO Errusiako mugetaraino hedatu du eta base militarrekin eta azken belaunaldiko armamentuekin hesitu du, eta Ukraina bere maniobretarako plataforma gisa erabili du Estatu aparatuan eta armadan erakunde neonaziak txertatuz, horiek finantzatuz eta armatuz.

EAJk oso argi utzi du bere izaera erreakzionarioa, NATO sutsuki defendatuz agertu denean eta Eusko Jaurlaritzan, konplexurik gabe, ebazpen bat bultzatu duenean PSE, PP eta Voxen eskutik! NATO inperialismo estatubatuarraren interesen zerbitzura dagoen aliantza esklusiboki militarra da, eta ez da inolaz ere “bakearen” edo “nazioarteko legezkotasunaren” zaindaria. Hain zuzen, PSOEk ez du inolako arazorik izan nazioarteko ustezko legezkotasun horri jaramonik ez egiteko saharar herriaren eskubideak daudenean tartean.

Balio bikain horiek ez zuten eragotzi NATOk serbiar herria gupidarik gabe 78 egun eta gau segidatan bonbardatu eta birrindu izana, ospitaleak, eskolak eta etxebizitzak suntsituz eta milaka hildako eraginez, Kosovo “babestearen” aitzakian. NATOri ez zaio axola Israelgo Estatu sionistak herri palestinarra errukirik gabe erasotzea. Iraken, Sirian, Afganistanen, Libian, Yemenen, Somalian, Granadan, Panaman, Vietnamen, etab. ehunka mila hildako eta milioika desplazatu gerra krimen izugarriak egin ditu eta Latinoamerikan diktadura militar odoltsuak babestu izan ditu.

Ondo irudituko al litzaioke EAJri edo Pedro Sanchezen Gobernuari Txinak edo Errusiak aliantza militarrak egitea Kanada edo Mexikorekin, arma nuklearrak Ipar Amerikako mugan zabalduz? Edo akaso NATOren hedapenak eta Ukrainaren militarizazioak bakea eta demokrazia sendotzen laguntzen ote dute? Galdera horiei erantzunez bakarrik geratzen da agerian euren «bakezaletasuna» hitzontzikeria hutsa dela.

Europako balioen eta demokraziaren defentsari buruzko hitzaldiaren atzean, potentzia inperialistek munduko agintean gailentzeko borroka gupidagabea ezkutatzen da. Eta dena beren kapitalista apur batzuen mesedetan, gerraren, pandemiaren eta milioika langile eta zapalduen miseriaren kontura aberasteko.

PSOE-UP gobernuak, EAJ euskal burgesiaren alderdiaren txaloarekin, dagoeneko plazaratu “herrialdeko akordio handi baten beharra”, hau da, gure poltsikoetatik ordaintzea gastu militarraren 2.600 milioi euroko igoera, eta sakrifizio berri eta gogorragoak onartzea, egunetik egunera irabazi handiagoak dituzten enpresaburuen mesedetan. Hau da euren hitzaldi zinikoen atzean ezkutatzen den errealitatea!

Bake sozialari eta “batasun nazionalari” ez. Greba orokorra gerraren eta bizitzaren garestitzearen aurka!

EH Bilduk nahiz ezker parlamentarioak (UP, ERC, Compromis) Errusiaren inbasioaren lehen egunean komunikatu bateratu bat sinatu zuten, “alde guztietatik deseskalatze militarra eta tentsioa jaistea eskatzeko, bakearen aldeko diplomazia lana ez alboratzeko” eta “Nazio Batuen Gutunaren esparruan konponbide bat bilatzeko”. Baina, akaso gerra hau ez al da izan diplomaziaren ezinbesteko emaitza?

Mendebaldeko inperialismoak hilabeteak daramatza ekintza diplomatikoa eskatzen, baina ez du hatz bakar bat ere mugitu Errusiaren proposamena serioski negoziatzeko, hots, Ukraina NATOn ez sartzea eta lurraldea desmilitarizatzea. Eta NBE? Erakunde honek ez du inoiz gatazka militar garrantzitsurik eragotzi. Estalki bat besterik ez da, lapur inperialisten bandak azpian gordetzen dituena, eta eraginkortasunik gabeko dei hipokritak onartzeko baino balio ez duena.

Baina are okerragoa dena. Pedro Sanchezek Zelenskiren erregimenari armak bidaliko zizkiola iragarri zuen eztabaida parlamentarioaren ondoren, eta iritzi publiko burgesaren presioaren aurrean, parlamentuko ezkerreko gehiengo batek (CUP eta BNG izan ezik), EH Bildu tartean zela, Ukrainako gerrari buruzko legez besteko proposamen bat erregistratu zuten Kongresuan... PP, Cs eta Voxekin batera!!! Geroago, erabaki honen eskandaluaren ondorioz, EH Bildu eta Elkarrekin Podemos abstenitu egin dira Eusko Jaurlaritzan onartutako ebazpenaren aurrean.

Baina ez da gerra inperialista bakarrik, langileok ordainduko ditugun ondorio ekonomikoak izugarriak dira. Inbasioaren aurretik zetorren inflazioaren igoera basatia dagoeneko milaka langile familia kolpatzen ari da. Horren aurrean, EH Bilduk, Elkarrekin Podemosek eta gehiengo sindikalak, ELAk eta LABek, ofentsibara jo eta EAJrekiko eta euskal burgesiarekiko batasun nazionaleko politikari uko egin behar diote, Hezkuntza Itunarekin gauzatu dena, eta kaleetan mobilizatu behar dute gerraren aurka, Putinen eta NATOren aurka, eta bizitzaren garestitasunaren eta krisi kapitalistaren aurka. Inoiz baino arrazoi gehiago dago greba orokorra deitzeko!

Etsai nagusia etxean dago. Behera gerra inperialista!

Ezker borrokalariaren zeregina, Ukrainan gertatzen ari dena amorruz begiratzen dugun milaka ekintzailerena eta Putinen esku hartze militarra irmoki arbuiatzen dugunona — errusiar txobinismo handiaren eta oligarkia ustel, antikomunista eta errepresiboenaren ordezkari fina baita— burgesiaren propagandak engainatzen ez uztea da, lehenik eta euskal burgesiaren iruzurrak agerian uztea eta bere aurka borrokatzea.

Sozialdemokraziaren kapitulazioaren eta bere mendean lotsagarri jartzen diren gainerako alderdien aurrean, inperialista eta esplotatzaileekin Batasun Santua defendatzen dutenen aurrean, iraultzaileok klase independentziazko politika defendatzen dugu. Karl Liebknechtek esan zuen bezala, etsai nagusia etxean dago! Herrien arteko bakearen aldeko politika kontsekuente bakarra honako da: kanpora NATO eta tropa errusiarrak Ukrainatik, behera gerra inperialista! Egoera honetara bultzatu gaituzten Gobernu kapitalistak boteretik kentzeko, langile klasearen mobilizazio internazionalistaren eta sozialismoaren alde.

Gerra kapitalismoak mundu mailan pairatzen duen usteltzearen sintomarik nabarmenena da, eta gerra hau -kolokan dagoen Washingtongo ordena mundialaren leherkaria- ez da azkena izango. Ez dago hirugarren biderik, ez dago kontraesan hori konpon dezakeen diplomaziarik. Bakea nahi badugu, sozialismoaren alde borrokatu behar dugu!


Cookiek erraztuko digute gure zerbitzuak eskaintzea. Gure zerbitzuak erabiltzerakoan cookiak erabiltzea baimentzen diguzu.