Krisi kapitalistarekin zerbitzu publikoen aurkako erasoa etorri da. Langile klaseak bere borrokaren bidez lortutako eskubideak, besteak bestek, hezkuntza publikoa edota osasun publikoa, eraso gogorrak jasaten ari dira Euskal Herrian ere. Catalunyako langileak eta herritarrak izan dira osasun publikoaren aldeko borrokan urrutien joan direnak.

Catalunyan osasun publikoaren alde izandako borrokak mobilizaziorako erreferente dira. Egoera ez da gutxiagorako. Osasun publikoan % 14koak izan dira murrizketak eta lan eta hitzarmenen erreformarekin batera, diktaduraz geroztik egon den langileen kontrako erasorik handiena izan da. Burgesiak aurrera daraman eraso estrategiko baten aurrean gaude eta, gainera, bai Catalunyan bai estatuko beste edozein lekutan, etor daitezkeen eraso gehiagoren aitzindari da. Osasun publikoa, hezkuntza eta beste konkista sozialak bezala, burgesiaren jomugan dago. Beharrezkoa izan da, beraz, Catalunyako Governarentzat masen presioari aurre egin eta osasunari erasotzea, nahiz eta honela Artur Masen eta CiUren babesak kolpe gogorra jasan. Plan hauek aurrera eramateko Governak batetik PPren eta Joan Laportaren babes aktiboa izan du eta, bestetik, PSCren pasibotasuna. Are gehiago, CCOO eta UGTren ekintza sindikala ez da behar bezalakoa izan.

Alabaina, osasungintzako langileak eta erabiltzaileak  (alegia, langile klasea) dira M15 mugimenduaren babesarekin erasoei kalean aurre egin dietenak. Etengabe izan dira kontzentrazioak, itxialdiak eta kazeroladak itxierek eta murrizketek eragina izan duten zentroetan. Tarragonan irailaren 1ean milaka lagun elkartu zituen mobilizazio berri bat egin zuten eta hurrengo egunean Bartzelonan martxa bat antolatu zuten hainbat ospitaletatik Osasun Sailera. Governak indarkeriaz erantzun badu ere (gogora bestela abuztuaren 31n langile eta erabiltzaileek hartutako hainbat osasun zentro indarrez desalojatu zituztela) langile klasearen indarra ahuldu beharrean haserrea areagotzen ari da.

Eraso gogorrak osasun publikoari

Osasunarentzat aurrekontua %14 murriztea, alegia, iaz baino 850 milioi euro gutxiago izatea, oso modu gogorrean eragiten ari da Catalunya osoko ospitale, osasun zentro eta langile klasearen familiengan. Ospitaleetako oheak kentzea, ebakuntza gelak ixtea, osasun-langileak kaleratzea (Catalunya osoan ia 7.000 dira) eta CAPak (Lehentasunezko Arreta Zentroak) ixtea Catalunyako auzo eta herri guztietara ari dira iristen. Esate baterako, Bellvitgeko ospitalean 240 ohe kendu dituzte eta 700 langile kaleratu. Terrasan, Castellbisbalen, Montcada i Reixacen eta beste hainbat herritan irailaren 1az geroztik gaueko larrialdi zerbitzuak kendu dituzte eta horrela osasun-arreta murriztu. Tarragonan ere Bonavista, Sant Salvador, Muralles, Constantí eta El Morell langile eskualdeetako CAPetako larrialdi zerbitzuak kendu dituzte. Honi guztioni, Joan XXIII Ospitaleari egindako %10eko murrizketa gehitu behar zaio. Murrizketa honek ebakuntza gelak ixtea, 44 ohe kentzea eta pertsonala murriztea ekarri ditu. Murrizketa hauek eta Generalitatak prest dituen beste murriztapen guztiak (besteak beste kaleratze gehiago eta zerbitzuen murrizketak) osasun publikoa eraisten ari dira. Bellvitge Ospitaleko CGTren Sekzio Sindikala salatzen ari den bezala, hondatzea hain da larria ezen pertsonen bizia arriskuan jartzen ari dela. Adibidez, sekzio sindikal honek adierazi du ezbehar zerebro-baskularra izan duten gaixoen arretarako kodea hausten ari direla, kode horretan finkatutako arreta denbora atzeratu egin dutelako ebakuntza gela edo kirurgialari faltagatik.

Beste neurri atzerakoietako bat Larrialdi Medikuen Zerbitzuetan egindako murrizketak dira. Hauetan anbulantzien zerbitzua 935 ordura murriztuko da Catalunya osoan. Honek zerbitzuak gutxitzea eta, beraz, erantzun denbora luzatzea ekarriko du, sindikatuen arabera, 20-50 minutukoa izango da erantzun denbora. Era berean, 400 langileren lanpostuak mehatxatuta egongo dira. Edonork daki Governaren murrizketen atzean osasun pribatuaren interesak ezkutatzen direla, osasun publikoaren desegituratzearen kontura osasun pribatua negozio handiak egiten ari baita.

Borroka osasun publikoaren alde

Apirilean hasi ziren ospitaleetako eta CAPetako lehenengo mobilizazioak, beti ere ikasleen eta erabiltzaileen babesa zutela. Autobideen itxierek kaltetu zituzten gidariek ere bat egiten zuten protestan zeudenekin. Mobilizazioekin batera lan zentroetan batzar jendetsuak antolatu ziren. Bertan langileek behin eta berriz ideia bera azaleratzen zuten: borroka zabaldu egin behar da irabazi arte. Eta halaxe da. Beharrezkoa da borroka zabaltzea, demokratikoki batzarren bidez antolatutako mobilizazio plan bat egin behar da, noski, Catalunyan zein estatu mailan izan diren sektore publikoaren kontrako erasoei aurre egiteko greba orokorra bultzako lukeena.

Azkenean sindikatuko zuzendaritzek onartutako plana, lan zentro bakoitzean egin beharreko ekintzez haratago, apirilaren 14rako Plaça Sant Jaumen kontzentrazio bat deitzea izan zen. Deialdi honek antolatzaileen aurreikuspen guztiak gainditu zituen 20.000 lagun bertaratu baitziren. Hauexek izan ziren, CCOO eta UGTko zuzendaritzen iniziatibarik ez zegoenez, kontzentrazioaren ostean Bartzelonan zehar hainbat manifestazio antolatu zituztenak. Gezurra badirudi ere, deialdiak arrakasta izan arren ez zen maiatzaren 14ra arte beste deialdirik egin. Horrela, sindikatuek aukera paregabea galdu zuten zetozen udal hauteskundeetarako presio gehiago egiteko; baina bien bitartean, hainbat ospitaletan kontzentrazio eta batzar ugari egin ziren. Hala ere, hauek babes handia izan arren, parte-hartzea (bereziki batzarretan) gutxitzen joan zen. Ziurrenik honen arrazoia hauxe zen: batzarrak ez ziren erabili aurrera pausoak zein ziren eztabaidatzeko eta mugimenduak kontzentrazioak begi onez ikusi bazituen ere, ez zen nahikoa erasoak geratzeko. Hain zuzen ere, borrokarako etengabeko gogoa eta garaipena lortzeko konfiantza bazegoela ikusi zen maiatzaren 14an. Egun hartan Bartzelonan 200.000 lagun bildu ziren. Tamalez, ordea, honen ondoren CCOO eta UGT sindikatuek ez zuten ezer gehiago egin. M15 mugimenduarekin bat egin eta honen indarrak baliatu beharrean, borrokatik desagertu ziren eta ez zuen alternatibarik aurkeztu.

Hain zuzen ere, hainbat herritan bizilagunen mugimendua izan da borroka bultza duena eskubide publikoen aldeko plataformak sortuz; besteak beste Tarragonan hainbat eragilek osatutako plataforma bat eratu zuten eta maiatzaren 12rako M15 mugimenduarekin batera 10.000 lagun bildu zituen mobilizazio deialdi bat egin zuten. Catalunyako langile klaseak murriztapen hauek arbuiatu izana M15 mugimenduan islatu da. Benetako demokraziaren aldeko borroka berehala murrizketen kontrako borrokarekin lotu zen. Zalantzarik gabe deigarriena ekainaren 19ko mobilizazioa izan zen. Bartzelonan milioi erdi lagun elkartu ziren eta Tarragonan 12.000. Manifestaldian murrizketen aurkako aldarrikapen ugari entzun ahal izan zen, “Artu Mas, a quina mútua vas!” oihu egiten zutela.

Azken hilabeteetan batzar, mobilizazio eta kanpaldien kopurua mantendu egin da ospitale eta CAPetan. Bereziki azken hauetan, berehalakoan antzeman direnez murrizketen eraginak, borrokak goragoko maila hartu du bizilagunei, CGT sindikatuari, M15 mugimenduari eta langileei esker (asko CCOO eta UGTko afiliatuak dira), baina ez CCOO eta UGT sindikatuetako zuzendaritzen babes antolatuari eta beren bitartekoei esker; nahiz eta azken hauek murrizketen aurka egon ez dute hauen kontra ezer egin, zentro batzuetan negoziatzera ere iritsi dira, baita “murrizketen eragina gutxitzeko” akordioetara iritsi ere.

Greba orokorraren beharra

 

Alternatibarik eta borroka plan jarraitu sendorik ez izanagatik, mugimenduak zuzendaritza sindikalak gainditzea lortu du. Horrela, hainbat zentrotako batzarrak erabiltzaileekin batera koordinatu dira Plataforma d’Usuaris i Hospitals Catalans plataforma eratzeko. Honek Catalunya osoko langile eta erabiltzaileak batu ditu Bartzelonan. Hau mugimenduari indar gehiago eman diezaiokeen aurrerapauso zoragarria da. Hala ere, Generalitatari aurre egin eta murrizketa guztiak atzera botatzeko beharrezkoa da langile, ikasle eta gazteak zentroetan antolatzen jarraitzea eta sindikatuetako zuzendaritzak greba orokorrera dei egitera bultzatzea.

Catalunyako erasoak estatu osoan, baita Euskal Herrian ere, egongo diren erasoen aitzindari dira. Horregatik beharrezkoa da borroka guztiak bateratu eta koordinatuta greba orokorrerako deia egitea. Murriztapen hauekin guztiekin agerian geratu da kapitalismoak ezin diola langile klaseari ezer eskaini. Gure guraso eta aitona-amonek lortutako eskubide guztiak kentzen eta gu miseriara bidaltzen ari dira. Baina indarra dugu eraso hauei eta etorriko direnei aurre egiteko, behar duguna borrokaren eta mobilizazioaren alde egingo duen klaseko sindikatu borrokalaria da.

Gehiago: Tolosaldeko osasun publikoaz ikusi 32. alean atera genuen artikulua, “Osasunaren pribatizazioari ez! Tolosaldeak ospitale publikoa behar du!”: http://euskalherriasozialista.net/index.php?option=com_content&task=view&id=722&Itemid=1