Azken hilabeteetan Tolosaldeako hainbat Udalek udaletxeetan espainiar bandera jartzeko agindua jaso dute. Honi erantzunez hainbat kolektibok, tartean Euskal Herria Sozialistak, manifestazioa deitu dute martxoaren 9rako Tolosan, 12:00tan. Jarraian deialdia dela eta egin dugun idatzia.

1785az geroztik, bandera “rojigualda” izan da klase dominatzaile espainiarraren eta bere kolaboratzaileen bandera. Ez zen kasualitatea izan Frankok eta bere altxamendu faxistak kolore horiek berreskuratu izana II. Errepublikako “hirukoloreduna” suntsituz.

Bankariek, enpresari han diek, lur-jabe handiek eta elizak (euskal kapitalistak barne, noski) antolatutako altxamendu faxistak ondorio larriak ekarri zituen Euskal Herriko eskubide nazionalentzat ere: guztiz debekatu ziren ikurriña, euskara eta euskal kultura, eta basakeri handienarekin jazarri ziren. Bonba faxistek erre zuten Gernikan, 1949ko azaroaren 2an bertako alkateak euskaraz zeuden panteoiak eta hilobiak gazteleraz jartzeko agindu zuen. Basakeriaren adibide bat.

“Rojigualda” frankistapean burgesia espainiarrak eta euskal kapitalistek irabazi handiak pilatu zituzten espetxeetako lan esklaboari eta langileak zapaltzeari esker. Burgesiak honako hausnarketa egin zuen: “Errepublikak ez badu balio egoera kontrolatzeko diktaduraren alde egingo dugu, eta honek gure interesak arriskuan jartzen dituenean monarkia edo demokrazia burgesaren beste edozein erregimen aukeratuko dugu”. Horixe gertatu zen gaizki deitutako trantsizioan.

Frankok, bere bidearekin jarraitzeko, 1969an bere ondorengoa aukeratu zuen: Juan Carlos printzea. Franko hil eta bi egunera, 1975eko azaroaren 22an, Juan Carlos Espainiako Errege izendatu zuten eta Mugimendu frankistaren, diktaduraren, printzipioak zin egin zituen.

“Rojigualdak” jarraipena zuen eta ondoren etorri ziren konstituzio espainiarra eta Gernikako estatutua. Egia da noski diktadura ez dela demokrazia burgesaren berdina, egia da paperean behintzat eskubide gehiago azaldu zirela, ikurriña legeztatzea adibidez. Hala ere, bi gogoeta egin beharra daude honi buruz. Batetik, ez da ahaztu behar eskubiderik txikienak ere borroka gogorrari esker lortu zirela. Bestetik, ez da ahaztu behar PSOE eta PCEko agintariek beren militantziari, langileei eta eskubide demokratiko nazionalei egindako traizioari esker monarkiaren eta “rojigualdaren” erregimen kapitalistak bere horretan jarraitu zuela: burgesiak bere enpresak mantendu zituen, irabaziak zituzten enpresa publikoak pribatizatu zituzten eta gaur ere ikaragarrizko irabaziak izaten jarraitzen dute. Estatu aparatua torturatzaile, hiltzaile eta funtzionario frankistez beteta geratu zen, ez zen inolako depuraziorik egin. Elizak bere jabetza guztiak mantendu zituen eta gaur egun irakaskuntza kontzertatuaren enpresari handienak dira. Autodeterminazio eskubidea bertan behera geratu zen eta eskubide demokratikoak zapaltzen jarraitu zen.

EAJ eta euskal bankari eta enpresariak gustura geratu ziren eta, demagogiak demagogia, babesa eman zioten prozesuari. Zerbaitegatik esan zuen Xabier Arzalluzek 1978ko konstituzioa Errepublikako konstituzioa baino hobea zela.

Errepublikako, frankismoko eta “trantsizioko” sistema politiko eta ekonomikoa daukagu oraindik: kapitalismoa. Banku eta enpresa handien jabeak dira agintzen dutenak. Eta erregimen honek, bizirauteko, beharrezkoak ditu zapalkuntza soziala eta nazionala. Orain, Tolosaldeko udaletxeetan “rojigualda” inposatu nahi dute. Hauen errepresioak ez du etenik eta ez du izango.

Mota honetako erasoei aurre egiteko eta Euskal Herriaren eskubide demokratiko nazionalak defendatzeko bide bakarra borrokak izaten jarraitzen du. Horregatik, inposaketa berri honen aurka beharrezkoa da Bai Euskal Herriari-k martxoaren 9rako Tolosan deitu duen mobilizazioa jendetsua izatea. Trianguloatik abiatuta manifestazioa 12:00etan hasiko da. Defenda ditzagun gure eskubideak!