Euskal Preso Politikoak Amnistiaren bidean Euskal Herrira! 

Estatu osoan indarrean dagoen eskubide sozial eta politikoen aurkako errepresioa oso gogorra da, eta erasoaldi honetan ez dira atzera geratzen are eskubide demokratiko nazionalen aurkakoak. PPren gobernuak ez du hatzik mugitu nahi eskubide nazionalen alde, ezta presoen eskubideen alde ere.

Euskal Herriaren eskubide demokratikoen aurka hartu diren neurri errepresibo ugarien artean, hauetarik nabarmenena Alderdien Legea delarik, burgesia espainiarrak eta frantsesak euskal burgesiaren laguntzarekin inposatutako kartzela politika izan da pieza garrantzitsuena. Presoen zigorrak luzatu eta gogortzeko zigor kodea etengabe aldatzeak, estatu espainiarrak berak defendatzen omen duen legalitate "demokratikoaren" haustura erakusten du.

Egitura legal antidemokratiko osoa estatu kapitalista atzerakoiaren isla da, hau espainiarra, frantziarra edo euskal herritarra izan. Ez dezagun ahaztu euskal burgesiak estatu hau mantentzen lagundu duela eta horretan jarraitzen duela inolako arazorik gabe. 20 urtez baino gehiagoz mantendu duten dispertsio politikari bestelako aberrazio antidemokratikoak gehitu behar zaizkio, besteak beste, kondena bete duten presoak kartzelan mantentzea, gaixotasun larriak dituztenak ez askatzea, baldintzapeko askatasunik ez izatea edo behin behineko askatasunik ez aplikatzea, etengabeko isolamendu eta xantaiak... Euskal presoek sufritu duten oinarrizko eskubideen urraketa bereziki larria bide desberdinetatik Biziarteko Espetxe zigorra ezarri izana da.

Militantzia politikoaren aurkako makroepaiketa

Orain, beren militantzia politikoagatik 80 bat euskal herritar epaitzen ari dira Audientzia Nazionalean urriaz geroztik. Akusatu gehien duten bi prozesu handienak dira, 18/98ren ondoren. "Herrikoen auzia" deitutakoak Batasunako, EHko eta HBko berrogei bat agintari ohi epaituko ditu, eta honi ezker abertzaleko gazteen aurkako inoizko epaiketa handiena gehitu behar zaio. Bi makroepaiketek 190 pertsonei eragingo diete hilabete luzeetan eta milioi bat euro baino gehiagoko gastua eragingo dute.

Herrikoen prozesua hamaika urteren ondoren iritsi da epaitegira, sumarioa Baltasar Garzonek abiatu baitzuen 2002an. Segiko kide izateaz akusatuta dauden gazteenak Fernando Grande-Marlaskaren sinadura du eta 2009an jarri zen abian. Prozesu hau urte hartako azaroan amaitu zen polizia espainiarrak eta Guardia Zibilak aurrera eramandako sarekadarekin; inoizko handiena izan zen eta gau berean 34 gazte eraman zituzten polizia-etxeetara. Gerora beste atxiloketa batzuk izan ziren eta inputatu kopurua 40ra igo zen. Gazteek torturak salatu zituzten.

Audientzia Nazionalak prozesuen ahozko bistak egiteko antolatu duen diseinuak benetako zigor operazioa dela erakusten du. Epaiketek hilabeteetan Madrilera joatera behartzen dute eta koste pertsonal eta ekonomikoa ikaragarria izango da. Gutxi gorabehera aurreikusi denez trasladoek, gaua pasatzeek, mantentzeek, defentsa gastuek eta bestelakoek ekarriko duten gastua milioi bat eurotik gorakoa izango da iraungo duten zazpi edo zortzi hilabete inguruan.

Egindako zenbaketa honetan ez da sartzen norbanako bakoitzaren egoera, eta hauek ere eragin ekonomiko oso larria dute. Logikoki, akusatu askok zailtasun handia dute beren lanpostuak mantentzeko epaiketaren egutegiagatik eta etengabe baimenak eskatu beharko dituzte. Beste hainbeste gertatzen da ikasketekin, ezinbestean eten egin beharko baitituzte.

Bestalde, makroprozesua abian jartzeak eta hau abian jartzeko moduak helburu garbia du: prozesatuetako askok aurrera daramaten jarduera politikoa kaltetzea. Milaka orduetan ezingo dute beren lana bete epaitegi berezi bateko salan egongo direlako.

Herriraren aurkako sarekada

Irailaren 30ean Guardia Zibilak, Eloy Velasco epailearen aginduz eta EAJk bidalitako Ertzaintzaren laguntzaz, Herriraren egoitzak okupatu zituen bere egitura, web orriak, etab. desegituratzeko helburuarekin. Hori dela eta, 18 kide atxilotu zituzten ETAren beso berria izateaz akusatuta.

Ez da kasualitatea PPk arreta Herrirarengan jartzea, azken urteetan Euskal Herrian izan den mobilizazio politiko handiena lortu baizuen 2013ko urtarrilean: 115.000 lagun mobilizatu zituen Bilbon euriari aurre eginez. PPk Herrirak deitutako mobilizazioari esker Iosu Uribe-Etxebarria askatu behar izatea jasan du, eta orain beldur da gaixo dauden presoak etxeratzearen, euskal preso politiko guztiak Euskal Herriratzearen eta zigorra bete duten presoak askatzearen aldeko babesa igoko ote den.

PPren jarrerak bere ahultasuna besterik ez du erakusten. Diktadura frankistaren garaiaz geroztik depuratu ez den estatu aparatuaren presioari, gobernuak duen deslegitimizazio sozialari eta PPk bizi duen eta Barcenasena bezalako ustelkeria kasuek areagotu duten barne krisiari erantzuten die. Hori dela eta, PP arreta desbideratu nahian dabil eta bere babes tradizionala mantendu nahi du Euskal Herriaren eta Catalunyaren eskubide demokratikoak ukatuz eta errepresiora joz.

PPri ez zitzaion ongi atera Herriraren aurkako jokaldia. Astea arrazoi politikoengatik izandako azken bi urteetako lehenengo makrosarekada batekin hasi zen eta 65.000 lagunek egindako manifestazio erraldoi batekin amaitu zen Bilbon. Aste osoan zehar mobilizazio indartsuak izan ziren Euskal Herri osoan. Aste osoko borrokak Herrirak bereganatzea lortu zuen babes politiko, sozial eta sindikalaren isla izan ziren. Euskal Herrian abiatutako marea urdinaren mehatxuaren aurrean, PPk libre utzi behar izan zituen 18 atxilotuak. Borrokak balio duenaren adibide garbia izan zen. Hala ere, Herrirako hainbat kide epaituak izaten ari dira kartzeleratzeen mehatxuarekin.

 

Estrasburgoko epaitegia Parot doktrinaren aurka

Estrasburgoko Giza Eskubideen Epaitegia Parot doktrinaren aurka agertu zen eta urriaren 21ean erabaki zuen zigorra bete duten preso politikoen kartzelaldia luzatzeak Giza Eskubideen Europar Hitzarmena urratzen duela. Gainera, PPren gobernuari gogorarazi zion erabakia loteslea dela, jurisprudentzia ezartzen duela eta estatu espainiarra erabakiak betetzera konprometitu zela. Estrasburgoko epaitegiko salako 17 epaileek aho batez onartu zuten estatu espainiarreko epaitegietako erresoluzioak Giza Eskubideen Europar Hitzarmeneko 5. artikulua urratzen duela: askatasun eta berdintasun eskubidea. Gainera azpimarratu zuten, espainiar Epaitegi Gorenaren sententzia modu erretroaktiboan ezarri zela eta espainiar konstituzioak 9. artikuluan arauen erretroaktibitatea debekatzen duela. Beraz, Estrasburgoko Epaitegiak ebatzi zuenez, Parot doktrina espainiar konstituzioaren aurka doa.

Hau hala izanik ere, epaitegi honek ez zukeen erabaki hau hartuko kalean ez balego presoei ezartzen zaien salbuespenezko legeen aurkako asteroko mobilizazioetan eta 100.000 pertsonako manifestazio masiboetan ikusten den indar eta presioa.

Parot doktrina PSOEren agintaldian ezarri zen, Juan Fernando Lopez Aguilar justizia ministroak “inputazioak eraikitzeko” politika defendatu ondoren zigorra betetzen ari ziren presoak kalera irten ez zitezen. 2006ko otsailaren 20ra arte, preso baten zigor guztiak 30 urteko batean batzen ziren, legeak ordura arte onartzen zuen gehiena, eta lan bidez eta beste era batzuetara lortutako erredentzioen bidez urteak gutxiagotzen ziren. Hala ere, data horretan Auzitegi Gorenak 197/2006 sententzia atera zuen Unai Parot presoak egindako helegitea zela eta. Honela, erredentzioak aplikatzeko modu berri bat abiatu zuten, eta era honetan zigor bakoitzari ezartzen zitzaion eta ez zigor osoari. Honen emaitza zigorra luzatzea izan zen 30 urteko zigor maximoa aplikatu arte. Parot doktrinak praktikan biziarteko zigorra ekarri zuen, azken 20 urteetako dispertsio politikari edo gaixotasun larriekin dauden presoak kartzelan mantentzeko erabakiari gehitzen zitzaion neurri ankerra.

Neurria indarrean jarri zenetik, Parot doktrina 100 preso politiko ingururi ezarri zaie. 2009an aske geratu behar zuten eta 2021era arte luzatu zitzaien presoen hainbat kasu daude. Aske zeuden hainbat pertsonari ere luzatu zitzaien zigorra eta hauek berriro atxilotzeko agindua eman zuten.

Dispertsio politika

Euskal presoen aurkako krudelkeria etengabekoa da, bai kartzela barruan isolamendua zigor bezala behin eta berriz erabiltzen dutenean, bai kanpoan, lekualdatze arbitrarioak egiten dituztenean eta hauetan jasandako tratuan. Beharrezkoa da azpimarratzea Euskal Preso eta Iheslarien Kolektiboari politika berezi bat ezartzen zaiola. Desberdintze honen oinarrian Kolektiboaren izaera politikoa dago, nahiz eta ofizialki ez onartu. Gaur egun ez da halako kartzela politikarik Europan, Turkian izan ezik.

Euskal Presoen dispertsio politikaren estrategia 80. hamarkadaren amaieran hasi zen eta, besteak beste, PSOEko Mugica Herzog bezalako agintariek eta Joseba Azkarraga bezalako euskal burgesiaren ordezkariek diseinatu zuten (Azkarraga EAko idazkari ohia da eta EAJ-EA gobernuko justizia sailburu izan zen, gaur egun eraikuntza enpresako aholkularia da).

Dispertsio politika honek eragiten duen sufrimenduak ere ez du errukirik presoen senideekin. Orain arte 16 lagun eta senide hil dira bisitarako bidaietan izandako istripuetan; eta hildakoez gain, 300 bat istripu izan dira eta hauetatik ehun inguruk zauri larriak izan dituzte. Gainera, galera materialak, ekonomikoak eta lan esparrukoak kalkula ezinak dira. Familia bakoitzak bere senide presoarekin harremana bermatzeko batez beste urteko 20.000 euro gastatzen ditu!

Presoen amnistiaren aldeko borroka eta sozialismoaren aldeko borroka

Bestela ezin izan litekeen moduan, Euskal Herriaren askapen nazional eta sozialaren aldeko borrokak, hau da, sozialismoaren aldeko borrokak, presoen eskubideen eta amnistiaren aldeko borrokarekin batera joan behar du.

Lehenik eta behin, gaur egun dauden preso guztien eskubide guztiak bete behar dira, esaterako kondena bete dutenak askatzea, baita hiru laurdenak beterik dituztenak, gaixotasun larri eta sendaezinak dituztenak, eta isolamendu eta bakartzeekin amaitu behar da.

Espainiar burgesia honen aurka dago eta dio “biktimen” sufrimendua konpondu behar dela, baina alde batekoena azpimarratuz. Noski, estatu aparatuak eta eskuinak tradizio luzea du bere ardura ezabatzen borroka armatuak paper garrantzitsua jokatzen duen gatazka politikoetan. Eurak izan ziren hautets ontzietan bozkatutako errepublikaren aurka 1936ko uztailaren 18ko kolpe faxista antolatu eta hiru urtez gerra zibila eragin zutenak; eta ez dute inolako barkamenik eskatu. Amnistia batek gerra zibilean atzeguardia frankistan eta 1939az geroztik “Espainia” konkistatuan izandako 250.000 hilketa politikotik salbatu zituzten, milaka eta milaka ezkerreko ekintzaile, sindikalista eta militanteren aurka pikete falangista eta erreketeek egindako exekuzioak justifikatuz. Eurek erabaki zuten Gernika bezalako herriak osorik suntsitzea eta tribunal militarretan gogotsu parte hartu zuten, baina ez dute barkamenik eskatzeko inolako asmorik. Klase baten parte dira, aberatsena, jabeena, bankariena eta lurjabeena, hauentzat demokrazia beren pribilegioak eta interesak bermatuta eta leku seguruan daudenean bakar bakarrik defendatu beharreko zerbait da.

Beraz, ezin dugu eskubide demokratikoen aldeko pausoak emango dituztela espero. Beharrezkoa da diputazioetan, udaletan eta eragile sozial eta sindikaletan dauden posizioak aprobetxatzea presoen eskubideak defendatzeko eta manifestazio masiboekin jarraitzeko. Eta Euskal Herriko gehiengo zapaldua borroka honetara erakartzeko, beharrezkoa da politika benetan sozialista eta ezkerrekoa defendatzea, lana kentzen digutenak eskubide demokratikoak kentzen dizkiguten horiek dira eta. Beraz, sozialismoaren aldeko borroka, bankuen eta monopolioen nazionalizazioaren aldeko borroka, kapitalismoak ukatzen dizkigun eskubide demokratiko nazionalen aldeko borrokarekin elkartu behar da.