Maiatzaren 24ko hauteskundeek eta ondoren etorriko diren gainerako hauteskundeek aldaketa sakonak eragin ditzakete egoera politikoan. Podemos lehiakide berria du ezker abertzaleak,baina baita eskuina botatzeko aliatu bat ere: murrizketekin amaitzeko, gehiengo sozialaren aldeko politika egiteko eta autodeterminazio eskubidea lortzeko.

EAJ, UPN, PP eta PSE-PSN: elkarrekin murrizketetan

EAJk enpleguaren eta industrializazioaren aitzindari bezala azaldu nahi du bere burua, eta, aldi berean, Euskal Herriko langile klasearen benetako errealitatea ezkutatu (EEEak, enpresa itxierak, kaleratzeak...). Estatu espainiarreko errekuperazio ekonomikoari buruz PPk esaten dituen gezurrak Euskal Herriko egoerarako ere erabiltzen ditu EAJk, baina egoera bestelakoa da: langabezia eta prekarietatea izurrite baten moduan zabaldu dira eta denbora luzez mantentzeko asmoa dute.

Euskal Autonomi Erkidegoan EAJk PSErekin egindako legislatura akordio bati esker gobernatzen du, eta, aldiz, Arabako instituzioetan PP babestu du Alderdi Sozialistak. PSE kolaboratzaile bikaina izan da EAJ eta PPrentzat aurrekontuak eta murrizketa sozialak onartzeko. Hiru alderdien artean kapitalisten eta aberatsenen interesak defendatzeko taldea osatu dute langile klasea eta sektore pobreenak gehiago zanpatzearen kontura.

Gasteizko langileen komiteak eta Gizarte Ongizatearen Foru Institutuko eta Arabako Diputazioko sekzio sindikalek honakoa salatu zuten: "las y los gestores políticos del PP han actuado estos cuatro años de espaldas a la ciudadanía alavesa y contra sus intereses, llevando estos servicios públicos, imprescindibles para las personas, a la destrucción y privatización, en busca de beneficios, convirtiéndolos en un negocio, dejando de ser un derecho. La privatización, bajo cualquiera de sus formas es un ataque a nuestro derecho a disponer de unos servicios públicos universales y de calidad, municipales, sociales, transporte, agua, vivienda, comunicaciones, cultura… que garanticen unas cotas mínimas de bienestar social para la totalidad de la población alavesa”.Araban eta Gasteizen PPk EAJren eta PSEren babesari edo isiltasunari esker aplikatu ditu neurri hauek, eta antzeko politika egin da EAJ, UPN, PP eta PSE-PSN agintean egon diren herrialdeetan, hiriburuetan edo herrietan.

Estatu mailan PPk egin duen bezala, osasun eta hezkuntza publikoa izan dira EAJren eta UPNren jo puntu. Osasun publikoaren eta bertako langileen aurkako erasoaldiari aurre egiteko hainbat mobilizazio antolatu dituzte azken hilabeteetan ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek ekintza batasunean. Honen erakusgarri izan ziren apirilaren 23 eta 24an sindikatuek antolatutako grebak. Hezkuntzako sektorean, berriz, milaka eta milaka ikasle mobilizatu dituzten hainbat manifestazio eta greba antolatu dituzte azken urteetan Ikasle Sindikatuak eta Ikasle Abertzaleakek. Kasu honetan ere argi geratu da bai EAJk eta baita UPNk ere begi onez ikusi dituztela praktikan Madrildik datozen Wert ministroaren erasoak, hezkuntza publikoa eta euskara modu basatian erasotzen dituzten neurri frankistak.

Ezker abertzalearen aukera instituzioetatik langile klasea defendatzeko

Hauteskundeek aukera ematen diote ezkerrari Euskal Herriko diputazio eta udaletxeetatik eskuinaren politikari aurre egiteko. Beharrezkoa da bukaera ematea EAJ, UPN, PP eta PSE-PSNren ustelkeriari, zerbitzu publikoen pribatizazioari, administrazio publikoko lan prekarietateari eta diru publikoaren lapurretari. Posible da instituzioetatik aurre egitea PPren arrazakeriari, UPNren españolismoari edo EAJren politika prokapitalistari, eta aldi berean eremuak irabaztea gehiengo sozialarentzat, langile klasearentzat eta gazteriarentzat.

Nafarroan eta EAEn langabezian dauden herritarrak defendatzeko, euskara, ingurumena, osasun eta hezkuntza publikoa defendatzeko, beharrezkoa da martxan dauden pribatizazio prozesuak geldiaraztea eta dagoeneko pribatizatuta dauden zerbitzuen erreskate publikoa egitea. Oinarrizko neurri hauei bankaren eta ekonomiako sektore estrategikoen publifikazioa gehitu behar zaizkie langile klaseak baliabide hauek guztiak gehiengoaren onurarako demokratikoki planifikatzeko.

Funtsezkoa da masen parte hartzea erabakietan. Erabakitzeko eskubidea izan behar dugu eragiten diguten oinarrizko auzi guztietan, eta ez soilik lau urtez behin bozkatu. Beharrezkoa da zerbitzu sozialak, osasun eta hezkuntza publikoa, etxebizitza eta enplegu duina defendatzeko botere instituzionala erabiltzea borroka maila altuago batean antolatzeko.

Aukera handiz betetako urtea izango da ezkerrarentzat, eta bereziki ezker abertzalearentzat. Antolakuntzarekin eta hauteskundeetan lortutako babesarekin, kaleetan sakabanatuta dauden mobilizazioak bateratuta, etorkizuna aldatzeko aukera garrantzitsua dago. Borroka honetan langile klaseak eta bere erakundeek funtsezko papera jokatu behar dute, bere zigilua jarri behar dute. Langileok gure indarretan bakarrik izan behar dugu konfiantza Euskal Herriaren eskubide demokratikoak lortzeko eta gizartearen eraldaketa soziala eskuratzeko. Horregatik, gure ustez beharrezkoa da ezker abertzaleak alde batera uztea EAJri luzatutako eskua. Gehiengo sozialaren babesa lortzeko modu bakarra kapitalismoari aurre egingo dion programa da, EAJk sekula defendatuko ez duena. Kapitalismoaren markoan eta euskal burgesiarekin akordiora iritsita, ez da posible Euskal Herriaren eskubide demokratikoak lortzea, autodeterminazio eskubidea barne. EAJ ez da irtenbidearen zati, arazoaren erantzule nagusi baizik.

Euskal Herrian eta Europa osoan "demokrazia" deitutako hitz eder horren atzean kapital handiaren diktadura dago, banku eta multinazionalen agintea, EAJk, UPNk, PPk eta PSE-PSNko agintari sozialdemokratek defendatzen duten berbera. Eskubide demokratiko nazionalen aldeko borroka, autodeterminazio eskubidea eta lurralde batasuna barne, gizartearen eraldaketa sozialistari lotuta daude, ezin dira bereizi: langile klase bateratuak, herriko sektore zapalduek eta gazteriak bakarrik aurrera eraman dezaketen borroka berbera dira.

Botoa EHBilduri! Sozialismoaren defentsa instituzioetara!