Otsailak 23 asteartean hasi genituen Leioako Jardunaldi Marxistak EHUko Gizarte eta Komunikazio Zientzien fakultatean. Ibaeta bezalako kanpusean ere hainbat urtez egiten ari garen ekimen hauetan dozenaka gazte parte hartzen ari dira eta interes handia piztu dute. Dudarik gabe, krisi kapitalistak eta honen ondorioek milaka gazte eta langile politika eta ekonomia bezalako gaietaz arduratzera eta aktiboki parte hartzera bultzatu ditu, gai hauen inguruko eztabaidak indartuz eta horren ondorioz ideia eta alternatibak aurkitzeko beharra sortuz. Zentzu horretan, marxismoren ideiak berrindartzen ari dira eta oso garrantzitsua iruditzen zaigu unibertsitatean ideia hauek zabaldu eta eztabaidatzea, gazteriak historikoki aldaketaren aldeko borrokan jokatu duen paperagatik.

Lehen jardunaldia mundu guztia kolpatzen ari den krisi kapitalistaren eta sistemak berak langile eta gazteei alternatiba duin bat eskaintzeko duen ezintasunaren analisiri buruzkoa izan zen. Sistema honen aurka borrokatzeko eta gizarte sozialista bat eraikitzeko alternatiba jarri genuen mahai gainean. Bigarren jardunaldia Greziako egoera ekonomiko, politiko eta sozialari buruzkoa izan zen. Bertan ezkerreko alderdi eta sindikatuetako zuzendaritzen papera, praktikan politika erreformistak erakutsi dituen mugak eta troikaren murrizketen aurka langile klaseak borrokarako duen borondatea bezalako gaiak landu genituen.

Datozen asteetan bideo emanaldi eta hitzaldi interesgarriekin jarraituko dugu. Martxoaren 8an Marx eta Engelsen pentsamendu iraultzailera gerturatuko gara eta bi iraultzaile horien ideiek duten gaurkotasuna ikusi ahal izango dugu. Ondorengo bi asteetan(martxoak 15 eta 22) berriz Hezkuntza Publikoaren aldeko borroka eta Errefuxiatuen krisia gaiak landu eta eztabaidatuko ditugu.

Euskal Herria Sozialista eta Federiko Engels Fundaziotik datozen asteotako hitzaldi- eztabaidetan parte hartzera animatzen zaituztegu. Informazio gehiago jasotzeko jar zaitezte harremanetan web orrrian agertzen den telefono edo e-posta bidez.