Ikasle Abertzaleakek deituta martxoaren 17an greba eta mobilizazio eguna izan zen. 15.000 ikasle inguru Euskal Herriko kaleetara atera ziren Espainiar Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak inposatu nahi dizkiguten LOMCE, 3+2, EU 2015 eta beste neurri guztien aurka. Euskal Herria Sozialistatik deialdiari babesa eman genion eta ikasle guztiak batera mobilizatzeko deia egin genuen.

Euskal eta espainiar eskuinak ez dituzte batere gogoko hezkuntza inposaketen eta beste hainbat zapalkuntzaren aurka altxatzen diren gazteak. Argi gelditu zen edozein aitzakia erabiltzen dutela era basati batean euskal gazteria erreprimitzeko eta, bide batez, mobilizazioei edukia kentzeko beraien komunikabideei esker. Hainbat ikasle zauritu zituzten eta 13 atxilotu (horietako bat buruan zauria zuela) Gasteizen eta Iruñean izandako poliziaren kargetan.

EAJ eta Alderdi Popularraren gobernuek “bake” hitza barra-barra erabiltzen badute ere, egunero erakusten dute zer den beraientzat hitz hori: inposatu nahi diguten gizarte eredua inolako oztoporik gabe gauzatzea, ikasle, gazte eta langileok belarriak jaitsi eta dena onartzea. Baina ez gaude horretarako prest, eta Euskal Herria Sozialistak erabat gaitzesten eta salatzen du M17ko mobilizazioen harira jasotako poliziaren errepresioa.

Honen guztiaren aurrean gazte, ikasle eta langileok antolatzen eta borrokatzen jarraitzea da aurrera egiteko modurik egokiena, era bateratuan eta mobilizazioak ahalik eta gehien zabalduz. Horregatik dei egiten diegu Ikasle Abertzaleak, LAB, ELA, STEE-EILAS, CCOO, UGT  eta hezkuntza komunitateko ikasle eta langile orori apirilaren 13 eta 14ko greba eta mobilizazioetara gehitzeko.