Kaleko borrokarekin jarraitu behar dugu

Autodeterminazioaren eta sozialismoaren alde

Apirilaren 28ko hauteskundeak porrot latza izan dira bloke atzerakoiarentzat eta Hego Euskal Herrian hartu du kolperik gogorrena. Eskuin espainolista hauteskunde hauetatik guztiz ahulduta atera da: PPk emaitza katastrofikoa eskuratu du; Ciudadanosek aurreikusitakoa baino askoz gutxiago lortu du, kontuan hartuz gero, urtebete besterik ez dela inkestek alderdi bozkatuna izango zela esaten zutela; eta hainbeste errepikatu den Voxen sarrera indartsua erabat hustu da, PPren tradiziozko bozkaren zati bat soilik lortzearekin konformatu da, zati frankistena eta ezkerraren aurkako errebantxa gose gehien duena.

Hauteskundeen emaitzek erakutsi dute bloke atzerakoiari bidea ixteko mugitu dela langile klasea eta gazteria bozkatzera. Erantzun argia eman zaio nazionalismo espainolistaren, Catalunya eta Euskal Herriaren aurkako kanpainaren, diktadura frankista aldarrikatzen duen diskurtsoari eta langileak zapaltzeko programa ekonomiko neoliberalak astinduz jantzi duten diskurtsoari. Andaluziako hauteskunde autonomikoetan gertatutakoaren ondoren, erreakzio espainolista atzerakoienak, matxistenak eta langileen aurkakoenak milioika langile eta gazteren erantzuna mobilizatu du lurralde guztietan. Ez dira pasa!

Bozka “erabilgarri” hori estatu mailan, batez ere, Pedro Sanchezen PSOEren inguruan batu da. Zentzu honetan, Hego Euskal Herrian ere aurreko hauteskundeetan baino ia 125.000 bozka gehiago lortu ditu PSEk. Baina hori ez da hartu behar PSOEren buruzagien politikei emandako babes bezala. Aurreko gobernuko zortzi hilabeteetan ez da gai izan PPren kontraerreforma sozialak desegiteko, murrizketei buelta emateko eta austeritate neurriekin amaitzeko. Podemosen aldeko botoek jaitsiera oso garrantzitsua jasan dute, zuzendaritzak posizio sozialdemokratara eta instituzionalistetara egin duen biraketaren eta kaleko borroka bertan behera uztearen ondorioz.

Hauteskunde hauen emaitzak ezin dira bereizi azken urteetako klase arteko borrokaren dinamikatik. Martxoaren 8ko greba historikoa, pentsionisten etengabeko mobilizazioa, ikasle eta langileen borrokak, Catalunyako herriaren altxamendua edo Altsasuko gazteen aldeko mobilizazio historikoak gogoan jarraitzen dute.

Nahiz eta parlamentuko ezker espainiarra behin eta berriz makurtu den 78ko erregimenaren aurka, nazionalismo espainolistari bidea irekiz eta erabakitzeko eskubidea ukatuz, langile klaseak, gazteriak eta pobretutako geruza ertainen sektore zabalek hautestontzietan bloke atzerakoiaren gobernuaren aurka daudela erakustea erabaki dute.

Hego Euskal Herrian PP, CS eta Vox blokea birrindua


Eskuin espainolistak Euskal Herrian hasi zuen hauteskunde kanpaina probokazio zuzenaren bila, Estatu mailan beren “birkonkista frankista” irudikatzeko asmoz. Baina erantzuna irmoa izan da. Ez du eserlekurik eskuratu EAEn eta soilik bi lortu ditu Nafarroan, Hego Euskal Herrian jokoan zeuden 23etatik. Historian lehen aldiz, PPk ez du EAEko ordezkaririk izango parlamentuan. Datuak argiak dira. Bloke atzerakoiaren emaitzak -PP, Cs, Vox eta Navarra Suma (287.631)- eta ezkerrarenak, EH Bildu, Elkarrekin Podemos eta, baita eskuinari bidea ixteko helburuarekin, PSEk jasotakoak ere, - 897.661 guztira- alderatu besterik ez dago. EAJk lortu dituen emaitzak ere, eta Geroa Bairekin batuta, -416.777 bozka-, oso urrun geratzen dira ezkerreko bozkarik kontzienteenarekin alderatzen bada, kontuan hartzen badugu bere burua eskuin “moderatu” gisa eta bloke atzerakoia garaitzeko modu gisa saltzen saiatu dela.

Zalantzarik gabe, eskuinak ahotan darabilen “España una, grande y libre”-ren diskurtso frankistak erabakitzeko eskubidearen aldeko borroka indartzen du, eta hori langile klasearen eta gazteriaren sektore zabaletan politika kapitalisten aurkako borrokaren zati gisa ulertzen da. Historian lehen aldiz, ERCk hauteskunde orokorrak irabazi ditu Catalunyan 15 eserlekurekin. EH Bilduk asko hobetu ditu emaitzak, 2016ko hauteskundeekin alderatuz (184.713tik 258.840 bozka jasotzera pasa da, 2 eserleku izatetik 4 izatera igaro da, eta ia bosgarrena irabazi du Nafarroan).

2016ko hauteskunde orokorretan Elkarrekin Podemos indartsu sartu zen Hego Euskal Herrian ‑Catalunyan En Común Podem bezala-. EAEn bozken %29a eta lehen postua irabazi zuen eta Nafarroan %28,3arekin bigarren gelditu zen. Emaitza horiek 78ko erregimenaren eta murrizketen aurkako borroka eta erabakitzeko eskubidearen aldeko defentsa elkartzen zituen diskurtso batean oinarritu ziren. Baina gertaerek proba pasa diote eta benetako orduan Kataluniako herriaren altxamenduaren aurrean agertu duen mespretxuzko eta ekidistantziazko jarrerak, konstituzioaren defentsak eta kaleko borroka bertan behera uzteak faktura pasa diote. Horrela azaltzen da Elkarrekin Podemosek jasan duen atzerakada, 139.362 bozka eta hiru eserleku galdu baititu Hego Euskal Herrian – %21,5 erori da EAEn eta %10 Nafarroan– ; zati bat PSEra joan da eta bestea EH Bildura.

EAJ izan da hauteskundeetako garaile Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. 2016an 287.014 (%24,9) bozka lortzetik, 394.627 (%31) eskuratzera igaro da eta eserleku bat gehiago irabazi du, 6 guztira. Zalantzarik gabe, EAJk probetxua atera dio bloke atzerakoiaren diskurtsoari, 78ko erregimenetik jaio ziren “pribilegio autonomikoak” kentzearekin ere mehatxatzera iritsi baitira besteak. Komunikabide kapitalistetatik jasotzen dituen laudorio guztien laguntzarekin, iritzi publikoaren aurrean eskuin arduratsuaren eta aurrerakoiaren plantak egin nahi ditu, bake soziala eta klase arteko bizikidetza bermatzen dakien alderdi gisa agertu nahi du bere burua. Baina ezbairik gabe, zuritze honetan laguntzarik baliagarriena ezkerretik bertatik jasotzen du, EH Bilduren eta Unidas Podemosen oposizio irmo baten ausentziatik. Benetako akatsa da EAJ aliatu gisa hartzea edo euskal eskuina antifaxista dela esatea, ez baita horrela izan, ez orain eta ez inoiz. Azterketa serioago batek argi erakusten du EAJren historia Espainiar estatuko eta mundu mailako eskuinaren berbera dela. Txaketa demokratikoa zein faxista aldatzen joan da komeni izan zaion bakoitzean, bere pribilegioak mehatxupean jarri dituen langile klasearen borrokari aurre egiteko.

EAJ ez da gure aliatua. Alternatiba iraultzaile baten alde


Egungo demokrazia burgesean, hauteskundeetako emaitzak ez dira masen aldartearen argazki leiala izaten. Estatu mailan geroz eta zorrotzagoa den polarizazio sozialarekin gertatzen den bezala, Euskal Herrian ere areagotzen ari den masen borrokak, lehenago edo beranduago, EAJ eta bere politika kapitalistak estu hartuko ditu. Jada ari gara hasiera ikusten. Langile, gazte edo pentsionistak kalera borrokara atera direnean, EAJk bere benetako aurpegia erakutsi die: patronalaren ondoan kokatu da, mugimendu sozialak erasotu ditu eta Ertzaintza bidali du borroka erreprimitzera eta Mozal Legea aplikatzera. Hori da Euskal Herrian klase arteko borrokaren talka sakonagoak prestatzen ari den eskola.

Langile klaseak eta gazteriak frogatu dute gai direla eskuina erakundeetatik kanporatzeko eta baita gehiagorako ere. Baina esperientziak erakutsi du ez dela posible bi ugazabei aldi berean jaten ematea: edo kapitalistekin, edo langile klasearekin. Bozkatzea ez da nahikoa. Aurrera jarraitu behar dugu mobilizazio masiboarekin, eta ezinbestekoa da ezker borrokalari bat eraikitzea, botere ekonomiko eta politiko handien aurkako konfrontazioa gizartearen eraldaketa sozialistara eramateko gai izango dena.

Antolatzeko eta borrokatzeko ordua da!

Antola zaitez Ezker Iraultzailean!