Eraiki dezagun Ezker Iraultzailea!
Nafarroako maiatzaren 26ko hauteskundeek ikusmira berezia izan dute ezkerraren artean UPNren garai ilunen itzuleraren arriskua zegoelako. Navarra+ (UPN, PP eta Cs) bloke atzerakoiaren garaipena asko azpimarratu bada ere, egia esan, apenas irabazi ditu 11.349 bozka gehiago 2015eko foru hauteskundeetatik. Apirilaren 28ko bozka joerak mantendu egin dira hein batean, batez ere Podemosen galera handian eta horrek PSNren gorakadan izan duen eraginean.
Inkestek eta alderdi politikoen aurreikuspenek iragartzen zuten UPN kanporatu zuen laukotea errepikatzea zaila izango zela. Horrela izan da. Geroa Baik (EAJk Nafarroan duen marka) 2015eko emaitzak zertxobait hobetu ditu foru hauteskundeetan, 6.826 bozka gehiago eskuratuz (60.323 guztira), baina 9.075 bozka galdu ditu udaletan, 20.560 ateraz. Geroa Baik hauteskunde orokorretan eta udaletan ia 30 mila bozka gutxiago eskuratu ditu bataz beste. Argi dago ezkerrak Nafarroako Gobernuko lehendakaritza Uxue Barkosi entregatu izana itxura aurrerakoiagoa emateko eta bloke atzerakoia geratzeko erreferente gisa agertzeko erabili duela Geroa Baik. Hala ere, udaletan hobe ikus daiteke beren eskuineko politikek eta posizionamenduek ez dutela hainbesteko babes oinarririk. Adibidez, Iruñean, PSN eta UPNren eskutik Maravillas gaztetxearen aurkako errepresioan parte hartu zuen hirian izan du galerarik handiena (8.568 bozka).
EHBilduk bere aldetik emaitzak hobetu ditu aurreko hauteskundeetatik. Foru hauteskundeetan 2.456 bozka gehiago lortu ditu, nahiz eta laugarren postuan geratu den eta azken kontaketan aulki bat galdu duen zazpi parlamentarirekin geratuz. Hala ere, EH Bilduren hazkuntza udaletan ikus daiteke hobekiago. Inor baino zinegotzi gehiago atera ditu eta bozken kopuruan bigarren postua berretsi du, 13.134 bozka irabaziz (67.810 guztira).
Zalantzarik gabe, dezepezio handia Podemosen gainera erori da, 30.083 bozka eta 5 eserleku galdu baititu Nafarroako parlamentuan. Izquierda-Ezkerrak ere atzera egin du foru nahiz udal hauteskundeetan, nahiz eta azkenean ozta-ozta, aurreko legegintzaldian zituen bi aulkietatik bat mantendu ahal izan duen.
PSN izan da bozketan gehien hazi dena. 71.838 bozka jaso ditu foraletan (2015ean baino 26.674 gehiago) eta bigarren postua erdietsi du 11 eserlekurekin. Udaletan, berriz, 58.718 bozka lortu ditu. Estatu mailan bezala, PSOEk bere hautesleen zati bat berreskuratu ahal izan du Podemosen erorketatik. Dagoeneko Chivitek hasi ditu Nafarroako lehendakari izateko negoziaketak, Geroa Bai, Podemos eta I-Erekin, eta oso argi utzi du ez duela inolaz ere negoziatuko EH Bildurekin, nahiz eta bere abstentzioa beharko lukeen lehendakari izateko. Ez da, ordea, hain hitz gogorrik egon Navarra+-ekoen aurka, martxan jarri duten PSN-Geroa Bairen balizko koalizioaren aurkako kanpaina histerikoaren aurrean. Ferrazen ere Geroa Baiekin koalizioa egitearen aurka agertu dira. Ezin da, beraz, baztertu 2007an PSOEk gobernua UPNri entregatu zionekoa errepikatzea. Hala ere, beren oinarrietatik jasoko duen presioa egoeran faktore bat izango da eta indartsua gainera. Azken batean, PSNren bozka, funtsean Nafarroako hegoaldeko langile klasetik dator eta Navarra+ geratzeko asmo oso argia zuen.
Eskuinarekin eginiko itunen prezioa
Aurreko gobernuko alderdiek gehiengoa osatu ezin izana Podemosen porrota azpimarratzean justifikatu izan da. Baina galera gogor horren kausak, baita etengabeko barne krisienak ere, sakonagoak dira eta klase arteko borrokaren presioetan oinarritzen dira. Alderdi moreko buruzagien gainbehera sozialdemokrata eta burokratikoa edota Catalunyako herriaren altxamenduaren eta 78ko erregimenaren errepresioaren artean hartu duten jarrera ekidistantea Nafarroako talde barnean ere egon dira. Bestalde, ororen gainetik Geroa Bairen eskuineko gobernuaren egonkortasuna bermatzeko helburua lehenesteak, politika kapitalisten aurrean klaseko programa bat eusteari eta alternatiba oro defendatzeari uko egitea izan da.
Laukotearen akordioak hainbat puntu zituen. UPN eta PPren murrizketekin hezkuntzan, osasungintzan etxebizitza sozialetan, etab. galdu zena berreskuratzea planteatzen zen, baina ez dira aurrerapen esanguratsuak lortu puntu horietako batean ere. Bestalde, aurreko UPNren gobernuaren obra faraoniko guztiak eraikitzen ari dira AHT, Nafarroako kanala, Yesako hazkuntza etab. Soilik Nafarroako ospitaleko sukaldeen pribatizazioa atzera itzuli da, zalantzarik gabe neurri hori eskatzen zuten mobilizazioen presioaren fruitua izan dena.
EAJren tradiziorik hoberenetan, Geroa Baik ezkerrak eman zion zuzendaritza aldaketa gelditzeko erabili du, baina baita laukotea bera apurtzeko ere. Aurreko udan, hauteskundeak galtzeko arriskuaz jabetuz aliatu berri eta erosoagoei keinua egitea erabaki zuen. Horrela, EH Bildurekin distantzia markatu zuen -nahiz eta hauek EAJ nafarraren aurkako kritika txikiena saihesten aritu- eta PSNri bota zion amua. Gogor jokatzen zekiela erakutsi zion Huertas de Peraltako langileak erreprimituz eta Iruñeako Maravillas Gaztetxea modu basatian desalojatuz. Azken batean, EAJk jada babestu zuen zentsura mozioa eta EAEko instituzioetan elkarrekin zeuden gobernuan eskuineko politikak eginez oso eroso.
Huertas de Peralta, emakumeak eta Altsasuk markatzen dute bidea
Gure indarra kalean dago!
Esperientziak erakutsi du “aldaketaren” gobernua ilusio hutsa besterik ez dela, ez bada politika kapitalistekin hausten. Hauteskunde emaitza hauek garratzak izan daitezke ezkerreko ekintzaile askorentzat. Zalantzarik gabe, ezkerra sistemara eta bere instituzioetara egokitzeak prezio bat du. Baina garrantzitsuena esperientzia honetatik ikasgaiak ateratzea da. Gure bizi baldintzen benetako aldaketak ez dira inoiz etorriko eskuinarekin itunak egitetik, bulegoetako akordioetatik edo kalkulu aritmetikoetatik.
Lorpenetan aurrera egiteko modu bakarra kalean borrokatzea da, Huertas de Peraltako langileek, La Manadako epaiaren aurkako mobilizazio historikoek eta Altsasuko gazteen aldeko manifestazio erraldoiek erakutsi duten bezala. Adibide horiek erakusten dute langile klaseak eta gazteriak dugun indarra borrokatzeko antolatzen garenean. Ezkerrak udaletako edo gobernuetako posizioak kaleko indarrean oinarritu behar ditu, horiek zabaltzeko, mugimenduaren osotasunak aurrera egiteko bozgorailu eta tresna izateko. Horregatik atera behar dira ikasgaiak esperientzia honetatik eta alternatiba iraultzaile bat altxa. Hori da gazteen eta langileen eginkizun garrantzitsuena datorren garaian. Ezin dugu 4 urte hauteskunde berrien zain egon, ezta eskuinarekin eginiko akordioetan fidatu ere. Kalea hartu behar dugu berriro!