Murrizketen, prekarietatearen eta errepresioaren aurka, borrokak aurrera jarraitu behar du

Azaroaren 10eko hauteskundeak kolpe gogorra izan dira Estatu espainiarreko klase agintariarentzat. Agerian utzi dute inposatu nahi duten agendaren aurrean gazte eta langileak erakusten ari garen erresistentzia izugarria dela; parlamentuko ordezkaritza bera ere baldintzatzera iritsi da. Kapitalisten helburua PSOE-Podemos gobernua ekiditea izan arren, horixe eragin dute.

Kataluniarekin batera, Euskal Herrian izan da PP, Cs eta Voxen bloke atzerakoia gogorren birrindu den tokia. EAEn, berriz ere, oso hurbil egon da ordezkaririk gabe gelditzeko aukera. Bestalde, EH Bilduk gora egin eta emaitza historikoak eskuratu ditu. Nafarroan bosgarren eserlekua lortu du eta horrek parlamentuan taldea edukitzea baimendu beharko lioke. Bel Pozueta izan da azken eserleku horren ordezkaria, Altsasuko muntaiagatik preso dagoen Adurren ama. Ez da kasualitatea. Estatu aparatuaren errepresio eta autoritarismoaren aurkako bozka argia izan da, Altsasuko edota Kataluniako fartsa judizialen aurkakoa. Mobilizazio sozialaren oihuak 78ko erregimenaren zimenduak astindu ditu, hautets-ontzietan ere nabarmendu da, eta klase arteko borrokan etapa berri bat irekitzen du.

Voxek aurre hartu du, baina bloke atzerakoiak atzera egin du

PP, Cs, Vox eta Navarra Sumaren bloke atzerakoia kolpaturik atera da Estatu mailan ere. 881 mila bozka galdu ditu apiriletik, eta abstentzioa 6 puntutan (10,5 milioi) igo da. Kontuan hartu behar da, gainera, PSOEren kanpaina espainolistak egiten zien mesedea. Duela hilabete gutxira arte IBEX 35aren apustu handiena zen Ciudadanosek porrot latza jaso du. PPk hondoratze horretatik bozka batzuk lortu arren, bere historiako bigarren emaitza txarrenak eskuratu ditu. Vox izan da gehien hazi dena, eserlekuak bikoiztu eta 52 diputatu lortu baititu. Ez da txikikeria, abisu serioa da. Baina gauzak bere tokian eta neurrian jarri behar dira.

Gezur kanpaina handia dago martxan eta planteatzen ari dira Voxen igoera masa espainiarren artean faxismoa indarra hartzen ari delako gertatzen dela. Zalantzarik gabe, emaitza hauek inpaktu handia izan dute langile klasearen geruza zabalen artean, baina Vox bozkatu dutenak, PPri botoa eman izan dioten betiko eskuin espainolaren boto emaileen zati bat besterik ez dira; mobilizazio sozialaren eta Kataluniako herri altxamenduaren aurrean amorratuen dauden boto emaileen zatia. Voxek azkeneraino eraman du erregimenaren gainontzeko alderdiek, PSOEk barne, plazaratu duten programa. Eskuinaren bozkaren bestelako banaketa baten aurrean gaude, gizartean dagoen polarizazio izugarria islatzen duena. Dena den, eskuin espainolistak atzera egin du eta ezin ditu hauteskundeak irabazi, ezta gobernua osatu ere.

Eskuin muturraren gorakada Europako beste herrialdeetan ere ikusi dugu. Alde batetik, kapitalismoaren krisi sozialak elikatzen du eta, bestetik, demokrazia parlamentarioak eta ordezkari tradizionalek duten ezintasuna austeritate politika kapitalistei alternatiba bat eskaintzeko. Halere, hauteskundeetako itxurakeriak ez du zer eginik langile klasearen mobilizazioaren indar eta pisu sozialaren aurrean. Horregatik, masa borrokaren bidez bakarrik borroka daiteke eskuin muturraren aurka benetan, programa iraultzailea, hau da, sistema kapitalistaren aurrean benetako alternatiba bat defendatuta.

PSOE-Podemos gobernua. Kapitalistekin edo langile klasearekin

Klase dominatzailearen apustua PSOE eta Cs arteko gobernua aurrera ateratzea zen, langile klasearen eta eskubide demokratikoen erasoaldi are gogorragoa prestatzeko. Baina porrot latza jasan du. PSOE horretarako prestatu zen: “Orain Espainia” leloaren baitan, kanpainarik espainolistena egin zuen eta Kataluniako herriaren aurkako errepresioaren buruan jarri zen. Halere, bozkaren polarizazioak eta 78ko erregimenaren instituzioen sinesgarritasun faltak plan aldaketara behartu ditu. Hauteskundeak izan eta 48 ordutara, Pedro Sanchezek eta Pablo Iglesiasek koalizio gobernua osatzeko aurre-akordioa iragarri zuten.

Hala ere, azken urte hauetako esperientzia ez da alferrik pasa. Zentsura moziotik Pedro Sanchezen gobernuak ez die ekintzekin erantzun kalean planteatu ditugun aldarrikapenei. Mobilizazio soziala ezin izan du geldiarazi, ordea; eta gobernu honek ez du gazteen eta langile klasearen aldetik nahi duena egiteko baimenik izango. Murrizketekin, kontraerreformekin eta autodeterminazio eskubidearen eta nazio zapalduen aurkako errepresioarekin amaitzeak zera eskatzen du: aurre egin behar zaie botere ekonomiko handiei, bankariei eta kapital finantzariari; Europar Batasunetik ezarri nahi den austeritate agenda baztertu behar da eta aparatu judizial, polizial eta militarren aurka egin behar da eta horien buruan dauden elementu frankistak kendu.

Podemoseko buruzagiek koalizio gobernuan bete-betean sartzearen alde egin dute berriro ere. Argi utzi dute askotan prest daudela ezkerreko programari uko egiteko, eta dezente gainera; “kalte txikiena” onartzearekin justifikatzen dute dena. Aurre-akordioan bertan esan zuten ordena konstituzionala defendatuko zutela, Kataluniako eta Euskal Herriko autodeterminazio eskubideari uko eginez. Baina, azken batean, horixe bera izan da geroz eta babes gehiago galtzera eraman dituen bidea.

Podemosen sorrerak itxaropen handia sortu zuen nazio zapalduetan eskuineko politiken aurka zein 78ko erregimenaren eta kastaren aurka hitz egin eta erabakitzeko eskubidea defendatzen zutenean. Azken horrek ez zuen Estatu mailako langile klasearen eta gazteriaren artean gaitzespena izan. Justu kontrakoa. Atzerakada jasa dute, hain zuzen ere, fronte guztietan amore eman dutenean. 2016an lehen indarra izan zen Katalunian eta Euskal Herrian eta orain laugarren indarra dira. Estatu mailan ere ia 2 milioi bozka galdu dituzte 2016az geroztik.

Kataluniako herri altxamenduaren aurrean izan duten jarrera tamalgarriak ere faktura pasa die. Zeharka jartzea eta eskuak garbitzea praktikan “ordena konstituzionalarekin”, borrekin, gomazko pilotekin eta Gorenaren epaiarekin lerrokatzea izan da. Kataluniako askapen nazionaleko mugimenduak eliteei jokoa egiten diela planteatzea guztiz zentzugabea da. Mobilizazio erraldoietan Kataluniako kaleak bete dituzten milaka eta milaka gazte eta langilek ez dute murrizketen eta austeritatearen errepublika nahi. Alderantziz, argi utzi dute oligarkia katalanaren aurka daudela, hori guztiz bat eginda baitago oligarkia espainiarrarekin eta euskaldunarekin mugimendua zapaltzeko estrategian.

Dena den, PSOE-Podemosen gobernuak hasiera batean lasaitasuna eragin arren gazte eta langile askoren artean, gobernu hau egoera ekonomiko oso gogorraren aurrean egongo da. Kapitalistek murrizketa, erreforma eta errepresio neurri gehiago eskatuko dituzte. Horri aurre egiteko modu bakarra kaleko mobilizazioa izango da.

Eskuin aurrerakoiaren mito faltsua: EAJ betiko eskuina da

Azaroaren 10eko hauteskundeak beste garaipen bat izan ziren jeltzaleentzat EAEn, nahiz eta apiriletik bozka kopuruan atzera egin. Hala ere, ezin daiteke ahaztu EAJren aurrean Euskal Herriko kaleetan geroz eta handiagoa dela borroka. Euskal Herria izan da, Kataluniarekin batera,  mobilizazio sozial handienen eszenatokia azken hilabeteetan eta indar honek greba orokorraren deialdia eragin du. Are gehiago, izan diren lan gatazken eta borroka sozialen jo puntu zuzena EAJk aplikatzen dituen pribatizazio eta murrizketa politikak dira.

Jeltzaleek badakite hori horrela dela eta oso arduraturik daude. Horregatik ahalegintzen dira hainbeste aurpegia zuritzen, eskuin espainiarraren aurrean eskuin aurrerakoiagoaren plantak eginez. Hala ere, hipokresia agerian geratzen da Aitor Estebanen keinu eta hitzen alboan Ertzaintzak Voxen mitinen aurreko protesta antifaxisten aurka kargatzen duenean. Polizia antidisturbio ugarik, helikoptero eta guzti, Iñigo Cabacas erail zuten gomazko pilota berberekin kargatu zuten; hainbat zauritu eragin eta 21 gazte atxilotu zituzten Voxen aurka protestatzeagatik.

Ozen eta garbi esan behar da. EAJ funtsean PP, Cs eta Voxen eskuin ustel berbera da eta sistema berberaren ordezkariak dira. Urkulluk Bizkaiko metalaren grebaren aurka eta patronalaren alde egindako adierazpenek ez dute inolako zalantzarik uzten zeinen interesak defendatzen dituen. Diru-sarrerak Bermatzeko Errentari murrizketak egiteko proiektuak ere hori erakusten du, familia pobreenak erasotzen ditu enpresari handiei zergak jaitsi dizkien bitartean. Gainera, esku artean duen hezkuntza lege proiektu berria atera nahi du, hezkuntzaren pribatizazioa bultzatzeko eta euskal eskola publikoa are gehiago deuseztatzeko helburuarekin.

EAEko eskuineko hautesle mordoak beren bozka EAJra bideratu du, “pribilegio autonomikoen” defendatzaile gisa agertzeagatik. Baina zalantzarik gabe, euskal eskuiaren emaitza onak azaltzen dituen faktoreetako bat ezkerreko alderdietatik dator. Elkarrekin Podemosek eta EH Bilduk, mobilizazio sozialaren indarrean oinarrituz oposizio tinko bat egin ordez, behin eta berriro luzatzen diote eskua, aliatu bat izango balitz bezala.

Aitor Esteban bizkor joan da PSOE-Podemosen akordioa babestera. Beren helburu nagusia Espainiako gobernuaren egonkortasuna bermatzea da, erregimenak bizi duen momentu latzetik salbatzeko. Gobernu hau babestuko dute, Aznar eta Rajoy babestu zituen modu berean. Halere, dagoeneko adierazi du gobernu honek ezkerreko politikak baztertzeko eta kapitalaren interesak babesteko presio elementu bat izango direla.

Kaleko borrokak estutzen duenean erakusten du EAJk bere benetako aurpegia. Hori lortu dute Bizkaiko metaleko langileek eta hori da Bildu eta Podemoseko parlamentariek bultzatu beharko luketen indarra eskuina instituzioetatik botatzeko. Ezker Abertzaleak argi utzi behar du EAJ ez dela inolako aliatua, ezta autodeterminazio eskubidea lortzeko ere. Benetan dena bezala seinalatu behar da alderdi jeltzalea: enpresari handiak eta 78ko erregimenaren interesak defendatzen dituen euskal eskuina da. Errealitatea oso konkretua da. Behin eta berriz saiatu da Kataluniako herriaren altxamendua geratzen, aginte konstituzionala bermatzeko. Ezin daiteke, urriaren 19an Gure Esku Dagok Donostian antolaturiko manifestazioan gertatu bezala, ezkerrak aukera bat ematea EAJri masen aurrean eskuak garbitzeko.

Greba orokorrak jarraipena behar du

Urtarrilaren 30ean Hego Euskal Herrian greba orokorra deitu izana aurrerapauso garrantzitsua da. Deialdia mobilizazio sozialaren eta borroka sindikalen gorakadatik dator. Greba orokor hori pauso tinko bat bihurtu behar dugu langile klasearen indarrak eta batasuna sendotzeko.

UGT eta CCOO zuzendaritzek greba babesteari uko egin izana akats larria da. Deialdira batu beharko lukete eta estatu mailan zabaldu. Hori ilusio handiz jasoko litzateke gainontzeko langileen aldetik. Urriaren 18ko Kataluniako greba orokorra babesteari ere uko egin zioten. Burokrazia sindikal hauek bake soziala bermatzeko hartu duten eginkizuna benetan lotsagarria da, eta beren autoritatea lur azpian dago geroz eta gehiago gainditzen dituen mobilizazio sozial baten aurrean.

Langile klasearen eta gazteriaren borroka bateratuarekin bakarrik lortuko dugu politika kapitalistekin amaitzea eta autodeterminazio eskubidea lortzea. Greba honek aldarrikapen oso garrantzitsuak hartzen ditu: 1.080 euroko gutxieneko pentsioa, 1.200 euroko gutxieneko soldata, 35 orduko lan astea, jubilazioa 65 urtetara, etab. Ezbairik gabe, Euskal Herriko langile klaseak frogatu du baduela indarra hori eta gehiago lortzeko, baina greba egun batekin ez da nahikoa izango. Egun horrek lehen urratsa izan behar du, goranzko borroka plan baten baitan langile klasea eta gazteriaren antolakuntza benetan indartzeko eta mobilizazio egutegi argi bat planteatzeko greba orokor gehiago deituz.

Greba orokorrak erakusten du nork duen benetan boterea. Langile klasea da gizartean dena martxan jartzen duena. Sistema kapitalista historiako krisirik okerrenean dago murgildua, eta altxamendu iraultzaileak eragin ditu mundu osoan. Irtenbide bakarra dago: antolakuntza iraultzailea indartu beharra daukagu, eta modu irekian planteatu behar da enpresa handiak eta bankuak desjabetu behar direla eta langile klasearen eta gazteriaren kontrol demokratikoan jarri.