Mendeku politikarik ez euskal presoen aurka!

Errepresioaren aurrean, kaleko mobilizazioa eta masa borroka!
.
ETAren su-eten iraunkorretik eta behin betiko desegitetik urteak igaro arren, PSOEren gobernuak Rajoyren gobernuaren politika berberei eutsi die eta euskal presoen jazarpen bortitza mantendu du. Frankismotik zuzenean datorren Estatu aparatuaren errepresio bideak ez du inolako etenik izan, Catalunyako preso politikoekin berriki ikusi ahal izan dugun moduan, Europako epaitegiei ere aurre egitera iritsiz. Era berean, argi geratu da gobernu berriak errepresioarekin eta presoen aurkako mendeku eta sakabanaketa politikekin amaitzeko nahiz aparatu judizial eta polizialeko agintari frankistei aurre egiteko borondate faltaren aurrean, presoak askatzeko modu bakarra kaleko mobilizazioaren bidez atzera egin dezaten derrigortzea izango dela.


Egun, 250 euskal preso daude, 39 frantziar Estatuan eta 211 espainiar Estatuan. Frantziar Estatuan 39 presoetatik 25 hurbildu dituzte (%64), eta espainiar Estatuan, berriz, %84k jarraitzen dute urrundurik. 50 presok zigor bikoitza dute; izan ere, Frantziako kondena jasan ostean, berriz ere hutsetik hasi behar dute espainiar Estatura eraman dituztenean. Bestalde, 20 presok (18 espainiar Estatuan) gaixotasun larriak eta sendaezinak dituzte, baina egoera horretan ere askatasuna ukatu zaie. Gainera, euskal presoen %20 baino ez dago erregimen arruntean. Gainerakoak erregimen itxian daude eta 30 bakartze unitateetan. Euskal presoen eta haien senideen aurkako benetako mendeku politika da.

PSOE eta EAJ eskuin espainolistaren diskurtsoarekin lerrokatu dira errepresioa justifikatzeko

Irailaren 14an, Bilbon 50.000 pertsona baino gehiago manifestatu ziren euskal presoen eskubideak defendatzeagatik 47 ekintzaileren aurka burutu zen makro epaiketa salatzeko. 11/13 sumarioa bi aldeen arteko akordio batekin itxi zen astelehen horretan bertan epaiketa hasi eta berehala. Akordio hori 8 eta 20 urte arteko kartzela zigorrekin mehatxatzen zuen espainiar Estatuaren xantaiaren baitan lortu zen. Ikasgaiak atera behar ditugu gertatutakotik. Espetxea saihesteko onarturiko akordioa, Estatuak erabili du "Dena ETA da" diskurtsoa indartzeko. Grande-Marlaska Barne ministroak ezker abertzaleari egotzi zion: "erakunde terroristaren parte zirela onartu dute, eta horrek dena esaten du". EAJk ere iruzur horri eutsi zion, 47 auzipetuak "ETAko preso" edo "ETAko makoen fronteko kide” zirela adieraziz.

Estatu aparatuarentzat zein EAJrentzat, "dena ETA da" tesia babesteak esanahi konkretua du: koartada hori erabiliko dute kriminalizazio politikoan aurrera egiteko, terrorismo akusazioak eta espetxe zigorrak ezarriz gazteen, ekintzaileen eta sindikalisten sektore borrokalarienen aurka. Hori egin dute Altsasuko gazteen, Kataluniako herriaren edota Nafarroako sindikalisten aurka, eta baita Estatu mailan ere. Lortutako akordioak ez du inolaz ere presoen egoera hobetu, eta zigortuen sakabanaketa saihesteko ere ez du balio izan. Jon Enparantza, sumario honetan zigortua, irailaren 30ean Zaballako espetxean sartu eta urriaren 25ean Madrilgo Estremerako espetxera eraman zuten.

Aliantzarik ez 78ko erregimenaren defendatzaileekin

Azken hilabeteetan Euskal Herriko kaleetan manifestazio jendetsuak izan dira presoen jazarpenaren aurka egiteko, Altsasuko gazteak askatzeko eskatzeko edota Kataluniako herriarekiko elkartasuna erakusteko. 78ko erregimenaren eta berau ordezkatzen duen guztiaren gaitzespena, Euskal Herrian ere, langile klasearen eta gazteriaren zati handi baten kontzientziaz jabetu da.

EAJ bere benetako izaera ezkutatzen saiatzen da, mobilizazio batzuetara batu eta alderdi "aurrerakoi" gisa agertu nahian. Baina gertaerek argi erakusten dute zein aldetan dauden.

Horiek Sanchezek bezainbeste defendatzen dituzte 1958tik Hego Euskal Herrian arrazoi politikoengatik izandako 40.000 atxiloketen erantzuleak, EHUko Kriminologia Institutuak dokumentatutako 4.113 tortura kasuetako torturatzaileak edo 104 hildako eragin dituen polizia ekintzak  zigorrik gabe utzi dituen erregimena. Duela 30 urte, EAJk -PSOEren eskutik- sakabanaketa politikak antolatu eta ospatu zituen. Arzalluzen esanetan “sakabanaketak ez zituen giza eskubideak urratzen”.

Ezker Iraultzailetik ulertzen dugu presoen sakabanaketaren aurka borrokatzeko ezin dugula konfiantza izan jazartzen gaituztenekin. Errepresioaren helburua mobilizazioari eta kaleko protestari eraso egitea da. Horregatik, gure indarretan oinarritu behar dugu eta errepresioaren erantzuleak seinalatu. Haiei eta haien erasoei aurre egingo dien mobilizazioekin aurrera egin behar dugu, eskubide demokratiko eta sozialen aldeko borroka gizartearen eraldaketa sozialistaren aldeko langile klasearen borrokarekin elkartuz.