Uztailaren 12an gure bozka EH Bildura eta murrizketekin eta langile klasearen aurkako erasoekin amaitzeko ezkerreko Gobernu baten alde doa!

Kaleko borroka da bidea!

Begi bistakoa da EAJ benetan urduri dagoela EAEko hauteskundeak ahalik eta azkarren egiteko. Apirileko deialdia gogoz kontra bertan behera utzi zuenetik, Urkulluk kosta ala kosta eragotzi nahi izan du data gehiago atzeratzea, eta dena prestatu du apirilaren 12an egin daitezen.

Euskal eskuina beldur da, langile klasearen eta gazteriaren mobilizazioak arriskuan jar dezakeelako boterean jarraitzea. Eta ez da gutxiagorako. Urtarrilak 30eko greba orokorraren arrakastaren eta beste hainbat borroka sozialen ondotik oraindik argitu gabe dagoen Zaldibarko hondamendia gehitu zitzaion, non Eusko Jaurlaritzak ardurarik hartu gabe jarraitzen duen. Horri, osasun alarman zehar EAJren jardunak piztu duen haserre soziala batu zaio.

Gurutzetako Ospitaleko langileek Urkulluren bisitaren aurrean egindako protesta, pentsiodunek erresidentzien pribatizazioaren negozioari egindako salaketa zuzena, klasera itzultzearen aurrean langile sindikatuen aurkako jarrera eta Ikasle Sindikatuak deitu zuen ikasle greba… adibide batzuk baino ez dira.  Mobilizazio sozialak inoiz baino gehiago seinalatzen du EAJ patronalaren, murrizketen, ustelkeriaren eta errepresioaren alderdi gisa.

EAJren murrizketen altzora hedatu den pandemia

Osasun krisiak agerian utzi du, beste behin ere, EAJren benetako aurpegia. Bere "euskal oasia" gutxi batzuen negozioaren paradisua da, prekarietatea zabaltzearen kontura eta irabazi ekonomikoak denon osasunaren gainetik ezartzeko. EAJ aitzindaria izan da osasunaren pribatizazioan, PP bera ere gaindituz. 1991n, Osasun sailburu zen Iñaki Azkunak ospitale publikoak fundazio bihurtu zituen, kudeaketa pribatua sartzeko. Gaur egun, osasunera bideratutako diru publikoaren laurdena esku pribatuetara doa. 2007tik 2017ra, 900 ohe murriztu dira Hego Euskal Herrian. Murrizketen batez bestekoa Estatukoaren bikoitza da (%10,54 eta %5,23, hurrenez hurren). Emaitza agerikoa izan da: protokolo eta entsegu falta, % 40ko behin-behinekotasuna, lan gainkarga eta osasun langileei probak berandu egitea. Murrizketa horien altzoan hedatu da pandemia.

Gauza bera esan daiteke hezkuntzari buruz. Maiatza amaieran Eusko Jaurlaritzak itunpeko ikastetxe pribatuentzako laguntzetan 8,4 milioi euro onartu zituen, ustez irakasleak gaztetzeko. Ezer ez publikoarentzat. Hala ere, sindikatuek mobilizazioak egin behar izan dituzte, Kristau Eskola patronalak ez dituelako betetzen langileekin adostutako akordioak. Bien bitartean, EAJko Eskola Kontseiluko presidenteak elkarrizketa batean adierazi zuen, "austeritaterako eta elkartasunerako uneak direnez”, hezkuntza publikoan “kanpoko baliabideak lor daitezke boluntarioen, familien, praktiketako jendearen edo erretiroa hartu berri duten irakasleen bidez, horiek agian, prest baitaude eskolara pare bat orduz joateko".

Zerbitzu publikoen pribatizazioa EAEan maila guztietako EAJko kargu ohiek maneiatzen duten negozioa bihurtu da. Jeltzaleen ate birakariek hamarkadetan zehar sortu duten ustelkeria sarearen izebergaren punta baino ez dute erakusten. Egoitza pribatuak eta Keralty bezalako itundutako osasun-enpresak horren adibide dira. Zaldibarrek zabortegien kasua azaleratu zuen, baina askoz gehiago daude: industria, obrak, energia, ikerketa, kiroldegiak… zerrenda amaigabea da.

Urkulluren gobernuak ororen gainetik enpresen etekinak defendatu ditu. Ez zaie axola izan osasun publikoa erabat kolapsatuta egotea, babes ekipamendu faltagatik osasun langileak etengabe kutsatzea edo egoitzetan izandako heriotzak. Jeltzaleentzat benetan garrantzitsuena ez dira langile familien osasuna eta bizitza, "koma ekonomikoa eragoztea" baizik, haien poltsikoak ez daitezen kalteturik atera. Horrela izan da, eta horrela jarraitu nahi dute krisiaren aurrean.

Ez da inolako kasualitatea lan-erreforma bertan behera uzteko PSOE-UPk eta EH Bilduk lortutako akordioaren aurka kokatu izana. Martxoaren 5etik maiatzaren 20ra bitartean, EAEn 26.967 enpresetan ezarri dira aldi baterako lan-erregulazioko espedienteak eta 195.842 langileri eragin die. Patronalak 263,5 milioi euroko gastua aurreztu du soldatetan, nahiz eta aurreko urteetan enpresariek etekin apartak izan. Hori Osakidetza hilero kostatzen dena baino gehiago da, 250 milioi inguru. Noski EAJk "ez duela egoki" ikusten lan erreforma indargabetzea; izan ere, orain erabili nahi du hori patronalak eta aldi baterako espedienteak behin betiko EEE bihurtu, arrazoi ekonomiko objektibo eta abarrengatik kaleratzeak justifikatuz eta milioika euro aurreztuz.

Hori gutxi balitz, Bizkaiko Foru Aldundiak martxoaren 18an, pandemia betean, iragarri zuen Foru Arau bat non funts putreek zerga ordainketan irabazien erdia bakarrik aurkeztu beharko zuten. Ekainean sozietateen gaineko zergaren %60ko ezohiko kenkaria onartu zuten. Horrela kudeatu du betidanik EAJk bere "autogobernua" eta kontzertu ekonomikoa, aberatsen alde, behin eta berriz bere bazkide kutunen babesa jasoz, PP eta PSE.

Euskal burgesia ofentsiba gogortzeko prestatzen ari da

Burgesia kontziente da mundu mailako krisi ekonomiko baten aurrean dagoela eta bereak ziurtatu nahi ditu boterean. Momentu kritiko hauetan, milioika euroko lortzen dituzte Estatuetatik beren negozio eta aberastasunak erreskatatzeko, austeritate, murrizketa eta pribatizazio plan berriak ezartzearen kontura.

Confebaskek Aldi Baterako Erregulazio Espedienteak luzatzeko eta hedatzeko eskatu du eta enpresek ez ditzatela Gizarte Segurantzako kotizazioak ordaindu. Patronaleko presidenteak, Eduardo Zubiaurrek, argi adierazi zituen euren asmoak orain dela gutxi elkarrizketa batean: “enpresak eta enplegua salbatzeko herrialde moduan hartu beharko dugun zor handiari aurre egiteko, jokaleku orekatu bat aurkeztu dugu, eusteko eta ondoren ekonomia berraktibatzeko; horrek zorpetzea ahalbidetuko digu eta, ondoren, zentzuzko epe batean, kontu saneatuak berreskuratzea, berriro ere prest egoteko, etorkizunean antzeko neurriak hartu behar badira”

Nork ordainduko du Zubiaurrek hain xaloki aipatzen duen zorra? Argi dago langile familiak izango garela, hori ez badugu eragozten. Euren planak murrizketa gehiago dira, osasungintzan, hezkuntzan, pentsioetan eta soldatetan, 2008an egin zuten bezalaxe. Desastre honetara eraman gaituzten horiei ez ditugula beren errezetak onartuko esateko unea da, mobilizaziorik irmoena bultzatuz parez pare edukiko gaituztela argi uzteko unea.

EAJ kanporatu dezakegu, mobilizazioa indartzen eta langile klasearen aldeko politika altxatzen badugu!

EAEk azken legegintzaldi honetan trantsizio garaitik egon diren mobilizazio handienak ezagutu ditu. Urtarrilaren 30eko greba orokorrak 2019an euskal geografia osoan ugaritu ziren lan-gatazkak bateratu zituen: 400.000 egun inguru galdu ziren greben ondorioz, hogei urtetan egon den greba jarduera handiena izan zen, eta lau aldiz biderkatu zen 2018ko kopurua.

Bizkaiko metalaren gisako mobilizazioen alboan, etengabe bete dituzte kaleak pentsiodunek, borroka feministak, gazteriak aldaketa klimatikoaren aurrean, Kataluniako herriaren eta Altsasuko gazteen elkartasunean, edo Euskal Herriaren eta euskal presoen eskubide demokratikoen aldeko manifestazio erraldoiek...

Hori da eskuina erakundeetatik bota eta politika kapitalista guztiekin amaitzeko bidea eta lortzeko aukera handia dago. Baina horretarako, beharrezkoa da ezker abertzaleak eta EH Bilduk euskal patronalaren alderdiarekin erabateko konfrontazioa duen politika bat hartzea, bai legebiltzarrean eta baita kalean ere. EAJrekin "herri gisako irtenbideak" bilatzeko akordioetara iristeko ilusioak ezin dira eutsi inondik ere. Klaseko irtenbideak behar ditugu.

Egun aukera historikoa dago jeltzaleak Lakuatik kanporatzeko eta ezker abertzaleak paper esanguratsua jokatu dezake hori lortzeko, argi esanaz eurak direla arerio nagusia, demagogia guztia agerian utziz eta Euskal Herriaren autodeterminazio eskubidea EAJk etengabe erasotzen dituen eskubide sozialen aldeko borrokari batuz. Programa eta estrategia horrekin babes zabala irabaziko litzake langile klasearen eta gazteriaren artean.

PSOE eta UP koalizio Gobernuaren esperientziak ere ikasgai handiak ditu zentzu honetan. Edo logika kapitalistarekin erabat hausten da, langile klasea defendatzeko neurri ausartak planteatzen dira —bankuen eta ekonomia kontrolatzen duten monopolioak nazionalizatzea esaterako— eta masen mobilizazioan oinarritzen da, edo azkenean botere ekonomiko handiek, IBEX 35ak eta bankuek beren baldintzak ezartzen dituzte eta gobernuaren politika markatzen dute. Egin daitezkeen erreforma txiki eta lotsatiak tanta bihurtuko dira ozeano erdian, baldin eta 78ko erregimen kapitalista kosta ala kosta defendatzen jarraitzen bada, eta proposatzen dena "batasun Nazionalaren" bidea eta klase arteko lankidetzaren politika bada.

Ekainaren 18an, Pablo Echeniquek, UPko bozeramailea Madrilgo Kongresuan, adierazpen benetan larriak egin zituen Felipe Gonzalez eta GALen ikerketa batzordea osatzearen aurka, "mundu guztiak daki zer gertatu zen" eta gai horrek "distraitzea" ekar zezakeela esanez. Haserrea berehalakoa izan zen ezker konprometitu eta militanteenaren oinarri sozialaren artean, bai Euskal Herrian zein Estatu mailan. Echeniquek berak jarrera zuzendu eta UPk batzordearen alde bozkatu behar izan zuen, baina azpimarratuz ikerketa proposamena EAEko hauteskundeen aurrean Koalizioaren Gobernua mindu nahi duen maniobra elektorala zela. Horrek marra gorri oso serioak gainditzen ditu.

Greba orokorraren aurrean, Podemoseko eta PSEko buruzagiak kontra agertu ziren. Are gehiago, euren botoekin EAJren aurrekontu antisozialak babestu zituzten, eskuineko agendaren jarraipena bermatuz, eta hori egin bazuten EAJk koalizio gobernua babesteko izan zen. Horregatik, EAJ botako duen ezkerreko gobernu baten proposamena ezin da abstraktua izan. Oso zehatza da: murrizketa sozialekin, pribatizazioekin eta etxegabetzeekin behin betiko amaitzea eta kontsekuenteki defendatzea kalitatezko osasun, hezkuntza eta etxebizitza publikoak eta mehatxupean dauden eskubide eta askatasun demokratikoak.

Ezker Iraultzaileko marxistek datorren uztailaren 12an EH Bilduri bozkatzeko deia egiten dugu. Baina ez dugu txeke zuri bat luzatzen, baizik eta praktikara eraman dadin eskatzen dugu milaka pertsonek dagoeneko kaleetan, greba orokorrean eta beste hainbat mobilizaziotan defendatu duguna: EAJ erakundeetatik botatzea, euskal eskuinarekin klaseen arteko lankidetza errotik moztea, eta ezkerreko indarrekin Gobernu bat eratzea politika kapitalistekin hausteko.

Jakin badakigu abstentzioak eskuinari bakarrik egingo diola mesede. Baina badakigu botoa ematea ere ez dela nahikoa. Alternatiba bat eraiki behar da Euskal Herrian, langileen eta gazteen artean programa iraultzaile eta internazionalista bat defendatzeko, modu irekian planteatuko duena sozialismoaren aldeko borroka, autodeterminazio eskubidearen defentsarekin batera. 2019an Txilen, Ekuadorren, Aljerian, Sudanen, Frantziako Estatuan, langileen eta herritarren altxamenduek eta AEBn arrazakeriaren eta Trumpen gobernuaren aurkako borrokak erakusten dute indarra dugula errepresioa, etxeratze-mugak eta sistemaren gobernuak garaitzeko. Hondamendi kapitalistarekin amaitzeko eta mundua errotik eraldatzeko, langileok eta gazteok gizartearen gidaritza hartu behar dugu.

Batu zaitez Ezker Iraultzailera!