Eskuinaren ofentsibaren aurrean politika kapitalistekin hautsiko duten benetako ezkerreko politikak eta aurrekontuak behar ditugu

Aurrekontu orokorren inguruan PSOE-UP gobernuaren eta EH Bilduren arteko negoziaketek erreakzioaren amorrua askatu dute lau haizetara. “Terroristekin itunak egiten dituen Gobernua!”, “ETAri esker mantentzen den Gobernua!”… halakoak izan dira berriro eskuin espainolistaren oihu desesperatuak, Ciudadanos, PP eta Voxen artean. Oraingoan  ordea, doinu berdina abestera batu dira PSOEko hainbat buruzagi eta EAJko eskuina.

Erreakzioaren erasoaldia

ETA desagertu zenetik urteak igaro ahala mamu bera astintzen jarraitzea sekulako iruzurra izan arren, eta egun kanpaina horien eragina gehienbat eskuinaren aurkako haserrea handitzea izan arren, auzitegiek leial jarraitzen dute eskuin atzerakoienaren deiadarrei erantzuten. Horrela, kanpaina honen baitan, Estatu fiskaltzak Voxi arrazoia eman dio eta Arnaldo Otegi berriro epaitu behar dela berretsi dute Bateragune auzia dela eta. Auzi horren erruz, besteak beste, Otegik 6 urte eman zituen espetxean eta gero, Europako Giza Eskubideen Auzitegiak Espainiako justizia kondenatu zuen epaiketa honetan izandako inpartzialtasun falta dela eta. Zorakeria dirudien arren, hori da Estatu espainiarraren jazarpen modus operandia, klase agintariaren atzerapen endemikoari eta bere ADN frankistari erantzuten diona.

Hala ere, oraingo honetan, Sanchezen Gobernuaren aurkako akusazio kanpaina zaratatsua bere alderdi barnetik ere irten da eta nahiko indartsu gainera. PSOEko hainbat buruzagi EH Bilduren babesaren aurka agertu dira eskuinaren argumentu berberak erabiliz, argi uzteko euren bazkide gogokoena Ciudadanos dela. Pertsonaia hauek PSOE barnean IBEX 35aren interesak defendatzeko lobbya osatzen dute, eta argitara atera dira, hain zuzen, burgesiak den dena nahi duen aurrekontuen alde egitera.

Egia esan, Sanchezen esku balego, poz arren tratatuko zuen dena Ciudadanosekin. Hori argi utzi zuen joan den urteko hauteskunde kanpainan. Baina kontua da, azken batean, kapitalisten gogoen aurka PSOE eta UP gobernua eratzea bultzatu zuen testuinguru berberaren aurrean gaudela. PSOEren maniobrak baldintzaturik daude, polarizazio soziala eta langile klaseak eskuinaren aurrean duen erresistentzia dela eta. Pandemia baldintzetan igarotako azken hilabeteetan eskuinaren saiakerak porrot egin dute, “Cayetanoetatik” hasita Voxen zentsura moziora arte.

EAJ patronalaren interesen zaindari Madrilgo parlamentuan

EAJk ez du ezkutatu harrapatu duen kasketa. Euskal eskuinarentzat Madrilgo parlamentuko palestrak berebiziko garrantzia izan du bere propagandan, aurrerakoiaren itxurak egiteko eta Madrilen euskal interesen alde egiten duen bakarra dela esateko. Ezin onar dezake EH Bilduk ezkerretik kritika egitea eta gainera bere politika klasistak ebidentzian uztea.

Estaltzen saiatu arren, EAJk PPren eta PSOEren gobernuak babestu izan dituenean, arrazoi estrategikoengatik egin du, 78ko erregimenaren egonkortasuna bermatzeko eta horrela euskal burgesiaren interesak, eta azken batean, espainiar burgesia osoarenak babesteko.

Inbestiduraz geroztik, EAJ Gobernu honen bazkide garrantzitsuena dela esaten aritu da, baina praktikan, bere egitekoa administrazio honek patronalarekin ondo kunplitzen duela ziurtatzea izan da. Oraingoan, Ortuzarrek zera esan du Podemosi erreferentzia eginez: bera Sanchez balitz mahai gainean ukabilkada joko zuela eta abisua emango ziela ondokoei, izan ere, formazio morea “saiatzen ari delako PSOE eta Ciudadanos arteko itun oro baztertzen”. Kuriosoa da EAJ amorraturik ikustea nahiago duelako ituna Ciudadanosekin egitea –“pribilegio autonomikoak” kentzearen aldeko alderdia- , EH Bildurekin baino. Esperientziak eta hondoraino sarturik dauden ustelkeria kasuek ondo baino hobeto erakusten dute euren nazionalismoa enpresarien poltsikoetan hasi eta amaitzen dela.

EH Bildu eta PSOE-UPren aurrekontuak
Langile klasearen eskubideak defendatzeko kaleko mobilizazioaren indarrean oinarritu behar dugu benetan ezkerrekoak diren politiken alde egiteko

EAJk EH Bilduren proposamenak euren kalkoa direla esan du, emendakinen klase-izaeraren ezberdintasuna ezkutatzen saiatzeko. Ez da egia. EAJren proposamenaren helburua enpresa irabaziak bermatzea da, SEPIa kudeatzea eta AHT gisako proiektuak aurrera eramatea. EH Bilduk ordea -mugak nabariak izan arren- ezkerrerago dauden emendakinak egin ditu: alokairuen erregulazioa eta etxebizitzan neurriak ERC eta Podemosekin batera, Sestaoko La Naval erostea -nahiz eta tamalez ez Navantia sarean sartzeko, inbertsore berriak bilatzea erraztu eta arintzeko baizik-, aldiriko trena defendatzea AHTaren aurrean eta fiskalitate birbanatzailea, lan erreforma indargabetzea eta motako neurriak.

Hala ere, benetako orduan, zein emendakin onartzen diren eta zernolako aurrekontuek aurrera egiten duten ikusita, argi dago politika kapitalisten jarraipena mantentzen dela. EH Bilduren zuzendaritzak oinarriari aurrekontuei baiezkoa ematea eskatzeko erabili dituen argumentuak eskuina geldiaraztea eta emendakinei esker Hego Euskal Herrirako 60 milioitik gora euro lortu direla esatea izan dira, nabarmenduz 48 milioi Brinkola-Irun aldiri trena modernizatzeko izango direla eta 10 milioi sektore aeronautikoan 2021erako “Plan Teknologiko” bat egiteko izango direla; hau da, 10 milioi euro kaleratze andana egiten ari diren sektore aeronautikoko enpresarientzat. Esperientziak soberan erakutsi du, irabazi erraldoiak izan dituzten enpresari hauei diru publikoa oparitzeak, langile klasearentzat lapurreta izateaz gain, ez dituela kaleratzeak ekiditen.

Zuzendaritzak defendatutako argumentu horiekin, EH Bilduko ez ohiko asanbladak Aurrekontu Orokorren alde bozkatu zuen. Ezker Iraultzailetik uste dugu akatsa dela politika kapitalisten jarraipena berresten duten aurrekontu hauek onartzea (irakurri hemen aurrekontuen inguruko artikulua). Gauza bat da argi berdea ematea Gobernu honen inbestidurari bloke erreakzionarioaren mehatxuaren aurrean edota akordio batetara iristea Rajoyren lan erreforma indargabetzeko (funtsezko neurria eta hain zuzen ere Gobernu honen atzera egiteak agerian uzten dituena). Beste gauza bat da, eta oso bestelakoa, pribatizazioa eta murrizketa sozialak babesten dituzten politikei babesa ematea 30 emendakin partzial aurkeztuz,  zeintzuk ez duten funtsean aurrekontuen izaera aldatzen -horrela onartzen den bezala-.

Oskar Matutek aipatu zuen ideia bat, Gobernuari babesa eman dioten ezkerreko sektore zabalen buruan indartsu dabilena: “jendearen arazoak konpontzen ez dituzten politika epelak egiteko irabazten baduzu denbora, ezkerreko jendearen hamaikagarren atsekabearekin aurkituko zara”. Oso ondo ezagutzen dugu PSOEko aurreko gobernuen esperientzia eta nola prestatu zuten eskuinaren itzulera. Horregatik da hain garrantzitsua kontsekuenteki borrokatzea gaitz txikiagoaren eta sistema onartzearen politika, izan ere, PSOE-UPren Gobernua behin eta berriz ari da ideia hori justifikazio estalki gisa erabiltzen.

Klase independentzia, internazionalismoa eta iraultza sozialistaren aldeko borroka da bidea

Estatu espainiarreko parlamentuan EH Bilduk duen posizionamenduak lehen mailako auzi estrategikoak jartzen ditu mahai gainean.

Lehenik eta behin, funtsezko auzia da euskal burgesiaren aurrean klase independentziaren politika eta programa internazionalista defendatzea, muga eta arraza guztien gainetik langile klasearen batasunean oinarrituz. Esperientzia historikoak erakutsi du ez dela burgesia aurrerakoirik existitzen, ez Euskal Herrian ezta Catalunyan ere, eta autodeterminazio eskubidea eta sozialismoa defendatzeak iraultza sozialistaren bandera altxatzea eskatzen duela.

2017an Catalunyako herriaren altxamenduak argi eta garbi jarri zuen puntu hori mahai gainean. Euskal zein Catalunyako eskuinaren traizioaren aurrean eta Podemos eta IUko buruzagien jarrera lotsagarriaren aurrean -errepublikaren aldeko borroka eredugarri hori eliteen maniobra zela esanez- gazte eta langileen elkartasun mobilizazio handiak egon ziren estatu mailan ezker parlamentarioko buruzagiak aurka egon arren.

Legegintzaldi honetan, EH Bilduren ekimena Estatu mailako langile klaseko geroz eta sektore zabalagoen sinpatia biderkatzen ari da, izan ere, eskuinaren eta muturreko eskuinaren aurka goardia goran dutela jarraitzen baitute. Zentzu honetan, Ezker Abertzalearen aurkako kriminalizazio kanpaina “dena da ETA” leloarekin, erreakzioaren aurka itzultzen da boomerang baten gisan.

Horrekin batera, Euskal Herrian azken aldian eman den borroka sindikalaren eta mobilizazio sozialaren gorakadak inoiz baino argiago salatu ditu EAJren politika kapitalistak, eta EH Bilduko buruzagitza ezkerrera presionatu du, mobilizazio horren alboan kokatzera behartuz. Horrek polarizazioa indartu du eskuinera eta ezkerrera bi alderdien artean, eta elkarren arteko itunen aukera urrundu du.

Bigarrenik, funtsezkoa da “pragmatismo posibilista” ere borrokatzea. Erregimenaren eta sozialdemokraziaren alderdiek hainbeste gorazartzen duten doinu horren helburua erakunde borrokalariak xurgatzea da, sistemaren joko arauak asumitu ditzaten eta bizkarra eman diezaioten masa borrokaren potentzial iraultzaileari. Kretinismo parlamentariak, soldata handiak eta opari guztiak, iritzi publikoaren presioak, posible denaren ideia… makinaria irensle honen engranajeak dira.

Ezker Abertzaleak aukera historikoa du honetatik bereizteko, eta horretarako marxismoaren ideietan oinarritu behar du, eta ez gaitz txikiagoaren ikusmira laburreko analisian.

Eskuiaren aurka borrokatzeko eta Gobernu hau ezkerretik presionatzeko modu bakarra, benetan behar ditugun politikak kaleko borrokaren bidez defendatzea eta ekintzetan langile klasearen indarrarekin inposatzea da. Horrela amai dezakegu behin betiko etxegabetzeekin, pribatizazioekin eta murrizketekin, kaleratzeekin, prekaritatearekin eta langabeziarekin. Hori da Ezker Abertzaleko militantziak defendatu behar duen eta kaleetan antolatu behar dugun bidea.

Cookiek erraztuko digute gure zerbitzuak eskaintzea. Gure zerbitzuak erabiltzerakoan cookiak erabiltzea baimentzen diguzu.