Otsailean Hezkuntza Akordio baterako Oinarriak zirriborroa aurkeztu zenetik, martxoaren 18an EAJ, PSE, Elkarrekin Podemos eta EH Bilduk etorkizuneko EAErako hezkuntza legearen ildoak ezartzeko xedea duen dokumentua adostu zuten. Lehen zirriborroa aurkeztu eta 48 ordura, presaka berritu ziren ikastetxe pribatuek jasotzen dituzten itunak sei urtetarako, hezkuntza pribatu-itundua jada gure erkidegoan %50ekoa denean, espainiar Estatuko maila altuena eta Europako bigarrena, Belgikaren atzetik.

Ikasle Sindikatutik argi eta garbi diogu guztiz errefusatzen dugula akordio hau, euskal eskola publikoaren pribatizazioan beste jauzi bat ekarriko duelako. Eta esan behar dugu guztiz tamalgarria dela bertan EH Bilduk duen inplikazioa, izan ere, horrekin hautsi egiten baitu duela bi urte gure erakundearekin sinatu zuen akordioa kalitatezko hezkuntza publiko, doako, laiko eta euskaldun baten alde.

Hezkuntza hitzarmen honek euskal eskuinari, itunpeko sare pribatuaren patronalei eta elizaren hierarkiari baino ez die mesede egiten. Oso argi ezartzen du zein helburu nagusi duen: hezkuntza publikoaren sarea eta pribatuaren negozioa erabat parekatzea, "biek zerbitzu publiko bera eskaintzen dutela” ezarriz -astakeria latza-, eta, beraz, maila berean finantzatzea hezkuntzako aurrekontuko diruarekin. Lotsagarria da, Elkarrekin Podemosen eta EH Bilduren babesarekin, horrelako akordio eskuindar bat onartzea.

Eredu klasista eta segregatzailea sakontzen duen legea

Kristau Eskola patronal katolikoa eta Ikastolen patronala oso pozik agertu dira. Eta ez da gutxiagorako. Kalkuluen arabera, kontzertuetara bideratutako diru publikoa 288 milioitan handituko da, urtean 918 milioi eurora iritsi arte, hezkuntza aurrekontuaren %30, eta kopuru hori askoz ere handiagoa izan daiteke, kontuan hartzen bada zenbat aparteko diru laguntza jasotzen dituzten.

Itunpeko hezkuntzaren %70 baino gehiago kontrolatzen duen Eliza Katolikoaren hierarkiaren aurrean galtzak jaitsi izanaren ondorioz, hezkuntza laikoa izateko eskubidea ez da aipatu ere egiten testuan, eta, ondorioz, dozenaka mila gazte doktrinatzen jarraitu ahal izango dute ideia erreakzionarioetan.

Negoziaketetan ezein alderdik ez du ezbaian jarri pribatizaziorako bitarteko itzela izango den hitzarmen honen helburu nagusia. Ponentziak, argudio faltsu eta zinikoak erabiliz, argi zioen: “jatorrizko desberdintasunak gainditzen lagunduko duen eskolaren aldeko apustua eginez, Euskal Hezkuntza Zerbitzuak baliabide publikoz sostengatzen diren ikastetxeak hartuko ditu, dena dela bere izaera juridikoa, betiere segregazioa eta gizarte bazterketa gainditzeko ahaleginean aktiboki jarduten duten neurrian”.

Ituna sinatu dutenen ustez, klase desberdintasunak geldiarazteko modua sare pribatuko patronalen finantzazioa izugarri handitzea da! hain zuzen ere, horixe denean desberdintasun sozialak iraunarazten dituena, sare publikotik funtsezko baliabideak kentzen dituelako, eta ikastetxe publikoek urtez urte jasan dituzten hezkuntza murrizketak finkatzen dituelako.

Lapurreta hori justifikatzeko, aitzakiatzat legez kanpoko kuotak kobratzea ekiditea aipatzen da. Azken batean, euskal eskuinak, PSEren, Elkarrekin Podemosen eta EH Bilduren babesarekin, esan digu itunpeko hezkuntzak barra librea izango duela aurrekontuetan, hezkuntza publikoari baliabideak kenduta, baina ez gaitezen kezkatu, zainduko baita "legez kanpoko" kuotak ez direla kobratzen eta apaizek ez dutela segregatzen. Eta sinetsiko dugulakoan daude!

Akordioak zehazten du noski berdintasun helburuak nahieran saltatzeko irtenbidea ere. “Ikastetxearen autonomia” eta “familiek ikastetxea aukeratzeko duten askatasuna errespetatzea” ezarriz txapela gisa (hainbeste gustatzen zaiena EAJ, PP eta baita Voxeko eskuindarrei), ikastetxe publikoak eta itunpekoak elkarren artean lehiatzea proposatzen du, eta, horrela, giza baliabide eta baliabide material gehiago jaso ahal izango dituzte. Ez da ahaztu behar, gainera, itunpekoan irakasleek dituzten baldintzak nabarmen okerragoak direla publikoan baino, eta horretaz ez da ezer esaten.

Akordioak EAEn hezkuntza publikoak pairatzen duen egoera benetan larria eta klase segregazio kronikoa berresten ditu. Silva&Miracle aholkularitza enpresak ikasturte honetan egindako txostenaren arabera,  ISEK (Indize sozioekonomiko eta kultural) baxukoak dira A ereduko publikoko ikasleen %81, B eredu publikoko %50, eta D eredu publikoko %32. Itunpeko pribatuan berriz, A ereduko ikasleen %6, B ereduko %9, eta D ereduko %3 dira ISEK baxukoak. Halaber, A eta B ereduetan publikoan ikasleen %44 migratzaileak dira, pribatu-itunduko A eta B eredukoen %10aren aurrean.

Eta eskola porrotari dagokionez, A eta B ereduetan publikoan errepikatzaileen maila %50eraino iristen da, eta D ereduan %19raino; pribatuan, berriz, %16koa eta % 7koa da, hurrenez hurren. Argi dago zein ondorio izan dituzten irakaskuntza publikoan murrizketa izugarriak egiteko politikek eta pribatuarentzat pribilegioak eta baliabideak izateko politikek. Gaur egun, EAEn segregatzen eta diskriminatzen duen hezkuntza eredu klasista bat dago. Eta Akordioak errealitate hori indartu besterik ez du egingo.

Akordioak ez du euskara defendatzen


Akordioa ez da aurrerapauso bat gure hizkuntza, euskara, defendatzeko. Dokumentuan ez du aipatu ere egiten murgiltze eredua, baizik eta “eredu eleaniztun bat, euskara ardatz duena”. Hori bai, “ikastetxe bakoitzaren hizkuntza proiektua errespetatuz”. Hizkuntza ereduek porrot egin dute, eta oztopo bat dira euskararen ikaskuntza eta erabilera garatzeko, ez ditu ikasleak integratzen, eta aldendu egiten ditu hizkuntza eskuratzeko zailtasun handienak dituztenak, hala nola jatorri etorkineko ikasleak. Klase segregazioa hizkuntza segregazio bihurtzen da.

Bestalde. Zergatik ezin dira pasa titulartasun publikora ikastolak, baina bai diru publikoarekin guztiz finantzatu? Ez du zentzurik.

Frankismo garaian ikastolen sorrerak garrantzia handia izan zuen diktaduraren errepresioaren aurrean euskara babesteko eta salbatzeko. Baina, gaur egun, zein da arazoa ikastolen sare hori erabateko titulartasun publikora igarotzeko, hezkuntza komunitateko eragile guztien kudeaketa demokratikoa mantenduz? Erabat posible da, sare publikoan integratuz eta hedatuz bertako hezkuntza komunitatearen ahalegina euskararen defentsa militantean.

Azken batean, barrera linguistikoa gainditzeko eta euskara defendatzeko modu bakarra, %100 publikoa izango den sarearen bidez denentzako eskuragarria den murgiltze eredua ezartzea da, hori posible egingo duen giza baliabide eta baliabide material guztiez horniturik sare publikoa.

EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek berehala zuzendu behar dute

2020ko uztailean, hauteskunde autonomikoen aurretik, EH Bilduk akordio bat sinatu zuen Ikasle Sindikatuarekin, hezkuntza publikoa defendatzeko. EAJrekin eta PSErekin orain egiten ari den hezkuntza hitzarmena EH Bildu konprometitu zenaren kontrakoa da. Euskal eskuinaren politika pribatizatzaileak zuritzen ditu eta hezkuntzaren oinarrizko eskubideaz egin den negozio izugarria indartzen du.

EH Bilduko zuzendaritzatik egiten den bezala, argudiatzea “zerbitzu publikoaren izaera ez duela ikastetxearen izaera juridikoak definitzen, baizik eta ikastetxeak komunitatearekin dituen konpromisoek”, “publikoa/itunpeko dikotomia gaindituz”, eta “ikastetxe komunitarioez” hitz egitea itunpeko ikastetxeak izendatzeko, pribatizazioa estaltzea eta apaintzea baino ez du bilatzen.

Ikastolen patronalak eta EH Bilduko sektore batzuk argudiatu ohi dute beren proiektuen independentzia mantendu nahi dutela administrazioen eta Espainiako Estatuaren aurrean. Baina, egia esan, EAJ izan da azken hamarkadetan EAEn pribatizazio politikak aplikatu dituena, LOMCE bezalako estatu legeak apainduz Heziberrirekin.

Hezkuntza eredu klasista eta pribatizatzaileari amaiera emateko modu bakarra euskal eskola publiko bakarra defendatzea da: %100 publikoa, doakoa haur hezkuntzatik unibertsitateraino, kalitatezkoa, segregazioarekin amaitzeko baliabide nahikoak dituena, erabat laikoa eta euskarazko hizkuntza murgiltze eredua ezartzen duena, etengabeko atzerakada saihesteko. Eta hau kontzertatuaren negozioari amaiera emanez bakarrik egin ahal izango da!

Euskal eskola publikoaren aurkako eraso larri baten aurrean gaude. Ezin dugu onartu! Baina EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek eskaini dioten babesaz gain, martxoaren 25erako langile sindikatuek deitu zuten greba bertan behera uztea sekulako akatsa da eta EAJ-PSEren Eusko Jaurlaritzari nahiz pribatuko patronalei urrezko mesedea egiten die lasai asko segregatzen eta pribatizatzen jarraitzeko. M24ean greba egingo dugun ikasleok, M25ko grebaren desegitea amorruz hartu duten milaka langilek bezala, argi daukagu: astakeria honekin amaitzeko bide bakarra greba, mobilizazio gogorrak eta kaleetan hezkuntza komunitate osoaren borroka sendoa altxatzea da.

Hezkuntza eskubidea da, ez negozioa!
Hezkuntza % 100 publiko eta euskaldunaren alde!
Segregazio eta klasismorik ez!