Urtarrilaren 28ko arratsaldean, 5.000 gazte baino gehiago Bilbon eta 2.500 baino gehiago Iruñean mobilizatu ziren, GKSk deituta, kapitalisten eta patronalaren erasoaldiaren aurka eta proiektu komunista eta internazionalista baten alde. Ezker Iraultzailetik manifestazioetan aktiboki parte hartzeko deia egin genuen.

Kalera atera garen langile eta gazteok oso argi daukagu: gure soldaten eta bizi baldintzen aurkako erasoaldian buru belarri dabiltzan enpresariekin itunak egitetik  ez dugu zapalkuntza gehiago besterik jasoko. Tamalez, ezker erreformistaren buruzagiek agenda hori defendatzen jarraitzen dute, kapitalistek ezarritako agenda aplikatuz.

Jarraian, hona emen Bilboko mobilizazioan banatu genuen orria.

Krisi kapitalistaren aurrean: Alternatiba komunista eta internazionalista eraiki!

Kapitalismoa krisi suntsitzaile batean murgildua dago, langile klasearen eta gazteen bizkarretan ordainarazten dena. Aldi berean, irabazi ekonomiko izugarriak eskuratzen ari dira “krisi” berarekin enpresaburu handiak, monopolioak, armen industria eta banka.

Esperientziak argi erakusten du ez goazela demokrazia handiagorantz. Guztiz kontrakoa. Kapital finantzarioaren diktadurak eskaini dezaken etorkizun bakarra geroz eta basakeria eta miseria gehiago da, geroz eta autoritarismo, gerra inperialista, ingurumenaren suntsipen gehiago. Gizartearen eraldaketa sozialistaren zeregina inposatzen zaigu, ez etorkizun utopiko gisa, berehalako premia gisa baizik.

Testuinguru honetan, GKSk Bilbon eta Iruñean 'Enpresarien eta agintarien erasoaldiaren aurrean, gazte langileak borrokara!' lelopean deitutako mobilizazioak aurrerapausoa dira, eta zalantzarik gabe babesten ditugu. Mobilizazio horien ardatza, krisiaren ondorioak salatzeaz gain, antolatzearen eta gizartea errotik eraldatzeko programa komunistaren beharra aldarrikatzea dira, indarrak metatzeko ezinbesteko estrategiaren zati gisa.

Ezker Iraultzailea - Euskal Herri Sozialistatik bat egiten dugu mobilizazio hauekin, GKSko kideekin eta ezkerreko ekintzaile ugarirekin batera, mugimendu iraultzaile eta komunista, internazionalista eta borrokalaria altxatzen aktiboki laguntzea baita gure helburua.

Erreformismoaren eta politika instituzionalaren porrota

GKSko kideek adierazi duten bezala, kapitalaren erasoaldi autoritario horren buruan kokatzen dira Estatua, haren instituzio eta indar armatuak, bai eta patronalaren politikak kudeatzea erabaki duten alderdiak ere, izan eskuinekoak, sozialdemokrazia tradizionalekoak edota sozialdemokrazia berrikoak.

Erabat porrot egin du ezker erreformistako buruzagiek, besteak beste UPko eta EH Bilduko zuzendaritzek, hain temati defendatzen duten ideiak, hau da, kapitalistekin elkar ulertzera iritsi daitekeela eta mekanismo parlamentarioen bidez aberastasunaren banaketa bidezkoagoa lor daitekeela. Praktikan, alderdi horietako buruzagiek amore eman dute eta kapital finantzarioak eta mendebaldeko inperialismoak agindutako agenda aplikatu dute, hegemonia kapitalistaren borrokan hondoratuz. Eta kapitulazio hori langile klaseari ustezko kontzientzia gabezia leporatuz ezkutatzen saiatzen dira, haiek direnean, hain zuzen ere, bake soziala bermatzearen eta langile klasea ideologikoki desarmatzearen lehen arduradunak.

Logika kapitalista onartu eta horren mende jartzeak, krisiaren ondorio basatiak kudeatzeak, ondorio zuzena du eskuin muturrari bidea zabaltzean. Mehatxu oso larria da, eta horri aurre egiteko modu bakarra langile klasearen eta gazteriaren borroka irmoa eta programa iraultzaile bat tinko defendatzea da.

Alternatiba komunista iraultzailea altxa behar dugu

Alternatiba komunista iraultzaile bat eraikitzeko baldintzak mesedegarriak dira Euskal Herrian zein nazioartean. GKSko kideak horretarako lanean ari dira. Gu, Ezker Iraultzailea-Euskal Herria Sozialistatik ere bai.

Klase arteko borroka gogor jotzen ari da Europan, Latinoamerikan eta beste lurralde askotan. Langileak dira mobilizazio, altxamendu eta matxinada horien bizkar hezurra, Britainia Handian, Frantziar Estatuan, Txilen edo Perun ikusten ari garen bezala. Argi geratu da nor den iraultza sozialistaren subjektua, eta ekintzetan erantzun zaie langile klaseari “goian begoa” jarri nahi izan dioten guztiei. Hori da Euskal Herrian eta Estatu espainiarrean datorrena ere.

Komunistok aurrean dugun erronka nagusia masa hauen entzumena iraultza sozialistaren ideietara irabaztea da. Borroka horien esperientzian jarri ohi da agerian erreformismoaren klase kolaborazio politikaren porrota. Horregatik, Leninek behin eta berriz azaldu zuen bezala, ezinbestekoa da komunistok mugimendu eta antolakuntza adierazpen horietan parte hartzea, eskuz esku langileekin batera, joko zelaian konfrontatzeko burokrazia sindikalekin eta ideia eta metodo sozialdemokratekin. Gaur egun, Leninen “Ezkerkeriaren” haur gaixotasuna komunismoan liburua irakurtzea ekintzarako gida bat da, klase borrokan esku-hartze praktikorako, eta erreformisten influentziaren balaztari aurre egiteko.

Euskal Herrian eta mundu osoan klase, nazio eta gizarte zapalkuntza guztiekin amaitzea, helburu horren alde borrokatzen dugu eta horrek batzen gaitu komunista iraultzaileak. Horregatik, geure burua hala aldarrikatzen dugunok elkarrekin lan egiten ahalegindu behar dugu, gure ñabardurak eta desberdintasunak modu burkidean eztabaidatuz, eta ekintza bateratuan jardunez, kaleetan kapitalisten eta gizarte kapitalistaren defendatzaileen aurkako borroka bultzatzeko.