Altxa dezagun ezker borrokalaria programa sozialista batekin

Hauteskunde hitzorduen atarian gaude eta galdera garrantzitsuak dauzkagu aurrean. Koalizio Gobernuak errepikatuko du, ala PPk eta Voxek gehiengo osoa lortuko dute? Nola kanporatu daiteke EAJ, patronalaren alderdia, eta bere pribatizazio eta ustelkeria politikak indarrean dauden udal eta instituzio ugarietatik? Zein udal politika defendatu behar du ekintzetan ezker borrokalari eta kontsekuente batek?

Marxista iraultzaileok ez ditugu hauteskundeak axolarik gabe ikusten. Langile klaseko sektore erabakigarriek ulertzen duten bezala, badakigu emaitza batek edo besteak ondorioak dituela. Baina inoiz ez dugu parlamentarismoaren fetitxerik egiten. Gizarte kapitalistan, hauteskundeak botere ekonomikoa eta mediatikoa kontrolatzen dutenek amarratzen dituzte beti. Oligarkia finantzarioak bere baliabideen bidez -eta ah zer baliabideak- bere interesak inposatzen dizkio txandakako Gobernuari. Hau da, gure hauteskunde jarrerak, egungo egoeran, ez du abstentzionismoaren edo boikotaren alde egiten. Baina ez gara Parlamentuko kretinismo horren tranpan erortzen, konbentzitzen saiatzen dena herri subiranotasuna Jaurlaritzetan datzala eta gobernuek monopolio handien, bankuen eta erreakzionarioz betetako Estatuko aparatu baten agendatik eta eskakizunetatik aparte jarduten dutela.

EH Bildu hauteskundeen aurrean: aro baten balorazioa

Testuinguru horretan, Arnaldo Otegi hainbat adierazpen egiten ari da, EH Bildu EAJren “eredu kontserbadore eta agortuaren” alternatiba gisa aurkeztuz. Baina hori esanda, jarraian azpimarratu izan du “osasungarria litzatekeela akordioen abanikoa zabaltzea”, eta nabarmendu du “prest dagoela gobernuak osatzeko ezker parlamentarioarekin edo EAJrekin”. Kontraesana agerikoa da.

Euskal burgesiaren alderdiarekin hitzartu nahi den kolaborazio politika horrek berekin ekarri du EAEko azken aurrekontuak babestea, pribatizazioei eta zerbitzu publikoen degradazioari eusten dieten kontuak.  Halaber, Euskal Hezkuntza Lege berria babestea ere ekarri du, euskal eskola publikoaren pribatizazio prozesuan jauzi bat dakarrena, hezkuntza komunitatea horren aurka altxatu denean.

Bestalde, orain EAJ indargabetzeko estrategiarik onena izango zen udal politika anbiziotsu bat hedatu izana, bizilagunen mobilizazio militantean oinarritua, patronalarekin konfrontatuko duena, pribatizazioekin amaituko duena, eta ekintzetan ezkerreko programa kontsekuente bat aplika daitekeela erakutsiko duena. Hala ere, lau urteren ondoren, emaitzak urriak dira.

Eta gauza bera gertatzen da Madrilgo gobernuari dagokionez. Otegirekin ados gaude esaten duenean EH Bilduk ezin duela onartu PP buru duen erreakzioaren gobernua. Baina behin hori esanda, kontua da zer politika defendatu eta, batez ere, nola egin.

EH Bilduko buruzagien rrazoiketak gero eta antz handiagoa du UPko ministroekin; izan ere, hitzetan euren gobernukidea den PSOE kritikatzen dute, kapital handiaren gobernagarritasunaren bermea, baina azkenean beti onartzen dituzte politika kapitalistak. Hala egin du EH Bilduk Estatuko Aurrekontu Orokorrak bozkatuz, edo Zelenskiri emandako txalo lotsagarrian, Pedro Sanchezen estrategia otanistari babesa emanez.

Politika horien porrotaren adibiderik onena enpresarien irabazi ekonomikoen hazkunde lizunak erakusten du, pobrezia eta desberdintasun soziala izurrite gisa hedatu diren bitartean. Ibex35eko enpresa handiek 2022an marka guztiak hautsi dituzten mozkinak errepasatu besterik ez dago urte hauetan pagotxa norentzat izan zen ohartzeko.

Eta gauza bera esan dezakegu auzi nazionalari eta eskubide demokratikoei dagokionean. Ez da aurrerapausorik eman gai horretan. Aitzitik, Estatuko aparatuaren erasoaldi autoritarioa sakontzen ari da. Kataluniako herriaren borroka eredugarria, 78ko erregimena soken aurka jarri zuena, oraingoz geldiarazi egin da eta PSOE-UP Gobernuak ERC eta Junts alderdietako buruzagien estrategia baliatu du horretarako. Presoen auzian ere, gehienak EHra hurbildu arren, ikusten dugu oraindik ere oinarrizko eskubideak ukatzen direla (gradu progresioaren baimenak, espetxetik ateratzeak, etab.). Masa borroka alde batera uzteak ondorioak ekartzen ditu.

Sistemarentzat gobernatu ala horren aurka borrokatu

Egoera honetan, langile klasearen eta, bereziki, gazteen sektore geroz eta zabalagoek zera galdetzen dute logikoki: monopolioek eta kapital finantzarioak beren agenda inposatzen badute kosta ahala kosta, baita ezkerreko gobernuen bidez ere, nola amaitu dezakegu euren boterearekin? Zein da askapen nazionala eta soziala erdiesteko programa eta estrategia? Ba al dago alternatibarik?

Bai horixe. Baina alternatiba hori behetik altxatu behar da, kaleetako borrokaren, masen mobilizazioaren eta ekintza zuzenaren bidez, eta programa benetan sozialista argi eta garbi aldarrikatuz, monopolio handien eta bankuen jabetza kapitalista jo puntuan jarriko duena, desjabetzea planteatuz.

Klaseko ezker borrokalaria direla dioten alderdien posizio instituzionalek, EH Bildurenak kasu, estrategia horren zerbitzura egon behar dute. Zertarako balio du gobernu batean egoteak edo negoziaketetan eta parlamentuko tira biretan murgiltzeak, horretarako masa borrokari bizkarra ematen bazaio? Azken finean, kalean garatzen den borroka izan da eta izango da beti kapital handiaren presio izugarriei aurre egiteko berme bakarra.

Tamalez, EH Bilduko eta Sortuko zuzendaritzak kontrako norabidean hartu du, azken Sortuko kongresuan adierazi zuten bezala, “politika posibilista, pragmatikoa eta are kontserbadorea” bultzatuz. Eta, aldi berean, kritika jasotzen denean erasoaldi burokratikora jotzen da, GKSrekin gertatu den bezala, sozialismoaren alde borrokan ari garen eta ados ez gauden guztiak kalumniatuz eta borroka espazioetatik kanporatzen saiatuz. Zeri zaio beldur? Politika horiek egokiak badira, zergatik jotzen da metodo horietara?

Hala ere, iraultzaileok ulertu behar dugu erakunde horiek guztiak, dela UP eta EH Bildu, dela ELA eta LAB bezalako klaseko sindikatuak, kontraesan sakonez josita daudela. Hala azaldu zuten Marxek edo Leninek, beren garaian erreformista eta sozialdemokratei aurre egin behar izan zietenean. Beti ulertu zuten zeregin nagusia langile klasearen eta gazteen masa zabalen entzumena irabaztea zela.

Borroka honetan gure zeregina da Sortun edo EH Bildun militatzen, parte hartzen edo botoa ematen dioten sektore zabal horietara iristea, kritika sendo, koherente eta lankide bat planteatuz, sektarismorik gabe, programa sozialista eta internazionalista bat altxatuz, eta gure klaseko etsai aitortuei, faxismoari, eskuinari eta erreakzioari, patronalari eta EAJri, aurre egiteko zerk balio duen eta zerk ez planteatuz.

Ezker Iraultzailetik irmoki posizionatu gara GKSri zuzendu zaizkion eraso burokratikoen aurka, ekintza bateratuan jardun dugu horiei aurre egiteko, eta GKSk bultzatutako mobilizazioak babestu ditugu, datorren martxoaren 30ean bezala, eraso kapitalistaren aurka.

Bat gatoz arazoa kapitalismoa dela, hori ezin dela erreformatu, borroka iraultza sozialista lortzeko helburura zuzendu behar dela. Baina ez da nahikoa hori aldarrikatzea. Masa zabalekin lotuko gaituen taktika behar dugu, Leninek beti adierazi zuen bezala, kaleetan, sindikatuetan eta gizarte mugimenduetan, langile klaseko erakundeetan, eta baita hauteskunde prozesuetan ere. Mugimendua zuzentzeko borroka erabakigarria izango da, eta marxista iraultzaileok prest gaude hori emateko.