Borroka kaleetan dago eta ez parlamentuan
Espainiako Estatuan eta Katalunian ezkerrak hauteskundeetan izandako gainbeheraren ondoren, erreakzio espainolista labanak zorrozten ari da, U-23ko garaipenean pentsatuz. Vox eta PPk elkarrekin 140 udal eta gobernu autonomiko baino gehiago eratu dituzte helburu argi batekin: gerra irekia ezkerreko ekintzaileen, klaseko sindikalismo borrokalariaren, independentismoaren, mugimendu feministaren, LGTBI kolektiboaren eta ekologismo antikapitalistaren aurka.
Faxismo espainolistaren programa klasikoa aldarrikatzera datoz, masa oinarri bat bilduz. 30eko hamarkadan Gil Roblesen CEDAk eta diktadura frankistak astindu zuen berbera da: Espainiaren batasun sakratuaren nazionalismo amorratua, jabetzaren eta ordena kapitalistaren aldarria, erlijio katolikoa eta familia tradizionala.
Mugimendu feminista, antikapitalista eta klasekoa garaitu nahi dute, urte hauetan 78ko erregimenaren funtsezko zutabeak zalantzan jarri dituena, hala nola indarkeria matxista eta justizia patriarkala. Kataluniaren, Euskal Herriaren edo Galizaren autodeterminazio eskubidearekin amaitzea dute helburu, auzi nazionala ukabil militarrarekin zapalduz, baztertu gabe ezker independentistaren ilegalizazioa berrezartzea. Eta, noski, barra librea esplotazioarentzat, euren oinarri soziala diren enpresaburu txiki eta ertainentzat ahal duten guztia egiteko.
EAJri gustatzen zaion agenda, txapelduna baitugu murrizketan eta pribatizazioan, patronalarekin prekaritatea hitzartzean, Ertzaintzaren errepresio basatian. Hortik datoz PSErekin eta PPrekin egindako itunak, EH Bildu gorakadari aurre egiteko. Baita ere, PSOEri alderdi Popularra babesteko luzatu dion eskakizuna, Vox Gobernuan egon ez dadin. Ziurtatzen digute Ayusok eta Abascalek ez dutela zerikusirik muturreko eskuin espainolista bereko bazkidetzan!
Mendeku gosea
Mendeku goseak arrazoi argia du: klase agintariak hotzikarak pasa ditu azken urteetan EHn eta Estatu mailan eman diren altxamendu sozialen aurrean, Trantsizioaz geroztik indartsuenak: greba orokorrak, M15 mugimendua, duintasunaren martxak, osasun eta hezkuntza publikoaren aldeko mareak, 78ko Erregimena soken aurka jarri zuen Kataluniako herriaren altxamendua, Altsasuko gazteen aldeko borroka, ezkerreko feminismoaren grebak eta mobilizazioak, pentsionistak…
Langile klaseak, feminismoak, ezkerreko independentismoak, gazteriak edo mugimendu sozialek indar handia erakutsi dute egoera politikoa errotik eraldatzeko borrokaren, ekintza zuzenaren eta antolaketaren bidez. Horren gainean altxatu zen Podemos, Katalunian mugimendu independentista garatu zen, CiUko eskuina aurretik eramanaz eta ezkerreko independentismoa indartuz -bai ERC bai CUP- eta EH Bildu indartu du, Hego Euskal Herriko ezkerreko alderdi hegemoniko bihurtuz.
Hala eta guztiz ere, orain erreakzioaren bolada dator, Moncloan eskuin muturreko gobernu bat kokatzeko mehatxuarekin. Nola gertatu da? Eta, batez ere, nola egin diezaiokegu aurre egoera horri?
PSOE-UP Gobernua, EH Bildu, eta ezker erreformistaren krisia
Ezker borrokalariko milaka militantek saminez ikusten dute erreakzionarioren oldarraldia. Baina gobernuko eta parlamentuko ezkerra ez da inolako azalpenik ematen ari horren atzean dauden kausa sakonen inguruan. PSOE-UP Gobernuaren “lorpenak” azpimarratzen jarraitzen da, eta beraz dena komunikazio arazo batera mugatzen dute, eskuinak komunikabideak menderatzen dituelako. Baina horrek alderdi zentrala alboratzen du; izan ere, Gobernu honen jardunak, eta bai, propagandak!, ez du zerikusirik milioika langilek eta gaztek egunero bizi duten errealitatearekin.
Podemosek PSOE ezkerrera bultzatu behar zuen koalizio Gobernuak desengainu itzela eragin du. Funtsezko politikek ez dituzte milioika familia langileren bizi-baldintzak eraldatu edo hobetu, eta alderdi garrantzitsuetan erreakzioaren politikak errepikatu dituzte, bai, PSOEk, baina Podemosen, IUren eta PCEren konplizitate eta baimenarekin. Hor ditugu, besteak beste, Melillako sarraskia, Ukrainako gerra inperialistara armak bidaltzea NATOrekin lerrokatuz.
Ezberdintasun sozialak eta pobreziak gora egin dute, baita lan prekarietateak eta soldaten hondoratzeak ere. Osasuna, hezkuntza eta gainerako zerbitzu publikoak degradatzen eta pribatizatzen jarraitu da. Eta bitartean, enpresaburu handiek, armen industriak eta Ibex35ek irabazi errekorrak jaso dituzte.
Nahiz eta EH Bildu ezkerrean kokatu den hainbat auzi garrantzitsuetan, hala nola Yolanda Diazen lan erreforman edo Mozal Legearekin, bere politika “pragmatiko eta posibilistak” suposatu duena EAJren eta Espainiako Gobernuaren aurrekontu antisozialak onartzea izan da, euskal eskola publikoaren pribatizazioa areagotuko duen hezkuntza lege bat bultzatzea, edo etxebizitza publikorik sortuko ez duen eta etxegabetzeak eta higiezinen espekulazioa geldiaraziko ez dituen Etxebizitza lege bat babestea ekarri du. Politika horiek ere lorpen erabakigarri gisa justifikatzen dira.
EH Bilduren hauteskunde arrakastak ezin dute lausotu Estatuko ezkerrarekin gertatu denaz ohartzea. Euskal Herria ez da eta ez da izango salbuespena. Ezkerreko politika kontsekuente bat alde batera uzten denean sistema kapitalistak eskaintzen duen esparru “errealista” onartzeko, eta batez ere, masa-borroka, erakunde militante eta borrokalari eraikitzea baztertzen denean eta dena instituzionaltasun burgesera eta aritmetika parlamentariora mugatzen denean, emaitzak tamalgarriak izaten dira azkenean. EH Bilduk bide horretatik jarraitzen badu, ondorioak ordaintzen amaitu dezake.
Iraganeko ikasgaiak. Kontrairaultzaren zartailua
Bolada erreakzionario honen parekoa, iraganean 30. hamarkadan gertatu zen. Orduan ere, Alfontso XIII.aren erorketa eta Errepublikaren aldarrikapena, izaera iraultzailea hartu zuen masen borroka indartsu baten ondorioa izan zen eta Gobernu errepublikarrak itxaropen handiak piztu zituen.
Gobernu horrek ere ez zuen kapitalismoa hautsi nahi izan, lurjabe eta kapitalisten jabetza pribatua errespetatu zuen, Eliza Katolikoaren botereari eutsi zion, ez zuen erreakzionarioz betetako estatu aparatua eta armada garbitu, Kataluniarako edo Euskal Herriaren autodeterminazio eskubidea eta kolonien independentzia aitortzeari uko egin zion. Hare gehiago, Errepublikaren Defentsarako Legearekin langile grebak eta nekazarien matxinadak zapaldu zituen. Ondorioz, bi urteren ondoren, CEDAren erreakzio faxistak hauteskundeak irabazi zituen eta handik gutxira Gobernuan sartu zen.
Baina kontrairaultza gogor horrek 34ko urriko Asturiasko komuna hauspotu zuen, milioika langile eta jornalariren kontzientzia bultzatu zuen eta iraultza sozialistaren aldi berri bat ireki zuen. Historia mekanikoki inoiz errepikatzen ez den arren, garrantzitsua da horrelako esperientziak kontuan hartzea prestatzeko eta porrot oso gogorrak eragin zituzten akats berberak ez errepikatzeko.
Antolaketa eta borroka indar korrelazioa aldatzeko
Hauteskunde orokorren aurreikuspenak ilunak dira. Horregatik, borrokarako ezkerra berrarmatu behar dugu, militantea, eta bai, iraultzailea, eskuinarekin eta patronalarekin konfrontatzen duena.
Komunista iraultzaileok ez ditugu hauteskundeak gutxiesten, eta uztailaren 23an horregatik EH Bildu bozkatzeko deia luzatzen dugu. Baina badakigu ez dela etorriko eraldaketa sozial sakonik eta Euskal Herriaren askapen nazionalik, logika kapitalistari men egiten dioten parlamentuetatik. Marx eta Engelsek Manifestu Komunistan azaldu zuten bezala, “Estatu modernoaren gobernua burges klase osoaren negozio komunak administratzen dituen batzordea besterik ez da.”
Garrantzitsuena Gobernura iristea zela ziotenak, edo erakunde kapitalista propioak, euskaldunak, erabiliz jendearen bizitza aldatu, Espainiako Estatuari desafio egin edo independentzia lortu ahal izango dugula diotenak, oker daude. Eskuina Moncloara iristen bada, erasoa basatia izango da, eta Parlamentuko jarrerek ez dute ezertarako balioko.
Euskal Herriko hauteskunde emaitzak ezberdinak izan dira eta izango dira. Baina arrazoiak ez dira kulturalak, baizik eta lan gatazka eta mugimendu sozial handiko egoera. ELA, LAB eta ESK buru dituen mugimendu sindikal borrokalari bat egotea, patronalari eta EAJri aurre egiten diena eta langileak lantokietan antolatzen dituenak garrantzia handia du. Datorren azaroaren 30ean greba feminista deitzea horren adibide ona da, eta erreakzioari aurre egiteko modurik onena.
Borrokarako sindikalismoa behar dugu, klaseko feminismo iraultzailea, eta sistema kapitalista zalantzan jarriko duen antifaxismoa. Eta hori sozialismoaren alde egiten duen eta jabetza kapitalista, monopolio handiak eta bankuak desjabetzeko beharra konplexurik gabe defendatzen duen programa batekin bakarrik da posible. Horixe da gizartearen gehiengoaren arazo larriei erantzuteko eta hondamendi klimatikoa geldiarazteko bide errealista bakarra.
Ezker Iraultzaileak langile-mugimenduan eta gazterian, independentismo antikapitalistan, sindikatu borrokalarietan eta gizarte-mugimenduetan sustrai sendoak dituen alderdi iraultzailea eraikitzen ari gara. Borrokarako gaitasun frogatua duten erakundeak eraiki ditugu, hala nola Ikasle Sindikatua eta Aske eta Borrokalariak, eta lehen mailako papera jokatu dugu langile gatazka garrantzitsuenetan. Konfiantza osoa dugu gure klasean, borrokatzen ari dena eta borrokatuko duena. Aaurrez aurre ditugun erronka historikoen mailako zuzendaritza eraikitzea da eginkizuna.
Pauso bat aurrera emateko ordua da, antolakuntzaren ordua da. Egin bat Ezker Iraultzailearekin! Sozialismoa ala basakeria!