Matxismoaren, justizia patriarkalaren eta prekaritate kapitalistaren aurka

Uztaileko hauteskundeak kolpe latza izan dira eskuin espainolistarentzat eta erreakzioarentzat, baita EAJrentzat ere, euskal patronalaren alderdia. Langile klaseak, mugimendu feminista borrokalariak, Kataluniako eta Euskal Herriko nazio askapenerako mugimenduak eta gazteriak indartsu erakutsi dugu klaseko kontzientzia antifaxista. Euskal Herrian eskuin espainolistak benetan ahul jarraitzen du, eta gainera EAJk 80ko hamarkadatik izan dituen emaitzarik txarrenak jaso ditu, 100.000 boto baino gehiago galduta.

Azken urteetako klase borrokak eta, batez ere, masa mobilizazio indartsuek zerikusi zuzena dute emaitza horiekin. Gakoetako bat mugimendu feminista izan da, greba eta manifestazio erraldoiekin urtez urte kaleak bete baititu. Horregatik jarri du erreakzioak bere amorruaren jo puntuan, ‘Soilik bai da bai’ legearekin ikusi genuen bezala. Mugimendu feminista lurperatu nahi dute, bere ahalmen iraultzaileaz jabetzen direlako, baina harresi batekin egin dute topo, orain gutxi Rubiales kasuarekin altxatu dena.

Hori dela eta, erreakzioaren, epaile matxisten eta patronalaren aurkako borrokan, benetan aurrerapauso handia da azaroaren 30ko greba feminista. Euskal gehiengo sindikalak (ELA, LAB, ESK) eman du atxikimendua, eta baita hainbat erakunde eta mugimendu sozialek ere, horien artean Ikasle Sindikatuak eta Emakume Aske eta Borrokalariek, ikasle greba deituko dutenak ikastetxe eta unibertsitateetan.

Greba honek Euskal Herriko langile mugimendu eta borroka sindikal biziari erantzuten dio, izan eren, Estatu osoko greben %56 Hego Euskal Herrian gauzatzen ari baita. Gatazka askoren buruan sektore feminizatueak kokatu dira, prekaritatea eta soldata baxuak jasaten dituztenak, besteak beste, egoitzetako langileak, Guggenheimeko garbitzaileak, Gorabideko langileak… EAJren ertzaintzaren errepresioari aurre egin behar izan dioten borrokak izan dira eta hainbat kasutan %20tik gorako soldata-igoeren tankerako garaipenak eskuratu dituzte.

Inbestidura, EAJ eta autodeterminazio eskubidea

EH Bilduk izan dituen hauteskunde emaitza onak -eta Erkidegoko datozen hauteskundeak irabazteko duen aukera- hein batean, ofentsiban dagoen langile mugimenduarengatik azaltzen dira, Estatu mailan CCOO eta UGTko buruzagiek inposatzen duten jarrera otzan eta adiskidetzailearekin bestelakoa.

Uztailaren 23ko hauteskundeen ostean, EH Bilduk argi eta garbi adierazi du ez duela PP eta Voxen Gobernua ahalbidetuko Madrilen. Ados, noski. Argi dago erreakzioa eta eskuin muturra geldiarazteko bozkatu genuela, hori benetako mehatxua baita! Langile mugimenduaren, feminismoaren, eskubide demokratikoen eta nazio askapenerako mugimenduaren aurka. Hori esanda, inbestidurarako edozein akordio eskuin espainolista errreakzionarioari bidea ixtera mugatu behar da. Ondo dakigu Pedro Sanchez eta PSOE zutabe zurruna direla 78ko erregimenarentzat.

Inbestidura ezin da patronalaren eta Ibex35en interesak bermatzeko politiken babes bihurtu, lan erreformarekin gertatu den bezala (EH Bildu aurka agertu zen) edo Estatuko Aurrekontu Orokorrekin eta Etxebizitza Legearekin gertatu den bezala, non EH Bilduk aldeko botoa eman zuen. Zerbitzu publikoen pribatizazioei eutsi zaie, ez da Mozal Legea indargabetu eta Kataluniako eta Euskal Herriko eragile sozialen eta independentismoaren aurkako errepresio politikei eutsi zaie; Ukrainako gerran AEBrekin lerrokatu eta gastu militarra maila historikoetan handitu da, saharar herria abandonatzea justifikatu da eta gure anai arreba etorkinen aurkako sarraskiak estali dira, Melillakoa kasu. Politika horiek ezin dira babestu.

Era berean, akatsa da EAJri eskua luzatzen jarraitzea, ikasturte hasieran Arnaldo Otegik zioen bezala, Lizarra-Garaziko akordioaren bidea berreskuratzea. Egia esan, EAJ ez da inoiz autodeterminazio eskubidearen aldeko borrokan aliatu izan, eta ez da inoiz izango. Argi eta garbi ikusi zen Kataluniako altxamenduan, 78ko erregimenaren aurkako krisi iraultzaile bihurtu zenean, zein urduri jarri zen EAJ hura zapuzteko. Kataluniako burgesiak eta euskal burgesiak ikasgaiak atera dituzte eta ez dute inola ere nahi egoera hori berriro errepikatzea.

Horregatik Urkulluk, boto galerarekin arduraturik, ikasturte hasiera propaganda hutsalarekin hasi du, Euskadiri eta Kataluniari lurraldetasun berri bat eskaintzea proposatuz, baina Espainiako Konstituzioa aldatu gabe! Independentziarantz urratsak eman 78ko erregimena blindatu zuen Konstituzio berarekin? Felipe Gonzalezek, Aznarrek, PPk eta baita Voxek ere egunero ahoan duten Konstituzioarekin? Kataluniako herria zapaltzeko eta 155. artikulua aplikatzeko erabili zenarekin? Zentzugabea da!

Kataluniako altxamenduak lezio oso baliotsuak eman ditu. Utopia erreakzionarioa da Estatuaren aparatuan, parlamentarismoan, Europako instantzia "demokratikoetan" edo EAJn fidatzea autodeterminazio eskubidean aurrerapausoak lortzeko. Gure klasearen indarrean, behetik antolatzean eta kaleetako borroka sendoan baino ezin dugu fidatu, jabetza kapitalista jo puntuan jarriko duen programa sozialista defendatuz. Hori da Ezker Abertzaleak bultzatu behar duen zeregina

Ez da kasualitatea EAJk, PSOEk eta baita PPk ere antolatu duten osasun lokarria EH Bilduk gobernatzea ekiditeko, hala nola Gasteizen, Durangon edo Gipuzkoako Aldundian. Beldur dira presioak ez ote dituen mobilizazioaren bideak gaindituko eta langileen aldarrikapenak ez ote diren erakunde kapitalistetan sartuko. Eta ez da gutxiagorako.

Klaseko feminismo antikapitalistaren alde. Borroka da bide bakarra!

Azaroaren 30eko greba feminista orokorrak mahai gainean jarri du jarraitu beharreko bidea. Orain, 2020ko urtarrileko greba orokorrean egin genuen bezala, Euskal Herrian zehar egin diren greba, borroka eta gatazka sozial ugariak bateratu ahal izango dira gure indarra biderkatuz eta eskuina, EAJ eta patronala gogor kolpatuz. Eta, lehen lerroan, emakume langileak, sektore zapalduena eta prekarizatuenak kokatu dira.

EAJ grebaren aurka egiten hasi da dagoeneko, EAEn Estatuan baino soldata hobeak daudela adieraziz. Baina, egia esan, borrokatzera irteteko arrazoiak soberan ditugu. Langile klasearen egoerak larriki okerrera egin du azken aldian: inflazioak bere horretan jarraitzen du, alokairuak ordainezinak dira, zerbitzu publikoak gero eta okerrago eta pribatizatuago daude, lan prekarietatea kronikoa da bereziki gazteen artean, eta, aldi berean, irabazi historikoak jasotzen ari dira kapitalista handiak, Ibex35a eta bankuak.

Bestalde, borroka feminista 78ko Erregimenaren eta kapitalismoaren aurkako borrokaren ardatzetako bat bihurtu da EHn eta Estatu mailan. Bere DNAn matxismoa eta emakumeen aurkako indarkeria darama erregimen honek. Hori azaleratu du Rubiales kasuak orain gutxi, futbolaren industria matxirulo eta ustela, hedabideakk eta Florentino Pérez bezalako handikiak seinalatuz, gure bizkar aberasten direnak altxor publikoa arpilatuz eta estadioetako palkoetan negozio handiak itxiz. Borroka feministak sistema patriarkal honetann eta frankistaz jositako Estatuko aparatuaren oinarrietan piztu du burrunbada. Eta orain mendeku gosez dabiltza, La Manadako bortxatzaileetako baten zigorra murriztetik hasita.

Baina mugimendu feministak epaile matxista eta erreakzionarioak eta haien sistema ustel guztia seinalatzeaz gain, emakumeak izan arren gure zapalkuntza bermatzen duten guztiak ere seinalatu ditu. Ana Patricia Botín edo Marta Ortega bezalako kapitalistak, eta Ayuso, Tapia edo Artolazabal bezalako erreakzionarioak, emakume langileen eta langile klase osoaren esplotazioa betikotzen dutenak dira.

Hori dela eta, borrokarako bandera hau programa iraultzaile eta sozialista batekin altxatu behar dugu, mahai gainean jarriko duena jabetza kapitalista zalantzan jarri gabe, monopolio handiak, bankuak eta milioidunak desjabetu gabe, ezin izango ditugula konpondu emakume gehien-gehienok, langile-klasekoak, eta gizateriaren gehiengo zabalak, pairatzen ditugun arazo handiak, ezta mehatxatzen gaituen hondamendi ekologikoa geldiarazi ere. Etsitzen ez duen ezker iraultzaile, feminista eta borrokalaria eraiki behar dugu, langile klasearen indarrean konfiantza izango duena, eta kapitalismoa historiaren simaurtegira botatzeko borrokatuko duena.

Egin bat Ezker Iraultzailearekin!