Milaka lagun kalean matxismoaren, patronalaren eta EAJren Jaurlaritzaren aurka

Azaroren 30ean, milaka pertsona mobilizatu ginen Hego Euskal Herriko txoko guztietatik, emakumeok gure lanpostuetan pairatzen ditugun prekarietatea, nahiz zerbitzu publikoen eta zainketen murrizketa eta pribatizazio basatiak salatzeko.

Azken asteotan 1.500 enpresa-batzorde baino gehiagok egin dute bat greba feministaren deialdiarekin: CAF, Gamesa, Arcelormittal, Sidenor, ikastetxeetako jantokiak eta garbiketa, aldundietako eta udaletako plantillak, Osakidetza, EITB, Euskotren, Bilboko  metroa eta azken urteotan borroka eredugarriak izan dituzten beste enpresa asko, Mercedes-Benz, Tubacex edo Michelin besteak beste.

Ikasle Sindikatuak eta Emakume Aske eta Borrokalariak bat egin dugu hasiera-hasieratik greba feministaren deialdiarekin, ikasgelak hustera eta kaleak betetzera deituz, eta milaka orri eta kartelekin Euskal Herriko ehunka institututan eta dozenaka fakultatetan. Beste greba egun bat, Gazako genozidio sionistaren aurkako egindako bi deialdien ostean.

Greba indartsua, langile klasearen borroka indarra kaleratu dunea

Euskal gehiengo sindikalak, ELA, LAB, ESK eta ehunka kolektibo feministak eta mugimendu sozialek deitutako grebak erabateko arrakasta izan zuen, jarduera-sektore nagusiak geldiaraziz, eta sektore publikoan eragin handia izan zuen.

Ehunka institutu eta fakultate erabat gelditu ziren, horietako asko erabat itxita, eta lanuzteak 600 ikastetxe publikori baino gehiagori eragin zien. Komunikabideetan ere irismena oso zabala izan zen: ETBk ez zuen saiorik grabatu eta Gara, Berria, Hamaika Telebista, Argia eta Hala Bedi Irratia ere greban egon ziren. Garraio publikoan grebak eragin handia izan zuen: Euskotrenen eta Metroaren zerbitzu minimoak baino ez ziren ibili.

Udal askotan, grebaren jarraipenaren ondorioz, zerbitzuak emateari utzi zitzaion, bereziki Gipuzkoan, non hainbat udaletako langileek grebara joatea bozkatu zuten, hala nola Anoeta, Irura, Mutriku, Aretxabaleta, Azpeitia, Ordizia, Oñati, Arrasate, Orio, Urretxu, Tolosa, Bergara eta Beasaingo udaletan, besteak beste.

Egoitzetan eta eguneko zentroetan, EAJren abusuzko zerbitzu minimoek (kasu askotan %100era iritsiz) milaka langileren greba-eskubidea ukatu dute praktikan. Feminizatutako beste sektore batzuetan grebak oso jarraipen garrantzitsua izan du: zerbitzurik gabeko eskola-jantokiak, kiroldegi eta anbulatorio itxiak, eta jarraipen zabala merkataritzan, ehungintzan eta elikaduran, garbiketa-azpikontratetan eta hoteletan.

Azken urteotan, mugimendu feministaren indarraren beroan, lan-gatazka ugari piztu eta hedatu dira sektore oso feminizatuetan, hala nola Guggenheimen garbiketa, H & M, Bizkaiko egoitzak eta beste asko. Gatazka horiek, kasu askotan, garaipen garrantzitsuak erdietsi dituzte, milaka langile konfiantzaz bete dituzte, eta orain deialdi hau indarrez bultzatu dute. Gatazka horien bateratzea greba orokor feminista batean gauzatu da, arrakasta biribila izan duena eta are gehiago berresten diguna masa-borroka eta greba orokorra direla bidea.

Greba orokor feministak kaleak bete ditu, errepresioari aurre eginaz

Goizean goizetik, langileak pikete masibo eta borrokalariak egin ditugu ospitale, egoitza eta lantegietako ateetan. EAJko poliziak errepresioarekin erantzun du, hainbat lantokietako ateak lehen ordutik blindatuz. Ertzaintzak dozenaka identifikatu eta hainbat atxilotu ditu, karga gogorrak behartuz.

EAJk ere feminismoaren gurdira igo nahi izan bazuen ere, irudi moderno eta aurrerakoia eman nahian, greba orokor honek agerian utzi ditu defendatzen duten "feminismoa", bankariena eta enpresariena dela, ehunka mila emakume langileren esplotazioaren eta prekarietatearen kontura enpresa handiei negozioak bermatzeko zalantzarik ez duten buruzagi jeltzaleena. PSEko gobernukideek defendatzen duten feminismoaren oso antzekoa.

Itxurakeriazko feminismo horrek zerbitzu publikoekin eta zaintza-zerbitzuekin negozio handiak egiten dituzte. EAEn 434 egoitzetatik 40 baino ez dira kudeaketa publikokoak, edo Nafarroan, 78tik 2 baino ez. Eta gauza bera esan dezakegu osasunari, beste gizarte-zerbitzu batzuei edo hezkuntzari buruz, EAJ Hezkuntza Lege berri bat onartzen saiatzen ari baita, itunpeko legearen negozioaren aldeko jauzi are handiagoa ekarriko duena, Madrilgo Erkidegoko Ayusoren politiken ildotik.

Goiz osoan zehar aldarrikapen eta protesta ekintzak egiten ditugu auzoetan zehar: kazeroladak, piketeak... eta eguerdian Hego Euskal Herriko herri nagusietako udaletxeetan egiten diren mobilizazioetan bat egin dugu. Arratsaldean, marea more batek Euskal Herriko kaleak bete ditu 100 manifestazio baino gehiagotan: hiriburuetan noski, baina baita eskualdeetan deszentralizatutako mobilizazioetan ere. Euria zarra-zarra ari zuen arren, 200.000 manifestari baino gehiago mobilizatu ginen, lan eta soldata duinak, murrizketen eta pribatizazioen amaiera eta % 100eko zaintza-sistema publikoa eta kalitatezkoa eskatzeko.

Grebaren eta manifestazioen indarra hain handia izanik, Eusko Jaurlaritza ez da zalantzan jartzeko gai izan. Jaurlaritzako bozeramaileak kritika gisa planteatu zuenez, "ia lan-eskubideen aldeko protesta edo ekimen bihurtu da". Hori guztiz egia da, lan-eskubideen aldeko greba baitzen. Jarraian, bere burua justifikatze aldera, adierazi zuen zaintza-sistemak "ia erabat publikoa" dela, nahiz eta batzuetan enpresek itunpeko zentroen bidez kudeatu. Zinismo patetikoagoa!

Greba indartsua izan da, nahiz eta CCOO eta UGT sindikatuak jarrera tamalgarria izan duten, patronalaren eta EAJren zerbitzura. Gero eta ordezkaritza txikiagoa dute ordea. UGTk berak komunikatu bat argitaratu du, greba feminista zergatik ez zuten deitzen eta babesten argudiatuz. Grebak deitzea, inola ere ez! Hori bai, Israelgo enbaxadorearekin biltzea, erregimen faxista eta supremazista genozida baten ordezkariarekin, horretarako ez dago arazorik. Lotsagarria!

Matxismoaren, faxismoaren eta Gazako genozidioaren aurka, klaseko feminismo iraultzaile baten alde!

Greba orokor feminista justifikatuta zegoen milaka arrazoirengatik, eta, besteak beste, etenik ez duten hilketa matxista basatiengatik. Aste honetan bost pertsona hil dituzte Espainiako Estatuan, biktimetako baten alaba barne. Errealitate basati hori, gainera, erreakzioaren indarrek, PPk eta Voxek sustatzen eta justifikatzen dute, diskurtso negazionista faxista, matxista eta homofoboarekin. Gu bortxatzen, hiltzen eta zapaltzen jarraitzen dute, eta hemen ez da ezer gertatzen!

Greba feministak, matxismoaren eta erreakzioaren aurka edo lanpostuan dugun esplotazio basatiaren aurka borrokatzeko bidea markatzeaz gain, Pedro Sanchezek eta PSOE bezalakoak seinalatzeko bidea eman du. Ahoan feminismoa etengabe dute, baina gero borroka feministaren eta lorpenen aurka PPrekin edo EAJrekin elkartzen dira, besteak beste Irene Monterok bultzatutako “Soilik bai da bai” legea eraisteko.

Ikasle Sindikatutik, Emakume Aske eta Borrokalariak eta Ezker Iraultzailetik, gainera, greba orokor feminista hori Netanyahuren Gobernu sionista, kolonialista eta faxistak herri palestinarraren aurka piztutako genozidio basatiaren aurkako borroka bultzatzeko beharra nabarmendu dugu. Europak, Espainiako Estatuko Gobernuak berak eta Eusko Jaurlaritzak onartutako genozidioa da, eta, adierazpenak adierazpen, asko zaintzen dute estatu sionistarekiko negozioak bermatzea, akordio militar garrantzitsuak barne.

Emakume langileok eta gure gizonezko lankideekin borroka honekin bat egin dugun langile askok adibide bat eman dugu A30 honetan. Estatuko gainerako milaka langilerentzat ere inspirazio gisa balio duen adibide bat da; izan ere, langile borrokaren, greba orokorraren eta masa-mobilizazioaren bidez antolatzen eta kolpatzen dugunean, aurre egin diezaiekegu gure zapaltzaileei eta matxismoaren, gerraren eta esplotazioaren gaitzei.

Beste behin erakutsi dugu ez garela ikusezinak. Mundua eraldatzeko indarra gara, eta ez dugu etsiko gu hiltzen, bortxatzen eta esplotatzen jarraitzen duen eta basakerian murgiltzen den gizarte kapitalistaren aurrean. Badakigu geure indarra eta gure klase osoaren indarra dugula sistema honek inposatzen digun genero, klase, arraza eta nazio zapalkuntzarekin amaitzeko. Hori da bide bakarra.

Egin bat Emakume Aske eta Borrokalariekin eta eraiki feminismo iraultzailea!