Datorren apirilaren 21ean EAEko hauteskundeetan, EAJren porrota benetako aukera da. Bere pribatizazio politikek, osasun eta hezkuntza publikoaren suntsiketak, ustelkeria kasuek edo langileen eta eragile sozialen aurkako errepresio basatiak geroz eta haserre handiagoa eragiten dute. Buruzagi jeltzaleen urduritasuna bistakoa da.

Horrenbestez, Euskal Aberatsen Jagoleen porrota bizkortzeko momentua da, ez haizea ematekoa, ez aliatu posibletzat hartzekoa. EAJ, esperientziak aski erakusten duenez, Euskal Herriko langile klasearen eta gazteriaren etsai amorratua da, eta era berean, bazkide benetan fidagarria burgesia espainolarentzat eta Estatuko estoldentzat.

Klase arteko borroka eta euskal burgesiaren estrategia

EAJ garaitzeko aukera, batez ere, Euskal Herriko klase arteko borrokaren gorakadaren ondorioa da, hain zuzen, langileen ofentsibarena, kaleetan mobilizatuak, Estatu mailako greben %56a bultzatuz, eta konfiantza indartsuarekin. Asko izan dira garaipen garrantzitsuak lortu dituzten borrokak.

ELA, LAB eta ESK buruan duen mugimendu sindikal borrokalaria egotea funtsezkoa da. Bi greba orokor bultzatu dira azken lau urteetan, eta hainbat lan gatazka erradikalizatu, Tubacex, Mercedes Benz eta Michelin, Bizkaiko eta Arabako metala, EAEko eta Nafarroako sektore publikoa, Guggenheimeko garbitzaileen edota Bizkaiko egoitzetako eta etxez etxeko langileak, TUVISA… Joan den azaroaren 30eko greba feminista horren adibide ona da. Azpitik eraikitako eta deitutako greba, modu militantean, 1.500 enpresa komiteren atxikimenduarekin, non ez zuten parte hartu CCOO eta UGTko zuzendaritza burokratikoek eta euren desmobilizazio eta bake sozialeko politika tematiak.

Noski, gazteriaren mobilizazio etengabea ere nabarmendu behar da, ikasle greba oso indartsuetan, errepresio polizialaren aurka, etxebizitza duinaren alde eta prekarietatearen edo suntsiketa klimatikoaren aurka.

Euskal burgesia horren jakitun da. Horregatik ari da bi sorotan lanean. Lehenik eta behin, irudi kaltetua berritzen saiatu dira hautagai gazteago batekin, Imanol Pradalesekin. Baina ez dute inor engainatzen. Euren hautua lehengotik gehiago eskaintzea da, patronalaren neurriko gizon bat, Sacyrren 7.200 akzio baino gehiagoren titularra, azpiegitura suntsitzaileak eraikitzeko proiektu handien sustatzailea, hala nola Bilboko Supersur autobidean, eta EAJren tradizio ustel eta bezerokoi onenetan ikasia.

Profil horrek aukera ematen dio EAJri Netanyahuren erregimen sionista genozidarekin dituen harremanak estutzen jarraitzeko. Euskal enpresa handiei negozio mardulak bermatzeko hautagaia da, hala nola CAF edo Mondragon taldea. Eta baita Israelgo industria militarrarekin ere, lurralde okupatuetan zaildua, eta bere beso armatua den eta arretaz zaintzen duen Ertzaintzaren ekintza errepresiboa gogortzeko eta hornitzeko baliatu izan dena, jo ta su erabili nahi dutena.

Bigarrena eta oso garrantzitsua. EAJk Ajuria Enean jarraitzeko aukera izan badu, PSEren babesari eta Jaurlaritzan izan duen parte-hartzeari esker izan da. Hor dago koska: Pedro Sanchezen PSOEk baldintzarik gabeko babesa ziurtatu diola EAJri EAEn, azken horrek Madrileko inbestidurari emandako babesaren truke. Hori ondo baino hobeto dakite Arnaldo Otegik eta EH Bilduko zuzendaritzak.

EH Bilduren aurrerapena eta sozialdemokraziara bideratzearen arriskuak

Testuinguru horretan, EH Bildu agertzen da ezkerraren alternatiba bakar gisa EAJren eta bere bazkideen aurrean, eta azken urteotako lan eta gizarte gatazka handiak lagundu egiten dio.

Esan bezala, hemengo klase borroka oso bizia da eta arlo guztietan islatzen ari da, Gazako genozidioaren aurka egindako mobilizazio masiboetan, Ikasle Sindikatuko gure kideek M-8an deitutako ikasle greba feministan, eta, batez ere, GKS eta Mugimendu Sozialistaren sorrerarekin, kaleetan gazte mobilizazio masiboak bultzatuz eta EH Bilduri desafio garbia eginez, hizkera komunista eta internazionalista batekin.

Horregatik, buruzagi abertzaleek azaltzen dutenean beren hauteskunde igoera, jarrera «pragmatiko eta, are, kontserbadoreari» dagokiola, hau da, ikuspegi erabat sozialdemokratetan sakondu izanari, ez dator bat errealitatearekin. Babesa ez da horregatik handitu. Euskal Herrian Podemosen espazioaren erabateko kolapsoaren eta langileen eta gazteen borrokaren erradikalizazioaren emaitza da.

EH Bilduren hauteskunde gorakada ukaezina da, eta hauteskunde hauetan indar bozkatuena izateko aukera du. Horrek agerian uzten du borrokarako alternatiba iraultzaile antikapitalista bat altxatzeko dagoen potentzial handia.

Baina errealitate horrek beste aurpegi bat ere badu, eta aurpegi hori ez da positiboa. Zintzo esan beharra dago.

Ustez PSOEren alternatiba den ezker horren esparruan -EH Bildu barne- gertatzen ari den guztiari buruzko hausnarketa batek, ondorio batera garamatza: zerua eskutan hartu beharrean eta sistemaren botere ekonomiko eta politikoei aurre egin beharrean, klase kontzientzia eta antolaketa iraultzailea aurrerantz eraman beharrean, azkenean logika kapitalista bere gain hartzen da Ministroen Kontseiluetatik, parlamentuko besaulkietatik eta zinegotzigoetatik. Horrela zuritzen da sozialdemokraziak praktikan jartzen duen agenda burgesa eta murrizketena, eta eszeptizismoa zabaltzen da, behin eta berriz esanaz zein zaila den indar korrelazioa aldatzea.

Podemos, 2015eko eta 2016ko hauteskunde orokorretan Hego Euskal Herrian indar bozkatuena izan zen, baita EAEn ere, botoen %30 inguru eskuratuta. Orain desagerpenari aurre egin beharko dio, Galiziako bideari jarraituz, non botoen % 0,26 baino ez baitzuen lortu. Eta gauza bera gertatzen da Sumarrekin, Eusko Legebiltzarrean ordezkaritza mantentzea ere zalantzan baitago.

Esperientzia hau abisu serioa da EH Bilduren eta Sorturen zuzendaritzarentzat, zer nolako ezkerra behar dugun jakiteko; edo "posibilista eta pragmatikoa", Sorturen kongresuaren azken dokumentuak adierazten duen bezala, edo iraultzailea, komunista eta internazionalista, Ezker Iraultzaileak planteatzen duen bezala.

EAJrekin gobernatu? Denekin gobernatu?

Nahiz eta esperientzia hori, mundu osoan, ezker erreformista berriaren hondoratzea erakusten ari den, Arnaldo Otegik eta EH Bilduko zuzendaritzak, ustez pragmatikoa den bide horretan sakontzen jarraitzen dute. Urteetako kartzelak eta jasandako errepresio basatiak emandako autoritatea hor dago.

Baina autoritate hori asko konprometitu daiteke eta atsekabe handia sor dezake. Izan ere, hauteskundeak irabaziz gero, batasun nazionaleko gobernu baten buruan jartzeko prestutasunaren adierazpen jarraiak egiten dira, EAJrekin batera agenda “abertzale eta subiranistan” aurrera egiteko, eta PSErekin, Sumarrekin eta Podemosekin politika sozial «ezkertiarragoak» egiteko. Laukiaren borobila biltzea da.

EAJri dei egitea Euskal Herriko eskubide demokratikoak, autodeterminazioa eta independentzia defendatzeko, urte erabakigarri hauetan gertatu dena onartu nahi ez izatea da. Akaso ez al zen kokatu EAJ beti Estatu espainiarraren altzoan, bere epaile eta poliziarekin, Batasunaren aurka eta salbuespen lege errepresibo guztietan? Ez al zuten bada Kataluniako herriaren altxamendu iraultzailearen aurka jo aktiboki 2017an eta 2019an? Urkulluk berak, erreferenduma «arduragabekeria» zela esan zuen, «ezin dela oinarri legal serio eta legitimotzat hartu independentzia gauzatzeko», eta Rajoyren Gobernuaren bitartekari gisa jardun zuen borroka eredugarri hori kosta ahala kosta gelditzeko.

Bestalde, PSOE-Sumar gobernuarekin -eta aurretik Podemosekin- aliatzeak ez du eragotzi desberdintasun sozialak larriki hazten jarraitzea, kapitalista handiak inoiz baino gehiago aberasten ari diren bitartean. Ezta inoizko Estatuko Aurrekontu Orokor militaristenak onartzea ere, EH Bilduren aldeko botoarekin. Era berean, ez du Mozal Legea indargabetzea ahalbidetu, eskubide demokratikoen aurkako politika errepresibo gogorra mantenduz eta Euskal Herriaren, Kataluniaren edo Galizaren aurkako espainolismo amorratua areagotuz. Eta Pedro Sanchezen eta bere kideen politika NATO-zalea eta inperialista ere ez ditu geldiarazi, Ukrainan, Saharan edo orain Gazan.

EH Bilduk Israelekin harremanak haustearen alde bozkatu badu ere, ohartu behar da Jon Iñarritu, koalizioko diputatuetako bat, sionista konbentzitua dela, Israeli boikota egitearen aurkako manifestu bat sinatu zuena, Estatu sionista «bere subiranotasunaren alde borrokatzen duten herrien eredu» dela adierazi zuena eta euskal enpresek erregimen kriminal horrekin egiten dituzten negozioez harro agertu izan dena. Jarrera horrek EH Bildutik berehala kanporatua izatea ekarri beharko luke.

Bozkatzea ez da nahikoa. Iraultza sozialistaren alde antolatu eta borrokatu behar da 

Ehunka mila langile eta gaztek emango diote botoa EH Bilduri, nola EAJ eta PPren eta Voxen erreakzio espainolista kolpatzeko, hala «ezker» gobernutar horren aurka ere; izan ere, eskuin muturraren aurkako diskurtsoak egiten dituen bitartean, bere politiketan, patronalaren, Estatuaren aparatuaren eta inperialismo estatubatuarraren aginduetara makurtzen baita.

Ezker Iraultzailetik argi daukagu. Ez gara zeharka jartzen, ez gara abstentzionistak, eta horregatik EH Bildurentzat boto kritikoa eskatzen dugu. Komunista iraultzaileok, leninistok, ez dugu inoiz abstentzionismoaren banderarik egin, baina behin eta berriz errepikatu dugun bezala, bozkatzea ez da nahikoa, ezta gutxiagorik ere.

EAJ-PSEren gobernuari eta bere politika pribatizatzaileei, errepresiboei eta langileen aurkakoei aurre egin nahi bazaie, bide bakarra dago: mobilizazioa indartzea kaleetan, borrokak bateratzea, eta borrokarako alternatiba iraultzailea, internazionalista eta antikapitalista altxatzea, programa komunista bat argi eta garbi defendatuko duena.

EAJren eta PSEren hauteskundeetako porrot batek, Euskal Herriko langile klasea konfiantza gehiagoz beteko luke, eta Estatuan borrokan ari diren abangoardiako sektore zabalak ere animatuko lituzke. Baina kosta ahala kosta gobernatzea, logika kapitalista onartuz, dela EAJrekin, dela PSErekin, galbidea da.

Komunista iraultzaile gisa aldarrikatzen garenok gure indarrak eremu guztietan eraikitzeko betebeharra dugu. Ezker Iraultzailetik aurrez aurre arbuiatzen dugu kretinismo parlamentarioa, erakunde burgesen fetitxea, baina distantzia ere markatzen dugu inozokeria antiparlamentariotik, ezkerkeriatik, langileen sindikatuen barruan politika komunista defendatzeari uko egiten dionetik,  halaber masa-mugimenduetan, non iraultzaileak oraindik gutxiengo bat garen.

Ordua da eztabaida ideologikorako eta indarren korrelazioa alda dezaketen indarrak seriotasunez eraikitzeko. Alternatiba komunista bat eraiki nahi eta behar dugu Euskal Herrian, Estatu espainiarrean nahiz mundu osoan. Baina alternatiba hori eraikitzeko programa, taktikak eta estrategia gure klaseari eragiten dioten gertaera handietan frogatzen dira.

Antola zaitez Ezker Iraultzailean, bat egin komunista iraultzaileekin

 

Gure programa:

- Gutxieneko soldata hilean 2.000 eurora igotzea. Ibex-ak irabazi errekorrak ditu gu lapurtzetik eta esplotatzetik, aski da! Lanaldia astean 32 ordura murriztea. Lan eta pentsio kontrarreformak osorik indargabetzea. Erretiroa 60 urterekin.

- Hilean 2.000 euroko langabezia sorospena, aberastasun handiei eta bankuei ezarritako zergekin finantzatua.

- Etxebizitza hutsen nahitaezko desjabetzea jabe handien, bankuen eta funts putreen eskuetatik. Etxebizitza publikoko parke bat sortzea, gutxieneko soldataren %20 gainditu ezin dezakeen alokairu sozialekin. Etxe gabetze guztiak legez debekatzea.

- Bizitza duina eta enplegu osoa bermatzeko, bankuen eta monopolio handien nazionalizazioa langileen kontrolpean.

- Hezkuntza publikoa berreskuratzeko talka-plana. Hezkuntzaren doakotasun osoa haur hezkuntzatik unibertsitatera eta Lanbide Heziketara. Aurrekontu publikotik euro bat ere ez pribatu eta itunduarentzat. Hezkuntza %100 publiko eta euskaldunaren alde! EAEko Hezkuntza Lege berriari ez!

- Osasungintza %100 publikoa, duina, doakoa eta unibertsala denontzat.

- Atzerritarren Legea eta Atzerritarren Barneratze Zentroak indargabetzea. Arrazakeriari aurre egin, etorkinei eta haien familiei eskubide guztiak emanez.

- Indarkeria matxistarik, justizia patriarkalik eta LGTBI kolektiboaren aurkako diskriminaziorik ez. Lan berean, soldata bera. Abortu libre eta doakorako eskubidea osasun publikoan. Sexu-heziketa behar dugu ikasgeletan. Trans komunitatearentzako eskubide osoak.

- Ingurumen-hondamendia geldiarazi: ekonomiaren plangintza sozialista, ekologiko eta iraunkorraren alde. Ez EAJren makroproiektuei!

- Amnistia euskal preso politikoentzat, eta salbuespeneko espetxe-legeak eta erregimenak indargabetzea. Utikan Mozal Legea, muntaiak eta poliziaren indarkeria!

- Autodeterminazio eskubidea Euskal Herriarentzat eta nazio zapalduentzat. Behera monarkia frankista! Errepublika sozialistaren alde.