AHTren aurkako plataforma aurkeztu berri da Nafarroan, bertako hainbat kolektibok osaturik: ezker abertzaleak, Iruñerriako gazte asanbladek (IGA), erakunde anarkista eta autonomoek, erakunde ekologistek eta berdintasun sozialaren aldekoek besteak beste. Ez dago une hoberik AHT proiektuak Nafarroarentzat izango duen esangura azaltzeko langile klasearen ikuspuntutik eta Euskal Herriko sozialismoaren eraiketaren ikuspuntutik.

AHTren inguruan ezagunak dira euskal Y-aren makrozifrak eta Nafarroako korridorea. Nahikoa da proiektu honen kilometro bakoitza euskaldunoi 3000 milioi kostatuko zaigula esatearekin eta bere amaierako aurrekontua 9000 milioi euroren inguruan ibiliko dela esatearekin, lehengo pezetetan 1.500.000.000.000 alegia. Hezkuntzaren aurrekontuak ugari biderkatzen dituen zifra edota hurrengo 50 urtetarako Madrazo sailburuak etxebizitzaren arlorako proposatzen duenaren antzekoa, bi konparaketa egiteagatik. 

Abiadura Handiko Trenaren proiektua, gure herrian, Europako industrialarien mahai borobiletik (ERT) bultzatuta dago, Europako enpresa transnazional handienak biltzen dituelarik bere baitan: British Petrolium, Shell, Renault, Nestle edo Fiat, eta 1991rako 30.000 kilometro trenbide eta 12.000 km autobia, aireportu eta itsas autopistez gain, eraikitzea erabaki zuen Europar Batasunean. Honela bada, proiektu hau europar burges handien eta energia nahiz eraikuntza enpresa handiei loturiko boteredun taldeen diru gosetik jaio da. AHTa hornitzeko energia gehigarritan tren arrunt batena baino sei aldiz gehiago xahutzen da, eta harrobi eta zentral energetikoen gainesplotazioa gozoki goxo bilakatu da hiritar zintzo hauentzat. Proiektuaren errealitatea ez da Nafarroako bizilagunen bizitza hobetzea, burges hauen gainbalioak handitzea baizik. Hortik dator proiektu honen defentsa sutsua euskal eskuinaren (PNV) eta espainiarraren (PP-UPN) eskutik. Sozialdemokraziaren eta ezkerra deituaren jarreraz hobe ez hitz egitea, bere segidismoak eta trenaren aurkakoen kontrako ekintza errepresiboen eskaerak ongi definitzen ditu. Euren ekintzetatik ezagutuko dituzue.

AHT NAFARROAN

AHTaren aurreiritziak Nafarroan Hegoaldeko beste hiru probintzietakoen antzekoak dira. Hegazkin lurtar baten igarotzeak, 300 km orduko, arazo ugari eragiten ditu lurraldean zehar. AHTaren ibilbideak, gure lurraldean, 200 km inguru hartzen ditu, arriskutsua izanez trenbidearen inguruko 250 metroko erradio batean bizitzea.

Proiektuak Nafarroan hirietarako migrazioaren handitzea adieraziko du, nekazal bizitza nabarmen hondatuko baitu. Ez ditu herriak Iruñeara hurbilduko, hiriburuetan bakarrik geratuko baita. Aldiz, A-15a doakoa izateak edota garraio publikoa hobetzeak, nafarrek babes handia emandako eskaerek, egingo lukete. Eta nola ez kostua ere infinituki txikiagoa litzateke, herrien bizi kalitatea hobetuz gainera. Nafarroako AHTren sorrera merkatu azpiegitura handien eraiketarekin loturik doa, Zizurren eta Etxabakoitzen arteko geltoki handi baten eraiketa, etxebizitzekin batera, 7100 baino gehiago lirateke Renferen geltokiaren inguruan eraikiko liratekeenak, merkatal zentroak eta hotelak, eta baita ziurrenik ere erakustazoka handi bat, proiektuaren hirigintza pelotakada argi erakusten duena. Etxebizitzen beharrean gotortuko dira, eta jada egiten dute. Iruñerrian espekulazioan galdurik dauden milaka etxeetaz ahazten dira. Beste aldetik, AHT inposizioaren sinonimoa da, proiektua gardena izatetik oso urrun dago. Ez zaie informaziorik ere eman  kaltetutako herriei, Cortesen, Tuteraren, Zizurren, Barañainen, Pueyoren edo Sakanako haranaren kasuetan bezala, trenak euren herriak erditik zatituko baditu ere. Herritarrok, gainera, ez dugu parterik hartu proiektuaren beharrari eta bere ondorioei buruzko benetako eztabaida batetan.

Beste ondorio garbietako bat, eta ez Nafarroarentzat soilik, tren publikora (Renfe) bideratuko den diru kantitatea izango da, zerbitzu publiko bat izatetik interes ekonomikoko zerbitzu izatera igaro delarik, bere pribatizaziorako lehen pausu bezala. Ondorioak denok uste ditugunak izango dira: enplegu egonkorren galera, baldintza laboralen okertzea, pertsonen eta merkantzien garraioaren garestitzea, bigarren mailako bide sareen eraispena herri osoen isolamendua ekarriz. Bestetik proiektuak lehendik ere larriak diren arazoak sakonduko lituzke, etxebizitza garestitu egingo litzateke batez ere AHTa gelditzen den hirietan (Estatu frantziarreko hirietan AHTaren etorrerarekin etxebizitza %300 garestitu zen).

AHTa Nafarroa zatitzen duen proiektua delako, beharrezkoa ez den proiektu bat delako nafarren diru kantitate handi bat xahutuz klase burgesaren eta enpresa handien onurarako. AHTa gizartearentzat inposizioaren sinonimo delako. Horrexegatik egin behar dugu borroka AHTren aurka, Euskal Herriko langileak batuko dituen borroka euren herrien defentsan. Geldi dezagun AHTa Lemoiz gelditu genuen bezala. Langile klasearen borroka kontzienteak munstro hau geldituko du, gure klasearen indarrari buruzko kontzientzia hartzeko lehen pausu bezala. AHT GELDI DEZAGUN.