Euskal Herria Sozialistako kideok gure babes osoa ematen diogu Ikasle Abertzaleakek martxoaren 29rako deitu duen greba orokorrari.

 

SOZIALISMOAREN ALDEKO BORROKAN, BOLOGNARI EZ!

Marxek eta Engelsek euren Manifestu Komunistan azaldu zuten merkatuaren mundializazioa fenomeno jada frogatua da. Burgesiak, mundu mailan, bere etekinen bidea ireki nahita, euren merkatu nazionaletatik haratago joateko beharra ikusi du, aspektu ezberdinengatik: lehengai edo esku-lan merkearen bila, batetik, edota merkatua zabaltzeko, bestetik. Inperialismoa, kapitalismoaren fase gorena, eguneroko bilakatu zaigu eta aski ezagunak dira herrialde aurreratuenetako biztanleentzat bere ondorio kaltegarriak.

Globalizazio fenomeno honen adierazpen grafikoenetako bat mundu mailako blokeen sorrera da. Ez da kasualitatea NATO, Munduko Bankua, edo beste hainbat instrumentu burges une historiko honetan sortu izana. Europar Batasuna, europako burgesiaren batasun ekonomikoa eta inperialismo indartsuagoen aurrean sendotasuna lortzeko nahiez egina, dugu hurbilen geratzen zaigun adibideetako bat. Leninek esana zuen, ordea, mende honen hasieran, europako batasun bat oinarri kapitalistetan ematen bazen, utopia erreakzionario bat izango zela. Ikusi besterik ez dago. Gutxi du “batasunetik” aurrean dugun irudiak. Batasuneko bertako burgesiak elkar joka dabiltz, azken finean, Estrasburgoko parlamentuko burgesiaren ordezkariek euren burgesia propioaren interesak defendatzen baitituzte. Hainbat eta hainbatetan aipatu diguten europartasunak ez du garrantziarik europar multinazional handien irabaziak jokoan aurkitzen diren unean. Gizarteak ez duela batasun honetan sinesten argi geratu zuen Europar Konstituzioari eman zitzaion ezezko erabatekoan.

Argi dago Europear Batasun hau zulodun aterki baten antzekoa dela. Halaber, alor ekonomikoan, eta politikoan, lortu ezinezko batasuna beste alor batzuetan lortzen ari dira saiatzen. Hemen koka dezakegu Bologna prozesua eta beronek dakarren guztia. Multinazional handiek sorturiko hezkuntza sistema honen helburua argia da: hezkuntzaren pribatizazio masiboa (diru iturritzat erabiliko dutelarik), ikasleen elitizazioa (gero lantegietan langileari gehiago edo gutxiago ordaintzeko neurgailutzat erabiliko dutena, goi-mailako ikasketak egiteko aukera gaitasun ekonomiko handiko jendeak soilik izango duelarik), euren enpresetarako trebatuak dauden langileak heztea, eta azken finean, burgesiaren ekoizpenaren beharretara egokituriko hezkuntza sistema bat taxutzea.

Hau dena Europaren aniztasun kulturala kontuan hartu gabe. Burgesiaren nazioarteko hizkuntza, ingelera, izango da bultzatua izango den bakarra, kultura gutxituen kalterako. Kapitalismoan, beste gauza guztiekin bezala, errentagarria den kultura batek du soilik loratzeko aukera. Oinarri kapitalistetan, euskarak hezkuntza sisteman duen egoerak hobera egiteko itxura izan beharrean, justu kontrakoa du. Bologna bezalako prozesu erreakzionarioekin amaitzeko modu bakarra mobilizazioa eta greba orokorra da. Europako ikasleriaren batasuna, denok batera prozesu hau kolpatzeko, geroz eta beharrezkoagoa ikusten da. Prozesu honekin amaitu dezakegu, ikasleon indarraz, baina ezin gara hor geratu. Borroka honek ikuspegi orokorrago bat duen borrokaren zati izan behar du. Izan ere, sozialismoan, ekoizpen baliabideak langileen eskuetan eta beraien zerbitzura daudenean, izango baita posible hezkuntza publiko orokor baten ezarpena eta kultura minorizatuen bultzada.

Horregatik, Euskal Herria Sozialistako kideok gure babes osoa ematen diogu Ikasle Abertzaleakek martxoaren 29rako deitu duen greba orokorrari.

 

SOZIALISMOAREN ALDEKO BORROKAN, BOLOGNARI EZ!