Burgesiaren komunikabide haundien isiltasunaren, mespretxuen eta manipulazio informatiboen gainetik, bi hilabeteren ondoren Emmanuel Macronen eta honen pentsio erreformaren aurka langile klase frantsesaren altxamenduak indartsu jarraitu du aurrera, herrialdearen historiako greba luzeena egitera iritsiz.
Gobernuaren ahulezia eta maniobrak
Urtarrilaren 9 eta 11ko mobilizazio orokorrek kaleetan ehundaka mila pertsona batuz eman zioten urteari hasiera, sektore berriak ere borrokara gehitu zirelarik. Macron presidenteak, ikaragarri ahulduta eta bere ospea legealdia hasi zenetik erdia baino gehiago erorita – 2017 ekaineko %57tik gaur egungo %25era, Le Figaro egunkariak argitaratutako zundaketaren arabera – hilaren 11an erasoaren ardatzetako bat “behin behinean” atzera botako zuela iragarri zuen: 64 urtera igotzea pentsioen 100% kobratzeko gutxieneko adina, egungo 62 urteetan utziz.
Era berean, bere Lehen Ministroa den Edouard Philippen bitartez, gutun bat bidali zien eragile sozialei, finantzaketa konferentzia bat antolatzea proposatuz Gobernua, patronala eta sindikatuen artean. Horren helburua 2027ra begira pentsio sistemaren oreka ahalbidetuko duen finantzabide alternatibo baterako formula bilatzea izango zela adierazten zen, hau da, “guztien artean erabaki” 12.000 milioi euro nola aurreztu pentsioak jaitsi gabe eta batez ere patronalaren kotizazioak gehitu gabe. Apirilera arteko elkarrizketa mahaia proposatzen zen eta bertako ondorioak parlamentuan legea onartzeko azken tramitean sartzeko aukera irekitzea, ekainerako aurreikusia.
Bide batez, horrela, martxoko udal hauteskundeei begira, bere burua babestu nahi du Macronek, gatazka soziala “baretuz”, izan ere, Errepublika Martxan bere alderdiarentzat porrot latza izan daitezkeelako.
Atzera pauso hau mugimenduak duen ikaragarrizko indarraren, gobernuaren ahuleziaren eta borroka hau irabazteko aukeraren adierazle bada ere, komenigarria da guzti horren atzean denbora irabazteko maniobra bat dagoela ohartzea. Bere helburu nagusia mobilizazioak desaktibatzea da, langileak kaletik atera eta zuzendari sindikalak, batzuk behintzat, murrizketetan esku har dezaten lortzea da, beraien oinarri sozialaren aurrean zilegitasuna galtzeko, Laurent Bergerek, CFDTko buruzagiak jada onartu du, greba gaitzetsiz, eta baita UNSAk ere. Hori bai, akordiorik ez badago “Gobernuak bere ardurak gainartuko ditu”.
Hori ulertu dute langileek, tinko mantenduz, babes sozial ikaragarriarekin. Azken asteetan sektore berriak batu dira mobilizazioetara: portuetako zamaketari eta langileak, lanbide liberalak, sektore pribatuko langileak, hondakinen tratamenduetako langileak, ikasleak, etab., lehenengo egunetik borrokan dauden langileei bultzada emanez. Langile batek indartsu zera zioen: “jendeak ez du egiten 68az geroztik luzeena den greba amore eman eta atzera pauso bat emateko. Bukaeraraino joango da”, beste batek hau baieztatzen zuen: “ ez dugu datorren belaunaldia sakrifikatuko duen belaunaldia izan nahi”, CGTren erresistentzia kutxa urtarrileko hirugarren astean 2 milioi eurora iritsi zen eta BVA enpresaren galdeketa baten arabera, herritarren % 70ak greba babestu ez ezik, borrokak jarraitu egin behar duela uste du.
Ministroen Kontseiluak erreforma onartzen du, langile klaseak mobilizazioarekin erantzun
Macronen kontzesioek egoera baretzetik urrun, langile klase eta gazteria beraien indarretan konfidantza gehiago izatera bultzatzen ditu, borroka metodo baliagarriak direla berretsiz: greba orokorra, masa manifestazioak, borroka komiteak, etab., eraso kapitalistak atzera botatzeko gai diren bakarrak.
Horrela, urtarrilaren 24 ostiralean, Ministroen Kontseiluan legea aurkezten zuten heinean, Intersindikalak – CGT buru delarik, kontraerreforma guztiz kentzea defendatzen jarraitzen duenak – beste greba egun bat eta manifestazioak deitu zituen. Langileak desmoralizatu asmoz gobernuak behin eta berriz ez duela amore emango esan arren eta poliziaren errepresioa gogortu arren, erantzuna ikaragarria izan zen: 1.300.000 pertsona inguru atera ziren kalera berriz ere Frantziar Estatuan zehar, 400.000 inguru Parisen, manifestazio garrantzitsuena zazpigarrena zen greba egunean.
Hirugarren aldiz Eiffel dorrea itxita gelditu zen. Garraioan, grebaren pisua gehiena eramaten ari den sektorean, berriz ere geldialdiak itzuli ziren, zenbait egunez lasai samar egon ondoren. Bestak beste, garraioko langileekin batera - abangoardian jarraitzen dutenak argi utziz “ez gaude nekatuta, borrokak aurrera darrai”-, findegietako, portuetako edota herrialdeko energia enpresa nagusiko langileen alboan, kaleetan ikasle eta gazte langile asko ikus zitezkeen, baita bigarren hezkuntzako irakasleak ere (batxilergoko ebaluazio metodo berri eta elitistaren aurka ere protestan zeudenak). Suhiltzaile eta abokatuak ere grebara batu ziren eta protesta bezala togak lurrera botaz ekintzak ospetsu egin zituzten, osasuneko, lan inspekzioko, irakaskuntzako eta beste hainbat sektoretako langileak borrokara erakarriz.
Jardunaldi hauetako elementu esanguratsu bat CFDTko langileek manifestazioetan egindako oihuak izan ziren. “ Hemen gaude, hemen gaude, Bergerrek nahi ez badu ere, oinarria hemen dago”, argi utziz ez zituztela onartzen beraien zuzendarien politika eskirolak. Egun batzuk lehenago RATP eko ( Parisko metroko eta hiriko garraioak ) eta SNCFko ( trenbideak) grebalariak CFDTko egoitza nagusira sartu ziren Bergerri beraien ordez negozia ez zezan jakinarazteko. Bizi den giroaren adierazle esanguratsuak dira.
Macron bota arteko greba orokor mugagabe baten alde
Bistakoa da langileen determinazioa frogatuta gelditu dela. Egunero daude protestak, urtarrilaren 29ko greba egunean ere manifestazio jendetsuak izan ziren, eta urtarrilaren 30 eta 31ko eta otsailaren 6an mobilizazioak aurrera jarraitu du. Baina langileak ezin dute betirako greba eta manifestazioak egiten egon. Borrokaren momentu erabakigarrian aurkitzen gara.
Garaipena lortzeko baldintzak emanak daude. Zuzendaritza sindikalek ezin diote Gobernuari aire gehiago eman, Gobernua behera botatzea da helburua, eta CGTko buruzagiek ardura osoa dute horretan. Ez da nahikoa “ greba gehiago” egitera deitzea. Mahai gainean borroka plan koordinatu bat ezarri behar da, langileak ekintzetan erakusten ari diren indarra batu eta zabaltzeko gai izango dena. Macron kanpora bota arteko greba mugagabe bat antolatu behar da, horretarako bitarteko guztiak ipiniz.
Plan honek fabriketan, lantoki eta ikastetxe guztietan, auzo eta herrietan komiteak antolatzea eta koordinatzea ahalbidetu behar du, aldarrikapen plataforma bat sortzea, pentsioen kontraerreforma gaitzesteaz gain azken urteetan lan, gizarte eta eskubide demokratikoetan egindako murrizketa eta atzerapenak indargabetzea, osasunean, hezkuntzan eta garraio publikoan inbertsio haundiagoak egin daitezen borrokatu eta pribatizaturiko sektore guztiak berriro nazionalizatzea eta monopolio haundien eta bankuen nazionalizazioa exigituko duena. Frantziar estatuko langile klasearen garaipena Europako eta mundu osoko langile klasearentzat pizgarri izango litzateke.